Elektrika
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
azala: Garbiρe Ubeda
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Elektrika
2004, nobela
192 orrialde
84-95511-69-X
aurkibidea
 

 

—2—

 

Kaserna hiritik poxi bat bazter dago. Zuriz margotu harresi batek inguraturik, pare bat dorre metalezko eta hiru koloreko bandera gaitza izan ezik, bertze deus ezin haren kanpotik ikusi. Handia da, hiria bera bezain handia kasik. Lo-tokiak, bulegoak, biltegiak, sukalde eta jantokiak, garajeak, zalditegi eta ukuiluak, aitzindari zenbaiten etxe tipiak eta oraino ezezagun dituzun eraikin batzuek osatzen dute. Zu bezalako soldadu arruntez landa, badira harki eta paraxutista batzuk ere.

        Egun guti zenbait aski, hango zoko-mokoen ezagutzeko. Edo jendeak. Hainbat lagun ezagutu duzu. Euskaldunik ez hemen. Fite hauteman ohi dituzu, ia ikusi orduko. Ahoa ireki orduko bai bederen. Hala izan zen Alemanian lehendabizi eta Aljerren gero. Zuen kideek ere agudo ezagutzen zaituztete. Maiz trufatu dira zure mintza doinuaz, hitzak trenkatzean duzun molde irrigarriaz. Horrelakoak bide zarete hegoaldetarrak: irrigarriak. Eta umoretsu eta eskuzabalak, baina alferrak. Hala ikusten zaituztete Frantziako bertze eskualdeetan sorturikoek. Haserretu egiten zen Artola horiek entzunda. Sotilki jokatzeko paradarik ez gerlan, haatik. Galdeak, kasu, zuzenak beti.

        Zer dela eta igorri haute hona?

        Ez duzu berehala konprenitu. Zigor moldekoa omen norbait hona igortzea. Kontatzen hasi zara. Axolarik ez zure biziaren honat-haratek haietarik gehientsuenei. Beharrik. Gibelera utzirikoak gibelean nahi dituzu betiko. Ahalik eta urrunen. Jadanik hainbertze buruhauste eragin dizun kontu itsusiaren berritzea zenuke azkena.

        Galdeari ihardestean izan duzun zalantzari ohartu Pollet deritzan kankailua, eta kasu ez emateko erran dizu. Antzeko zerbait aholkatu dizu Mazella izenekoak. Tipia, larru azalez beltza, hemengotzat joko luke nornahik, bere uniformea harkiena balitz.

        Zurekin kamioian etorritakoekin ibili izan zara batez ere orain arte, baina gero eta gehiago mintzatzen zara bi horiekin. Mazellarekin bereziki. Zeren kariaz den hemen jakin nahiko zenuke. On hutsa deritzozu eta harengan neke duzu denik eta makurkeriarik tipiena ere irudikatzea. Eta asmatu duzu galde ez egitean, berez aitortu baitizu hona ekarri duena.

        Ohoina nauk, dio, ez bat eta ez bi, medikua edo dendaria dela aditzera emanen balu bezala.

        Zerbait ebatsi eta hona, beraz?

        Orotarik ebatsi izan diat, dio, tabakoak horitu hortz handiak agerian utziz. Baina sekula ez hemen. Hala ere, axolarik ez horrek militarrei. Presondegitik iragana nauk, bere artxibategian nauka Poliziak. Arriskutsua nauk haien iritziz, hurrenetik begiratu beharrekoa, badaezpada ere.

        Lapurra izanen da seguruen, baina ez doilorra. Ohoin ona. Zeruko zokoño bat du ziurtaturik, usu madarikatzen dituen mendi hauen ifernuaren ondotik. Hemendik bizirik irtenez gero.

        Arras bertzelakoa duzu Pollet. Sortzez normandiarra, laboraria iritzi diozu bere eskuak hauteman ahala. Mutil puska hori bakanetan mintzatzen da eta horietan laburki. Badu bertze adierazpiderik. Eskusoinua jotzen du. Airoski jotzen du, xarmanki, bai eta tristeki ere, malkoak isurarazteraino zenbaitetan.

