Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Atzeguardako lanak

 

 

itaundu zitzaion zergatik zen kalean azaldu jantzi hartan eta emakumeak erantzun zuen gizona galdu zuelako, dolua adierazteko zela jantzia jantzi zen gisan, gizona galdu zuelako

      itaundu zitzaion nola galdu zuen senarra eta emakumeak erantzun zuen gizona galdu zuela hil egin ziotelako

      itaundu zitzaion nongo su-lerrotan hila zen eta emakumeak erantzun zuen ez zutela su-lerroan hil, hara baino lehen ziotela hil gizona

      itaundu zitzaion senarraren izena eta emakumeak agintariek epaitegira ekarritako gaiztaginen zerrendan zegoen izen bat eman zuen, Simon Arizkun Figueroa, gizonaren izena omen zena, gure datuen arabera Makurra ezizenez eta artean inoiz atzitu gabea

      (ikus 1 zenb. agiria)

      itaundu zitzaion noiztik zen senarraren ezik eta emakumeak erantzun zuen bazituela bi aste gizona galdua zela

      itaundu zitzaion senarra galdua zela esanik hil ziotela konprenitu behar bagenuen nolatan zekien hil ziotela eta emakumeak erantzun zuen ongi zekiela berak

      itaundu zitzaion nola jakin zezakeen hain ziur senarraren heriotza eta emakumeak erantzun zuen gizona hila zela heriotzak eraman aurretik

      itaundu zitzaion nola zitekeen horrelakorik eta emakumeak ez zuen ezer erantzun mututu egin zen

      (erantzun nahi zuenak kalteren bat ekartzen ahal ziolako, nire iritziko)

      itaundu zitzaion senarra negargarrizko hondamendiren batean galdu zela uste ote zuen itsasoan eta emakumea hasierako leloari lotu zen ostera, gizona kendu ziotelako jantzi zela bera horrela, denek jakin zezaten alargundua zela

      (gizona kendu ziotelako, esan zuen)

      (hil, galdu, kendu mailakatzeak adierazten du zerbait)

      hau guztia idatzian jaso zen eta izenpetzera eman zitzaion

      luma eskuan hartu zuen aise, eta lehen marra egina zuenean, jaso egin zuen paperetik

      (damutu antzean, nire iritziko)

      eta beste marra bat egin zuen berehala, ixa osatuz

      (ikus 2 zenb. agiria)

      ondoren ilea moztu zitzaion txori bat utziz hartan gure ikur nazionala eraman zezan begizta eginda, eta ikerketak azkendu arteko atsedena eman zitzaion epaitegiko ziegan

      elizan egin zen ikerketak eman zuen, emakumeak zioena egia izatera behinik behin, Makurra eta biak sasi-ezkontzan bizi zirela, liburuetan ez baitzen azaltzen inolako agiririk, guk senarra aipatu genuen ehun eta gehiago aldietan hark gizona esateak adierazten zuen moduan

      (ezkon-eraztunik ez zeramala ohartu behar nuke)

      etxean irrati bat aurkitu zitzaion, eta ezkertiarren eta euskal bereizkoien izparringi txatalak

      ez zeukan elizako libururik, irarkinik edo deboziozko irudirik, ez paretetan, ez usaingarriak eta eskumuturreko ordularia gordetzen zituen tiraderan

      bazeukan gizonezko baten argazkia logelako ohe-mahaian, baina inork ezin izan zuen segurtatu emakumeak esandako izenari zegokion, berak gero hala baieztatuagatik erakutsi zitzaionean

      (ingiko gizonak ez zeukan Makurraren izengoitia erakarriko ziokeen makurrik edo makesturik aurpegian ez besoetan, eta horretatik atera liteke, nik uste, haren makurra ez zela gorputzekoa, bai gogokoa edo hobeki esanik bihotzekoa, hots, bere ideia ilunetakoa)

      argazkia ikusitakoan ez zuen bestelako zarrakorik izan, ez zitzaion begia bete, ezagutu ez balu bezala begiratu zion

      bere etxean bildu genuen soineko loredun bat ekarririk aldarazi zitzaion jantzia zeukan doluko beltza

      kendutako arropa itungarri hura epaitegiko biltegian gorde zen froga gisa

      berak esan zuenagatik, etxean aurkitu zitzaionagatik, eta batik bat karrikan egun argiz eta nabarmenki horrela jantzita behin eta berriz ageri izateagatik atera zen emakume hura bakea hausten ari zela nolanahi ere, etsaiari gorazarre eginez

      (hila omen zuen senarra izan zitekeen ingian ageri zena, gero azaldu ziren informeetan Makurraren balentriak ikusirik ez zen harritzekoa gure altxamenduaren lehen egun gogor haietan bere burua galdu izana)

      eta Espainiaren bikaintasun betierekoen alde bizia ematera frontera joandakoen senideak atsekabetuz, laster denak alargun eta umezurtz izango zirelako pregoia egiten baitzuen haren ibili hutsak kalean gora eta behera

      (bere burua adur gaiztoko iragarle eginik)

      hiriburuan presondegi bihurtutako zezen-plaza eta biltegiak gainezka egonik eta ordurako atziketak eta epaiketak arautuak genituenez, gure tropa aintzagarriak hartu etsaiekin, portuaren erdian, kaietarik urrun, aingura emanda buietan lotua zegoen Herculano baforan entzerratu genuen emakume egoskor hura, gizonezkoetatik bereiz, brankako txapitulan

      bidean ez zuen hitzik egin eta epaitegian eduki genuen bitartean ez zuen urik eskatu

