Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

LADY GODYVA

 

Joan dira Lady Godyvaren haurrak etxetik,

Zarata atera du euren ihes behartuak. Eta

Bart gauean gorpu konspiratzaileak ibili ziren

Leihoetan. Apustu egingo nuke arriskuaren

Alde, eta berriz, berriz bakardade erre hau.

Nagusiak esango dio «prest nago zuri

Laguntzeko». Pinguinoak. Baloi hori bat.

Iruditzen zaio ez duela sekula sexua ulertuko;

Argia piztu dezake eta ohean eseri. Horregatik

Hitz egiten du halako erraztasunez, «zuri zer

Iruditzen zaizu?». Hirurogeita hamarreko

Hamarkadan ez genekien zer egin, hiria

Hedatzen ari zen etengabe, iparra jan zuen

Bat-batean. Etxe haiek zahartu egin ziren,

Lorategietan sastraka itsuak, behinola

Haurrak jolasten ziren eremu haietan... Ezin

Duzu ezer eskatu jada, argi dago. Zenbat

Gerrate galdu beharko ditugu galdera hau

Ahanzteko? Agian ez didazu sinetsiko baina

Giro hits honetan sinesten ahal da izen,

Kontakizun handietan oraindik. Haurrak

Biluzik ikusten zituenean, galdu egiten zuen

Oharkabean hitz ederrekiko eta ipuin

Zoriontsuekiko konfiantza. Napalmak garai

Honetako ideia guztiak erre ditu, baina

Guztiarekin, leku honetan bizitzen jarraitzeko

Gogoa dut. Hara, autoen motor hotsa isildu dela

Ematen du. Sartu hemendik mesedez.

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus