Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Safaria

 

The real thing agintzen zuen turismo agentziaren lemari men eginez, Etoshako parkearen bihotzera sartu ondotik utzi egin dituzte land roverrak eta karbono dioxidoaren erru zama. Zamaketarien laguntzarekin jarraitu dute oinez. Hamar kideko espedizioa banan-banan eta lerro-lerro ari da behiala laku izan zen lautada zabaleko kare-bidea zeharkatzen. Salbuespen bakarra dago: Roman Miguelezek alboan darama beti Kabali Simalindu, biko bilakatzen da harekin banako inurri errenkada.

      — Kabali, ura.

      Hernando Cabrera sendagilea da Roman Miguelezi orpotik jarraitzen diona. Berrogeita bost minuturo geldialdia egiten dute hari pultsua eta taupadak hartzeko.

      — Atseden apur bat hartzea komeni zaizu, Roman.

      Sandia erraldoiak aldean eraman eta atsedenaldietan matxeteaz haiei puska kentzea da zazpi namibiarretako baten zeregin bakarra. Haren izenik ez dakite gizon zuriek, zereginak ematen diolako haien begietara daukan bereizgarri bakarra: sandien gizona. Roman Miguelez, Kabali Simalindu gida eta Hernando Cabrera sendagileaz gain, atzean geratu da Romanen adiskide min Noel Elorriaga ere; gainerakoengandik aparte antzean ari da laukotea atseden hartzen. Alferrik galdetuko dugu zergatik den zurbila gero eta zurbilago eta kixkalia gero eta kixkaliago, ez da ezer behartua edo bihurria, bakoitzak badaki zein den bere lekua, ia-ia genetikotzat har litekeen sen inplizitu batek agintzen du mugimenduetan eta ibilbidean. Afrikarrak eguzkitan, itzalean europarrak. Namibiarrak zutik, eserita zuriak. Esan liteke batzuetan bi espezie ezberdin bezala hurbiltzen direla elkarrengana, hasieran mesfidantza lirudikeen jakin-minez, talde bien arteko anaitasuna hipotesien maila lausoan burutan erabili ondoren ezinezkotzat baztertzen duenak legez. Kabali Simalindu gida da pribilegiatu bakarra, zubi-gizona, bi munduak senidetzera deitutako gazte adeitsua. Miguelezek ez daki Kabali izena duen eta Simalindu deitura, edo alderantziz ote den. Axola ere gutxi, egia esan. Berdin batean erabiltzen ditu biak land roverreko kanbio-palanka gaizki sartu eta ibilgailuari nahi gabe atzerantz ez eragiteko nola egin erakutsi dionetik, noiz bata noiz bestea, Kabali eta Simalindu, Simalindu eta Kabali, bitik batean hanka ez sartzea ehiza-gida belxkoarekiko aski deferentzia delakoan. “Konfiantza gehiegi hartzea ere ez duk komeni, martxatrasa erakutsi besterik ez zidak egin”.

      — Asko falta da, Simalindu?

      Arrantzak zerikusi gehiago dauka fedearekin, ikusten ez dituzun gauzekin, zain egotearekin. Errekako arrantzaleak, kasu, ameslariak dira, konfiantza itsua dute amuko ezdeusetan, sinesmena eskulanaren erlijioan, fedea buztinean eta zizareetan. Ehiza beste gauza bat da, lehia eta arerio hitzak premiazko bihurtzen diren eremua —ez da halako hitzik batere arrantzan—. Pisuz eta indarrez gainditzen zaituen piztia bat menpean hartzeak, norbere neurri sinbolikoa handitzeko ez bada, norbere gizontasunaren soslaia azpimarratu eta berresteko behintzat balioko duelakoan. Arrantzaleak hari meheekin korapilo txikiak egiten daki, ilusionista hatzak izan ohi ditu, jostunarenak. Ehiztaria errementariagoa da, hatz erakuslea baliatzen du beste ezer baino gehiago, hatz oro bihurtzen zaio erakusle, buru eta gogo ere barne, gorputz osoa bektore, eta estutuz gero, testosterona makulu, begi-ninia balizko eiakulazio gardenaren diana ispilatu. Pultsu ona, hori bai, arrantzale zein ehiztari, biek behar dute.

      Kabali Simalindu, afrikarretan izenaren pribilegioa duen bakarrak, ezetz esan du. Ez dela asko falta. Baina ordurako eskarmentua hartuta daude Miguelez eta bere lagunak afrikarren distantzia eta denbora neurtzeko moduarekin.

      — Only few, only a too much few.