      (itaunketa jarraitu genuen baforan)

      betikoa arrapostu nuen, ez niola garrantzirik ematen horri, hala zela eta hala izanen zela beti, golak sartzen dituztenak aitzinlariak direlako, eta golak direla garaipena ematen dutenak, sarezain onenak ez duela balio irabazteko, ez galtzeko balio dezakeela alegia, bertzerik ez, eta taldekideen laguntzarekin beti ere

      kazetaria titular bat lortzeko zegoen, sei denboraldi neramatzan lehen mailan, ezagutzen nituen, aurkariak gure abantaila ez kentzeko balio dezakeela atezainak, aurkariak berdin ez dezan alegia, eta hori ezinbestekoa izaten zela irabaziko bazen

      horixe adierazi nahi zidan, nire geldituek gol bana balio zutela. Partida ona jokatu genuela talde osoak, gibelekoen lana eskertzeko egin nituela gelditu haiek

      atezainaren lana desberdina dela, inork ezin duela egin zure egitekoa zure taldean, hamaiketan bakarra zarela. Arrazoia zeukan, kazetariek maite dute arrazoia edukitzea, eta horregatik erran nion jakin behar zuela sarezain batek taldean integratzen, sarezain onenek talde lana egiten zutela sakeetan, kornerretan, erdiraketetan, ateratzeetan

      sarezaina erraten nion nik neure lanpostuari, argentinarren gisan, fuel-oil bidoi zaharretan hedaturiko antxoatarako sare zati gorrilun kirastuak defendatuz ikasi nuelakotz futbola gure herriko kai zikinetan, sobera gogorrak sobera bake txarrekoak zirelako profesionaletara heldu ez ziren estibatzaile txiroen eta arrantzale galduen seme trebe haiekin. Gero, takodunekin eta zenbakidunekin jokatzen hasi ginelarik, Fontan armadoreari kendutako legatzetarako nailon urdinezko sare handiak babesten zuen beheko trenbidera ematen zuen alboa, haren puska batekin egin genuen entrenamenduetako baloien poltsa

      eta zer pentsatzen du sarezainak, zuk diozun moduan, barkabera kazetaria, hitzari doinu ironikoa emanez, Amancio, azken atzelaria gaindituta, bakarrik azaltzen zaiolarik area barruan, partidaren azken minutuan?

      horrelako gauzak galdegiten dizkizute, ez da sinestekoa, eta ezin diezu ihardetsi, ez diezu erraten ahal aitzinlaririk gorrotatuena laurogei mila artabururen aitzinean bere markako zalukeria eginda irrigarri utzi nahi zaituela ageri delarik ez duzula deusetaz pentsatzen, alegia, hil ala bizi jalgitzen zarela leize zulotik eskuak atxamarta, pentsamenduari astirik eman gabe, alegia, astirik eman gabe Amancioren pentsamenduari ere, zalaparta batean, a cona que che botou, alde bat ezinduko haut

      (hori pentsatzen du sarezainak, baina adi ezazue ongi)

      zuek uste duzue gure taldekideak lanean ari diren bitartean sarezainok astia izaten dugula pentsatzeko, eta ez da horrela, guk ez daukagu burua deusetan, baloiaren traiektoriari gaude so deusetan pentsatzen ez dugula, golaren jokaldiak ehun metro urrunago du hasmenta, eta baloia datorrelarik, zer esanik ez Amancio bezalako jokalari izugarriaren oinetan, ba bihotza punpaka jartzen zaizu, eten edo urra atera behar duzu

      zer esan dizu Amanciok?

      (aitzinlari guztiek erraten dituztenak)

      hizketan geratu zaizu baloia kendu diozunean

      (nik ere egin zioat solastxoa, zer uste duk, a cona que che botou erran zioat)

      futboleko kontuak dira, kantxa barruan, elkarri errana elkarri atzendu

      Amanciok esan dizuna hobea da ahanzteko, beraz?

      (a cona que che botou)

      Amanciorekin badut harremana, galegoz egiten dut harekin, elkarren aurka jokatzea egokitzen zaigun orotan egoten gara puska bat galegoz solastatzen zelaira atera aitzin

      Patxi Arizkun ez al da euskalduna?

      Patxi Arizkunek Racing de Ferrolen jokatu zuen, eta han denok egiten genuen galegoz, Anton Monteiro kapitainak ezarritako legea zen, alegia, galegoz egiten ez zuenak segur zeukan leku bat ordezkoen aulkian

      zer esan dizu Amanciok galegoz?

      (a cona que che botou)

      jendeak atera duen builarekin nik ez diot deus aditu ahal izan, lurrean nengoen eta kasik ez nuen sinesten ahal baloia eskuetan neukala. Ez nekien hitz egin didanik, berak jakinen du zer erran didan, galdegin iezaiozu berari

      txol haserre irten omen da, ez omen dio inori elkarrizketarik eman, eta herrenka zihoan

      (nahiago nikek egia balitz)

      joko garbia egin dugu bi taldeek, baina zelaia arrunt astuna zegoen, harritu nau zelaia horrela egoteak hemen

      uste duzu Santiago Bernabeun, liderraren etxean lortu duzuen garaipen honekin aurten sailkapenaren goialdean egon zintezketela erakutsi duzuela?

      urrats txipi bat izan da, liga hasi bertzerik ez da egin

      azken galdera bat, kuriositatez, zergatik irten zara zelaira xingola beltz horrekin besoan?

