Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

SAGARROIAREN NEGARRA

 

Ni nintzen tokitik hurbil, Martxeneko Luzio sagarroia bizirik erretzen ari zen. Kapritxo huraxe izaten zuen astazakil hark ilargia betetzen zelarik: sagarroi errea afaritarako. Kearen usaina sumatu nuen lehenbiziko, eta gero animalia negarrez aditu nuen, iii-iii-iii-iiiii! Orduan iratzarri nintzen.

        Auzoko labaderoaren ondoan izan zen. Hantxe jaio nintzen ni. Arratsaldean bokata egiten aritu ziren emakumeak joanak ziren ni etorri orduko. Haien ahotik ateratako arranguraren bat gelditzen zen laharren artean, baina deus ez bertzerik, gainerako guzia galdua zen urarekin batera, errekaraino, ibairaino.

        — Ez dakizuela zer harrapatu dudan!

        Aitak besoak gurutzatu zituen petxuaren kontra, «Hau duk hau!» erraten ari balitz bezala. Irria eskapatzen zitzaion eta bere aurpegi gorria naturak bakarrik pintatzen dakien bozkarioaren erretratua zen.

        — Baduzue bertze anaia bat! Muttiko ttiki-ttiki bat!

        Nire anai-arreba bixkiek serio-serio begiratzen zioten maindire artetik, oraindik ere loaren sarean atxikiak. Ez zekiten egiatan aita ari ote zitzaien edo ametsetan ote zeuden. Patxik, duda hura hautsi nahizik, hitz egiteko agindua eman zion bere buruari. Solasa atera zitzaion ahotik.

        — Non harrapatu duzu?

        — Labadero ondoko sasi tartean, atzo arratsean! Ttiki-ttikia zen! Nigarrez ari zen! Zer ote zen ikustera hurbildu nintzen... eta muttiko bat izaki! Segituan ekarri nuen etxera, ez hozteko!

        Isilka egiten zien solas, kontatzen ari zen hura sekretua balitz bezala, baina emozio handiarekin. Sei urte joanak ziren lehenbiziko umeak etorri zirenetik. Denbora luzea! Patxik eta Maddalenek ahoak zabal-zabal zituzten. Arrebak salto egin zuen ohatzetik.

        — Non da? Ikusi nahi dut!

        — Amarekin da! Titia eman behar baitio! Badakizue, nini ttikiek tititik esnea edaten dute! Zoazte ixil-ixilik, igual lo izanen da eta ez da komeniko ernatzea!

        Lasterka joan ziren ama eta biak geunden gelara. Errietan ibili ziren, biek nahi zutelako aldi berean ama besarkatu. Amak ez zuen indarrik, baina irri amultsu bat erakusten zien. Niretzat zakarregiak ziren. Beso bat mugitu zidaten eta negarrez hasi nintzen, garrasi bizian.

        — Begira ze mutturra duen! Sagarroia ematen du!

        — Sagarroia ez, satorra!

        Aita gelara sartu eta eskutik eraman zituen biak. Ama saiatu zen ni lasaitzera, titiburua ahoan sartu eta sartu, baina ezin ni isilarazi. Hondarreko, protesta nahikoa egin nuela iruditu zitzaidanean, amore eman eta titi guri hartatik tiraka hasi nintzen.

        Etxean mugimendu handia ibili zen egun haietan. Izeba etorri zen Beratik, amari kasu egin eta aitari etxea gobernatzen laguntzera. Ama ohatzetik ez jaikitzeko, ni ere besotan hartu eta berak garbitzen ninduen gehienetan, ur epel-epelean. Ama ez zen ongi, ordea. Haurdunaldi gaiztoa eman nion, eta erditzea ere gogorra izan zuen. Medikuak normala zela erraten zion, baina izeba ez zegoen batere lasai ama hala ikusirik.

        — Zer dun Maria? Ez hago ongi? Non dun mina?

        — Sasi tartean erditu banintz bezala sentitzen nion, arantza ttikiek kanpotik eta barrenetik xixta egiten didatela!

        Gainera, lehenbiziko aste hartan, atso-bisitak hasi ziren. Auzokoak estreina eta jendakiak gero, familiaren arbolako adar bakoitzeko hosto guziak. Oilo bana ekartzen zuten saskian, salda egiteko. Hura edanda bizkortuko omen zen ama. Baina ama nekatu egiten zen, denekin solas egin beharra!, eta niri iruditzen zitzaidan gero eta esne gutxiago ematen zidala bere bular ederretik. Horregatik gorrotatzen nituen gure bakea izorratzera etortzen ziren haiek guziak.

        — Hau muttiko ederra! Nola paratu behar diozue izena? Aitaren iduria dun! Zer moduz hartzen din? Gixon gogorra eginen haiz hi! Eta hi, Maria, zer modu? Jarriko haiz polliki-polliki? Denbora behar din!