 

 

Gau minean ernarazi zaituztete. Argiak piztu eta Rivette sarjentaren ahots erlatsa izan duzue lehendabiziko hotsa. Burdinazko ohantze metalezkoak jo eta inarrosten ditu larderiaz. Jaikiko diren azken hirurak zigortuak izanen dira.

        Ohantzeen ondoan lerrokatu zarete, barne jantzietan eta oinutsik, hotzaz dardaraka. Lo oraino, iruditu zaizu sarjentak bortz minutu eman dizkizuela ikuzi, jantzi eta lerrokaturik egoteko. Eta bai, hark bere mintzaldi laburra bururatu, eta janzteari lotu zaizkio airean zure ingurukoak. Tarrapatan ari zarete, galtza, botoi eta boten lokarriekin borroka bizian, baina denak isilean. Gaur ez duzue blaga edota zalapartarako gogo mikorik. Ura ere hotza dago. Doi-doi busti duzu aurpegia. Eginahala eginez, zure buruari so egin diozu mirailean. Orrazia busti eta gibelera eraman duzu biloa. Debaldetan da, nekez ximenduko duzu zure itxura horren lasterka ibilki.

        Azkenetarikoa izan zara, frankotan bezala. Lerrora bildu eta hats egin duzun arte, ez dituzu lagunak behakoaz bilatu. Ilargi betea dela eta, aski ongi ikus daiteke. Hurbil dituzunetarik batzuk ezagutu dituzu, baina Mazella eta Pollet ezin nehon hauteman. Tente, aitzina beha, sarjentaren eta axuantaren ahotsak entzuten dituzue zer erraten ari diren konprenitu gabe.

        Erne!

        Higitzen hasi zarete. Ezkerrera zoazte, gosaltzera menturaz. Kafe bat eskertuko zenuke, bai eta hemen ematen dizuten likido uherra ere, baldin eta beroa balitz. Asmatu duzu. Janlekuaren parean geldiarazi zaituztete. Barnean argi guztiak piztuak dira. Zurea ez da, nonbait, tenore harrigarri honetan gosaltzera etorri den sail bakarra. Sartzeko agindua heldu zaizue. Zuk uste baino soldadu gehiago dago barnean. Mahaietan: ogia, gurina, eta kafea, kea dariola.

        Hura usaindu eta une horrexetan iratzarri zara guztiz. Halaber zure ingurukoak, berehala hustu baituzue metalezko ontzia. Gurina ogi zerran hedatu, likido uherrean busti eta, ohartu baino lehen, fini oro. Nehor ez da mintzo. Edalontziena eta soldaduen mamurtzearena, horra hots bakarrak.

        Gosaria bururatu eta berriz zaudete zuen lo-tokian, kaskoen, armen eta munizioaren bila etorririk. Zaluki ari zarete, Rivettek —oihu egiteari utzi gabe— galdatu bezala. Agudo, agudo, erraten diozue elkarri, sarjentaren manu zakarren oihartzun. Zakutoak betetzen dituzue, sakelak ere bai. Pipatzaileek zigarretez mukurutu dituzte, ez baitakizue nora eramanen zaituzteten, ez eta zertarako edo noiz itzuliko zareten. Zuk kamera hartu duzu.

        Zer ari zarete? Fiteago, kamioiak gure beha zeudek!

        Sarjentak erran lekuan daude, asko, GMC gehienak. Bitan banatu du sarjentak zuen taldea. Zorionez, ez zaizu harekin joatea egokitu. Lasaiago joanen zara horrela.

        Emeki abiatu zarete, kamioiek osatu lerroak, hain luzea izanik, aitzina egiteko arazoak izanen balitu bezala. Ehunetik goiti izanen direla uste dute batzuek, berrehun bat lirateke bertze batzuen aburuz.

        Hirurogei gehienez, dio Mazellak, zuhur.