      (kuriositatez, alegia, ez haizela ausartuko publikatzen)

      (hasperen egin nuen, banekien galdeginen zidatela, eta galdera zela ea barrabilik daukaan pentsatzen duana mikroari aitortzeko edo grabagailuari so geratuko naizen galdemodutik ehun metrora)

      orduan, niri heldu aitzin, kazetariari heldu zioten besotik leun: barka ezazu, autobusa zain daukagu, aireportura joan behar dugu

      eta ezagutzen ez nituen direktibo bi haien artean atera nintzen Bernabeuko prentsa aretorik motorra berorik taxia baino zintzoago nire begira zegoen neukan Seat 1800 beltz batean sartzeko. Ez zitzaidan damutu kazetariari ez arrapostua, Amanciori egin nionarekin irabazia neukan kirol aldizkari guztien lehen plana, besoko xingola beltza ongi nabarmentzen da jertsearen berdean, baita zuri-beltzeko argazkietan ere

      (graciñas, Amancio)

      kanpaia entzunak ginen ehun eta gehiago gautan, luzaz, barrena inarrosten zuten danga goibeletan

      gaur hemen, bihar han, hasieran uste izan genuen etsaiak isileko mezuren bat pasatzen zuela hots haietan, baina gerora ikusi zen gure kemena hondatzeko eztenkeria bat zela

      kafea eman zitzaien inguruko sakristauei, eta hala ere kanpaia entzuten jarraitu genuen ehun eta gehiago gautan, urrakor, hilko ginelako segurtamena

      nahiz inguruko apaizak ziren leialak eta apezpikuaren guztizkoak, susmoa hartu genuen baten bat izan zitekeela gureganako berotasunik gabea

      ezin zitzaienez denei kafea eman, zelatatze isil eta zorrotza ezarri genien inguruan, eta ez zitzaien ez gutun ez ibili susmagarririk harrapatu gau eta egun egin genien jarraipenean

      (eta bitartean hildakoen danga haiek herriaren loa aztoratzen zuten, mehatxu goibel batean joka)

      eraso batean gure mutilak ilunpean dorrera, eta ailegatzen zireneko isildu egiten zen, beste nonbaitekoa hasten zela joka

      orduan erabaki zen neurri eraginkor bat, kanpaiei sokak kentzea

      (ez zen lan erraza izan)

      hala ere hilko ginelakoa entzuten jarraitu genuen ehun eta gehiago gautan

      zurrumurru gaiztoak hasi ziren zabaltzen, hil-kanpaiak gure helburu salbatzailearen hondamendia iragartzen zuela, Jainkoak bidalitako oharpidea zela aritzen omen ziren beatak

      (beldur belarriak sortzen ditu ikarak)

      (atzeguardan egoteak horixe dauka, ez dituzula lubakiak ikusten, ez zaizula etsaia buruz buru oldartuko, azpiz azpi baizik)

      (hau eta beste esan ohi dute su-lerroan ibilitakoek guregatik, baina haiek ez bezala, guk ez geneukan stukei deitzerik kanpandorre guztiak suntsi zitzaten)

      sokak kentzea aski ez zela ikusita, mihia kendu genien kanpaiei

      (ez zen lan erraza izan)

      sokak kentzea baino eraginkorragoa izan zen hau, balak egiteko urtu ahal izan zirenez gure mutilek bizirik iraun zezaten etsai amorratuaren mehatxuen gainetik

      bularreko kutxa barnetik kolpatuko baligute moduan jarraitu zuen kanpaiak, ehun eta gehiago gautan astun, sarkor, hezurrak durduzatzen zizkigutela

      (zainetakoa lotu behar zitzaigun etsaiak mailuka jotzen zuen kanpaietan, eta ez ginen gai haren besoa mozteko)

      noizbait, Elizaren kezkak arren, kostaldeko kanpai guztiak urtu ahal izan ziren

      geroztik noiz edo noiz eta oso urrun baizik ez zen entzun kanpai hotsa, oraindik etsaiaren lurraldea zen hartatik, guztiz itzali ziren arte

      gerora gorrien mendekuaren beldurrean edo antsian bizi zirenek besterik ez zuten entzun, edo entzuten zutela esan, etsipena zabaltzeko asmo zitalez

      kanpaiak kentzeak adinako indarra eduki zuen baketze hartan itsasertzeko herri guztietan meza nagusian irakurri zen apezpikuaren pastoralak, esanez Elizaren eginbidea zela altxamenduari bere premia xeheenetan ere laguntzea

      (pastorala ongi zegoen, berandu samar iristea guretzat)

      altxamenduari bere premia xeheenetan ere laguntzea Elizaren eginbidea zela Jainkoari erreguka eta mailuka ekin behar zaiolako, arragoan mailuka, eta Francori bala gehiago emateak bazuela otoitzez, Jainkoa bala gehiagoren eske ari zelako bere alde

      (egia da halako itxura tamal bat zeukatela elizetako dorreek kanpairik gabe, Kanpairik gabeko kanpandorreak begia lehertutako fusilatua ematen du! aipatu zuen kasinoan Falangeko buruak, eta bazekien horretaz zer edo zer, kafe ugari banatua zen inguruetan)

      halako hitzarmen bat lortu genuen noizbait apezpikuarekin, eta Herr Bauer bitarteko zela, ordua zehatz eta tenoreko ematen zuten ordulari eder batzuk paratu genituen dorreetan, udalek ordaintzekotan

