Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

6. ESZENA

 

igorrek soka askatzen du eta lur gainean jartzen du, hildako baten gorpua balitz bezala.

 

igor:

 

Lasai, hau ez da interrogatorioa.

Pasa, pasa hemendik.

Eseri hortxe.

 

Atea ixten dute eta bakarrik uzten naute.

Gela hotza da. Pastel kolorekoa, baina hotza.

Goxoki batzuk daude mahai gainean.

Pelikuletan, horrelako galdeketak ikusten direnean ez dituzte sekula goxokiak ipintzen.

Bat hartzekotan nago. Lehor-lehorra daukat eztarria. Baina, ez zait poliziarengandik ezer hartzea gustatzen. Neure garaian gauza bakarra jasotzen genuen poliziarengandik. Edo, behintzat, fantasia hori kontatzen genion geure buruari.

 

Atea irekitzen du, eskua luzatzen dit eta azkar batean esertzen da.

Begira, Arregi jauna.

Igor. Igor deituko dizut, ondo?

Begira, Igor.

 

Honek polizia beharrean politikoa dirudi.

Bi mila buelta ematen ditu gauza bakarra esateko. Julen gimnasioan ezkutatu zen besteok patiora atera ginenean.

Julenek bere aitak erakutsitako marinel korapilo bat egin zion sokari.

Bere aitak erakutsitako gauza bakarra izango zen. Kabroi horrek mutikoak bost urte zeuzkanean egin zuen alde herritik.

Autopsiaren arabera, Julen minutu eta erdiz egon zen arnasestuka, konortea galdu eta hil arte.

 

Ez zuen suizidio notarik utzi.

Edo, momentuz, ez dugu aurkitu.

Horrelako kasuetan, bi arazo nagusi egon daitezke. Klasekideen presioa. Jazarpena. Edo, ingelesez modan dagoen terminoa: bullying-a.

Edo, irakasleen abusua.

Badakizu.

 

Polizia da eta ez da pederasta hitza aipatzera ausartzen.

 

Oraindik ez dugu ez bat ez bestea deskartatu.

 

Isiltasuna.

 

Ahal den guztiarekin lagundu nahi dut.

Julenen klasekoekin hitz egitea nahi baduzue,

egingo dut.

Oso harreman ona daukat klase horrekin.

Konfiantza handia daukagu elkarrekin.

 

Guk hezkuntza departamenduak aholkatutako prebentzio neurriak betetzen genituen.

Zer gehiago egin genezakeen?

Julenek ez zuen sekula alarma saltarazi.

Nik dakidala, erdiaren eta ertzaren artean zegoen.

Ez liderra.

Ez azkenekoa.

Ulertzen?

Hortxe, tartean.

 

Julenen amak Soinketako klasea ez zitzaiola gustatzen esan digu.

Ba al dakizu zergatik zen hori?

 

Ez, ez nekien.

Bueno. Haur batzuei besteei baino gehiago gustatzen zaizkie kirolak eta ariketak.

Badakizu, haur batzuk besteak baino trebeagoak dira kirolean eta horrek zerbait gustatzea edo ez baldintzatu dezake.

Hala ere, nik ez nuke esango gustatzen ez zitzaionik. Beharbada ez zen bere klase gogokoena izango.

Baina ez zen horren txarra. Baldar samarra akaso. Poliziak notatxoa idazten du.

Baina ez txarra. Ez zen txarra. Hori ere apuntatu.

 

Tira, ateratzerakoan datuak hartuko dizkizute. Zerbait gehiago behar badugu deituko dizugu.