Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-02-9
Xabier Iratzeder
1920, Donibane Lohizune
2008, Beloke
 
 

Zer gizonak!

Dena begi zagon mutiko bat nintzen...

Oroit naiz eguerdi batez Atharratzen.

Gizon horiek ikusirik, aditurik, miretsirik:

Zer gizonak!...

Argi zabaltzerik ez da hain argi eta su,

ez itsaso uhainik hain tiraintsu,

ez eta euskal mendirik hain gorarik,

nola baitziren gizon horiek... gizon.

Ikusten ditut oraino xutitzen,

mintzatzen, kantatzen,

Aitzol, Eizagirre eta Monzon.

 

Ikusten ditut heien behakoak,

aditzen heien mintzoak, heien kantu beroak:

Aitzol! barneko suak jana,

Euskal arimari osoki emana,

Aitzol eta Eizagirre,

besoak zabal ta bihotzak zenbatez zabalagoak,

mendiz hunaindiko jendeari

oihuz eta kantuz ari.

Aitzol, Eizagirre eta... Monzon.

Euskal gazten argi, euskal lurreko arimadun lore hura,

guri oihuka, otoizka, deiadarka:

Herriari pilpira, Herriari euskara

indar guzi-guziez ginezon

atxik eta begira.

 

Zer gizon bihozdunak!

Zer gizonak!

 

Mutiko bat nintzen:

buru guti nuen, ausarki bihotz...

Ilundu arte, entzun ta behaka, egon nintzaioten;

eta bihotza, egun kartsu hartan,

barne barneraino zitzaitan

euskal suz bete behin betikotz.

 

Bete, bai, eta laster... eritu.

Gizon horiek asmatu euskal amets beroa,

gizon horiek altxatu paregabeko Gazteria,

gizon horiek eraiki Euskal Herri berria

gerlak bet-betan baitu

nahasi eta erraustu...

 

Oi, gerlaren eta herraren dantza zirimolen orroa!...

Iragan dire iragan

trumilka, orroka eta xehaka

mendi, zelai dohatsu hoitan

herra eta gerla begi-gorria,

herra bere su beltza aztaparretan

eta Gerla denen errausle ikaragarria.

Iragan dire iragan

hil-dantza errabian:

eta kantuz ta irrintzinaka zabaldu ahoak.

Euskaldun gazte lerdenen ahoak,

lur odoltsu, errauts gorrian

etzan ditu, barneko hatsez hustu

herra ta gerlaren izigarrizko fandangoak.

Iragan dire iragan

eta euskal errautsen artetik

euskal odolaren ke lanotik

ikusi ditut hain gizon ziren gizon horiek,

atsegabek, bihozminek, kurutze-besarka odoltsuek

gizon baino gizonago, handiago, ederrago eginak...

Zer gizonak!

 

Iragan dire egun beltzak iragan

eta egun horien lazgarriko trumilak

ez ditu eihartu heien neurrigabeko bihotzak,

ez eta histu, ez eta hoztu heien su eta amets zabalak.

Ikusi dut Aitzol fraiden artean ameska...

eta joan da, bere gazten azken hil-deiak entzunik;

joan da eta hil... heien odolean bere odola emanik.

Euskal errautsean bertzen amodioz auhenkatuz: Barka!

 

Ikusi dut ere

zorigaitz haizeak Herritik kanpo ufatu

mundu zabal guzirat barreatu

Gernikako Haritz bipilduaren ostoen artean,

ikusi dut Eizagirre.

Euskal zorigaitzak, atsegabeak eta herioa

iragan zitzaizkion barne-barnean;

halere... agurka eman dauzkit lehen bezala

bere beso zabalak, bere irri zabala

eta bere bihotz zenbatez zabalagoa!

Ikusi dut eta, Herritik kanpo, hil da ixil ixila,

hiltzeraino eraikiz ondokoen Euskal Herriaren Geroa.

Ikusi dut, Lapurtar besta batean, Monzon,

hauts beltzen artetik doan arimadun sugarra,

galerna ihurtzurien ondoko ortzadarra,

herio-musuak, Jainko-besarkak zerutu gizona iduri.

Bazkari eta kantuen artean zagon,

urrunerat so, gogoetan ari...

Ikusi dut Monzon...

«Zeri pentsa zaude, zer duzu gogoan?»

«Hamar mila ziren, hamar mila gazte

Loiolako etxaintzinean, oso garbi ta dena sineste,

Jainkoa zuten bihotzean, haren argia behakoan:

Bake-gizonak ziren, bortxaz... gerla gizon...»

 

Agur, Aitzol, Eizagirre eta Monzon!

Zuen ametsa, zuen sua ez da histuren,

Zuen Euskal Herria, Euskal Herri berria, ez da hilen.

Zu hil aintzin, Aitzol, bai, hiltzer zagon;

bainan orai zainetan, harroka-hezurretan sartu dio

zure eta gazteen odolak

euskal su, euskal amodio,

lurraren bularretik hartaz baitire haziko

gure zelai mendietan hemendik goiti sortu beharrak.

Zuen hiltzeari esker, bizi da bizi behin betiko.

Zuen barkamendu nasaiari esker, akabo herrak,

akabo euskal semen arteko arrozkeri eta gerlak.

 

***

 

Zato, Monzon, zato Olhetako larretarik zaldiz,

joan-egunez eta gerokoez luze mintza gaiten.

Igan, zu eta Aitzol bakez egarri jin zinezten

malda saindu eta ixil huntara.

Zato eta igan, Orhi, Larrun ta Jaizkibel ikusiz,

gauden elgarrekin euskal arimari begira.

Igan, sar dakizkigun euskal bazterraren gozoa,

mendi-harroken indarra eta itsas-orroa,

zeru-zolaren zabala eta oihan intzirekin haize hegoa.

Igan, begiak lano, gain huntakoak kantari,

sar dakizkigun euskal lurpean etzan guzien hatsak

eta, odoltsu erori, gazte-behako guzien ametsak.

 

Igan, igan, Monzon,

mundu zabaleko euskal jendeari

oihuka gauzkion:

«Ihes-bidetan, bortxaz eta ilun, Herritik urrunduak.

xuti, altxa burua, utz auhen eta doluak.

Gerlak zaurtu, gerlak errausperatu Euskaldungoa,

odolean ta nigar-errekan iragan eta,

garbiturik, barnaturik, zabaldurik baitoa...

xuti, altxa burua, jauz-egin, Herriari buruz kanta!»

 

Ihes-bidetan, diru-bidetan, Jainko-bidetan,

mundu-bide orotan joan euskal semeak,

ez uka, bainan ixur! heda, erein, haurren ta elgarren baitan,

zainetan dabilkizuen euskal amodioa,

bat dagon, muga ororen gainetik ere, euskal jende osoa.

 

Herriko eta kanpoko euskalzaleak,

maita, funski maita;

eta ez, bakarrik, euskalki josta, euskalki zurruta.

Maita; eta ez jasan ez neurririk, ez mugarik, ez itzalik.

Maita, bihotza mundua bezein, Jainkoa bezein zabalik.

(Euskal seme bakotxak bi Herri dituela:

Euskal Herria eta Mundu zabala.)

Maita eta ibil, izarrez goitikoari so,

erresumatzez eta hilkeri guziez ezaxol, bainan Euskaldun.

Ibil mendez mende, ibil itsasoz itsaso,

mundu guzikoen anai eta Jaun Goikoa lagun.

 

Ibil eta noizbeit, maitatzearen bortxaz,

euskaldungoaren zabaltzearen zabaltzeaz,

sartuko zaizte, sartuko gare, irrintzinaka ta kantuz,

Mundu-bazter guzietarik goiko euskal xokoan.

Sartuko, ilunbe ta herio guziak gaindituz,

hemen maitatu euskal itzaletarik izaite egiazkoan:

Zeruetan den Mundu Berriko Euskal Herri betierekoan.

Sartuko eta iganen, osteka, ibaika, uhainka;

Aitzol, Eizagirre, Monzon eta oro

elgarri besarka, elgarri goreska,

oro doatsu, oro kantuz ta kantuz,

osteka, ibaika, uhainka, irrintzinaka

iguzkien Iguzki den Jainko-Gizonari buruz.

Iganen, bai, iganen lanoz-lano, lerroz-lerro;

eta... zeruetako ate-bazterretan bildurik,

ukurturik, harriturik,

Aingeruek —nik uste—

igaiten adituz euskal bihotz, kantu eta irrintzinak,

elgarri erranen dute:

«Zer gizonak!»

 

w1949