Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—18—

 

Jende aldra haren artean nahastezina egin zitzaidan Elenaren ekilibrista gorputza. Hango anabasan sekula baino ekilibristago, inoiz baino duinago. Eta nire begietara inoiz baino gorputzago.

        —Elena! Elena! —aldarri egin nion.

        Elenak bere izenaz dei egiten zionaren bila ekin zion, begietan itxaropen izpi bat pizturik zuela. Itxaropen hori ez zen nire ikustea espero zuelako. Behin ikusi ninduen, eta ez ninduen ezagutu, begiekin bilatzen segitu baitzuen. Gero beste segundo bat behar izan zuen, begirada atzera egin eta dei egiten ziona nor zen ohartzeko.

        —Senarra han ikustea espero zuen, agian —bota zidan bisitariak.

        Halaxe zen. Dei egiten ziona neu nintzela ohartu zenean geldi lotu zen. Elbarriturik bezala. Eta gero negarrari eman zion.

        Jendearen artean nire uniformeari esker leku eginez hurbildu nintzaion.

        —Elena, Elena maitea! —besarkatu egin nuen.

        Orduan berak malkoak eteteko ahalegina egin zuen.

        —Ez da agertu —esan zuen—. Ez da agertu!

        —Zer egin behar duzu? —galde egin nion—. Elkarrekin geratuko gara, neuk zainduko zaitut, neuk bilatuko dizut senarra.

        —Ez da beharrezkoa —esan zidan, amorruz.

        Nire aurrean negar egin izanak eragindakoa zen amorrua. Eta negar egin izanak eragiten duen amorruak, gero beste amorru biziago bat ekarri izaten duenez, zakar bota zidan hurrengoa.

        —Zuk hura bilatzeko modua duzun legez nik ere nire modua badut.

        Ez nion zer esan nahi zuen ulertu. Eta nire ingurura begiratu nuen, Elenaren senarra portuko zokondoren batean balego moduan, haren hitzek sorgindurik.

        Mundu bat zegoen han. Gudarosteko agintariak, funtzionarioak, alderdietako buruak, aberats jendeak, kazetariak, marinelak, milizianoak, gudariak, emakume eta gizon arrunten artean galdurik bezala. Baina gehienak ez zebiltzan galdurik. Ihes egiteko modua bilaturik zuten. Eta aukeraren zain ziren.

        —Zer egin behar duzu orain? —galde egin nion—. Carltonera ez zara itzuliko, ezta?

        Burutik eginda banengo legez begiratu zidan. Eta begirada hura amaitu baino lehen besoetan nuen. Ez berari gogoak horretara eman ziolako. Jendeak bultza egin eta behera jaustekotan izan zelako baino.

        Eskuek haren gerri-atzeko zokondora egin zidaten, eta ezpainak haren lepo hezurreko malda beheran joan zitzaizkidan.

        Handik aurrerakoa zoramena izan zen.

        Jendea artean leku eginez, beste aldera eroango gintuen txalupatxoren baten bila ekin genion. Eta hantxe ikusi genuen Sinbad.

        —Arranoa, Uriarte! Elena! —esan zuen Sinbadek, arduraturik— Zuek ere hemen.

        —Gaua non eman bilatzen dugu —esan nion.

        Sinbadek lehenengo niri eta gero Elenari begira geratu zen.

        —Hemen denek utzi nahi dute habia. Eta hainbat arinen. Egizue berdin!

        Une batez lepoa bihurtu eta alde egingo zuelakoan egon nintzen. Horrela egin beharrean biraoka hasi zen.

        —Kagoen zotz, Uriarte! Kagoen zotz!

        Gero nasara begiratu zuen.

        —Goazen —esan zigun.

        Elenak besotik eutsi zidan, eta halaxe joan ginen biok Sinbaden atzetik, aztoramen eta ernegu hutsa zen jendetzaren artean leku eginez. Bizkor.

        Ez nekien nora gindoazen. Berdin zidan. Errioan moilaturik ziren gudontziei begiratu nien. Denen artean Císcar eta José Luis Díez haiek gailentzen ziren. Bazebilen mugimendua haietan. Eta makinak pizturik zituztela igartzen zen. Tximinietan gora egiten zuen ketan.

        Nasara iritsi ginen.

        Hantxe ziren beste hainbat ontzi, gerrakoak baino askoz txikiagoak. Baina egoera hartan besteak bezain baliagarriak. Ihes egitekoak baitziren, etsaiari aurre egiteko barik. Horrelaxe ulertu nuen haietan zebilen jendearen aztoramena. Arrantzaleek itsasora sekula eroaten ez zituzten apaijoak biltzen ari ziren. Maletak eta.

        —Igo! —agindu zigun Sinbadek, ontzitxo bat seinalatuz.

        Ontzitxoan sartu ginen hirurok. Isilik.

        Sinbadek makinatxoa abiarazi zuen eta nik artean ontzitxoaren sokak askatu nituen. Segundo batzuen buruan ibaia zeharkatzen ari ginen. Nora?

        —Hor ez zagok inor! —Sinbadek Itsasoko Poliziaren patruila-ontzi bat seinalatuz esan zidan.

        Haraxe gindoazen.

        —Burutik gaude —esan zidan orduan Elenak.

        —Bai —esan nion.

        Gaua bizkor zetorren eta, patruila-ontzira iritsi ginenerako ilun zegoen.

        —Goizaldean bila etorriko zaizue —esan zigun Sinbadek.

        Makina abian baina txalupa geldi, esku biekin patruila-ontziko karelari ahal moduan eusten ari zen.

        —Hi heu etorriko haiz? —galde egin nion, Elenari beste ontzian sartzen laguntzen niola.

        —Ez arduratu —esan zuen—. Ni ez banaiz besteren bat etorriko zaizue bila.

        Eta halaxe izan zen. Beste bat etorri zitzaigun bila. Goizaldean. Herrira egin nuen joan-etorrian txofer izan nuen gaztea; Badiola hain zuzen.

        Baina tartean Elenak eta biok ordu batzuk izan genituen han, faxisten hegazkinek gerrarako ez-gai utzitako ontzi ilunean. Negarrerako, damurako, madarikaziorako, larrutarako orduak izan ziren. Etsiturik, grinatsu, malkotan, infernura kondenaturikoen larrua izan zen gau hartan jo genuena. Gudontzien makinen hotsak inguraturik.

        Eta ez ginen ohartu. Ez mutila hantxe zain noiztik izan genuen, ez eta Císcar eta J.L. Díez ontziak alde eginak zirenik ere. Bigarren horretaz ontzitxoan sartu ginenean ohartu nintzen.

        —Eta gudontzi nagusi biak? —aztoraturik galdetu nion gaztetxoari.

        Eguna argitzen hasia zen.

        —Traidore zerrikume horiek? Alde eginak! —esan zuen gazteak.

        Damu jasanezina egin zitzaidan. Eta ez nion galdetu nondik nora etorri zen bera gure bila, Sinbad barik. Ez nuen erantzuna jakin nahi. Bat-batean kaioen txilioen kontzientzia etorri zitzaidan. Hasia zen eguna.

        Nasara iritsi ginenean, orduantxe ohartu nintzen gazteak uniformean zeraman ikurraz. Alderdi Komunistarena. Eta banekien partidu komunistakoa zena baina, zotz!, egoera hartan ikustea itxaroten nuen azkena zen.

        —Kamarada! —ukabilaz egin zuen agurra.

        Agur mutu bat egin nion.

        —Goazen! —esan zion mutilak Elenari, niri deabruari legez begiratuz.

        Sinbadek behin baino gehiagotan esandakoaz gogoratu nintzen.

        —Kontuz Elenarekin! —esaten zidan.

        Eta hara zergatik.

        —Komunista zelako? —bisitariari jakin gura piztu zitzaion.

        —Carlton Hotelean, barkatu — nire burua zuzendu nuen—, Lehendakaritzan infiltraturik zegoelako ustea nuelako. Senarra, Salsamendi batailoikoa, komunista zuen eta, gure Zerbitzuek beti izan zuten emakumeak Errepublikaren Zerbitzu Zentralarentzat lan egiten ote zuen susmoa.

        Hitzok esan ostean leihora urreratu nintzen. Donibaneko portua han aurrean nuelarik, Santurtzikoa etorri zitzaidan gogora. Bisitariari ez nion orduan sentitu nuena aitortuko. Ez nion esango bat-batean Elena nirekin elkartu izanaren arrazoiaz hausnartu behar izan nuenik. Hura ez zitzaidan bat ere gogoko egin.

        Gure Zerbitzuaren berri jakitearren izanak ote ziren gure gauak? Dibortzio bat neraman lepo gainean, mingarria guztiz. Eta hara!

        Halaxe ikusi nuen Elena burkide harekin joaten. Tarte baterako joana zela begitandu zitzaidan. Eta orduan barruak esan zidan ez nintzela gerra hartan hilko. Elenarekin hitz egin beharrekoa nuenak blindatu egingo ninduela erabaki nuen. Eta halaxe izan zen.

        —Eta Zerbitzu Zentral harentzat lan egiten zuen? —bisitariak nire gogoetatik atera ninduen.

        —Bai —esan nion.

        Halako moduan esan nuen bai hori, bisitaria isilik lotu baitzen. Ni berriz, nire gogoetan zulora itzuli nintzen.

        Zoritxarreko egun hartan ekainak 14 zituen, eta nire zeregina gerra hartan egokituko zitzaidan zikinena zen. Císcar eta José Luis Díez gudontzi madarikatuak alde eginak ziren, eta hartan gure agintarietako batzuk. Alde egindakoak nortzuk ziren eta zer zeramaten galdatu behar genuen.

        Sinbad zintzoa! Etorriko ziren egunen eta etortzekoak ziren negozioen berri jakin ote zuen, eta alde egiteko erabakia horrexegatik hartu ote zuen, halaxe geratu nintzen berria jakin nuenean. Tarte bat beharko nuen galdera zuzen-zuzenean Sinbadi berari egin ahal izan aurretik. Baina artean, ekainaren 13ko hartan, ez nekien Sinbad bera ere ihesa prestatzen ari zenik.

        —Ihesaren ordua zen —nire gogoetetatik irtenda esan nion bisitariari—. Denontzat.

        Isilik begiratu zidan. Itxuraz, ezaguna zuen ihesarena. Eta gerrako azken egunetako dena ere. Nire gomutetara itzuli nintzen. Zorigaiztoko ekain hartan, 1937koan, itsasoa ihesbide bilakatu zen.

        Ahal izan zutenek diru eta guzti egin zuten alde. Císcarren joan zirenek, esate baterako. Nire zeregina, esan moduan, haien izenak ahalik eta azkarren jakitea eta gobernuari jakinaraztea zen. Zeregin gogorra izan zen. Joandakoen artean Bruno Mendiguren zegoen. Hark bai, jota utzi ninduen.

        Akordua kazetariengana joan zitzaidan. Joanak ziren Robert Capa eta David Seymour 'Chim' argazkilari haiengana, joanak ziren Noel Monks eta Jay Allen kazetariengana, eta hantxe segitzen zuen George Steerrengana.

        Beraz, Bruno Mendiguren alde egina zen. Eta gure Zerbitzuko buruetako batzuek ere bai. Ezin sinetsi nuen. Hantxe bertan Elenaren atzetik joan eta harekin noranahi joateko gogoa egin zitzaidan. Baita Madrilera ere, hango lubaki edo barrikadaren batean elkarren alboan hiltzera. Beranduegi. Císcarren eta José Luis Díezen joandakoen zerrendak osatu genituenerako gaua zen.

        —Gero Gobernuak Kantabriara egin zuen —bisitariak gogoeta eten zidan.

        —Eta Mallonak herrira! —sututa esan nion.

        —Oraindino mingarri zaizu? —nire suak ikaraturik.

        Esan ahal nion baietz, mingarri zitzaidala. Baina besteena zitzaidan mingarriago. Handik denbora batera Euzko Gudarosteak Santoñan bere burua entregatu izana, esate baterako. Beharbada hura bidean zetorrela jakin zuen Mallonak, nork daki. Eta faxistak hain krudelak, hain gupidagabeak eta hain bihotz gogorrekoak ez zirela pentsatuko zuen. Eta herrira egin zuen, errugabearen kontzientzia garbiaz.

        —Katolikoa zen Mallona —esan nuen—. Beste ezeren gainetik, katolikoa!

        Disko-jogailuan aspaldi amaitu zen Rubén Gonzálezen diskoa, kanpoan eguerdia zen eta zerbait jateko ordua ere bazela erabaki nuen. Finean, kanpora irten beharra nuen. Gonbidapena luzatu nion bisitariari.

        —Autoa gidatzeko gai bazara bazkaltzen gonbidatzen zaitut.

        Buruan txapela eta aldean jaka arin bat jantzi, besapean nire karpetarik bereziena hartu eta poltsikoan visa sartu ostean kanpora egin genuen.