Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

SOKA

 

Mikel Gurrea

 

      Egon daitekeen irudirik beldurgarrienarekin hasiko gara. Irudi iluna, ankerra, ulertezina. Irudi hori nondik datorren nik neuk ere ez dakit. Haurtzaroan pilatutako beldur askoren puztea izan daiteke, edota helduaroan albisteetan irakurritakoen kezka nahasia. Irudi horri egin nahi nion nik tira, sokaren mutur batetik bestera zer zegoen deskubritzeko. Tirabira bidaia horretarako Igor,  Soinketako irakaslearen pertsonaia, aukeratu dut. Ez santu, ez deabru, ez heroi eta ez gaizkile, hortxe tartean dagoen pertsona. Igorrekin egin dut bidaia hau, erruaren bila, erruan barrena, erruaren beraren balio eskasa aztertzeko. Erruak izen-abizenak ditu, konkretua da, artxibatu eta kaxoi batean sar daiteke. Errua eduki daitekeen zerbait dela esaten digu hizkuntzak berak. Erruduna bilatzen dugu beti eta, behin topatuta, lasai, zerraldo egiten dugu lo. Aldiz, erantzukizuna amorfoa da. Denok harrapatzen gaitu eta ez digu uzten atseden hartzen. Erruaren eta erantzukizunaren arteko muga horretan, hortxe kokatu nahi nuen istorio hau.

      Hattie Naylor antzerkigile ingelesaren eta Thomas Vinterberg zinemagile danimarkarraren lanekin zorretan nago, haien erritmoa, egitura eta ausardia iparrorratz izan baititut nire lehen antzerki lan hauxe idazterakoan.

      Soka-rekin, eskolan jazarpena sufritu eta jasaten dutenak, haien senideak eta horri aurre egiteko lanean diharduten guztiak hartu nahi izan ditut gogoan. Nire asmoa, bidaia honekin, Igorrekin batera sokari tiraka, gogoeta egitea besterik ez da. Eta zuek, ikusleak, abisatuta zaudete: ondorio edo erantzun zehatzik gabeko gogoeta izango da. Zuekin batera egin nahiko nuke tira, gogoeta hori guztion artean partekatu eta norberak bere ondorioak atera ditzan.

 

 

Soka antzezlana Tanttaka Teatroak estreinatu zuen 2017ko maiatzaren 9an Arriaga antzokian, Dramaturgia Berriak deialdiaren barruan.

 

Lantaldea:

 

Egilea: Mikel Gurrea.

Eszenografia eta zuzendaritza: Fernando Bernués.

Interpretea: lñaki Rikarte.

Argiztapena, soinu-banda, proiekzioak: Acrónica Producciones.

Jantziak: Ana Turrillas.

Irudiak: Mikel Gurrea.

Koordinazio teknikoa: Edi Naudó.

Lantalde teknikoa: Edi Naudó, Dani Bernués, Txema González.

Diseinu grafikoa: Javi Alonso.

Argazkiak: Aitor Matauco.

Administrazioa: Maite Gorrotxategi.

Ekoizpen exekutiboa: Ane Antoñanzas.

Pertsonaiak

      igor

      Azpiko guztiek Igorren ahotsetik hitz egiten dute:

            lierni

            arantza

            joxe mari

            gorka

            maddi

            eñaut

            ertzainak

            poliziak

            kazetaria

            kerman

 

Espazioari buruz egilearen oharra:

      Espazio eszenikoaren deskribapena soila izatea bilatu nuen.

      Nire bizitzan lehenengo aldiz beste norbaitek zuzenduko zuen testu bat idazten ari nintzen eta oholtzara eramate hori ez nuen niretzat kezka izaterik nahi. Zentzu horretan, libre izan nahi nuen.

      Sokaren —elementu nagusiaren— erabilera, haren adierak eta eraldaketak oholtzan, horiek bai, irudikatu eta idatzi nituen. Objektu bakar bat anplifikatzeko ariketa eginez.

      Soinu geruza eta hainbat musikaren tratamenduak ere kontutan izan nituen. Zinematik etorrita, soinuaren iradokitzeko boterea oso barnean daramadalako.

      Gainontzean, pertsonaian, honen ahotsetik irteten diren pertsonaietan, haien hitz, keinu eta erritmoetan kontzentratu nahi nuen. Idazterakoan, horren guztiaren aurrean ikusleak egongo balira bezala. Ikuspuntua, denboraren tratamendua eta trantsizioak landu nahi izan nituen, idazterako orduan, nik neuk ere bakarrizketa eginez, istorioa idazten/esaten/askatzen den neurrian nik neuk ere adierazitakoa jasotzeko asmoz.