Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

Patxo Telleria: azkeneko marxista

 

Oier Guillan

 

      Azkeneko marxista... edo lehena? Umorez, baina aldarri puntu batez jarri diot titulua hitzoste honi. Absurdoa eta Marx anaien eragina topatzen ahal zaie Patxo Telleriaren testuei, ez kasualitatez. Susak plazaratutako Ganbila antzerki sail berri honen aitzindaria izan genuen beste bilduma bat, 80ko hamarkadan abiatua. Orduko bilduma hartan bazen Patxo Telleriaren lan bat: Marxkarada, Groucho eta Chicok nbcrako idatzitako irrati-gidoien antzerkirako egokitzapena. Maskarada taldeak taularatu zuen antzezlana (inoiz saiakera batean aztertu beharrekoak lirateke konpainia honen hasierako urteak), Mikel Martinez eta Patxo Telleriarekin berarekin batera Inazio Tolosa eta Marife Berrojalbiz zeudela oholtza gainean. Marx anaien testuak Telleriaren eskuetatik pasatu ziren, beraz. Eskola horretako idazlea dugu Patxo, hitz jokoak pailazorik onenen jardunarekin nahasten dituen ildoa, dialogo zirtolarien eta bufoitasun politikoki ez zuzenaren eskolakoa. Nire uste apalean, Mikelek eta Patxok urte luzez osatutako bikoteak Marx anaien gisako dinamika bat oparitu dio euskal eszenari: obratik obrara aldatu egingo dituzte pertsonaien izenak, jantziak, garaiak eta dramaturgiarako aitzakiak, baina elkarrekin egindako antzezlanetan obratik obrara joan dira teatro nortasun propioa garatzen eta perfekzionatzen, Marx anaiek ohi zuten moduan.

      Gezurra badirudi ere, umoreak egun jende batentzat ez dauka nahikoa prestigiorik, baina jardun dutenek badakite: zaila da umore ona egitea, txiste errazetik ihes egitea, “komediaren klub”etako zurruntasunetik aldentzea. Are gehiago, zaila da umorea garai bakoitzari egokitzea, erreferentziez jostea eta aldian aldiko publikoarekin elkarrizketa bat eraikitzea. Martinezek eta Telleriak osatutako bikoteak zukua atera dio euskararen inguruko bizipen garaikideari, oparo. Beren buruaren ispilu bilakatu dira neurri batean eta lortu ere lortu dute, besteak beste, euskaldun berriaren idiosinkrasia horretan pertsona askoren bizipenen kronika egitea. Ez da samurra umorea egiterakoan txiste errazaren muga ondo zedarritzea, nik neuk esango nuke Patxoren gidoietako umore kolpe guztiek ez nautela berdin ase izan, baina, hala ere, bere obrari osotasunean begiratuz gero uste dut umorearen maila zirto batzuen edo besteen dirdiratik haratago doala, urteetan egin duen ahalegin dramaturgikoaren kalitatea horren oso gainetik dagoela.

      Telleriak testu asko idatzi ditu, baina agian Mikel Martinezekin oholtzan antzeztekoak izan direnek erakusten dute bere ibilbidearen garapena: euskararen inguruko trilogia batez ere, Euskara sencilloaren manifestua (2002), Larru haizetara (2005) eta Euskarazetamol (2009), Artezblaik modu separatuan argitaratuak eta ostera Dibertimenduak (2010) liburuan bilduak guztiak. Euskara bera ardatz hartuta jolasean aritzeko bide bat erakutsi zion trilogia horrek, hizkuntzaren beraren mugak arakatzekoa, umore irisgarri bezain jostalari batekin. Ahalegin horrek segida izan zuen Lingua navajorum (2011) antzezlanean, Max eta Donostia sariak jaso zituen lana. Ondoren etorri direnetan Telleriak gero eta urrunago eraman du bere bilaketa artistikoa testuari dagokionez, beti ere Martinez lagun: Pankreas (2013) bertsoz, neurriz eta errimaz dago idatzia osoki; Ez dok hiru: euskal musikaren benetako istorioa (2017) antzezlanean euskal kantagintzari errepasoa eman zion, eta berrehun kanta baino gehiagoko letren zatiak kateatu zituen bi pertsonaia nagusien arteko elkarrizketan; Ghero (2018) lanean hizkuntza asmatu batean gidoia ulergarri egitea izan du erronka. Egileak urrats bakoitzean zirkuko esaldi ospetsu hura bere egin nahiko balu bezala —“are zailago oraindik!”—, erronketan asegaitz.