        Nolanahi ere, franko. Kasernatik irten eta hiriko karriketan gaindi hasi zaretelarik, dardaraka ezarrarazi ditu motorren azantzak etxeetako hormak. Lurrikarak iratzarriko ditu lo dautzanak. Baldin eta norbait lo badatza. Hemengo etxeetako paretek begiak eta belarriak dituzte. Aljerren ikasi zenuen.

        Felagak eta haien lagunek gaua erabili ohi dute behar dutenaren erdiesteko. Gauez eramaten dituzte kolpatuak artatzera, gauez hornitzen dira janariz nahiz bertze zernahiz. Eraso ere gauez egiten dute zenbaitetan. Gau-lana. Aitonaz oroitu zara. Halako lanetan ibili zen hura ere gaztetan, gauzak edo kabalak Frantziako partetik Espainiakora eramanki.

        Gibelera utzi dituzue hiriko azken etxeak. Zu eta bertze bakan batzuk salbu, pipatzeari lotu zaizkio soldaduak, gosaldu ondoko zigarreta gozo eta berantetsia. Isilik zoazte, kamioiaren kulunkak lokarraraziak ausaz, batere gozoa ez izanagatik. Bakarrik zoazela usteko zenuke, noizik eta behin piztu eta kamioi barneko iluntasuna zulatzen duten gune gorri horiengatik ez balitz. Azken aldian hain maiz aipatu operazio handia behar du honek. Bertzela, zer dela eta horrela joan beharra?

        Nehork ez dizue fitsik azaldu orain arte. Aldamenean daramazu Mazella eta hari galde egin diozu ea badakien zein duzuen xede. Ezetz, hotz eta motz, lotan segitu nahi duela zeharka adieraziz. Bakea eman diozu.

        Etengabeko higitzeak loa eragotzi ohi dizu. Tipitatik. Gurdi, auto, bus, kamioi edota tren, guztietan antzeko hersturak loaren egiteko. Asperturik zaude, zur gogorreko jarlekuan, hona eta hara beha. Ezer ez da zure arreta bereganatzeko gai.

        Ahal gisan altxatu eta, gerizatzen zaituzten oihal latzari atxikirik, emeki hurbildu zara kamioiaren hegira. Jarlekua bukatzen den tokitik, zilarrezko erretilu deritzozu ilargi alimaleko eta biribilari. Uluka irudikatu dituzu Aures, Aljeria osoko zakur eta otsoak. Begiak hari josiak, erdi hipnotizaturik. Marra bertikal batzuk hauteman dizkiozu. Giharrak dituela dirudi, zainak beharbada. Edo orbainak. Edo zimurrak. Ilargi zaharra.

        Halakorik ez diozu sekula ezagutu gaur arte. Ezta Ziburu edo Sokoatik behatzen zeniolarik ere udako gauetan. Menturaz itsasoagatik. Mirail bat da ilargiarentzat, eta hark igorri argia itzultzen dio ñirñirka. Menturaz giro idor honen gardentasuna ezinbertzekoa da marra horien hautemateko. Ilargiaren alde ezkutu famatua izanen da, hemendik baizik ikusten ahal ez dena. Esnea dario. Haren argiak oro estali eta zilarreztatzen du. Hala ageri dira mendi hegietako sastrakak, hala zuhaitz bakanak eta gibelera utzi bidea, zilarrezko hauts mintz mehe batek hartuak.

        Ikuskizun ederra. Hain betiberdin eta interesik gabea zaizun paisaiaren sorgintzeko gai izan den planeta urruna miretsi duzu. Betiko gorde nahiko zenuke. Ahal bazenu. Argi gehiago beharko zenuke. Edo ez. Entseatzea ebatzi duzu. Gaizki gertatuz gero, argazkia apurtu eta kito. Kamera atera duzu zakutotik. Ostia zuri akasgabe bat dakusazu begi-zulotik. Argazki ona izanen da. Botoia zapaldu duzu. Pitin bat eskuinera higitu eta bertze argazki bat egin diozu. Lau egin dizkiozu guztira.

