Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Ikea Crucifixion

 

Bikote bezala une gorena Marseillako apartamentuan bizi izan zuten, hala iruditzen zitzaion Manuri, astebete gelatik atera gabe igaro zuten hartan, zeru urdina gela barruan, eta handik kanpora, begiek teilatuei lapurtu ziezaiekeenaz aparte, ezer ez.

      Etxerako bidean Marseillari buruzko gida-liburua erosi zuten aireportuan, hirian ikusi gabe utzitakoa turista berantiarraren begiekin irensteko. Ez zuten deus ikusi, baina Marseillako xehetasun eta pasadizoak kontatu zizkieten adiskideei: hiri mestizo, zikin eta borborkari horren gaineko marabillak, azpimunduak ezagutuko balituzte bezala, eta ez apartamentu bateko sabai altuko gela eguzkitsua soilik.

      Marseilla, zer zeukan hiri hark haiek modu hartan liluratzeko? “Hona ziur itzuliko garela” esan zuten, beti esaten den legez, nahiz eta gero sekulan itzuli ez. Elkarrekin irteten hasi berriak ziren, In the mood for love zen euren film kutuna, Franz Ferdinanden Bartzelonako kontzertua euren bizitzako kontzertua —“It’s always better on holiday”—, eta larruaren sukarrak bizi zituen etengabe oraindik.

      Gero, elkarrekin bizitzera joan eta gutxira, dena baretu zen, beti baretu ohi den moduan, eta elkarren kontu gogaikarriak azaleratzen hasi ziren apurka-apurka, itsaspeko nazien diskrezio marrazoarekin.

      Dildoen kontua etorri zen lehenbizi, latexezko totem urdina, Manu ez zegoenean zeru puska hura Laurak masturbatzeko erabiltzen zuen aitorpena. Laura kontziente zen gertuegi egon zela gizonezko heterosexualei hain delikatu zaien kontu haren aipamena, gero egin zion galderatik. Zer esan, Manuri geratu zitzaion memelo aurpegiaren ondoren gauzak onbideratu guran okertu baino egin ez zituen zehaztapenaz (“Pasiboa, esan nahi dut”). Jakin behar zuen Laurak ez zituela bi kontuak zertan nahastu eta elkarrizketa berean aletu, gehiegi zela, komeni dela pixkana joatea zenbait kontutan, intimitate partekatua gutxitan egoten dela, guk kontrakoa uste izan arren, bat-batean edozein egia oldarri eusteko bezain erroturik. Manuk ez zuen, ordea, guztiz txarto erreakzionatu —arte kritikaria zen, progrea edo, gutxienez, progre itxura gordetzera derrigortua—, eta egun hartaz geroztik ez zuen arazorik izan dildoa ohean lagun izan eta erabiltzeko. Laurak orgasmorik lortu ez bazuen, gailu urdina erabiliko zuten, aurre edo atze, edo bietan, herabe hasieran eta naturaltasunez gero, erreminta-kaxako tresna bat gehiago, bi, hiru edo lau aldiz. Mugagabea baitzen Laurak sexuaz gozatzeko zeukan gaitasuna.

      Laurak, bere aldetik, ulertu zuen zein zen muga: dildoaren maneiua, biak elkarrekin zeudenean, Manuri zegokion —kontrola edo kontrol ustea beti: telebista aldatzeko mandoarekin antzeko zerbait gertatzen zen—. Bestelako sexu praktikei buruz, ostera, ez zuten gehiago hitz egin. Bakarkako masturbazioari buruz ere ez, nahiz eta biek jakin hor zegoela, nahiz eta Manuk gustura esango ziokeen astindu ondotik erakuslearen eta erpuruaren puntarekin presioa egitea gustatzen zitzaiola amaiera aldera, nahiz eta Laura gustura masturbatuko zatekeen Manuren aginduetara, haren begiak sentituz, hari irakatsiz hatzak eta dildoa non eta zertan eta zenbat denboraz baliatu. “Hau ere arte bat da, arte kritikari jauna, arte kritikoa”.

      — Jotaren erakusketaren kritika enkargatu didate Jot Downekoek.

      — Artiumekoa?

      — Bai.

      — Ez da beste munduko ezer.

      — Ikusi al duzu ba?

