Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Nobelako jendeak

 

Allen, Jay

Faxistek gerra gauzatzen ziharduten sarraskien adibidea eman zion munduari, The Chicago Tribune egunkarian «Slaughter of 4,000 at Badajoz» (4.000ren sarraskia Badajozen) artikulua argitaratuz. Artikulua Portugalgo Elvas delakoan sinatua da, 1936ko abuztuaren 25ean. Bestalde, Franco elkarrizketatu zuen, eta haren alderdi odoltzaleena erakutsi zuen. Bizkaian ere izan zen, 1937ko maiatzean. Death in the Making liburuari paratu zion hitzaurreak erakusten duenez, Bizkaia ez ezik Euskal Herriko beste bazterrak ere askoz lehenagotik ezagutzen zituen.

 

Batailoiak

Eman diren batailoien izenak, eta horiek non eta noiz egon zirenak —egilearen okerren bat tarteko ez bada behintzat— denak egiazkoak dira. Haatik, Salsamendiko gazteena benetako pertsonetan oinarrituz asmatua da.

 

Bilbao, Alejo

Bermeon jaio zen, 1903ko uztailaren 17an. Komandantea bouetan. Lehenik Bizkaia bouan (1936-XII-6) —honekin Matxitxakoko batailan parte hartu zuen— eta ondoren (1937ko abuztuan) Gasteiz izenekoan. Císcar gudontziko komisario politikoa ere izan zen, tarte batez. Santoñan atxilotua, heriotza zigorra ezarri zioten, gero hori konmutatu eta, azkenean, kartzela pairatu behar izan zuen, 1943an aske utzi zuten arte. Kartzelan zelarik Gerrako apunteak idatzi zituen. Bermeon hil zen, 1973ko irailaren 10ean.

 

Capa, Robert

(sortzez: Endre Friedmann)

Hungariako Budapesten jaio zen, 1913ko urriaren 22an. XX. mendeko argazkilari ezagunenetakoa da Capa, Death in the Making liburuko argazkietako batzuen egilea. Bizkaian izan zen 1937ko maiatzean. Sollubeko batailakoak eta Bilboko zibilen egoerak erretratatu zituen. Magnum agentziaren sortzailea izan zen 1947an, Henri Cartier-Bresson eta Chim Seymourrekin batera. Gerra frontean hil zen, Ibai Gorriko Deltan (Vietnam), 1954ko maiatzaren 25ean.

 

Elena

Pertsonaia asmatua da. Gerran eta Gerraondoan emakumezkoek bateko eta besteko Zerbitzu Sekretuetan parte hartu zuten.

 

Ezezaguna

Benetakoa da. Haren heriotzaren agiria liburura hitzez hitz aldaturik dago. Jatorrizko agiria gazteleraz idatzia da:

Registro Civil de Mundaca

Número 45 Distrito de Guernica

Nombre y apellidos: Desconocido

En Mundaca, Provincia de Vizcaya, a las once horas y ————— minutos del día 7 de mayo de mil novecientos treinta y siete, ante D. Jose Goyenechea, Juez Municipal provisional, y D. Juan Victoriano Fradua Secretario provisional, se procede a inscribir la defunción de D. Desconocido de unos 40 años, natural de ——————- provincia de, hijo de D. y de D.ª domiciliado en, de número, piso, de profesión y de esto (1) Este cadáver se encontró en el puente de Chorrocopunta, tenía dos heridas bala una en la región parietal izquierda y otra en la región pectoral izquierda, vestía pantalón azul marino y chaqueta gris, zapatos bajos negros, no se le encontró más que pañuelo blanco en el bolsillo, a las —————— y —————- minutos, a consecuencia —————- según resulta de —————— y reconocimiento practicado, y su cadáver habrá de recibir sepultura en el cementerio de —————— (tachadura) enterrado en la Atalaya al lado del anterior y por las mismas causas y se practica esta inscripción en esta forma por no existir juez debido a la evacuación.

Habiéndola presenciado como testigos

D. Manuel Cruconegui y D. Pedro Díez

mayores de edad y vecinos de este pueblo.

 

Gure Gizona

Asmatua. Uriarteri buruzkoan aipatutakoak honentzat ere balio du.

 

Iriondo Aranburu, Manuel

Gipuzkoako Beizaman 1884an jaioa, Donostian hil zen 1964ko abuztuaren 28an. Saseta Gudatalde edo Batailoiko jauparia. Elizako aldarean utzi zituen dokumentuak 1996an agertu ziren, han egin ziren lanen ondorioz.

 

Lauaxeta

(izatez: Estepan Urkiaga)

Bizkaiko Laukizen jaio zen 1905ean, eta faxistek fusilaturik hil zen Gasteizen 1937ko ekainaren 25ean. Hiztegi entziklopedikoetan esaten denaz landa, Gerra Zibilean teniente gradua iritsi zuen. Kazetariekin ibili ohi zen, propaganda zereginetan.