      Irribarrea ezpainetatik ezin kenduta, ingelesez esan diena itzuli die Hernando Cabrera sendagileak besteei: “Gutxi, larregi gutxi”. “Larregi gutxi” haren zirtoa ibili dute geroztik gizon zuriek tarte batez, eta haren aldagai ezberdinak asmatuz olgatu dira, “gertuegiagotzen ari gaituk”, “ikaragarri pixartxo bat” edo “puska txikaragarria falta duk”, ateraldi gehienek bezala denbora azkarrago pasatzeko balio izan dutenak.

      — Pultsua begiratzeko unea, Roman.

      — Berriz?

      Administrazio kontseiluak ezarri dio taupaden mendizerrak begiratzeko betebeharra, joaten utziko ziotela, baina sendagilea alboan beti, bypass hirukoitza egin ziotenez geroztik ez dira-eta fidatzen, diru asko gal dezakete haren buruzagitzarik gabe. Indiako faktoria itxi zutenetik ez dago oso garbi berdimentsionatze estrategia “odol isurketa larregirik gabe” berak ez beste inork gauzatu ahal izango duen; ez dira garairik onenak kooperatibarentzat. Batek daki. Fede kontua baino ez da hori ere, agian, arrantza bezala. Termotik te izoztua edaten ari direla, Noel Elorriagak atera du gaia:

      — Ez duk izorratzeagatik, Roman, baina hasieratik esan nian nik Indiakoa akats bat zela. Produktua nola egin ikasi nahi zitean, gero haiek fabrikatzen hasteko. Etekinaren ehuneko zortziarekin bakarrik konformatuko zirela uste huen benetan, ala? Know how guztia utzi zenuten haien esku. Eta trukean, zer? Galerak eta desinbertsioaren nekea. Erritmo kontua duk: polikiago egin behar dituk gauzak.

      — Laneko konturik ez orain, Noel. Gozatzera etorri gaituk hona.

      Biek dakite ez dela guztiz egia. Romanek badu oraindik Noelek iritzia aldatuko duen esperantza. Hernando Cabrerak Roman Miguelezen bihotza bere taupadetan dagoela ziurtatu bezain pronto agindu die Kabali Simalinduk isiltzeko.

      — Quiet know!

      Aginduak jasotzera ohituta ez dauden gizonak atezuan jarri eta otzan-otzan obeditu diote. Kabali Simalindu harritu egin da bere isiltasun eskaerak sortu duen berehalako erantzunarekin. Une horretatik aurrera ahalmen hori gehiago erabili beharko lukeela otu zaio, gustatu zaio lipar azkar batez gizon zuriak peko eta esaneko izatea. Obeditu hutsa baino gehiago egin baitiote: eskatutako isiltasunaz gain, erabateko paralisia oparitu diote zamaketarien buruari. Zirkinik egin gabe geratu dira, arnasa hartzera ausartu gabe apenas. Sandien gizona matxetea daraman bakarra ez denez, Kabali Simalinduk sasi gune bat seinalatu du berearekin.

      Hasieran ez dituzte ikusi. Gero bai. Lo daude, lasai ederrean.

      Hegazti eta erbiekin ez zen posible izaten, baina animalia handiagoekin arau sakratu bat zeukan Roman Miguelezek: piztiarekin begirada bat trukatu beharra lehenbizi, hura hil aurretik. Begirada hark ahalmentzen zuen haren iritziz hurrengo pausoa, tiroa, piztia basatia piztia zibilizatuaren eskuetara modu duin eta zilegian pasatzea. Heriotza noble baten aukera ematea zen kontua, barkamen edo errukizko begirada hartan iheserako edo erasorako lipartxoa ematea, egiaz hark heriotza saihesteko zeukan zirrikitua oso estua izan arren. Eye contact, esango zukeen Cabrera mediku anglofiloak. Jarduteko modu horrek asko zailtzen zuen kontua Romanentzat, jakina, baina nola zintzilikatu horman artean bizirik zela sekula harekin begiradarik gurutzatu ez zenuen animalia baten burua? Ez, hori ez. Inolaz ez. Begiak atera eta gezurrezkoak ipiniko zizkion gero taxidermistak, hainbeste bazekien Romanek: ez zen tamalez piztiaren begirada hura betikotzeko modurik izaten inoiz; zerrautsa, egunkari paperak eta nakar-kristalak baino ez zeuden disekatutako animalien azal-zakuaren baitan, baina hala ere. Romanek begirada bere oroitzapenetan betirako iltzaturik gordetzea zen kontua, gero jasangarria izan zedin disekatutako piztiaren betiereko so itsua.

      — Probatu nahi duk hik, Noel?

      — Lehenbizikoa duk, hiri uzten diat. Hi haiz profesionala.

      Ez dute, ordea, gehiago inguratzerik izan: norbaitek adar bat zapaldu eta lo ziruditenak ziztuan ezkutatu dira, harrigarriro modu zaluan.

      — Eme bat zen. Bi kumerekin.