      (ikus 3 eta 4 zenb. agiriak)

      nolabaiteko bakea egina genuen zoramen luze haren buruan, noiz ere emakume hura azaldu zitzaigun herriko kale nagusian, nabarmen eta harrokerian, gauari kendutako ilun zatia soinean

      behingoagatik utzi egin genuen, baita behin eta bitangoagatik, baina kaleetan gora eta behera ehun eta gehiago egunez ibili zen emakumea, doluzko jantzian ikusgarri

      gure bolondres gazteek gerra-legea egiten zuten plazan

      arrantzontziak lotzen ziren kaian

      ibaiondoko zuhaiztian

      kale nagusian

      tren geltokian

      (hil-kanpaien oihartzuna zelako hura, arropatan)

      jokaldi onenez solastatu ziren bidean, partida ikusten egonak ziren. Zuregatik izan ez balitz, irabaziko genukeen

      (a cona que lles botou)

      banekien gertatzen ahal zela, baina ez nengoen entrenaturik egoera hartarako, Amancio inguruetan neukanean baino gogorrago jotzen zuen nire bihotzak. Errana zidaten horrela egiten zutela, ezdeuskeriak aipatzen zizkizutela lehenik, salaketa faltsu bat hartu dutela adibidez, faltsua dela baieztatzeko molestatu zaituztela, barkatzeko, edo antzekoak, alegia, gero ustekabean harrapatzeko teknikak

      (penaltia zu kare-lerroan kokatu baino lehen jaurtiko balizute bezala)

      Amancio hori urtetsua da honezkero, ez duzu uste?

      zakur zaharra zela haatik, arriskua zeukala beti

      zure idoloa Yashin izango da, ezta?

      gutitan ikusi nuela eta beti telebistan, hagitz kokapen onekoa iduritu zitzaidala

      Espainiak irabazi egin zion Errusiari, ez zion asko balio izan Yashinen teknika. Marcelinoren gola, Amancioren erdiraketan. Alferrikakoak dira egiten dituzten ahalegin guztiak, ezin dute Espainia menderatu. Gorrien aurka Espainiak lortutako bigarren garaipena izan zen hura, ba al dakizu zein izan zen aurrena? Zu Yashin baino hobea zara, karrera zaintzen baduzu Espainiako selekzioan joka zenezake

      (irratitik egin zieten dei)

      bazihoazela, itogarri zegoela Bernabeu ingurua. Jokalari guztien ametsa, selekzioan jokatzea da. Zer diozu? Komisariatik deitu digute. Badakizu, ez dugu egunero edukitzen pertsonaia ospetsu baten bisita. Zu bertatik bertara ezagutzeko irrikan daude. Gorriek munduan hartu zuten aurreneko jipoia, Francok eman zien 1939an

      (tamala, sobietikoak Madrileraino iritsi ez izana bost urte geroago)

      zakurtegira heldu ginelarik antzeko pantomima egin zidaten, nire zain zeudela, etsia hartuak zeudela jadanik huts eginen ote nien. Semeari esaten diodanean Patxi Arizkunekin hizketan egon naizela aurrez aurre, ez dit sinetsiko. Nireak ere ez, idolo zaitu. Gezurretan ari naizela usteko dute nire lagunek. Horregatik eman behar diguzu sinadura, frogaren bat edukitzeko, bestela ez digute sinetsiko

      (ez nindutela uzten ahal autograforik sinatu gabe erraten zuten, alegia, autografoak paper zuriaren behe aldean. Aritzen zirela abisatua zidaten gisan ari ziren zehatz, harrigarria zen)

      edukiko duzu argazkiren bat, zaletuei emateko. Denboraldi hasieran ematen zizkidatela batzuk, ez neukala batere. Lastima da, polita izanen litzateke zure argazki bat edukitzea hemen, paretan, Brigada Politiko Sozialeko zaletuei eskainia

      (jokaldia helbururantz antolatzen hasia zuten, bazetorren etortzekoa, handik harat egurra)

      (eta ahal nezakeen duinen irautea)

      badakizu zergatik zaren Yashin baino hobea? Guk esan beharra! Bada, Yashin ez zelako ausartuko besoan xingola bat lotzen bere gobernuaren aurka, zuk egin duzun moduan

      (a cona que lle botou)

      nik ez nuela nehoren aurkako deus egin

      (salbu eta Amanciori egindakoa)

      hemen eta munduko leku zibilizatuetan beltza doluaren kolorea da, besoko beltzarekin zelairatzen direnean hildako norbaiten dolua agertzen dute futbolariek. Direktibo batena, adibidez. Edo jokalari ohi batena. Eta taldeko guztiek daramate. Gaur berriz zu bakarrik azaldu zara belardian xingola beltza besoan duzula

      (erabaki pertsonala izan zelakoz)

      ez duzu inor inplikatu nahi izan, ongi dago hori

      edo inork ez dizu jaramonik egin

      mitina jo diezu taldekideei, baina ez duzu lortu zeure aldeko jartzea

      (orain ikusiko duzue Yashin baino hobea naizen edo ez leizetik ateratzen)

      mitina, teknikoak ematen digu

      (ahoak zabal, izkirak amurik ote zeukan zalantzan)

      ea ongi ulertu dugun, zuen entrenatzaileak, mitin politikoak ematen dizkizue aldagelan?

      ez, mitin taktikoak, aspergarriak

      (elkarri behatu zioten)

      bizardunak, fakultateren bateko irakasle kontestatario itxura zeukanak, pistola bat atera zuen ezkerreko besoan Alemaniako bandera txipi bat zeukan komando berdearen barrutik, segurua kendu zion, Hau segurua da, tiro egiteko prest dago

      (mahai gainean paratu zuen neure eskura, kulata nireganantz)

      badakizu mila modu dauzkagula zure klubeko lehendakaria estutzeko, kontratua eten diezazun? Edo lizentzia profesionala ukatzen ahal dizutela, Futbol Federazioa gurea denez?

