Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

ARBOLEN ABARRAK

 

Zita bat jaso dut ezustean, «Reclaim the Streets»,

Eta kalera irten naiz. Gaur egun, maskarak erabiltzen

Ditugu eta modu berezian mugitzen gara. Hitz

Batzuk baztertu behar baina beste batzuk asmatuko

Ditugu. Piazza Alimondan elkartu gara Rosa, Aitor,

Carlo. Bart gaueko euriak kaleak garbitu ditu, laster

Ordea, kolorez tindaturik egingo du euria eta

Beharbada alai sentitu ahalko gara. Berrogeita hamar

Urteko emakume batek arropa bota dio leihotik

Gazte bati «Gorroto zaitut» esango balio bezala.

«Ahaztu egiten zaizkit gauza inportante denak»

Bekainak jasoz. Izenak, kontzeptuak, argudioen

Ordena, segidak, nire etxera itzuli nahi dut.

Adulterioa jasangarria egiten zait, ez da hori orain

Nire ardura. Aukeratu beharra beti baita tragiko,

Pelikula batzuetan gauzak nahasten diren arren.

Elkar besarkatzen dugu. Bihar arte, behintzat,

Merezi izango du. Edo hemen geratzen gara,

Itxaroten. Jendetza altxa egingo da, edo akaso ez,

Portuko tabernaren bateko terrazan geratuko dira.

Ezin konta ahala liburu idatzita ere ez dugu zinez

Segurantza handirik, urrun geratu zaigu bizinahia.

Kaligrama formako poemak (kaligramak) idatzi

Zituzten aurreko mendean, eta begira orain. Hemen

Gaude, gehiegi hobetu ez dugulako sentimenez. Lo,

Nekatuta, espaloiko koska txikienean eseri nahiko

Genuke benetan. Baina, hala ere, zuhurtziari bizkar

Eman diogu beste behin. Haizeak arbolen abarrak

Mugitzeko indarra galdu duela dirudi, zakurren

Zaunkak isildu dira. Oro propio prestatua dagoela

Iduriko luke, oro zorizkoa dela honezkero jakingo

Ez bagenu. «Gero, nigatik galdetzen badute, erantzun

Ezazu edozer gauza».

 

 

 

© cc-by-sa Beņat Sarasola

 


www.susa-literatura.eus