      — Sentitzen dut... Nahi gabe izan da.

      Hernando Cabrera taupada-zaina izan da kulpantea, adarra kraskarazi duena, hark jaso ditu Roman eta Noel ehiztarien behako gaitzesleak eta afrikarren errukizko soak. Talde biek ulertu dute gertatu denaren pisua eta garrantzia, nork bere erara. Cabrera sendagilearen lehen safaria da izatez, ez dago ohituta lehoien atzetik ibiltzen, eta gertatzen zen lehen aldia ez balitz, nahita egin duela pentsatuko zuen, beharbada, Romanek, fusila hari eskaini bai baina hartu ez duen bakarra medikua izan denez gero. “Ni ez nago hemen inor akabatzeko, zu akaba ez zaitezen baizik”, entzun beharrik gabe ere badakite begiek entzuten, bai behintzat Romanen begiek, piztiei so egitera ohituak.

      Kanpamentua landatu dute elorri zuri sakabanatuen artean. Laku erraldoia izan zen lautadak, hainbeste urteren ondoren ere, ez du bere edukiontzi idorraren izaera galdu. Baina ehiztariena da orain txanda. Utikan, jolasak. Ez lakurik, ez arrantzarik.

      Izarren pean afaldu dute. Hainbeste daude, nekeza baita konstelazioak bereiztea. Beste bat eta bestelakoa da, guztiz, zeru hura. Sortatik jokorako banatu zaizkigun karta sastarrak baino gehiago daudela iradokitzen duen zeru askatzaile horietakoa. Samurra dago afrikarrek prestatutako okela.

      — Zer da, Kabali?

      — Meat, good.

      “Okela, ona”. Hernando Cabrera saiatu da Kabaliren hitz ez-nahi-bezain-zehatzen itzulpen jolastiarekin lagunen kopetilunak apur bat alaitzen, “arragia, emea ez den okela, alegia”, baina oraingoan ez da arestiko estrategia eraginkor suertatu.

      — Hori adina ingeles bazakiagu, Cabrera.

      Hernando Cabrera adar-zapaltzaile damutuaren ondotik Kabali Simalindu ere lotara erretiratu denean bakarrik berreskuratu dituzte hitz jokoak eta barreak Romanek eta Noelek, “okelegia ona izateko”, “on samarregia okela izateko”, edo “zer okela izango duk ba? Okelelea!”, gidaren lepotik trufatuz. Pipa piztu du gero Romanek, kardiologoak erretzea debekatu dion arren, izarren abaroak kontinenteen arteko kezko pangea hura merezi duelakoan. Bakanetan, baina gertatzen da: piezek bat egiten dutela sentitzen duzu. “Orain ala sekula ez”, pentsatu du agian pipatzaileak. Zeharka eta tentuz hasi da gaira hurbiltzen.

      — Piztiak nola begiratzen duen. Ez begiekin derrigor. Errinozero beltzak, adibidez, ahoarekin so egiten dik eta kopetako zimurrekin. Zailena huraxe izan duk orain artekoetan, badakik? Baina gauza zailak ere batzuetan ondo ateratzen dituk.

      Noelek ez dio hariari heldu. Erretzen jarraitu du Romanek, ketan den esnebideari so.

      — Izatez, beltza esaten ziotek. Baina ez duk hain beltza errinozero hori.

      Zirkinik ere ez, begiak ņarrotze soil bat, asko jota.

      — Jendearekin ere gertatzen zaidak batzuetan, begirada begietan ez beste nonbait dutela sentitzea, aurpegiko gihar batekin edo kokotsarekin so egiten didatela, hiri ez?

      — Bazakiat nondik jo nahi duan. Baina erabakia hartuta zagok, Roman. Sentitzen diat.

      Mendian esnatu den edonork badaki hori. Erre usainak ez duela hainbesteko enbarazurik egiten egunsentiko aire freskoarekin batera datorrenean. Bezperan okela erretzeko egindako suaren errautsek azpimarratu egiten dute naturaren distira, oxigenoak biriketara dakarren mesedea, erregaitzat erabili zen zedroaren usainak gain hartzen dio bere kixkaliari. Bart izarren esne parrastadak bezala, naturak gaindiezin aurkezten du bere burua egunsentian. Hala sentitu dute gizon zuriek, sekula ikusi gabeko urdin hark gain hartzen diola beste edozeri. Txiki sentitu dira txiki. Txiki eta ezdeus.

      — Koberturarik ez dago hemen, ezta?

      Hernan Cabrerari luzea egiten ari zaio asteburua. Asteburua baita. Ezin bestela izan. Halaxe aukeratu zituzten abuztuko larunbat eta igande bat, Romanentzat urte osoan mugikorrik gabe ibiltzea posible zen egun bakarrak. Romani ez bezala, ordea, inkomunikazioaren luxua sufrikario zaio sendagileari. Gupida sortzen die orain arestian ehiza uxatu dien medikuak.