      Frantzian joka nezakeela, Girondinsetik deitu zidatela bi hilabete lehenago. Eta zergatik ez zinen Frantziara joan? Han errazago edukiko zenuke Espainiaren aurka jardutea! Argazki batzuk erakutsi zizkidaten. Ezagutzen al dituzu promesa gazte hauek?

      (promesa gazteak, erran zieten)

      ezagutzen al dituzu? Ez nituela ezagutzen, baina banekiela zein ziren, bortzak. Noski, zeuk bete dituzu ibili zareten aldagela guztiak hauen aldeko panfletoz

      (Amancio, a cona que che botou, ez didak golik sartuko)

      atzo fusilatu zenituztenak dira

      (leize zulotik zelai erdira deliberatu nuen, Yashinek ez bezala)

      zuek, bai, horregatik atxiki dut xingola beltza besoan, promesa gorri horien doluz. Eta ezagutzen ez ditudan bertze aunitz milakoren doluz

      (mintzarazteko zeuden, eta aditu zuten)

      erregimena agonian sartua da, O Burroren hondar ostikoa izan da. Garai garratzak ezagutzeko zaudete, zuei kiniela pare bat baino ez zaizue geratzen

      eta baloia geldirik geratu zen une batean han nonbait, bulego nardagarri hartako airean, atzeman nezan, Complutenseko irakasle faltsuak pistola mahai gainetik erretiratzen zuela, arta handiz, seguruari emanda, komando berdearen barrunbean. Pistola eta guzti, hi ez hintzateke ontziratuko bafora aleman batean, ez. Burutapen bat izan zen, erran gabe uztekoa.

      (txikota sobera tinkatzeak onik ez)

      eskaini zitzaion nahi ote zuen besterik esan, eta emakumeak erantzun zuen esanak zituela esateko guztiak

      eskaini zitzaion inor bisitan hartzeko baimena eskatu nahi zuen, eta emakumeak aitortu zuen ez zeukala nor hartu

      (honek berretsi zuen, horrelakoren premiarik balego, atzituaren nahastaile izatea, nabaria baitzen erantzuna ez zela bakartasunaren ondorio, lagun hurkoak gerizatzeko gezurra baizik)

      eskaini zitzaion nahi zuenari idazteko baimena eta emakumeak ez zekiela idazten esan zuen

      (hau ere gezurra, nire iritziko)

      eskaini zitzaion konfesorea, eta emakumeak, espero genuen moduan, ukatu egin zuen

      (alabaina, legeak arau emakumea kaperan itxi behar zenez eta baforak kaperarik ez zeukanez, gurutze bat ipini zen entzerratua geneukan txapitulan)

      orduan baforetako kaperau izendatu zuten apaiza

      (itsas-langileen sindikatu abertzalearen manupekoa zen Marinelaren Laguntza izeneko erakunde bereizkoiaren kaperau izandako damutua)

      (ikus 5 zenb. agiria)

      apaiza etorri zitzaigun jakinaraziz bazela arazo interesgarri bat

      (horiek izan ziren hitzak)

      arazo teologiko interesgarri bat emakumearen inguruan

      ager zezala eskatu zitzaion, mesedez eta ahal bazuen behintzat ez erabiltzeko teologiaren bihurkeriak

      apaizak azaldu zuen emakume hura haurdun egon zitekeela

      fiskalak ahapeka jardun zuen epaimahaikoekin, eta denek baiezkoa egin zuten buruaz epaile nagusiaren ondotik

      erantzun zitzaion ur bedeinkatua edanaraziko ziotela, umekia bataiatzeko

      apaizak ezetz esan zuen gogor

      (bere onetik gainez eginik itxuraz)

      emakume hark, bere gaiztoan, krimen bat eragin ziezagukeela gure ezjakinean, eta amaren eztarritik joandakoa umekiaren buru gainera zihoala uste ote genuen

      (anatomiaz kapitain medikuak baino gehiago zekiela frogatzeko edo)

      esan zitzaion epaimahaiak ez zekiela emakumea haurdun zegoen ala ez, emakumeak berak jakingo zuela zer egiten zuen eta haren gainean eroriko zela krimena, baina apaiza tema hartan egoskortu zen, alegatuz gertagarriaren jakitun ginela, eta hori nahikoa zela gu hobendun izateko

      esan zitzaion emakumeak ezin zezakeela horrelakorik antolatu, federik ez zuenez ez zeukalako bekatuaren usterik

      puntu lokaztu batean gelditu zen eztabaida, apaizaren arabera fedegalduak manipula zitzakeelako Jainkoaren aginduak fededunaren kaltean, guk denok