      — Inaugurazioan izan nintzen. Rotterdamen egon zinen egunetan izan zela uste dut.

      Jelosia ziztada bat sentitu zuen Manuk, Laura bere exaren erakusketan egon zela jakitean. Orain esaten zion? Nolakoa zen elipsiek hautsa lokazteko eduki lezaketen indarra.

      Ondotxo ezagutzen zituen Manuk Lauraren estrategiak. “Ez da beste munduko ezer” hura sinetsi egin behar ote zuen? Ez ote zen bere exarekiko desatxikimendu adierazpen faltsu bat, arriskua uxatu eta Manu lasaitze aldera egindakoa? Alderantzizko koartada baten eraikuntza, a priori —edo avant la lettre esatea ote zen zuzena?—, Jota hurrengoan modu positiboagoan aipatu edo harekin hurrena bazkaltzera geratzeko komodina eta aukera errazteko modua, Manuren baitako lasaitasun itxuran kreditua erosiko zion gutxiespen ttipi bat: “Zaude lasai, jada ez dut maite, setati jarri delako soilik noa harekin bazkaltzera, nahiago nuke mila bider zurekin”.

      — Nire iritzia jakin nahi baduzu, Jota estankatuta dago. Baina ez zaitut baldintzatu nahi. Ea zer iruditzen zaizun zuri. Jakin-min handia daukat.

      Saiatu zen Manu egunkarietako iritzietatik ez kutsatzen, baina Garako kritikariak hitz ederrak baino ez zizkion eskaini Jota Balerdiri. “Garaikide, ekintzaile, apurtzaile” goiburua ikusi eta hortik aurrerakoa ez irakurtzeko adinako odol hotza izatea espero bazuen, oker zebilen. Uste baino ahulagoa zen bere borondatea, nonbait. Jauzi egiteko beti gertu dagoen koiotea da masokismoa. Honela zioen kritikak: “Sakratua denaren eta ez denaren arteko mugak aztertu ditu Jota Balerdik, Agambenen ikuspuntutik profanazioak ikertu, eta objektu sakratuak, inoiz tenplutik at egon arren erlijioak bere egin eta tenplu barruan sartzearen poderioz sakratu bilakatu zituenak, atera egin ditu berriro ere handik, dagokien lekura, bere natura basati eta profanora, itzularazteko. Esanguratsuak dira, zentzu horretan, Gurutziltzaketak, gurutzeak seriean ekoizten dituen Ikeako aroztegiaren parodia, edota Ur bedeinkatua, ez edangarria izeneko instalazioa”.

      Manuk betidanik uste izan du bera bezalako jeloskor bati gerta dakiokeen alukeriarik handiena andrearen exak soslai publikoa izatea dela. Denboratxoa zeraman Jota Balerdik medioetan agertu gabe, baina Artiumek atzera begirakoa eskaintzen zion berrogei urtetik beherako lehen euskal artista izateak egunkari eta telebista guztietara ekarri zuen berriro. “Pasako duk zaparrada”, pentsatu zuen Manuk, eta Artiumera sartu zen gogorik gabe, bere lana bete asmoz, “profesional bat naiz ala ez naiz?”.

      Objektiboa izatea kostatzen zitzaion arren, Manuk onartu beharra zeukan artista handia zela Jota Balerdi. Ahari-talka bideo hura, adibidez, politikarien eztabaidetatik ateratako off-eko ahotsekin bikoiztua, edota ia areto oso bat betetzen zuen Ikea Crucifixion, non arotz bati hogei gurutze berdin enkargatu zizkion, gero kale-inkesta batean gurutziltzaketei buruz jendeak zuen ikuspegiarekin landa-lan serio bat egiteko eta gurutziltzaketa fisiko zein metaforikoei buruz sakon hausnartzeko, errazkeriatik urrun. Ez zitzaion hainbeste gustatu gurutze hauetako batera eskaileratxoa jarri eta publikoari bertan zintzilikatzeko modua ematea, museoa jolas-parkera hurbiltzen zuen azken aldiko joerari egindako kontzesio merke antxa.