        Lehenagoko zokora itzuli zara, kamera gorderik. Zure inguruko lagunek mutu diraute, eta Mazellak lotan. Begiak hetsi dituzu zuk ere. Orduan ikusi duzu berriz ilargia.

        Nola jakin zenbat denbora egon zaren hala. Loak atzeman zaitu seguruen. Horrela izan bada, isiltasunak iratzarri zaitu, kamioien gelditze bat-batekoak eraginikoak. Aztoraturik, elkarri behatu diozue. Kanpoan ez da deus berezirik hautematen. Hipotesi posibleak zerrendatzeari lotu zarete. Isiltzeko galdatu du norbaitek. Ahots urrun batzuk entzun dituzue, erasian edo. Larritu egin zarete. Armak prest dituzue, felagen zelata baten beldur.

        Ez dituk felagak izanen, dio Mazellak. Anitz gaituk, sobera haientzat.

        Zuzen da, sarjentak baieztatu dizue. Aitzineko kamiotik etorri eta operazioa benetan orain hasiko dela jakinarazi dizue. Hainbat zatitan banatuko dute konboia. Dergaud kapitainaren manupekoan izanen zarete zuek.

        Zer egin behar dugu, nire sarjenta? galde egin dio Matsas deritzan soldadu potoloak.

        Goazen lekura arribatzean erranen zigutek.

        Sarjenta berera bihurtu eta laster berriz entzun duzue motorren azantza. Batzuek ezkerrera hartu dute, eskuinera bertzeek, zuek sortaldeari buruz darraizue.

        Hamar bat kamioi izanen dira Dergauden jeepari segika doazenak. Hori kalkulatu duzu. Harrigarriena hamarretarik gutienik sei guztiz hutsik joatea.

        Paraxutistek eta harkiek hil terroristen gorpuen biltzera zoazte, batzuen iritziz. Edo ALNri atzeman altxor baten ekartzera, zuetarik irudimentsuenen ustez. Hautu biei deritzezu sinesgarri. Ezaguna da paraxutisten eta harkien bihozgabekeria. ALNri dagokionez, zer erran? Sosak behar dira zuenaren moldeko armada boteretsu baten aurka hain luzaz borrokatzeko.

        Gibelean uzten duzuena dakusazue jarriak zaudeten lekutik. Hala ere, eginen zenuke ikusi ezin duzuen aldea hasi dela tindatzen. Giroan hauteman duzu: bertze kolore bat hartu du argiak. Halaber ilargiak, gero eta horailago, urrezko txanpon bat dirudiela.

        Asmatu duzu. Halako batean kamioiak gelditu, handik jaitsi eta lerrokarazi, eta orduan dakusazu aharrausika datorren egun berriaren begitarte morea. Lista gorriminak ageri dira zeruaren oihalean, ostertza kolpaturik balego bezala. Sarjentak lotinanta agurtu, hark kapitaina, eta hirurak solastatu dira zuei behatu gabe. Bereiztu direlarik, berari segitzeko erran dizue sarjentak.

        Kamioiak baratu diren lekutik ozta kilometro batera, herriño bat ikusi duzue. Muino tipi baten gainean dago, zuhaitzez inguraturik.

        Goazen goiti eta erne!

        Sarjenta bera lotu da lehena patarrari. Emeki igan duzue, armak eskuetan ongi atxikiak. Laster zakurren ihausiek akusatu zaituztete. Sobera berant, dagokion lekuan dago zuetarik bakoitza. Kapitainak soldadu eta harki zenbaitekin igorri du lotinanta hangoekin mintzatzera.

        Zakurren deira agertu dira biztanleak larriturik. Bedera-bedera irten dira beren etxeñoetatik, begiak loagatik tipi. Zakurrak ari eta ari beti.

        Keinu batez, aitzina egiteko manatu dizue sarjentak. Jendeak beldurtu nahi ditu. Maisua da horretan, engoitik dakizuenez.