      — Hago lasai, gizona, bihar hiriburuan izango gaituk berriz.

      Kabali makurtzen denean ez dago jakiterik antzerkia egiten ari den —the real thing—, edo benetan antilope baten gorotza usaintzera ote doan, antilope bat den lekuan lehoia ere urrun ez dabilela ziurtatu eta espedizioa arrasto egokiaren atzetik jartzeko. Fidatu egin behar. Fedea izan behar Kabali Simalindurengan, nahiz eta horrek —fede premia horrek— arrantzaleago bihurtzen dituen ehiztari baino, jostunago errementari baino.

      — Honen ondoren elefantea baizik ez zaidak faltako. Ez nauk hilko, behin bederen, haren begirada sentitu gabe. Aire konpainia aldatu beharko diagu, hori duk txarrena: Lufthansak ere uko egingo ziok datorren hiletik aurrera animalia buruak garraiatzeari.

      Zuzentasun politikoaren ageriko eta alboko kalteez aritu dira Noel eta Roman, genero berdintasunaren aldeko lege berriak ekarri dizkien buruhausteez. Eta, azkenean, aurrez aurre, bezperan guztiz aletzera ausartu ez ziren gaira hurbiltzen joan dira.

      — Eta esan, Roman, zenbat lanpostu galduko dituzue bidean?

      — Zuek eman ez diguzuen kreditua medio, esan nahi duzu?

      Adiskideak dira, baina batak ez du bestea kentzen. Urteak ziren arren Romanek Noel ehizara gonbidatzen zuela, aurten onartu behar izan du gonbita, hain zuzen, zorra ordaintzeko kreditua emateari uko egin dioten urte berean. Hegazkin txartelak enkargatu zituenean Noelek mailegua errefusatuko zietela ba ote zekien edo ez, hori darabil burutan Roman Miguelezek. Ez dio lagunaren erantzunari itxaron:

      — Korporazioko parte da zuen aurrezki kutxa. Gure diruarekin eraiki zenuten. Mailegua emateko derrigortasun morala daukazue.

      — Derrigortasun morala? Korporazioko kide izateagatik? Nork bere negozioaren alde egin behar dik, Roman, ongi dakik hori. Ala korporazioko bidaia agentziaren zerbitzuak baliatzen dituzue zuek Indiara bidaiatzeko? Ez, horixe: kanpoko enpresa bat, merkeago ateratzen zaizuelako. Ez al da hala?

      — Ez duk gauza bera.

      — A, ez? Aspaldi utzi genian elkartasuna aldarean, motel.

      — Birfinantziazio plan bat aurkeztu diagu. Herorrek aipatu huen atzo. Erritmoa adostea duk giltza.

      Birfinantziazioa. Jakina. Hori duk hitza. Zenbatgarrena bost urtean?

      — Hori ez duk kontua...

      — Bai, Roman. Baduk kontua. Bat hondoratzen delako, ezin hondoratuko gaituk denok, ala?

      “Laku bat, laku bat izan zuan behiala hau, eta gu hondoan gaudek eta berdin-berdin hartzen diagu arnasa”, pentsatzen du Roman Miguelezek, pentsatu behar baita zerbait adiskideak arrazoia izan eta hura hari ematea mingarriegia denean. Dena erlatibizatzea errazten zuen horizonte eskuzabalaren aurrean, eman ere emango ziokeen akaso arrazoia, topiko-trukerako esaldietan gehien gorrotatzen duen hura entzun izan ez balu Noel Elorriagaren ahotan:

      — Ez duk ezer pertsonala.

      Zerbait gehiago espero zuen adiskide batengandik.

      — Esadak, behintzat, publiko egin aurretik hobeto pentsatuko duzuela.

      Isilik geratu da Noel Elorriaga. Ezezkoa egin du buruaz. Romanek ez du desesperatuegi agertu nahi.

      — Esadak badagoela atzera egiteko aukeraren bat.

      Ezezkoa hain argi esan dizutenean, zer keinu geratzen da? “Burumakur agertu edo lepoa tente alde egitea baino ez”, otu zaio Romani. Greziako krisiaren harira Europak eman ditzakeen laguntzen inguruan Mariano Rajoy Espainiako presidenteak bota berri duen perla etorri zaio burura: “Gauza bat da solidarioa izatea, eta beste bat, ezerezaren truk solidarioa izatea”.

      Ez dira elkarri begiratzera ausartzen.

      — Arrazoi huen, hobe genikek laneko konturik ez hemen aitatu. Nire akatsa, gonbidapena onartzeagatik.