      Profanazioen sailean, bi ziren aipagarriak: pospoloekin hogei euroko billeteak erretzen zituzten ume greziarren bideoa eta Ama Birjina itxurako irudiekin osatutako portzelanazko kontsoladore saila, Sotnas Anager B. artistarekin elkarlanean burutua. Ama Birjina estilizatuak ikusgarriak ziren benetan: zinezko artelanak, objektu erlijiosoak bezala argiztatuak egonagatik zakilaren itxura nabarmena zuten Ama Birjinak, sexuaren-birjinitatearen-erlijioaren artean iradokitzen zuten lotura ezinezkoagatik shocka eragiten zutenak, ikusleari bere baitan zituenik ere ez zekien tabuak astinduz. Segurua zen durduzadura. Eta zenbait kasutan, arbuioa, edo are, higuina ere bai. Azken lan honen ikusgarritasuna zela medio, ziur aski, ez zuen Manuk hasieran latexez egindako pieza urdinean erreparatu. Posible ote zen? Jakina: interneten ere saltzen zituzten norbere tentea betikotzeko moldeak. Aurpegiekin egiten bazen, zergatik ez buztanarekin? P/A jartzen zuen errotuluan, gainera, autorearen proba bat zela, alegia —literalki—, eta sorta serialeko bat baino ez, beraz. Gehiago ere bazeuden seinale. Hura ikusi zuenez geroztik, ezin izan zuen Manuk erakusketako beste ezertan arreta paratu.

      Atzerapena eskatu zien Jot Downekoei. Mesfidantzarik sortu ez zedin, erakusketa ikaragarri gustatu zitzaiola argitu zion kultura arduradunari, eta, kritikaz gain, bi orrialdeko elkarrizketa luzea ere egin nahiko liokeela artistari. “Nahi adina luzatu, badakizu webgunean osorik jarriko dugula”. Jakina bazekiela: lan doblea eta prezio erdia.

      Balerdik ez zuen elkarrizketa egiteko eragozpenik jarri. Museoan bertan lotu zuten hitzordua, handik bi egunera. Kolore askotako pinturaz zipriztindutako levis zarpail belaunetik behera moztuekin eta eguzkitako betaurrekoekin azaldu zen, kanpoan eguzki izpirik ez zen arren, surf egitetik letorkeen brokerraren trazako. The Clash taldearen kamisetaren gainetik amerikana berde bat zeraman, arina baina garesti itxurakoa. “Julian Schnabelen imitatzaile bat gehiago”, otu zitzaion Manuri, eta derrepente batean erakusketa gutxiago gustatzen hasi zitzaion.

      — Argazkilaria ez da etorri?

      Ezin izan zuen bere dezepzioa saihestu, Manuk berak dozena erdi argazki atera zizkionean eskuko kamera lotsagarriarekin, bakarra aterata ere nahikoa zatekeen arren: Balerdik aurpegi berbera jartzen zuen beti, irribarre estudiatuegi bat, ahoa ireki gabe eta begiak zorrotz, are modu maleziatsuagoan Manuri so egiten ziola jakinik (eta ez edozein argazkilariri). Baina agian bere irudipenak baino ez ziren horiek.

      Laura zer moduz zebilen ere ez zion galdetu, seinale txarra, horrek esan nahi baitzuen ondo asko zekiela nola zebilen Laura, harreman estuan jarraitzen zutela biek, e-mailez, mezutxoz, whatsappez. Nola zen, bada? “Nire iritzia jakin nahi baduzu, Jota estankatuta dago”.

      — Has gaitezen Kutxa bat ez zabaltzeko arrazoiak lanarekin. Kutxa itxi bat, aldiro gonbidatu bati ematen diozuna, hark azal dezan zergatik ez duen ireki nahi.

      — Ondo zagok. Zein dira kutxa bat ez zabaltzeko arrazoiak? Hasteko eta behin, lehergailu bat egon daitekeela barruan, eta amak aspaldi irakatsi zigula poltsa bat, motxila bat, kutxa bat, edozer topatuz gero kalean urrundu egin behar dugula handik lehenbailehen, ez diogula amore eman behar geure jakin-minari... Baina ez hori bakarrik. Izan gaitezen serioak: denok dakigu kutxa honetan ez dagoela lehergailu bat, eta zabaldu egin nahi genukeela, barruan dagoena beharbada guretzat hartu ez arren, nahiz eta hori izan egiaz geure gurari intimoa, haurtzarotik datorrena, inoren jostailua gure egitea, fantasia hori ez baita sekula agortzen mendebaldeko gizarte kapitalistan... Enigmaren bat konpondu, enigma txiki bat, ados, baina enigma finean, eta gero aurrera segitu gizakiak hain berea duen jakin-mina aserik, jakinda zer zegoen kutxa haren barruan.