        Isilik gelditzen zirenak ez bertze guziak gezurretan aritzen ziren gure aitzinean. Gero, kanpora ateratzen zirenean, elkarri erraten zioten zinetan pentsatzen zutena. Ni ez ote nintzen ttikiegia. Amak esnerik aski ote zuen. Eta hasten ziren konparatzen ezagutzen zituzten kasu guziekin, eta haiek berek izan zituztenekin. Konparazio guzietan, ama eta biok gelditzen ginen okerrena.

        Etxeberriko atso zaharra bakarrik etorri zen. Kopetan ubeldu handi bat zuen. Batek daki norekin aritu ote zen mutur-joka bezperan, afalondoko xurrupa egin ondotik. Sukaldeko laratzarekin igual. Aitak, gerora frankotan adituko niona bota zuen orduan ere: «Hara! Joxepa sorginkoan ibili da aitzineko gauean!».

        Amari harexek bakarrik erran zion pentsatzen zuena.

        — Kara txarra dun, Maria! Haurdunaldia ere txarra! Nola zagon ilargia gizonarekin aritu hintzenean? Kostako zain bizkortzea! Eta muttiko horreri ere bai! Ez dion esnerik aski ematen, alafede santua!

        Aitari bixigarria galdetu zion, eta aitak anisetaz bete zion kopa, nahiko gogo txarrez. Aski agudo joan zitzaizkion bromarako planak, Joxeparen erranak adituta. Bazekien ama ere gaizkitu izanen zela hura aditze hutsarekin. Nola edo hala uxatu zuen segituan. Zuzen erranda ez, baina ezta arraso zeharka ere. Atsoak ongi konprenitu zuen gizonaren borondatea eta alde egin zuen. Kanpora atera zelarik, sakelan ekarki zuen lore-hautsa etxeko gorapean zabaldu ondotik, zeru aldera egin zuen aurpegia, haizearen usaina sumatu nahiko balu bezala, marmarika.

        — Sorgina ez, deabrua dun hori! —bota zuen aitak, nola urruntzen zen ikusten zuela.

        Heiara joan eta lanean hasi zen. Halaxe egiten baitzuen urduritzen zelarik. Behi bat bagenuen, mando bat ere bai, zerriak, konejuak, oiloak, bai eta ahuntzak batzuetan ere. Arrautzak biltzen hasi zen eta oilo aldrebes xamarren bat bazuela iruditu zitzaion. Bixkiak ur bazterrera bidali zituen, oilategian errun nahi ez zuen pertxenta hark Urrabia ondoko akazien artean utzi ote zuen berea.

        Juangorrineko Luixito arrantzan ari zen. Haren ondoan gelditu ziren, oilo eroxkaren arrautza galduaz ahantziak. Patxik zorrotz-zorrotz begiratzen zion arrantzaleari eta eskuan zuen tresnari. Berak ere halako bat eginen zuen: Marixkeneko baratzetik kainabera bat hartu, esparatrapuarekin burnizko xuloak paratu, hari gogorra erosi eta etxetik piper-poto huts bat hartu...

        — Luixito, haunditzen naizelarikan, lagunduko didazu potoarekin txirrika egiten?

        — Bai, motel, ez apuratu horregatikan! Eta nola manejatzen den ere erakutsiko diat. Klase partikularrak emanen ttiat. Ze iduritzen zaik? Eta hik, Maddalen, hik ez dun arrantzan ikasi nahi?

        — Badugu bertze anai bat. Ttiki-ttikia da. Orain dela sei egun jaio zen.

        — Bazekinat. Eta gaur zazpi hil zunen gure amatxi. Batzuk etorri eta bertzeak joan!

        — Arantzako osabak erraten du, bat hiltzen delarikan, ez dela joaten ez zerura ez infernura, bertze baten gorputzean jaiotzen dela. Akaso zuen amatxi gure anaiaren gorputzean da!

        — Erraten du bizitza ipuin bat bezalaxekoa dela. Hasi eta akabatu. Eta berriz bertze baten gorputzean hasi, igual pertsona baten baitan edo animalia batenean.

        — A, ze gogorazioak dituen zuen osaba horrek! Nik ez zekinat deus ere, biño ez niken nahiko arrainaren gorputzean bizi! Beti ur azpian, iguzkia ikusi gabe, arrantzaleak atakean... nahiko bizimodu itsusia iduritzen zaidan.

        Halako batean, kainabera mugitzen hasi zen, bizirik balitz bezala, ibai aldera kolpe handiak ematen hasi zen, urarekin batera joan nahiko balu bezala. Luixitok bere indar guziarekin kontu zion, baina bera ere eramaten zuen indar ikaragarri hark. Patxi eta Maddalen gerritik lotu zitzaizkion, haiek ere laguntzeko, baina hiruren artean ere ezin. Arrain izugarri handia behar zuen. Batera eta bertzera mugitzen zen, ibaia goiti eta ibaia beheiti. Aspaldi ez zen halako sokatirarik jokatu herrian. Hiru neska-mutilak doi-doian libratu ziren putzura erortzetik. Hondarreko, kainabera eta haria puskatzearekin, bakoitza bere alde, baina arraina nagusi.

