Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

7. Werner Finck

 

GERRON: Urteak pasatu eta jendea ulertzen hasi zen basakeriak irauteko asmoa zuela. Eta botereari iseka egiteko ausardia izan zutenak, garbitu egin zituzten. Baina ez denak. Kabaret bat moldatu zen urterik beltzenetan ere ateak irekita edukitzeko.

 

GRÜNBAUM: Kabaret hartan, komiko bikain batek, gauero-gauero, zentsurari iskin egitea lortzen zuen.

 

GERRON: Komediante hura zentzu bikoitzaren malabarista zen, ekilibrista eroa, dantzan politikaren sokan.

 

GRÜNBAUM: Finck zuen izena. Werner Finck.

 

FINCK: Baina ez gaude hemen nitaz hitz egiteko.

 

GRÜNBAUM: Aretoa itxi zioten hainbat aldiz. Atxilotu egin zuten beste hainbestetan. Baina behin eta berriro bueltatzen zen kabaretera.

 

(finckek eszenatokiko gortinen artetik agertzen du bere burua.)

 

FINCK: “Gabon, publiko maitea. Aurreko astean aretoa itxi ziguten, gaur ireki dugu, baina irekiegiak bagara, bihar berriro itxita egongo gara”1.

 

GERRON: Aretoa beti egoten zen polizia sekretuz josia. Behin batean, Finck-ek, txantxa politiko arriskutsu bat egin ostean, haietako bati galdetu zion:

 

FINCK: “Ondo jarraitzen didazu?... Ala nik jarraitu beharko dizut zuri?”.

 

GRÜNBAUM: Imajina dezagun nolakoa zen Finck-en kabareteko eszena bat.

 

FINCK: Ni ez naiz hemengo protagonista…

 

GERRON: Ikus dezagun zer gertatzen ari den, mendearen garai hauetan, gure Bosch izozkailuan.

 

FINCK: Garbitzaileek Giltza Ingelesa aurkitu eta burdin labera eraman zuten funditu eta balak egiteko. Ezkutatzen lagundu zioten guztiak susmagarri bihurtu ziren. Agintearen mesfidantza zuritzeko asmoz, haien kumeak garbitzaileen partiduan sartu zituzten.

 

 

 

1 Kakotxen artean agertzen diren pasarteak jatorrizko pertsonaien aipu ezagunak dira.