      “Orduan bazekien”, pentsatu du Romanek, “gonbidapena onartu aurretik zekien ez zigutela mailegurik emango”. Noelek bi mopane zuhaitzen artean ipini du hamaka, lo kuluxka egiteko. Berehala dago aho zabalik eta adurra dariola. Ez dauka arazorik loak hartzeko. Ez da bera laurehun langile kaleratzearen ardura daukana, nonbait.

      Goiza etsigarri joan da: eduki zezaketen hizketarako gogo apurra zapuztu die bero sapak, eta afrikarrek atondutako olanaren abaroan te izoztua edan eta sandia zatiak jan besterik ez dute egin. Kabali Simalinduk, liskar guztiekiko ezjakin, pribilegiozko lekua dela dio —“hau da lekua”— eta itxaron besterik ez dutela egin behar. Denbora kontua besterik ez dela.

      — Begietara begiratu ahalko diozu. Handik etorriko da.

      Oso seguru mintzatu zaio Romani Kabali Simalindu, kristalezko bola eskuetan balu legez. Inportantea da fedea. Sinetsi, gizona. Liburuko irakaspenik ez ahaztu: sinetsi.

      Fusila hartu eta Kabalirengana hurbildu da Roman Miguelez.

      — Simalindu. Igo gaitezen hor gora, ea zerbait ikusten den.

      Muino txiki bat da, esku baten eiteko konkor ganbila. Harantz abiatu dira oinez, eguzki babesgarririk gabe, nahiz eta ongi dakien Romanek ez lukeela halakorik egin behar. Ziztuan atera zaio atzetik Cabrera, bere sendagile maletina aldean dakarrela: “Ni ez nago hemen inor akabatzeko, zu akaba ez zaitezen baizik”.

      — Pultsua hartu behar genuke, Roman.

      — Orain ez.

      Izerdi patsetan iritsi dira muinoaren gorenera Kabali eta Roman. Hantxe dago. Gizakiak bide atletiko eta ederzaleagoetan bere garapena ez egin izanaren atsekabea sentiarazten dizun lau oineko noblezia puska inkontestablea. Mopane arbolaren enbor etzanaren gainean kamera geldian oinez, azpian duen enborraren makurdura berera bizkar gihartsua egokitzeko gaitasunaren jabe, milurtekoetan atzera eramaten zaituen katu mitologikoa. Romanek sekula ikusi duen piztiarik ederrena, zalantza izpirik gabe. Piztia eta ez piztia. Sekula ikusi dituen gauza, leku eta izaki guztietan ederrena da: gepardo beltza.

      Lepoa jiratu du orduan piztiak, Kabali eta Roman dauden aldera. Gepardoari so egin diote biek. Romanek Kabaliri gero, ez haren baimen eske zehazki, baina bai ametoa emango dion onespen konplize baten bila, agian. Atzerago dator Cabrera, eskopetarik ez daukan gizon bakarra, taupada-zaina, adar-zapaltzailea, piztia-uxatzailea; gaur, beste guztiak bezala, naturak eskaini dien ikuskizunaren lilurak irentsia.

      Kabali Simalinduk hasperen totela egin du:

      — Ez... Ez daukagu baimenik, jauna.

      Jakin-minez begiratzen die gepardoak. Sua du begietan. Norbere arima lasaitu eta inori kalterik egiten ez dion su orekatu hori da, ordea, bart gaueko adar erreen eztizko sugarrak, baina zurigunez eta urdingunez zipriztinduak. Pinporta elektrikoak han-hemenka, aldatu egiten zaio begien kolorea joan-etorrikoak diren irakinaldi azkarretan, horitik berdera, berdetik urrera, herrestan doan errekarri. Bere bizitzan lehen aldiz, argazki makina on bat eskura ez izatea deitoratu du Romanek. Irakurria du nonbait, argazkilariari “gillotinatzailea” esaten ziotela aspaldian Frantzian, haren estudiora erretratua ateratzera joandakoan lepoa zuzen eta prest jarrarazten zizulako, zure burua gorputzetik askatu eta pasaporterako potreta karratua saskira bota aitzin.

      Romanek armaz destatu duenean soilik saiatu da piztia handik hanka egiten, baina beranduegi. Fede gehiegi izan du bere buruarengan, edo sabanako bisitari ezohikoenganako jakin-mina sobera. Erdiz erdi jo du Winchester eskopetaren hemezortzi milimetroko balak. Bakarra nahikoa. Agoniarik gabe erori da, ziplo eta duin.

      Mutu geratu dira denak une batez.

      “Zerbait baliagarria egin dezakek gutxienez: piztia hilik dela berretsi”, bota dio Cabrera medikuari Roman Miguelezek, bihotza azeleratuegi dabilkiola sumatu duenean.