      “Ez da beste munduko ezer. Ea zuri zer iruditzen zaizun. Kuriosidadea daukat”. Edo “jakin-mina” esan ote zuen Laurak?

      — Bereak ez diren arazoak konpontzea da gizakiaren garapenaren funtsetako bat, ez?

      — Horixe zioat nik, Manu: eskertu egiten ditugula arazo horiek, artifizialak edo beste norbaitenak, horrekin ere aurkitzen dugula, ez soilik kontsolamendua eta baretasuna, baizik eta plazera. “Sobera arrazoi dut gaur, hemen, zuen aurrean kutxa hau zabaltzeko, beraz, barruan dagoena deskubritu eta zuei erakusteko, norbaitek enbalatzeko zintaz kuidado handiz bildutako kaxa hau bere zigilutik askatzeko; baina are arrazoi gehiago dauzkat ez zabaltzeko, objektuaren indar potentziala bere horretan uzteko, kutxa itxiaren alde eginda errelato irekiaren alde ere egiteko, eta modu horretan kutxa itxi batek duen potentzialtasuna eta indar iradokitzailea ozen aldarrikatzeko”. Berdin alda baitezake mundua kutxa batean egon daitekeen kalaxnikov sorta batek zein kutxa itxi batek berak eragin diezagukeen hausnarketa infinituak.

      — Pandoraren kutxaren arriskua saihestea...

      — Horrelako zerbait... Kartoizko kutxa itxi baten inguruan gauzatzen da bakarrizketa osoa, kontu guztiz teatrala. Ez dago modurik jakiteko kartoizko kutxaren barruan zer dagoen, ezta bere pisua zenbatekoa den ere, ekitaldia hasi aurretik norbaitek lurrean jartzen baitu hura eta performerrak bereziki arduratu behar duelako kutxa inolaz ere ez ukitzeaz, ez desplazatzeaz, kutxaren barruan egon daitekeenari buruzko zantzurik txikiena ere ez emateaz. Mintzaldia aldiro aldatzen doan arren, performancearen amaiera berbera da beti: ez dugu sekula kutxa zabalduko. Kutxa aldatzen doa hiri batetik bestera, eta haren tamaina eta itxura ez da beti berbera izaten.

      — Eta publikoaren erreakzioa?

      — Antzerki ikusle bokazioa duten haiek zapuztuta itzultzen dira etxera. Zer pentsa geratzen dira joera berrietara bihotz-begiak zabalik dituzten artearen militante gutxi batzuk. Eta, aitor dezadan, indiferentzia erabatekoak jota, gehiengoa.

      Izatez, Arrazoiak saileko lehena izan zen Kutxa bat ez irekitzeko arrazoiak, eta ez, ziur aski, saileko obra guztien artean esanguratsuena. Haren ondoren etorri zen, 90eko hamarkadaren amaieran, Hemen denok elkarrekin biluzteko arrazoiak konbentzionalagoa. Publikoari bizkarra emanda hasten zen beti, bere bizitzako azken kontzertuetan sarri jarrera hartan jotzen zuen Miles Davis tronpeta-jotzailearen omenez agian, eta bere biluzte progresiboari laguntzen zion bakarrizketa luzea zen hura ere. Publikoari bizkarra emanda aritzeak bazuen azalpen bat: fede egintza bilakatu nahi zuen performancea, eta publikoa berarekin biluzten zela ziurtzat emango balu bezala jokatzen zuen, nahiz eta nekez eta bakan biluzten zen publiko zurtu eta urriaren artean inor. “Desjabetu ditzagun Venus eta Apolo biluztasunaren jabe bakar izatetik, desjabetu ditzagun depilatutako gorputz perfektu horiek biluztasunaren jabe bakar izatetik, emakumezkoak ez ziren biolontxelo izateko jaio, gizonezkoak ez ginen Michelangeloren David izateko jaio, aska gaitezen Man Rayren tiraniatik, pentsa dezagun zer duen kitzikagarritik gorputz bakoitzak, harrotu gaitezen garen fruitu arraroak izateaz. Gorputz orok du bere xarma”. 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran, body artearen leherketaren ildotik mundu zibilizatuan nagusitu ziren performance gisako haiek berandu heldu ziren gurera, baina berandu heldu izanak egiten zituen zentzugabe? Kritikari esnobenek Jota Balerdiren ekintzak pasatako kontutzat jotzen zituztenean, ez ziren erabat justuak, ahaztu egiten zutelako herri bakoitzak bere erritmoak dituela lekuetara eta ideietara iristeko, eta bertatik igaro ezean zailak zirela beste zenbait bilakaera artistiko eta estilistiko. Ez zegoen Andy Warhol Getxon jaio izan balitz bezala euskal artea epaitzerik.