        — Zer zen hori! Ze arrain klase ote zen? Nola tiratzen zuen!

        — Aditu du erran duzuna eta haserretu da.

        — Norbait hagitz indartsua izanen zen arrain horren barrenean.

        — Orain dela hiru urte Joxantonio Haundi hil zuken, putzura erori eta itota. Ez zate oroitzen? Sekulako indarra ziken gizon harek! Huraxe bera izanen zuken, izoki baten baitan. Seguro Joxantonio Haundi zela!

        Eta Joxantonio Haundik jauzi egin zuen uretatik airera, haria, amua, beruna eta dena herrestaka zeramala. Kontent, ederretik-libratu-naiz edo aio-bertze-bat-arte erranez bezala.

 

 

Jaio nintzenetik bi aste joan ziren, egun bakar batean ere euri-ttanttarik bota gabe. Ez zen normala uda tamaina hartan aitzintzea. Etxeberriko Joxepak erraten zuen zerbait txarraren seinalea izanen zela, eta gure aita nerbiostu egiten zen hari aditu aldiro. Amak igualtsu segitzen zuen. Lehenbiziko egunean bezain ahul harrapatzen zuen bere burua. Ezin ohatzetik jaiki eta etxeko martxan jarri. Oilo-saldak ez zuen milagrorik egiten. Gainera izebak Berara bueltatu behar izan zuen. Bere etxean behar zutela erran zion aitari, baina ez zen egia. Amets gaizto bat izan zuen: bere besotan hilen nintzela sartu zitzaion buruan. Nik, zenbat eta gose handiagoa, orduan eta negar-kanta zakarragoa. Amak titiarekin isildu nahi izaten ninduen, baina beroteak hura ere agortuxea zuela ematen zuen, Baldrungo erreka bezala.

        Egun batean oiloek ez zuten arrautzarik errun, mirua zeruan bueltaka ibili zelako. Oilarra zerura begira, zakurra ere igual eta oilo guziak nerbioso. Bat bakarra bildu zuen aitak eta huraxe eman zion ama gero eta itzaliagoari, afari gisara. Aitarentzat berarentzat eta anai-arrebentzat katilu bana esne. Ez zen bertzerik. Behia ez zuen miruak ikaratu. Beharrik!

        Ordea, katiluak mahai gainean zeudela, katua agertu eta Patxirena irauli zuen. Lurreko egurrak gogotik milikatu zituen animalia zitalak. Patxiren negarra bakarrik falta genuen etxean! Katua harrapatu izatera, ez zen lukainkarik falta izanen biharamunean. Nonbait gorde zen urde hura. Bakoitza bere ohatzean, aitari ere busti zitzaizkion begiak, maindire azpian, loaren sosegurik ezin bildu.

        Gauaz, leihoaren bertze aldean, haize hego zakarra espantuka hasi zuen, eta Martin Itsuaren maldizioak aditu genituen, tiroak airera bezala. Ea nor ari zitzaion burlaka! Eta orduan eta handiagoa haize eroaren txistua. Ama sukarrak kixkaltzen zuela jarri zen, eta medikuari deitu zion aitak. Hark amarengandik bereizi behar nuela erabaki zuen. Ez baitzen tenorea ugazama bilatzen hasteko, behiaren esnea ematera saiatu ziren. Nik ez nahi ordea. Gero eta garrasi handiagoa egiten nuen. Lo ziren anai-arrebak ernatu eta sukaldera etorri ziren. Aitak besotan nindukan, bularraren kontra, zer egin ez zekiela. Nik negar eta negar, bixkiak ere kutsatu eta hirurak batera hasi ginen, zeinek gogorrago. Aitak ezin zuen jasan hura. Erotu zela iruditu zitzaigun. Lasterka eraman ninduen eskailerak beheiti, heiaraino. Han kieto gelditu zen.

        Iluntasunarekin isildu nintzen. Aziendak lo ziren eta usain berezi bat sumatu nuen airean. Aitak pauso batzuk egin zituen txoko batera. Etzinda zegoen ahuntz emeak burua altxatu zuen. Ni beso batekin lotzen baininduen, bertze eskuarekin alde batera egin zituen amaren hanken artean zeuden bi antxume koxkorrak. Orduan, kontu handiarekin, ahuntzaren magalean pausatu ninduen, titirik beteena ahoaren parean nuela. Animaliaren ileek kilika egiten zidaten, eta lehentxeago goxoa iruditu zitzaidan usainaren partez usain gogorregia sartu zitzaidan sudurretik. Isilik segitzen nuen. Aita eta ahuntza bera bezala. Besoak luzatu eta eskuekin animaliaren sabelalde guria ukitu nuen. Ez zen amarena, baina hura ere beroa zen. Aitak pixka bat estutu ninduen titiaren kontra. Ahoa zabaldu nuen eta ezpainekin sentitu nuena gustatu zitzaidan. Tiraka hasi nintzenean, esne beroa aisa etorri zitzaidan zintzurretik beheiti, tripa-zorroraino. Ase arte edan nuen. Gero lo gelditu nintzen.