      Selfie bat atera du harrapakinarekin gero. Piztiari betazalak altxatzeko eskatu dio Kabaliri, eta izututa bete du gidak eskatu diotena, sineskeria gehiegiren kontra egin behar izan balu bezala denbora gutxiegian. Instagramera igoko du argazkia Romanek, baina ez dago filtrorik bizirik zela zeukan suzko begiradari ohore egingo dionik.

      Izututa dakarte afrikarrek gepardoa kanpamenturaino. Izututa so egiten die Kabalik ere. Isunari dio beldur. Eta, agian, halako animalia bat akabatzeak eta haren hilotza ukitzeak ekar lezakeen aieru gaiztoari.

      Haiek eskatu ezean, sandien gizonak ez die aspaldi sandiarik mozten. Goserik ere ez daukate, egia esan. Kezkatuta dago Noel:

      — Ez ahal dugu paperekin arazorik izango.

      Ehizakia erakutsiz harrotzeko joeraz beste, eguzkiaren kontra erabilitako olanaz estali dute land roverraren gurdian gepardoa resorterantz abiatu aitzin, zer gerta ere. Edonork atera dezake argazki bat, patrikako telefonoekin ez dago fidatzerik. Handik gutxira, geldialdia agindu du Kabali Simalinduk, inori baimenik eskatu gabe. Gazela bat putzutik ura edaten ari den lekura hurbildu eta gogorik gabe egin du tiro. Gazelaren hilotza hartu eta gepardoa estaltzen duen olanaren gainean paratu du jeepean, dohakabe. Gero, bigarren olana batekin estali du gazela.

      — Norbaitek zerbait galdetzen badu, egun txarra izan dugu. Gazela bat baino ez dugu harrapatu.

      Edatekoa erosi dute bakeroz jantzitako aborigenen postu batean. Dortoka biziak ere saltzen dituzte. Ttipiak oso.

      — Gero hazi egiten dira. Legezkoa da haiek Namibiatik ateratzea.

      Romanek bat erosi du etxeko txikiarentzat. “Ziur Larraitzi gustatuko zaiola”. Bizirik ailegatzea espero du. “Patrikan eramango dut. Dibertigarria izango da Frankfurteko eskanerrean atzematen ote didaten ikustea”.

      Namutoniko resortera hurbildu ahala, Cabrera sendagilea da lasaien doana. Patrikako telefonoan lehen kobertura marra azaldu orduko, piztu egin zaio aurpegia. Areago, postontzira mezu bat sartu zaionean. Mezua ez da berarentzat, tamalez.

      — Zuretzat da, Roman. Arrasatera deitzeko. Premiazkoa.

      Bazegoen ba! Zer abuztu eta zer abuztuondo. Cabreraren telefonoa maileguan hartu du enpresara deitzeko.

      — Berri onak, Roman. Oso onak. Garate konbentzitu diagu. Eta Basagoiti ere bai. Noel duk orain traba bakarra... Zer diok? Moldatuko haizela uste duk?

      Land roverrera bueltatu eta telefonoa itzuli dio Cabrerari.

      — Berri txarrak?

      — Ba al da onik igandeetan?

      Kabali ari da ehizakia gurdian daraman jeepa gidatzen, sandien gizona alboan duela, eta atzean eserita datoz Roman eta sendagilea. Bigarren jeepean doa Noel, beste gidari batekin. Gainerakoak Etoshako parkearen sarrera baino lehenago geratu dira, poliziaren beldur.

      — Esan egia, Cabrera, hiriburutik bostehun kilometrora dago Etosha. Tarte horretan guztian petrikilo etxola bakar bat ere ez dago. Zerbait egin ahal izango zenuke safariaren erdian bihotzekoak eman izan balit?

      — Beti egin daiteke zerbait.

      Kabali Simalinduk gidariaren leihatilatik burua ateratzen duenean, nahiago du zerura ez begiratu. Badaki hor daudela. Belarriz ezagutzen ditu putreak. Jakinaren gainean egoteak ezinegona eta angustia areagotzeko baino ez du sarritan balio, ordea.

      Ilunabarra da parkeko sarrerara heldu direnean. “Goizegi, argiegi”, oharteman dio Kabalik sandien gizonari. AK-47 fusilez hornitutako lau gizonek inguratu dute land roverra.

      — Gazela bat —bota die Kabalik, irribarre murduskatuegi batekin.

      — Gazela bat? Entzun duzue, mutilak? Gazela bat, esan dik! Gazela bat... eta zer gehiago?

      Olana baten atzetik zabaldu dute bestea. Pauso bat atzera. Harriduraz so egin diote animaliari. Beldurrez ia. Zurbil dago Cabrera sendagilea. Romanek sorbaldatik heldu dio Kabaliri.