        Etxeek harrizko paretak dituzte. Eta adar, lasto, harri zenbait eta horra teilatua. Haurrak hurbildu zaizkizue. So dituzue, begiak arma eta uniformeetan iltzaturik. Zikinak daude. Jantzi higatuak dituzte eta mukiak sudurretik dilindan. Batez ere mutikoek. Neskatikoak gurbilagoak dira. Soineko koloretsuak janzten dituzte eta zapi berdin koloretsuetan biltzen dute biloa. Mutiko zein neska tipi, oro oinutsik.

        Herrikoen buru dirudienak eta lotinantak elkar agurtu dute. Harki batek itzuli ditu lotinantaren hitzak: lanjerrean zarete hemen isolaturik. Noizbait felagak agertu, zuen ondasunak ebatsi, zuen emazteak bortxatu eta zintzurra eginen dizuete. Hemen ez zaituztegu gerizatzen ahal, gurekin behar duzue leku ziur batera etorri. Behar duzuena emanen dizuegu. Medikuak izanen dituzue, eskola haurrentzat, benetako etxeak. Zer jan ere izanen duzue egunero.

        Zahar bizar-urdin bat dute herritarrek ordezkari. Buruaren inguruan daraman oihal zuria bermatu du lotinanta solastatu den bitartean. Haatik, adi jarraitu dio harkiaren itzulpenari. Zaharraren gibelean daudenek ere bai. Harkiek beren haserrea adierazi dute lana bururatu baino lehen. Haien mintzaira konprenitu gabe ere, hori behingoan konprenitu duzu. Ahots koleratuak mututu direlarik solastatu da zaharra. Laburki hitz egin du, lasaiki. Zeruari buruz eskua altxatu du bi aldiz. Gero, harkiari beha baratu da.

        Beti hemen bizi izan direla dio. Hemen sortu zen bera, bere aita-amak, aitatxi-amatxiak, baita haien aita-ama eta aitatxi-amatxiak ere. Jainkoak eman omen zien leku hau eta hark bertze bat eman arte ez dute hemendik alde eginen.

        Irri egin du sarjentak, irri egin dute soldadu eta harki batzuek ere. Kapitainarengana bihurtu da lotinanta. Ez duzu erraten ari direna entzuten ahal, baina bistan da ezbaika ari direla. Kapitainak lotinantari sorbaldatik atxiki eta zuengandik are urrunago darama. Zuhaitz tipi-oker baten aldamenean baratu dira.

        Zeren beha gara, sarjenta? Utz arabe horiek gure esku!

        Tutik ez dio hark zuen kideari ihardetsi, baina funtsean biak akort direla ez duzu dudarik. Rivettek ebatzi beharko balu zer egin, manuaren betetzeko molderik zuzenena hautatuko luke.

        Bien arteko solasaldia finiturik, kapitaina zuengana itzuli da eta haratago igurikitzen dutenengana lotinanta.

        Oren bat daukazue zuen pusken biltzeko eta berehala helduko diren kamioietara igateko. Oren bat, ez minutu bat gehiago.

        Deus guti adierazi du zaharraren begitarteak, aitzindari frantsesaren mezua ulertarazi diotelarik. Aldamenean dituenak ez bezala, ahoa hetsirik segitu du lotinanta eta bere gizonak urruntzean.

        Zaudeten lekutik ez higitzeko galdatu dizuete. Oren batez egon beharko duzue horrela. Pollet elkartu zaizue. Eguzkia bere goititzeari jarraitu zaio. Eskertu duzue haren epeltasuna.

        Duarreko bertze biztanleen kontrara, haurrak ez bide dira zuen ahalke. Aldamenean dituzue herriratu zaretenetik. Zakuto eta sakelak arakatu dituzue, haur-saldo begihandi eta mukitsu harentzako zerbaiten bila. Gozokiak eta Bic zenbait banatu dizkiezue. Polletek haietarik bat hartu du bere beso gaitzetan eta irriz goititu. Argazkia egin diezu. San Kristobala oroitarazi dizu. Pollet handiak haurra sorbaldan daramalarik, horixe gogoratu zaizu. Aldea, zure ikastetxeko kaperako irudian ikusi haurra bilo-horia eta larruazal arrosakoa zela, ez larru eta begi ilunekoa.