 

Mallona Iza, Alejandro

Bizkaiko Mundakan jaio zen. Ikasketez itsas kapitaina, bere itsasontzi konpainia sortu zuen (Mundaka izenekoa). 1931ko hauteskundeen ostean Mundakako alkate hautatua, Espainiako Bigarren Errepublikaren hastapenetan Euzkadiko Errepublika federatua sortzeko ahaleginetan parte hartu zuen. Errepublikako gobernuak horren ondorioz alkatetzatik kendua, 1936ko otsaileko hauteskundeen ostean itzuli zen alkatetzara. Derion fusilatu zuten 1937ko irailaren 4an. Nobelan aipatzen den dokumentazioa egiazkoa da.

 

Mendiguren, Bruno

Bizkaiko Mungian 1910ean jaioa. Ikasle garaian Euzko Ikasleak erakundeko kide, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin lan egin zuen, Kanpo Harremanei buruzko Idazkaritzan eta Prentsa Bulegoan. 1936ko ekainaren 14an Císcar gudontzian Lapurdira ihes egin zutenen artekoa. 1937an Argentinan zen, eta bertan hil zen 1950ean Mar del Platan, hegazkin istripuz, negozio-gizon legez bere bidetxoa egin ostean. George Steerrek bere Gernikako Arbola liburuan Bruno Mendigurenen erretratua egin zuen.

 

Monks, Noel

Kazetari australiarra. Eyewitness (Lekukoa) liburua idatzi zuen, besteak beste. Liburu horretako ataletako baten izenburua «Gernika eta ostekoa» da. Hiriaren bonbardaketaren egunean bertan izan zen, George Steerrekin batera. Eyewitness liburuan beste bi gerratako narrazioak bildu zituen, Bigarren Mundu Gerrakoak eta Koreako Gerrakoak.

 

Seymour, David

(sortzez: David Szymin; ezizenez: Chim)

Argazkilaria. Poloniako Varsovian jaioa. Death in the Making liburuan ageri diren argazkietako batzuen egilea, nahiz eta liburua sinatu ez, eta horrek gerora argazki jakin batzuen egiletasunaz eztabaidak sortu dituen. Hain zuzen ere, 1936-1937ko neguan Bizkaian izan zelarik, Regards aldizkarian zenbait erreportaje argitaratu zituen, J.E. Poutermarn baten testuez lagundurik. Robert Caparekin beti lagun, Magnum agentziaren sortzaileetakoa. Egiptoko Suezen hil zen 1956an.

 

Sinbad

(izatez: Juan Duñabeitia de la Mota)

Bilbon 1898an jaio eta Bilbon 1964an hila. Merkataritza ontzietako kapitaina, Deustuko Itsasketa Eskolako irakaslea, Goizeko Izarra ontziko eskifaiakoa. Gerra Zibilean nobelan aipatzen den kargua ukan zuen. Ameriketara erbesteratua, Ernest Hemingway idazlearen lagun min bilakatu zen. Hemingway eta euskaldunak Zerbitzu Sekretuetan liburuan gizon honen biografia garatuago ageri da, liburuko protagonista nagusietakoa baita.

 

Steer, George

The Tree of Gernika (Gernikako Arbola) liburuaren egilea. 1936-1937ko gerra tarteaz eta batez ere Bizkaian Gerra Zibilaren sorreraz, bilakaeraz, amaieraz eta ondorengo gertaerez idatzi den osoena. Gernikan izan zen, bonbardaketaren gau berean. Haren testigantzak erabateko garrantzia izan zuen, Gernika nork suntsitu zuen jakiteari buruz. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zelarik hil zen Birmanian.

 

Taro, Gerda

(sortzez: Gerda Pohorylles)

Alemaniako Stuttgarten jaio zen 1910eko abuztuaren lehenean. Nazien Alemaniatik Frantziara ihes egina, Death in the Making liburua sinatu zuen Robert Caparekin batera. Honekin haserre, Gerra Zibila bere kabuz erretratatzea erabaki zuen, Ce Soir delakoarentzat lan eginez. Horrexetan zelarik hil zen, Teruelgo frontean (Aragoi) 1937ko uztailaren 28an. Gerda Taro eta Robert Capa denbora batez (1935-1936) elkarrekin bizi izan ziren Parisen. Bere zereginean hildako lehen emakumezko gerra-argazkilaria da, beharbada.

 

Uriarte

Asmatua da. Haatik, Euzkadi'ko Jaurlaritzaren Itsasoko Ertzaintza eta Espioitza Zerbitzua historikoak dira.

 

Vincent

Vincent Sheean kazetari amerikarra (1899-1975). Honi buruzko pasartea Alex Kershawen Blood and Champagne / The life and time of Robert Capa liburutik hartua da.

 

Ybarra

Ybarraterrei buruzko denak historikoak dira.