Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

TXOKOLATEZKO DINAMITA

 

Etxera bidean, automobil bat agertu zen Irun aldetik. Leihoa beheiti egina, gazte batzuek oihu egiten zuten, «Viva la República!», bandera gorria erakusten zutela. Harrituta, haiei begira gelditu ginen. Plazan itzali zuten motorra, ostatuko atean. Lau lagun ziren eta ez zituzten apezak maite. Don Fermin sotana altxa eta etxeko eskaileretan goiti joan zen itoka, haietako batek pistolarekin airera tiro egin zuenean. «Alde hemendikan, bele zikin hori!», erran zion, eta ostatutik atera zirenak irri-ajarika, basoa eskuan. Gazteek segitzen zuten oihuka, «Erredio!, Errepublika defenditu behar dugula! Mueran los fascistas!». Haurrak hurbildu ginen automobilera. Paperak partitzen hasi ziren eta guri Elgorriaga markako txokolatea ematen. Etxean errana zidaten arrotzari deus ez hartzeko. Buzo urdin bat ezagutu nuen, eta haren barrenean zegoen Bordako Balentinek oihu egin zidan, «Hator Marikarmen!, hunek ez din kalterik eginen». Fabrika handian ari zen lanean, eta La Voz de Guipúzcoa ekartzen zuen besapean gure etxera iluntzero, solisonbra edatera etortzen zenean, bertzeak musean aritzen ziren bitartean. Calvo Sotelo hil zutela eta espantuka ibilia zen. Zer kaskasoil klase ote zen Sotelo hura? «Tozan txokoltea!», erran zidan, «Txokolate ona!», erran zuen irundarrak, «Txokolate gorria, Irundik ekarria!». Eta nik, hondarreko, hartu eta jan ere bai.

        Txokolate madarikatua! Zeinen gaizki egin nuen lo! Ohatzean batera eta bertzera. Bero egiten zuen, hagitz bero handia. Karakolak urtzeko modukoa, aitatxik errana bere eguneroko buelta egitetik etorri zenean. Indiano-baitaren ondoko paretan egon zen, irratiko berriak aditzen, goizeko partea, leihoa itxi zioten arte. «Afrika kixkaltzen ari da!», erran zuen, «Agian ere ez da sua hotaraino ailegatuko!». «Nontsu da Afrika?», galdetu nion. Ez zidan kontestarik eman eta itzal bila abiatu zen, goiz aldea bere buruarekin pasatzeko, lurraren gaineko infernu haren koloreak nolakoak ote ziren pentsatzen. Amarentzat alferraren aitzakiak ziren nire tripako minak. Nahiko lan bazuen azienda guziak gobernatzen, heiakoak eta etxekoak. Baldeko esne berotik hiru botila bete eta saskian paratu zizkidan. «Aire! Mugitu hanka hoiek! Hiru buzker bota eta buelta orduko joanak hire min guziak!».

        Zubia pasatzean Urrabiara begira gelditu nintzen. Ur ttikia ekarki zuen, baina amuarrain batzuk ikusten ahal ziren, eulitxa zozoren bat harrapatzeko esperantzan. Tximista urdin batek gurutzatu zuen ibaia aldetik aldera. Martin eder hura ere lanean ari zen, aski goiz. Edo, izialdurak joa, gorde nahizik ote zebilen?

        Hankak daldaraka hasi zitzaizkidan karreterara ailegatu nintzenean. Dorre ondoko ezponda luzea gizonez betea zegoen, bururen buru. Mila gizon!, denak arrotz. Denak igual, uniforme iluna eta kapelu gorria. Denek fusil bana. Karrikan bertze inor ez, baina jendearen begiak imajinatu nituen herriko leiho itxi guzien gibelean. Nola pasako nintzen haien aitzinetik! Ikusi nindutenean irri egin zuten. Mila gizon irrika niri! Eta txistuka gero. Izerdiz tapatu nahi izan nuen gorputz osoko lotsa. Estomaka harri koxkorrez betea sumatu nuen. Saskia bertan utzi eta lasterka joan nintzen izeba Minesen etxera.