        Haurrekin jostetan eta zuen artean eleketan denbora agudo iragan eta ezustean jin zaizue erne izateko manua.

        Zoazte gurasoengana, haizatu dituzue.

        Isiltasuna nagusitu da herrian. Ez dakusazu hango nehor. Bakoitzak bere etxolan behar du.

        Ez dituk gurekin etorriko, erran dizue Polletek.

        Ezetz? galdatu dio Mazellak. Etorri beharko.

        Beren borondatez ez behintzat.

        Gure borondatez garea gu hemen?

        Baietz erraten ahal diezu zuk, Aures eskualdeko bazterrak hautatu ez badituzu ere, Aljeriara etortzea zeure erabakia izan zela nolabait. Isildu zara. Ez diezu zuen aita aipatu nahi. Egia erran, zuk ere ez duzu hartaz oroitu nahi, baduzu-eta oroimen gozoagorik.

        Oren bat lehenago bezala, berriz dakuskizue lotinanta eta hainbat harki, etxolei buruz doazelarik. Orduan baino fiteago doaz, zuzenki zaharrarenera.

        Erne oro!

        Mitraileta eta fusilak eskuetan dauzkazue, gertatzen ahal denerako prest.

        Bere etxolatik ilki da zaharra. Solasean ari dira ate aitzinean, lasaiki irudiz. Luze gabe, zuengana itzuli da lotinanta, ia lasterka. Lehenago egin duen moldean, kapitainak lotinanta besotik atxiki eta bazterrera darama.

        Ekar kamioiak, zerbait ikasi behar dik gaur agure orojakile zakil horrek! manatu du lotinantak kapitainarengandik bereizi orduko.

        Duar erdirainoko beren bide laburrean, hauts galanta kamioiek altxarazitakoa. Zaharra eta lotinantarekin joan soldaduak dauden tokian gelditu da haietarik lehena.

        Igan.

        Berean darrai agureak, eman zaion manua konprenituko ez balu bezala.

        Biderik latzena hautatu duzu. Zuhurkiago jokatu beharko luke zahar batek, erran dio lotinantak, bere gizonengana biratu aitzin. Har ezazue eta goiti!

        Galdatu bezala egin dute. Zaharrarengana joan dira. Soldadu batek zangoetatik hartu du, besapetik bertzeak. Ez da higitzera edo libratzera entseatu, kexu ilun bat atera zaio ozta-ozta. Bat, bi, eta kamioira jaurtiki dute. Hots lehor bat aditu da. Agudo sakabanatu dira zaharraren gibelean egondakoak, nor bere etxera, bidaiarako behar dituztenen xerka.

        Kapitaina hurbildu eta, bertze norbait iganarazi behar izanez gero, kasu emateko erran die zaharraz arduratu direnei. Zuengana bihurtu da ondotik. Etxeak hustu eta barnean direnak ekar ditzazuen manatu du. Sarjentaren ondotik abiatu zarete.

        Hi eta hi sar nirekin, gainetikoak geldi hemen, baina adi. Ez zakiagu nor dagoen hor.

        Rivettek hautatu bi horietarik bat zara. Ezetz erran beharko zenioke, ezin duzula, eritasun berezi batek eragozten dizula horrelako lekuetan sartzea. Sukarrerainoko higuina diozula lastoari. Harekin sartu zara haatik.

        Etxe batzuen inguruan hesi bana dago. Harri puskaz eraikia, hespil horretan gordetzen dituzte ahuntzak eta arkumeak gauez. Han daude oraino, eguzkia zeruan aspalditik dagoen arren, ez duzuelako herritik nehor ateratzera uzten. Ahuntzak alboratuz sartu zarete, beraz. Sarjentak eskuan daraman pistolaz ireki du egurrezko atexka. Kirrinka egin du. Ukurturik sartu zarete. Betaurreko beltzak erantzi behar izan dituzue. Elektrikarik gabe, fitsik ez zenukete ikusiko, eltzeño baten edukia bor-bor duen suagatik ez balitz. Une batzuk behar izan dituzu barneko argitzalean laketzeko. Suaren ondoan familia bat: aita-amak eta hiru seme-alaba. Beha dituzue, beldurra kukutu ezinik. Tapizek estaltzen dute lurrezko zolaren zatirik handiena. Pare bat kutxa ageri dira bazterrean, jantzi, eltze eta bertze hainbat ontziz beterik.