      — Eta orain zer?

      — Utzi niri. Esan: zenbat dolar dauzkazue?

      Luzea izan da eztabaida, liturgia usatuegi baten praktika, balizko duintasun zaurituzko keinu, haserre imintzio, negoziazioa eteteko mehatxu eta bestelakoz josia. Romanek ez du horretaz jabetzeko haien hizkuntza ulertu beharrik: nahi baino era horretako negoziazio gehiagotan egona da honezkero bere bizitzan.

      — Dena ondo, Simalindu?

      — Orain ez. Later I explain. Let’s go.

      Gasolina hartzen duten bitartean azaldu die tratua. Bostehun dolar izan dira. Ehun zaindari bakoitzarentzat eta beste ehun “natur parkeari egindako dohaintza” moduan. Noelen ibilgailua zeraman zamaketaria agurtu dute. Behin erreserbatik irtenda, errazagoa da gidatzea, eta afrikarren laguntza ez zaie hain premiazkoa. Ibilgailuz aldatu dira. Kabali, sandien gizona eta Hernando Cabrera sendagilea doaz orain aurretik jeep batean, eta Noel eta Roman bakarrik geratu dira bestean, olanaren azpian bi piztiak daramatzatela. Abailtzen ari da gaua, bere izar soberakinarekin.

      Irribarretsu zuzendu zaio Roman Miguelez bere bizitza osoko adiskideari, bolanteari esku bakarrarekin eutsiz.

      — Ez zaiguk hain garesti ere atera azkenean, ala?

      — Hik uste? Ba al dakik zein den namibiar baten batez besteko soldata?

      — Hik jakingo duk, Noel. Hi haiz ekonomista...

      — Sinets iezadak. Lau aberats berri ekoitzi dizkiagu oraintxe bertan.

      — Ez zitean pobre itxurarik lehen ere. Ray-Ban horiekin eta.

      Hizketari arreta osoa emanda, polikiago gidatzen du orain Romanek. Hain poliki ze, handitu egin baita Simalinduk haien aurretik daraman jeeparekiko tartea. Kezkatu beharko lukeen galdetu dio bere buruari Hernan Cabrerak, zaindu behar lukeen gizonaren land roverra txikitzen ikusi duenean atzerako ispiluan, eta gauza bera egin du Noelek urruntzen doazen argi gorriei begira.

      — Kontua duk onik atera garela. Eta gepardoa aldean. To.

      — Hi ohituta hago.

      — Zer esan nahi duk?

      — Hirea egiten. Ohituta. Baina beti ez duk posible.

      Isilunea. Izarrak. Gizon zuriek bereizten ez dakiten putreen hotsa.

      — Bi gauza ezberdin dituk, Noel. Esan ez dagoela inolako aukerarik eta berrirotik hasiko gaituk. Akabo. Ez nauk gehiago setatuko. Galtzen ere jakin behar duk. Eta, hiri ez iruditu arren, nik bazakiat galtzen.

      Samurtu egin da apur bat Noel.

      — Ondo dakik estimatzen haudala. Nire eskuetan zegoen guztia egin nian.

      Bigarren klixe gogaikarria. “Ez duk ezer pertsonala; nire eskuetan zegoen guztia egin nian”. “Ezer ez” eta “guztia”, ez lirateke hitz horiek hain modu arinean erabili behar.

      Bolantea une batez askatu eta esku biekin ia-ia Mekarako otoitz-makurtzea den akabo-ba keinua egin du Romanek; “hor konpon, esana dago dena”, zenbait kontu gehiago aipatuak izango ez diren promesa dirudi hark, hasiera berri baten arbel garbia. Isilik gidatu du beste tarte batez, bat-batean ezin hel daitekeen adiskideen arteko taula-arras horri bere liseriketa aldia errazteko. Irratia balebil, sikiera. Baina zintzilik dauden kable batzuk baino ez dira irratiak beharko lukeen lekuan ageri.

      — Sumatuko diat Namibiaren falta. Izenik gabeko izar hauek guztiak.

      Aurreko jeeparen argiak dira, halaber, izar txiki bilakatzeraino urrundu direnak. Laster ez dituzte ikusi ere egingo. Eta haiek ere ez bigarren jeepa. Begiak ņarrotuz, gero eta motelago gidatzen du Romanek.

      — Zer iruditu zaik esperientzia?

      — Panterarena latza izan duk. Lastima ez nengoen zuekin.

      — Ez duk zehazki pantera bat: gepardo beltza duk.

      — Hau bai, beltza: ez errinozeroa bezala, ezta?

      — Hala duk: dastatu beharko diagu haren okelelea...