      (eta besoa luze mugitu zuen ezkerretik eskuinera hango buru guztiak segatzeko)

      guk denok jakin behar genukeelako borrokatzen genituen haiek Deabruaren indarrak zirela, eta ondoren eskatu zuen bederatzi hilabete pasatzen utzi genitzala emakumea atxilotu zen egunetik

      bosgarrenerako nabaritu beharko zitzaiola komentatu zuen fiskal jaunak

      zazpi eskatu zituen apaizak, ziur egoteko

      (erantsi liteke, tribunalak emandako epaia ezertan zalantzatu gabe, luzapen hura ongi zetorkigula, emakumea damutu egin baitzitekeen, eta gaizkideen izenak aitortu, edo argibideren bat eman ziezagukeen aspaldi ez zela kostaldeko herriak asaldatu zituen «hil-kanpaien harrigarria» izeneko hartaz)

      ortzegunez gertatu zen noizbait, sekula itzaliko ez zuela iduri zuen bizitza eta sekula hondarrik izanen ez zuela iduri zuen agonia baten buruan, gertatu egin zen, gertatu, gertatu, eta bertan behera laga zituzten asteburu hartako partidak maila guztietan, federazioaren gainetik zegoen erakundeak trenkatuta, hezkuntza fisiko eta kirolarenak. Pinochet gerlari handia heldu zen Madrilera gerlari handiagoaren gorpu aitzinera, Yashin ororen mailua izan zen heroia despeditzera. Francok erakutsi omen zion munduari komunismoaren aurkako bideak non zuen hasmenta, ez baitzuen kaburik, eta Espainiak sufritu omen zuen lehenik, erran zuen Pinochetek, balio kristauak abarrikatu eta gorrotoa ereiten duen doktrinaren jazar basatia, gero Txilen ahalegindu zen gisan

      (a cona que lle botou)

      partida akitu zelako ziztua jo zioten hari ere, Generalisimoari. Ezinezkoa idurituko zitzaien frankistei, nolako galera giristinoendako, musika klasikoko dolu luze bat edukiko genuen zezen larruko irrati guztiak Irrati Nazionalera konektaturik. Eta haren doluzko isiltasuna egin beharko genuen, minutu izoztu hori, burua makur belarrari beha futbolariok. Ezin nuen, hurrengo jornadan ez nuela jokatzen ahal erran nion entrenatzaileari

      zer daukak, Franco hil duk!

      komunistek saldukeria eginen zigutek, mister!

      eta zer nahi duk, gu txapeldun deklaratzea, pitatu dizkiguten penalti erosi guztien ordain? Minutua manatuko dute. Minutua? Isilaldia, baloia firrilaka hasi aitzin. A, ez esan, ez esan, hik uko egiten diok minutuko isiltasunari! Ez duala jokatuko! Ez esan! Hiru igande zaramatzagu berdintzen, gol zikin bat sartu ezinik. Ezin diguk horrelakorik egin! Segundo batekoa ere nik, Francorengatik. Ez al haiz jabetzen? Chiquinho lesionaturik daukagun artean, ez galtzea duk gure helburua!

      (segundo batekoa ere)

      ba orduan kanta ezak!

      (zinez ari nintzela ezin ulertuz)

      zer kostatzen zaik ordea? Hik segi ezak beroketak egiten heure kaiolan besteak erdian isilik eta geldirik dauden bitartean, joka ezak partida. Barka ezazu, mister, ez naiz horren ausarta, bulego batzuek ikara ematen dute, ez ditut berriz probokatu nahi. Horregatik, zoroa ez bestea! Zertan sartzen haiz galdu besterik egingo ez duan jokoan?

      (galdera zaharra, galdera ustela)

      hoa zelaira eta egin itzak gelditu eder batzuk, horrek izorratuko ditik beste ezerk baino areago, hi geldiketa onenak egiten ikusteak. Ez, barrenak ez dit uzten. Zelairatzen banaiz, ez dut isilaldia sufritzeko aski hoztasunik edukiko, oihuka hasi ninteke, edo dantzan, edo pultsuak egiten langan

      (eta beldurra ematen zidan)

      pentsa ezak taldean! Puntuak behar ditiagu! Irten dadila Jose Carlos, hobetu egin da aunitz! Burutik egin zaik edo ez dakik ezer futbolaz! Jose Carlos ateratzen baldin badut kontu eske etorriko zaidak lehendakaria, eta lehendakariak badaki hi ez hagoela lesionatua.

      (ideia ona, lesionatu egin nintekeen)

      mesedez eskatzen diat, pertsonalki eskatzen diat

      (a cona que che botou)

      eta orduan, misterraren erregu miserable hark aitzineko denboraldian adituak nizkion mitinak ekarri zizkidan burura, alegia, haren planteamendu beti berdinak, haren psikologia merkea, haren haserre pedagogikoak, haren lehendakariarenganako morrontza. Zer asmatuko ote zuen, putzura gindoazela partida galtzen bagenuen?

      ligaren hasmentan gaude, mister

      horregatik, bigarren itzulian ito egingo gaitiztek, orain biltzen ez baditugu puntuak. Ez naiz horren ezinbertzekoa, plantila ona daukagu, huts egiten duena zeu zara, zeure lau bi lau zaharkitu horrekin

      (a cona que che botou)

      bere erranetan jarraitu zuen, bazekien ez aditua egiten berari zuzendutako biraoei entrenamendutan atsedenaldietan dutxetan, ez zeukan duintasunik, zuzendaritzaren manupeko entrenatzailea izanen zen nonahi. Azkenean Betis aurkari zuzena edukiko diagu sailkapenean, ona lukek golik ez hartzea beraien zelaian. Hurrengo jornada ez da izanen ligako jornada bat, diktadoreari eginiko omenaldia izanen da. Ez politizatu kontua, mesedez! Zuek politizatzen duzue, ni futbolaria naiz. Guk? Guk? Eta horregatik atera hintzen xingola beltzarekin? Bi lagun hil zitzaizkidalako. Fusilamendu pelotoi banarekin izandako istripuan, ezta? Ez hituen hire lagunak! Heuk egiten duk politika!

      ba bai, eta nire jokamoldea neuk hautatzen dut, mister

      (orain konturatu al haiz?)

      harrika bota zuen kronometroa, takilen kontra

      euskaldun guztiak fusilatuko balituzte!

      futbolari on sobera galduko luke Espainiak!

      (eta algara egin nuen, algara egin nuen)

      esan zitzaion frogak genituela ziurtatu ahal izateko Simon Arizkun Figueroa

      (Makurra izengoitiz)

      Simon Arizkun Figueroa bizirik zegoela eta emakumeak behin eta berriz erantzun zuen gizona hila zela

      (gizona eta nire gizona erran zuen beti, ez senarra eta nire senarra)

      (eta halako batean gero eta hilago zegoela gaineratu zuen ahapetik)

      itaundu zitzaion Simon Arizkun Figueroaren anai-arrebez, herritik alde eginak baitziren laurak, jakitearren gordean zeuden ala etsaietan, eta ez zuen ezer argitu nahi izan

      (ez zekien ezer, nire iritziko)

      itaundu zitzaion zein emakume ezagutzen zituen Arizkun-Figueroatarren sorterrian, Ondarroan, eta berak ez zuela Ondarroan inor ezagutzen erantzun zuen zakar

      (zakarregi, halako ilundura bat ageri zuela bekokian)

      esan zitzaion bizia salbatuko zuela kolaboratzen baldin bazuen, eta emakumea bere mutuan egoskortu zen beti

      berak garbitzen zituen arropak hartarako astero uzten zitzaion galdara batean

      Herculanoko zaindarien zabarkeriak eragotzi zuen odolaren arrastorik ikusi ahal izatea haren pildetan

      (eta apaizak inguruan ezarria zion babesak)

      bosgarren hilabetean, haurgintzaren ezaugarriak nabaritu behar zitzaizkiola iritzirik, dei egin zitzaien Falangeko emakume buruzagiei baforara, azter zezaten

      (ikus 6 zenb. agiria)

      emaitza ez zen erabatekoa izan, sabel hark ez zekarrela itxuraz biziaren kozkorrik ebatzi zuten, baina gaizki elikatua zegoela eta ezin zutela ezer ezeztatu

      (ikus 7 zenb. agiria)

      Herminia Zubizarreta Gabilondo haurdun hil zen ala ez inoiz argitu ahal izango ez den kontua da, handik laster hainbat ama kristauren seme prestu hil zituen Teruelgo kontra-oldar ankerra egin zuten gorriek, eta atzeguardan bakean zeuden kristau guztiek, sumindurik

      (Deabruak piztutako koleran, zehaztu zuen gero apaiz jaunak hitzez hitz)

      kristau guztiek, sumindurik, erasoan hartu zuten Herculano bafora txalupetan hurbilduta, eta presoen erdiak hil zituzten

      (ulertzekoa den izugarrizko mendeku batean)

      txapitulan bertan tiro eginda hil zuten emakume harro hura, eta beste gorpuekin lurperatu zen

      (egunsenti berean esan nahi dut)

      (ez zen gure brigada izan gorpuez arduratu zena, gangil batean lehorreratu zituzten gauez, eta kamioietan eraman zituzten)

      sumina baretu zen baina dolua ez, Gurutzadak sakrifizio handiak eskatu zituen ostera

      sakrifizio haien oroimenez izan zen onartua doluaren beltza gizonezkoen besoko xingolan eta emakumezkoen buruko mantelinetan, gure morala ahultzeko ordez geure hildakoen oroitzapena gordetzearren janzten zelako, eta frogatua zelako, kristau sumindu haiek egin zuten izugarriaz, dolua etsaiari aurre egiteko amorru bihur zitekeela

      (Jainkoaren eta Espainiaren alde eroritakoen dolua baimendu genuen bakarrik)

      Makurra delakoa, Simon Arizkun Figueroa, sarjentuaren graduarekin azaldu zen hona gerra bukatu zelarik. Boluntario emana zuen izena Tercioan, nonbait, bizia salbatze alde, sugileen sindikatukoa izana baitzen, 1934ko zalapartetan hain jokabide gaiztoa izan zuen hartakoa, eta Frente Popularrak emandako amnistian kaleratu zen hogei urtean egotekoa zen presondegitik

      (ikus 8 zenb. agiria)

      herriko emakume prestu bat hartu zuen emazte

      gerran eginiko merituek hartarako gaiturik, portuko kaizainen buru izendatu zuten, eta zerbitzuan egon den hogeita hamabost urteotan zuzen bete ditu agindu zaizkion zereginak

      (ikus 9 zenb. agiria)

      Simon Arizkun Figueroak galdu egin zuen aspaldi Makurra ezizena

      hiru seme-alaba ditu, gazteena lehen mailako atezain sonatua izan da azken urteotan, ez bakarrik, tamalez, ostikolaritzaren lauki luzean buruturiko egitandiengatik

      (ikus 10 zenb. agiria)

      ez nengoen lesionaturik, baina ligan baloia jasotzeko sarera gutien makurtu zen sarezaina gabe abiatu zen taldea ortzirale arratsaldean hegazkinez. Etxean geratzen zirenek opor izaten zuten horrelakoetan. Sarezainon prestatzaileak, ordea, larunbaterako eta iganderako lana neukala abisatu zidan, zakurrak