        Har zuen gauzak eta atera hemendik. Orain berean. Ez diagu galtzeko astirik. Bortz minuturen buruan kanpoan ez bazaudete, dena erreko dizuegu. Kabalak ere bai!

        Horra zer galdatu dion sarjentak frantsesetik itzultzeko. Harkiaren ele larderiatsuak aditu bezain laster, emaztea negarrari eman eta arrenka hasi zaizue gizona.

        Bortz minutu kamioietara joateko, errepikatu du sarjentak. Ezta bakar bat gehiago ere.

        Bagoazak, erran dizue zuei. Jende hauen pobreziaren eta zorigaitzaren handiak aztoraturik irten zara. Kontent ere bai, azkenik zulo hartatik landa zarelarik. Ez zara ziur hogeigarren mendean zaudenetz edo anitzez lehenago: gizon-emazteak, larruz jantziak, harpeetan bizi ziren garaian ala zientzia guztien aitzinamendu alimalekoenean. Lazgarriena Aljerren ikusita zinelakoan, ustekabea hartu duzu.

        Hausnarketa etsietarako paradarik ez, eta ohartu baino lehen bertze etxe batean zarete. Bigarren honetan dakusazuena lehendabizikoan ikusitakoaren antzekoa da: sua, tapizak zolan, bertze familia bat negarrez, bertze haur batzuen begi izutuak, bihotzeko zolan zimiko gaitza egin ohi dizuten begiak, zuen aurka dituzten arma bakarrak. Sarjentak ere antzera jokatu du. Honetan eta hurrengoetan ere: sartu eta barne goibel-zikin hartakoak dardaraka ezarri.

        Denbora galtzen ari gaituk, kexu da sarjenta. Sua eman eta lasterka jalgiko lituzkek, guk tutik erran beharrik gabe.

        Hitz horiek baieztatu dituzte zuetarik batzuek. Bertze zenbait ere bat dator haiekin, etxeen erretzeko arrazoiak ezberdinak izanagatik. Osasuna eta gurbiltasuna aipatu dituzte. Ura eta xaboia eskas, sua hoberena barne haietan metatu zikinkeriaz libratzeko. Duzuen bide bakarra omen. Ezin uka hango kiratsa jasangaitza dela. Animalia ustelduen keruak hartuak ditu bazterrak. Arratoiak dabiltza. Arreak, herritarrak baino potoloagoak, badoaz zokoz zoko, nehoren lotsa gabe, alde honen zinezko jaun eta jabe. Fite konprenitu duzue zergatik. Herri hegiko kaktusak dituzte jendeek zabortegi. Han libratzen dira, mokordo idortu ugariek eta eulien besta-leku diren idortu gabekoek ere argiki adierazten dutenez. Agudo urrundu zarete.

        Hastapenetik herriko plazatzat jo duzuenari buruz zoazte, buru-apal, begiak urtsu eta gauzez zamaturik doazen emazte, haur eta gizonekin batean. Arkumeak daramatzate bizkarrean, ahuntzak lokarriez estekatuak. Kamioietara iganarazi eta trinko-trinko egon arte bete haietarik bakoitza. Jendez, kabalez eta gauzez gainezka abiatu dira zuen aitzinetik. Begitarte ilunez doaz, intzirika franko. Kamera ateratzea gogoratu zaizu. Istantean damutu eta zakutoaren barnean utzi duzu. Argazki indartsuak lirateke. Ifernutik zoaztelarik, lasto belztua nola erretzen den dakusazue. Zakurrak datozkizue ondotik ihausika. Amorratuki ari dira, beren jabeen traizioaren salatari.