      Baina beste performance bat izan zen Balerdiri ospe eta arazo gehien ekarriko zizkiona. Inor hiltzeko arrazoiak performance bat zela esatea bera aski zalantzagarria zen, egiaz. Hura bai, gehiago zen antzerkirako bakarrizketa baten antzekoa. Egia zen testua, Arrazoiak saileko gainerako guztiak bezala, aldatu egiten zela emanaldi batetik bestera —batzuetan goitik behera—; ezin esan, beraz, bakarrizketa zurrun eta buruz ikasitako bat zenik. Horrek ematen zion, beharbada, performance estatusa, eszenaratzea erabat teatrala izanagatik. Testuak oinarri filosofikoa zuen, Kanten dilematik hasi eta Albert Camusengana heldu (“justiziaren eta nire amaren artean, nire ama aukeratuko dut”). Muturreko egoera eta arrazoietatik abiatzen zen, inor gutxik zalantzan jarriko lukeen “norbere buruaren defentsa” eta antzeko kausa justifikatzaileetatik hasita. Inor hiltzeko arrazoiak emanaldia 56 aldiz eskaini zuen Balerdik 1998. eta 2000. urteen artean, eta Bartzelonako MACBAren zentsuraz eta artxibatuak izan ziren hiru kereilez gain, izentxo bat ere eman zion performancearen zirkuituan. Emanaldiek aurrera egin ahala, testuez aparte, jendearen inplikazioa ere aldatzen joan zen, publikoari txartelak banatzen baitzizkion, emanaldian zehar zerrendatzen ziren “Inor hiltzeko arrazoi” haietatik zeintzuekin ote zegoen ados galdetzeko, modu anonimoan.

      Baina hura guztia iragana zen jada. Jota Balerdik aitortu zion gurutziltzatura igotzeko aukera ematearena Madrilgo bere martxantearen ideia izan zela, eta damu zela amore eman izanaz: “umeek rokodromo bezala erabiltzen ditek”. Hortik aurrera, diskurtso landua zeukan eta ongi bete zuen bere elkarrizketatu papera.

      — Ideia da: nor gurutziltzatuko zenuke zuk? Gurutzekoa trukagarria da, Lego estiloko zerbait, jainko Playmobil bat... Baina aski zintzoa bazara, zuk zeure burua gurutziltzatu beharko zenuke lehenbizi, eta berdintasun egoeratik behatu gero gainerako gurutziltzatuei. Biblian ere esana dago, Lukasen ebanjelioan: “Osagile, osatu ezazu zeure burua”. Kontu oso garaikidea, bestalde, jendeak Googlen begiratuta sendatu nahi baitu bere burua... Baina nik diot: “Ikusle, gurutziltza ezazu zeure burua”. Gurutzearen atzean dagoena, zenbait antropologoren ustez, nik baino hobeto dakik hik, Manu: koitoa duk, emakumea eta gizonezkoa elkarturik.

      Bai, azken horretan arrazoi zuen, Manuk ongi ezagutzen zuen kontatzen ari zitzaion guztia, eta atariko luzeegia eta malkartsua begitandu zitzaion latexezko zakil urdinera arteko bidea.

      — Eta hau?

      — Ama Birjinarena?

      — Ez, bestea, urdin hori: “P/A” dioena. Kontestutik kanpo dagoela dirudi.

      — Egia esan, pantone kolorearengatik jarri diat hor. Yves Kleinen urdina gustatzen zaidak.

