Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

71

 

Aro berriaren hasiera izan zen 1959ko jaialdia Mendebaldeko euskaldunen historian. Herrian herriko festak egiteaz gainera, hamaika estatutako euskaldunak —Kalifornia, Nevada, Arizona, Wyoming, Colorado, Montana, Idahokoak...— biltzeko garaia zen. Menditik mundura nahi zuen euskaldunak. Artzain izan zituzten aitatxi-amatxiak, aitaita-amamak; artzain, gurasoak. Ordurako, kalean bizi zen euskaldun sasoikoa: abokatu, idazle, bankero, epaile, irakasle... ari zen.

        Gehienetan, ahantzirik zuen euskara. «Eskola mukizu ginela ez zegoen boladan gutxiengo etniko batekoa izatea. Herio batean saiatu ginen euskara baztertu eta ingelesa lehenbailehen ikasten». Hala esan ohi zigun Robert Laxaltek.

        Festa «pribatuak» ez ezik —Basque hoteletan egiten baitziren, gehienbat—, mundura zabaltzeko aldia zen, beste zenbait etniaren urrats berdinean. Meza, afari-bazkariak, dantza, herri-kirolak (aizkora, harriak, txingak), ardi-txakur lehiaketa... Baita gau-dantza ere, «Espainiatik berariaz etorriak»: Los Churumbeles de España; flamenko taldea, alegia.

        Ingelesa, euskara, frantsesa eta gaztelania nahasi zituzten jai hartan.

        Eta horretan da, oraindik, Mendebaldeko euskal jaia. Orduz gerokoa du izana, izena garai berrietara egokiturik. «Western Basque American Festival» zena, «Basque Festival» dugu egun. Joan den berrogei urtean egin diren euskal festibalen eredua ezarri zuten 1959an galdera bihurriari ahal zuten moduan erantzunik:

        — What a hell means to be Basque?

 

 

 

© Miel A. Elustondo

 


www.susa-literatura.eus