      Aipatu dut umorea arte gorena dela, eta prestigioa aldarrikatu behar dela harentzat. Hala ere, ez nuke Patxo Telleriaren obra komediarekin soilik lotuko. Gutxi izango dira Euskal Herrian gidoiaren egitura eta hezurdura hainbesteko trebetasunez maneiatuko dituzten dramaturgoak. Oker ez banago, telebista eta zinemako gidoigintza ikastaro batean ezagutu ahal izan nuen pertsonalki Patxo Telleria. Bere eskutik jaso nituen Robert Mckee-ren gidoiari buruzko aholkuak, eta orduan kutsatu zizkidan gidoiaren matematikarekiko lilura eta zaletasuna: gidoia musika bezala ulertuta, egitura baten zehaztasunak hunkitu egiten zaituenean, pieza bakoitza bere lekuan egotearen magia, ekidin ezina dirudien amaiera batera hurbiltzea, eta hala ere, espero gabeko harridura kolpea jasotzea. Dialogoetatik haratago, gidoigintzan esperientzia luzekoa da Telleria: zinema (Igelak, Bypass), telebista (Martin, Mugaldekoak, eta abar) eta, noski, teatro dramaturgia. Moldaketei dagokienez ere bereak ditu Oscar Wilderen Ernesto izatearen garrantzia, Antonio Skarmetaren Nerudaren postaria, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eta William Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa.

      Umoreaz gain, beste erregistro batzuetan erakutsi du idazle trebezia Telleriak. Istorio gordinagoak ere proposatu izan dizkigu gertaera sozial historikoei lotuta: kasu, Tarteanek taularatutako Zergatik Jamil? (2015) lanean arrazakeria eta eutanasiari buruzko hitzak ekarri zizkigun Mikel Martinezek eta Eneko Sagardoyk bikain gorpuzturik, Vaivenek taularatutako Treblinkara azken trena (2016) lan ezagunean, berriz, Bigarren Mundu Gerra eta judutarren sufrikarioa izan zituen taulagai. Azken honen erdarazko bertsioagatik egile onenari saria jaso berri du Telleriak Toledoko Rojas Teatroaren eskutik. Ez da erdarazko bertsioengatik etorri zaion errekonozimendu bakarra, gogora ekartzekoa da Pankreas antzezlanaren erdarazko muntaiak beste aktore batzuekin eduki zuen harrera ona eta bira zabala, Espainiako cdnren eskutik. Esku artean dugun Simplicissimus honetan erdibide bat topatu duelakoan nago, gai sozial baten pisua eta umorea inoiz baino orekatuago eskainiz: kezka eragiten dioten gaiei begira jarri da, adierazpen askatasuna tarteko, eta umorearekin nahastea lortu du, XX. mendean Alemanian gerra arteko kabareta izan zena gaurkotuz.

      Patxo Telleriarena tradizio baten adierazle nabarmena da euskal teatroan: testu antzerkiarena. Bere testuak arazorik gabe bizi dira ostera paperean, denbora pasatuta ere. Bera izango da egile garaikideen artean, aktibo daudenen artean behintzat, lan gehien argitaratu duenetarikoa: Artezblai argitaletxearekin plazaratutakoak aipatu ditugu arestian, horren ostean autoedizio modura plazaratu zuen Pankreas Tarteanek, Elkar argitaletxearekin elkarlanean, berriz, Ez dok hiru. Azken bien esperientzia, gainera, transmititzeko modukoa da, teatro liburuek izan dezaketen bideaz pista interesgarriak ematen dituelako: emanaldien ostean liburuok salgai jarri zituzten aktoreek berauek eskutik eskura, baita edizioak agortu arte saldu ere. Agian liburu-dendez gain, bere bide propioak asmatu behar ditu teatro liburuak, eta Tarteaneko lagunek topatu dute modu bat.

      Alfonso Sastrek sarri aipatzen zuen antzerkiak behar duela literaturaren eta ahozkotasunaren tartean legokeen mintzaira bat, berak “parlatura” deitu zuena. Urrun dago euskara teatrorako kode hori sortzetik, alegia, jendaurrekoan artifizio kutsurik gabekoa eta era berean hitzaren literatur balioa zaintzen duena moldetik? Zentzu horretan ere arreta berezia merezi du Patxo Telleriaren lanak. Autore testutik abiatzen dira bere obrak, idazle batek bakarka egindako lan intelektualetik alegia, baina aktorea eta zuzendaria den heinean bikain bereganatzen ditu antzerkiak eskatzen dituen hitzaren kodeak eta dialogoen erritmoak. Telleriak kapazitatea dauka hizkera ustez zailena erraza eta ulergarria egiteko. Jokalaria izateaz gain, filologoa ere badelako agian? Edo hitzaren artisau bat, besterik gabe? Aztertzekoa litzateke, beraz, Patxo Telleriaren obretako euskal “parlatura”.

      Patxo Telleria idazle eta aktore gisa ezaguna da euskal publikoarentzat, baina, euskal eszenan beste askorekin gertatzen den legez, era berean ezezagun handi bat da, sakonago aztertzea eta ulertzea mereziko lukeena. Liburu honek zabaltzen hasi nahiko lukeen bidea.