      Barrez hasi dira berriz; badago, beraz, aukera bat. Berregingo da desegindakoa, osatuko da papurtutakoa, sortuko da ostera ere suak suntsitutako lurrean bizitza. Beti izan da horrela. Borrokalarien leinukoak dira. Aterako dira aurrera, nolabait.

      Orduan gertatu da. Ziraldo bortitza egin du ibilgailuak. Derrepente sakatu behar izan dio Romanek balaztari.

      — Zer izan duk hori?

      — Ez duk ikusi? Zerbait harrapatu diagu! Gazela madarikatu bat!

      — Ez nazak izorratu, Roman... Beste bat?

      Noel, birritan pentsatu gabe, jeepetik jaitsi eta faroen argitan jarri da. “Zer?”, “Deus ez”. Sorbalda ezpainera eta ezpaina sorbaldara gerturatuz ezer ikusten ez duela adierazi dio Romani parabrisaren bestaldetik. Gidariak atzeko aldea seinalatu dio hatz lodiaz, karga ongi segurtatuta doala baieztatu eta atzean piztiaren baten arrastorik ba ote den beha dezan, badaezpada. Gurpilen artean egon liteke harrapaturik animalia, eta haiek jabetu ez. Hain azkar gertatu da dena.

      Makurtu egin da Noel Elorriaga, baina ez du, oraingoan ere, ezer ikusi. Berriz zutitu denean, ibilgailua apur bat aurreratzeko eskatu dio Romani, gurpilen artean ezer kateatuta geratu ez dela guztiz ziurtatzeko. Atzerako ispiluan bereizi du Romanek Noel, esku biak jeeparen gurdian pausaturik, lokatzetan harrapatutako land roverrari bultzaka ari balitz bezala.

      Ez da zehazki erabaki bat izan. Bere bizitzan asko eta mingarriak hartu behar izan dituelako daki hori Romanek. Baina, bat-batean, Kabali Simalinduk bi egun lehenago erakutsi zion atzerako martxak funtzionatzen ote duen, edo berak atzerako martxa hori zuzen jartzen asmatuko ote lukeen ziurtatzeko gogoa piztu zaio. Onurak ekar diezazkiokeen erronka bat da. Edo bere burua engainatu eta dena istripu bat izan dela azaltzeko modua izango lukeela otu zaio, beharbada. Ez zegoen ezer gurpilen artean, baina orain badago. Aurrera eta atzera erabili du koska, bere koska izaeraz ziur egoteko. Ondo erakutsi zion Kabali Simalinduk jeeparen maneiua.

      “Ez duk ikusi? Gazela madarikatu bat!”.

      “Ez nazak izorratu, Roman... beste bat?”.

      “Ez duk ezer pertsonala; nire eskuetan zegoen guztia egin nian”.

      Motorra eta argiak itzali eta jeepetik atera da, koska hura gepardoa estaltzen duen gazelaren gainean ipintzeko. Ez dago hirugarren olanarik eta nahiago du ez begiratu.

      Errepide nagusitik apartatu eta saihesbide bat hartu du. Ez daki esaten zenbat denbora eman duen gidatzen, baina bai luze egin zaiola: oraindik ez da bakarrik doala barneratu ahal izateko adinako tarterik igaro, horretaz ziur dago. Beste pixka bat oraindik, Roman. Ez galdu fedea. Sinetsi, gizona. Liburuko irakaspenik ez ahaztu: sinetsi.

      Errepidetik nahikoa urrundu dela iruditu zaionean, olanatik tiraka atera ditu bi koskak. Arrastaka eraman ditu zuhaitz baten altzoraino, ez daki oso ongi zergatik. Odolez zikindu denean, nahiago izan du, usainagatik, gazelaren odola dela pentsatu. Noelekin akordatu da, mopane arbolan zintzilikatutako hamakan nola etzaten zen, lo, adurra zeriola, duela hain ordu gutxi: aurrez bizi izandako estanpa baten samurtasuna imintziotu nahian dabil, beharbada, nahi gabe. Samurtasun bilaketa horri zor zaio gorpua zuhaitzeraino arrastaka eraman behar hura, olana dilindan den hamaka bailitzan.

      Land roverra berriz arrankatu eta zerurantz begiratu du, zer bide hartu jakin gabe, aukera bila. Orduan lotu du entzuten ari zen hotsa irudi zehatz batekin. Haien izena ahoskatzera ere ausartzen ez den hegaztiak, sekula bakarrik ez datozenak.

      Esku bat bolantean, jakako patrikan sartu du bestea, bat-batean zerbait garrantzitsua gogoratu edo huskeria bat ahaztu duenak bezala. Biak batera. Alderantziz, agian: gauza garrantzitsu bat ahaztu, huskeria bat gogoratu.

      Hantxe jarraitzen du dortokak, sakelan. Bizirik dago, eta lau hankatan doa Romanen eskuan gora.