        Sadaba eta biak besarkaturik harrapatu nituen. Ni sartzean bereizi egin ziren eta gizona baratzeko atetik joan zen, lapurrak bezala. Izebak painuloa pasa zuen begien azpitik, malkoak xukatzeko dudarik gabe. «Biño, biño... ze habila neska? Tripako minak? Tripako min ederrak denek hemen, kanpoko hori ikusita! Hoaie segituan etxera! Hoaie segituan, eta erran amari gerra hasi dela! Gerra hasi dela!».

        Julian bidali zuten nik utziriko saskia bildu eta esnea partitzera. Anaia zaharrena baitzen. Espartzinak jauntzi eta harro-harro joan zen herrira, besta eguna balitz bezala. Bazkaltzeko tenorea bitarte ez zen bueltatu. Harroago, pakete bat zigarro atorrako sakelan. Gerra hasia zela, komunista eta elizak erretzen zituztenen kontra. Bordakoak eta aitzineko egunetan builaka ibili ziren bertze batzuk falta zirela herrian. Eskapo joan izan behar zirela Ibardinen barna. Hain balienteak baldin baziren, zergatik joanak ote ziren hain agudo. Pedro Lizasok erran ziola ea lagunduko ote zien, Iruñetik etorri ziren militarrek behar zutela bertako jendea, mendiko bideak ongi ezagutzen zituena. Aitatxi mahaitik altxatu zen, deus erran gabe.

        «Tripako min hoiek, bertze zerbaiten seinale ditun!», erran zidan amatxik. Ohatzean etzinda zegoen, eta nik bazkalondoan bisita egiten nion. Likor botila hartu eta, inork ikusi gabetanik, xurrupa hartzen zuen egunero, nik emanda. Sekretua gordetzen bainion, berari kontatu nion bezperako txokolatearena. «Txokolteak ez din kalterik egin, neska!, gizonak emana izanagatik! Tripako min hoiek, emakume egiteko haizelakoz ditun!».

 

 

Teofilok musika ematen zien sari Zelaiko haritz zaharrei, eskaintzen zioten gerizaren truke, Parisen erosiriko bota elegante haiek hanketan eta bere akordeoia xuabe-xuabe jotzen, etxekoek siesta egiten zuten bitartean. Lesakako sanferminetara etorria zen, urtero bezala, deitzen baitzioten soinua jotzera joateko, eta, hango lana finiturik, gurean egun batzuk pasatu zituen. Maleta hantxe zuen, Irungo trena ez zelako etorri. Bere Ziburura ezin joan eta, afera konpontzen zen arte, luzeago gelditu beharko zuen. Suerte pixka bat izanez gero, Santiago eguna gurekin pasatuko zuen. Hala, auzoko besta egunean ez genuen dantzarako musikarik faltako. Bere ondoan jarri nintzen. Kanta bat jo behar dut zu lokartzeko. Nik sortua, Mundua arraso erotu zaigu eman diot izena. Eta lo gelditu nintzen, burua bere sorbaldan, lepo luzeko bota haiei begira.

        Tximista beldurgarri batek desafiozko keinua egin zuen zerutik eta, trumoia lehertu zelarik, iheslarien itzal biziak bat-batean gelditu egin ziren mugako bagadiaren erdian. Don Piok burua jiratu zuen Ibardingo bidean, Altzateko sozialisten etxeko liburu erreen keak erakusten zion etorkizunari erreparatzeko. «Mugitu beharko dinagu, Marikarmen, bertzela bustiko gaitun!», erran zidan belarrira ametsetako maitaleak. Beorlegi koronelaren mila gizonek Dorreko ezponda gainean tiro egin zuten batera, Gipuzkoa menean hartzera abiatzeko seinale. Bezperako txokolatea dinamita bezala lehertu zen nire baitan eta Afrikako sua hasi zitzaidan xilko azpiko nire tximeletatik ateratzen, izterretatik beheiti bi erreka mehar egiten zituela. «Ama, odola!», hasi nintzen garrasika. Euria hasi zuen zakar, jautsi ahalean, eta Teofilok bere besoetan eraman ninduen etxeraino.