      (lesionaturik nengoela)

      kontuz ibiltzeko, lehendakaria nire jukutriaren jakinean zegoela eta asteburuan izerditan ikusi nahi ninduela. Bakarrik entrenatzea, alegia, denbora puska bat pentsatzeko

      (batere ona ez sarezain batendako)

      eta Aymerich kaparrada harekin, ligako penalti guztiak gelditzen ahal nituela, zalantzaz betetzen nituela aurrelariak, penaltika edukiko ninduen, baloia kokatu, niri behatu, gero baloiari, lasterkatxoa, eternitate bat, isiltasun segundo eramanezinak. Ez, ez etortzeko nire bila, berak manatu tenorean azalduko nintzela. Estadiora bidean Consumen sartu-atera egin eta piletako Sanyo bat eta kasete batzuk erosi nituen. Kaiola barnean paratu nuen. Zarata behar du sarezainak penaltian, irainak aditu, berari edo jaurtitzaileari, zer axola, pentsatzeko astirik ez hartu

      (a cona que che botou)

      jaurtitzen duan azken penaltia izanen duk hau, gelditu eginen diat eta arrapunparen bila hatorrenean hire belaunaren gainean eroriko nauk, alde bat ezinduko haut. Ona zen Juan Sebastian Bach hura, Santana baino hobea. Organo burrundara bikain haiengatik izan ez balitz, lo hartuko nukeen. Ez zuen hamarretik bat asmatzen Aymerich espezialistak. Akitu genuelarik, txalo egin zidan Rivasek, diruzainak, ikusle bakar zementuaren erdian, argazki kamera lepotik. Prentsari pasatzeko, lesionaturik ez nengoela jakin zezaten. Amarruren bat zerabilten. Lehendakariaren begia zen, morroi jendea bertzerik ez zegoen klubean

      (Girondinsekoei baietza ematea erabaki nuen orduantxe)

      han ez zagok ez Francorik ez frankotarrik ez Bernabeurik ez madrildarrik, ezpain ederreko neska beltz bat ezagutuko diat mintzaira akademian eta hurrengo igandean norakorik ba ote daukan galdeginik sarrera oparituko zioat, espetzeko han bertan, palkoan, bortzetan azalduko naizela tenoreko jertse gorria soinean, eta bortzak eta minutu batean Zer broma mota ote da hau pentsatzen hasia dagoela jertse gorrikoa ikusiko dik, etxeko taldearen sarezaina ikusiko dik diosala egiten berarengana

      (ni hari musuka zelaitik)

      eta Parc Lescuren nehoiz ikusi dituzten plongeonik artistikoenak marraztuko ditiat, izurde gorri bat ikusiko ditek umeekin jostetan, Cherchez la femme! aholkatuko zieat sekretua galdegin didaten kazetariei

      (hura niri musuka palkotik)

      ardangile xatodun futbolzaleren baten belaontzian ekarriko diat Landetako hondartza zabaletarik gure herriko labar zutetara gau oroz tuturik tristeenek jotzen duten Bizkaiko Golkoan barna, oihalak betean uhinen aparretan, sartuko gaituk portuan, moila transatlantikoan estekatuko diat, zer moduz aspaldikoa erranen zioat kaizainen buruari, zer, atera al nezake pakete hau? Polita, e? Fatumatu du izena. Voilà Fatumatu, voilà mon père, Simon Arizkun Figueroa, le roi des contrebandiers!

      (a cona que lles botou)

      Aymerich! Aymerich! Lasai egoteko, lagun gisa zetozela. Aymerich! Alferrik zela, Aymerichek ezin zidala aditu. Misterrak Jose Carlosi, jakina, Jose Carlosek bertzeren bati, plantilako guztiek jakinen zuten ez nengoela lesionaturik, lehendakariak Rivasi, Rivasek peñetako sukartuekin egiten zuen edozein afaritan. Alegia, ez zela harrigarria bisita hura, alegia, entrenamendu partikularra muntaketa bat izan zela

      (a cona que lles botou)

      aurpegiak mozorrotan, lau, eta batek beisbol makila eskuetan

      (huraxe zegoen beldurtuena)

      zoazte hemendik, emazue bakea

      oraingoan ez haiz libratuko isun gubernatibo batekin. Guk ez ditiagu onartzen itxura egiten duten futbolariak. Horregatik etorri gaituk, lagundu egin nahi diagu. Min hartuaren itxurak ez egiteko, hi ez haiz Amancio

      (nabalarik ateratzen ez bazuten saiatzen ahal nuen zer edo zer)

      itaundu dizuet baforaren tutu marrantatua entzuten duzuen azken ehun eta gehiago gauotan

      ehun eta gehiago gauotan, sarkor, astun, itsasoaren hondotik sortua bezala

      itaundu dizuet kanpaiaren danga sarkor haren oihartzuna

      itaundu dizuet arropa beltz haren ikaramendua

      itaundu dizuet entzun duzuen mehatxu ilun hori, hogei mila gau eta egunotan ezkutaturik egon diren gorrikumeok egiten digutena

      garai garratzak datoz, prest egon behar dugu sakrifizio berritarako

      (ikus 11 zenb. agiria)

      tutu marrantatua, ehun eta gehiago gauotan, luze, hezurretarainokoa, merezi bezain sakon hondoratu ez genuen bafora batek sortua

      eskatu dizuet pauso bat emateko aurrera, garai garratzak datoz