      Narritagarria zitzaion, berak zuka egindako galderei hika erantzute hura. Gehiegizko konfiantza salatzen zuen, berak beretzat nahi ez zuena, eta hikaren laztanari eta ezpatari zukaren atzerapausoarekin eta ezkutuarekin erantzuten zion beti Manuk.

      — Kolorearengatik, diozu?

      — Ama Birjinak zuriak dituk eta portzelanazkoak, eta dildo hori berriz, urdina eta latexezkoa. Ezkontzetako sineskeriekin dik zerikusia, ulertzen? Nola duk ba? “Zerbait berria, zerbait zaharra, zerbait mailegatua, zerbait urdina...”. Zergatik interesatzen zaik hau bereziki?

      Ez baleki bezala. Zalantza egin du Manuk aurrera segi aurretik.

      — Dildoak seriean fabrikatzen dira normalean, eta zure horrek P/A dauka jarrita.

      — Halaxe da-eta: autorearen proba bat duk. Prototipo bat.

      — Interesatzen zait hori. Serializazioarekin kritiko agertu izan zara orain arte eta... zure lanen erreprodukzioa debekatzera ere heldu izan zara. Dildo hau enpresaren mundura egindako hurbilketa bat dela uler daiteke, ikuspegi aldaketa bat zure ibilbidean?

      — Ez, ez zaukak horretatik batere. Nire estudioan egindako prototipo baten lehen alea duk. Hiru zaudek guztira. Eta ez ditiat gehiago egingo.

      Balerdik distira zuen begietan hori esan ziolarik. Manuk gehiegi zekien harrezkero.

      Elkarrizketa ahalik eta modu zintzo eta desapasionatuenean transkribatu eta kritika idaztea besterik ez zitzaion geratzen. Aldekoa. Ñabardura ezkorrik ez, batere. Ez zuen gurutziltzatua rokodromo bihurtzearen xehetasunari buruz deus aipatu.

      Laurak afaria zeukan lagunekin eta portatilaren aurrean lanean harrapatu zuen ordu txikietan Manu, txispatuta etxera iritsi zenean.

      — Zer iruditu Jotarena?

      — Gustatu zait. Pentsatzen nuena baino gehiago.

      — Benetan?

      — A-ja.

      — Eman dizkizu eskumuinak niretzat?

      Gezurra esatea erabaki du:

      — Bai.

      Laurak portatila itxi eta eskumuturretik heldu dio.

      — Zatoz, oparitxo bat daukat zuretzat...

      Alderantziz egingo balu, sikiera: bera biluzten hasi ere egin aurretik ateratzen zuen beti kaxoitik totem urdina. Erabili edo ez, gertu izateko hasiera-hasieratik. Etsaia edo etsaiaren zati bat etxean izatea zer den. Ez al zen gehiegizko umiliazio horren dotorezia ezaz jabetzen? Benetan uste zuen ez zela konturatu erakusketakoaren berdina zela P/A dildo hura? Egilearen proba, P/A, prueba del autor.

      Zerbait berria, zerbait zaharra, zerbait mailegatua, zerbait urdina. Hitz maiztuen eta objektu erabilien mugak eta batzuek zein besteek eragindako asperdura etorri zitzaizkion gogora Manuri, eta ezin izan zuen elkarrizketari jarri zion azpititulua gogoratzea saihestu: “Bizitzak kopiatzen du artea, eta ez alderantziz”. Dildo urdina ez bezala, hitz haiek ez ziren Jota Balerdirenak, Oscar Wilde handiarenak baizik, eta hori, nolabait, kontsolagarri suertatu zitzaion: “traizioen eta maisulanen egiletzaren iturria, zenbat eta urrunago, are hobeto”. Bikote bizitzaren aro berri eta apalago batean sarturik, zera iruditu zitzaion Manuri, Klein urdinarekin eta letra larriz egindako artearekin, haiekin ez, haragiak ezin duela konpetitu. Okerrenaren zain zegoen, baina ez zen berak espero zuena izan.

      — Ze oparitxo da, ba?

      — Astebeteko oporrak erosi ditut, Manu! Sitgesera goaz, zinemaldi fantastikora!

      Ez zuen Laurarekin Marseillako astebetea bezalakorik berriro biziko: zeru urdina gela barruan, eta handik kanpora, ezer ez.