Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

GASOLINDEGIAN

 

Kikildu egin zen

tailer itxi hartako atean,

kikildu

hotzak balego bezala.

 

Eta gasolindegian depositoa

betetzen ari nintzela,

haren beldurrezko begirada

jaso nuen,

ezer ulertu gabe.

Ikara bere begietan

eta gorputz kikilduan.

 

Depositoa bete

eta barrura sartu nintzen

ordaintzera.

Minutu batez-edo.

 

Handik irten eta

berriro ikusi nuen gizon hura,

baina bata zuri bat jantzita eta

ohatila bati zinturoi sendoez lotuta;

ondoan hiruzpalau gizon luze

eta psikiatrikoko furgoi bat;

eta gizon haren begietan,

oraindik niri zuzenduak,

begirada ikaragarria,

beldur izugarria.

 

Infernura eraman zuten.

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus