Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
 

 

Potroak

 

“Ines horrek dizkin potroak!”. Aldiro esaten diot Txelori ez hitz egiteko hala inori buruz. Eta gutxiago laurogeita hamarrak pasatako etxekoandreaz. Astean hirutan joaten zaio etxera, bi orduz. Lurrari argizaria ematera eta zilarrak garbitzera. Bi langintza horiek adostu zituzten.

      Bakarrik bizi da Ines laurehun metro karratuko etxean. Bakarrik edo. Laurogeita lau bete zituenean bizitza osorako soldata agindu zion bizilagun bati, Loliri, gauero haren etxera biltzeagatik. Egunean zehar beste laguntzaile bat izaten du, etxeko lanak egin eta jatorduak moldatzeko. Denbora gehiago egiten du gabe, iritsitakoa bidali eta hurrengoa aurkitu bitartean.

      Ez da eraman errazekoa Ines. Denak behar du berak nahi bezala. Eta ez bakarrik gatzak edo plantxak, tenperaturak edo usainak. Denaren barruan sartzen dira iritziak, erantzunak, itxura, hitz egiteko modua eta jarrerak ere. Denak berak nahi bezala eta berak nahi duenean. Eta ia dena nahi bezala egiten dutenak aurkitzeko suerteagatik harro egon beharrean —eta izan ditu pare bat halako—, huts egiteen bila xahutzen ditu indarrak Inesek.

      Txelori grazia egiten dio. Edo egin izan dio, behintzat. Beti ekartzen du xelebrekeriaren bat Inesen etxetik bueltako kafesnerako. Ez Inesek kontatua. Inesek ez dio ezertxo ere kontatzen. Agindu bakarrik. Eta tranpak jarri.

      “Tranpak, bai, tranpak: edo ez dun tranpa hogei eurokoa silloiaren atzean ezkutatzea?”.

      Inesak domatzen abila dela esaten du Txelok. “Segituan esan zionat: Ines, hogei eurokoa silloiaren atzean ezkutatzen didazun hurrengo aldian, hartu eta ez naiz gehiago itzuliko. Zeuk ikusi”. Inesek ukatu egin omen zion, jakina. Nahi gabe galduko zuela, erori egin izango zitzaiola. “Zahartu eta badakizu...”.

      “Zahartu eta gaiztotu”, egiten du barre Txelok. Egiten zuen.

      Autoz hamar ordutara bizi du seme bakarra Inesek. Auzoan entzuna du, Inesen jaiotetxean apopilo egondako gazte segail batena ote den. Sekula ez dio galdetu. Orain dozena erdi urte izan zuen Txelok semearen berri ere, Inesenean hasi berritan etxekoandrea ohe ondoan erorita aurkitu zuenean. Ez zuen asko aztoratu Txeloren deiak. Loliri abixatuko ziola, ea hark atenditzerik ba ote zuen, eta bestela zuzenduko zuela zahar-etxeren batera indartu bitartean. Txelok argitu zion ez zirudiela ezer larririk zuenik, medikua etortzekoa zela eta geratuko zela zain Loli azaldu ezean. Eskertu zion semeak. Emateko berri, mesedez.

      Loli baino lehen iritsi zen medikua. Txeloren susmoa baieztatu zuen: ezer hautsirik ez, tentsioaren gorabeheraren batek eragindako ondoeza. Deskantsua, eta biharamunerako berria bezala. Horixe esateko deitu zion atzera berriz semeari, eta hark ez zuela besterik espero, erantzun. “Bi bat hilabetez behin egiten du halakoren bat. Medikutara joatea ez da bere estiloa”, gehitu zuen.

      Hiru zahar-etxetan egona da Ines. Luxuzkoak hirurak. Hiruretatik bidali zuten.

      Semea ahalegindu zen interna bilatzen. Ama moldatu zen uxatzeko.

      Inesek nahi duena egitea du helburu bakar: oraintxe “Benidorko espezialista batekin ordua hartuta daukat”; eta hurrena, “Abokatuarekin hitz egin behar dut, Madrilen”; edo “Asunto bat Taranconen” edo “Talavera de la Reinan gestioa” agintzen dio Loliri. Joan-etorria taxian beti. Eskura ordaintzen die denei.

      Loliri ere bai obedientzia.

      Semeak deitzen dio tarteka Txelori, ea amak ez ote duen oraindik etxetik bota galdetzeko. Eta Txelok gorabeheraren baten berri emandakoan barre egiten du, hamar ordutara entzuteko moduko barrea. Txelok ez du zer galdurik. Pentsatzen duena esaten dio Inesi eta baita semeari ere, eta lasai sartu eta irten ohi da haren etxetik. Lasai sartu eta irten izan da orain arte.

      Noizean behin, barruan nahikoa distira badela irizten dionean, haize pixka bat hartzera ateratzen du Ines. Gogo onez eraman izan du betiko media beltzak betiko dendan erostera, edo betiko media beltzak betiko dendan erosteko dirua ateratzera betiko bankura ere bai, betiko txokolategian kafesnea, “Kafe-kafea, goraino, esne hotz tanta batekin, aparrik gabe, eta behar bezala garbitutako katilu zabalean” hartu ondoren.

      “Ines horrek dizkin potroak!” esanez iritsi da, berandu gaur. Inori buruz hala ez hitz egiteko entzuteko betarik gabe. Barre eta negar bereiz ezinean kontatu dit Inesen etxerako bidean, auzoko bankuko zuzendariak inguratzeko keinua egin diola ataritik. Ez dakiela ondo ari ote den, baina jakinaren gainean jarri nahi duela Ines banketxean izan dela. Goizean goiz. Bulegoa zabaltzerako zain.

      “Ines?”, Txelok; “ez da oinez ibiltzeko gauza-eta!”. Oinez. Ines. Lehen orduan. Eta harekin bi ezezagun. Eta garrantzitsuena: “Inesek etxea saldu du. Milioi batean. Milioira iritsi gabe”.

      Txelori milioia arnasbidean trabeska geratu zaio. Itotzera iritsi gabe. “Euro” erantsi du banketxeko zuzendariak, kopuruak kalte egitekotan, zenbatekoa zehaztearen garrantziaz jabetuta. “Hura da jabe bakarra”. Ines, noski. Saltzailearekin eta eroslearekin etorri omen da. “Ez dakit ondo ari ote naizen, baina kontzientziak norbaiti esateko eskatzen zidan”.

      Txeloren kontzientziak semeari deitzeko eskatu dio. Korrika txikian igo da Inesen etxera. Itsumustuan ireki du atea eta han zer, eta ohetik jaikitzeko ahalegin antzuan seņora, kamixoian, ileak nahastuta. “Gaur ere berandu, Txelo...?”.

      Potroak, Ines horrek!

      “Ileak nahastuta, hi! Ileak apropos nahasteko lana hartu din! Esnatu berria balitz bezala! Eta kamixoia soinean! Kaleko arropak erantzi eta berriz ere ohekoa jantzita ni iristerako. Hik uste?”.

      Ez dio semeari deituko. Oraingoan ez. Kontzientzia distira egin arte argizariz igurtzi behar badu ere, oraingoan ez. Ez dio deituko.

      Lasai hartzeko esan diot. Berak ezagutzen du Ines inork baino hobeto. Hartuko dio neurria berriz ere. Eta deituko dio semeari aurrerago. Barre egingo du hark.

      Barrerik egin gabe altxatu aurretik esan dit: “Hire alabak topatuko zinan umezaina, noski”.