Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

ENTROPIA

 

Zeta-harrak aurkitu ditut limoi-arbola ondoan. Euren haria kiribildu dut hatzean, soineko berri baten hasikina balitz lez. Armiarma-sare hautsi bat dago putzu gainean, luma bat kala berrietan. Elkarrizketa isila sumatzen dut haien artean. Dena lehenago bezala, eta dena hain bestela. Aldaketak infinitesimalak dira.

        Bitsaz pentsatzen dihardut. Neure burua irudikatzen dut itota itsasoan, bainuontzian, errekan, odoletan ezpainen ertzetatik... Urtinta da jario hori, zer bestela. Tinko oratzen diet mundua ikusteko dudan begi bakarrari, hilobi bateko egonaldiei, lurmenean durduzatzen diren agurrei, gorputz honi, ahotsaren oreari, borondateari, oreka kimiko honen konstante guztiei. Taxidermiarekin konpara daiteke ariketa hau.

        Hodeiak berdintsu lekualdatzen dira. Iltze batez M.A. idatzi dut lurrean. Etorriko dira berriz euri zeharrargiak. Telefonoak jo du. «Plaisir» deitzen dit norbaitek, «Plaisir, non zabiltza?». Paradoxa aipagarria, pentsatu dut barrezka, liburu honetako lehenbiziko poemaz oroituta (Pleasure da nire perfumearen izena). Deia moztu dut, erantzun barik.

        Inork ez du etorri behar izan nire hezurren bila. Inork ez ditu ikusi nire hegatsak ihartzen. Gauak zirenean txatarrezko gurdiak, intsektizida-sunda. Egarriaren zurdak berdindu ezinik burua alde baterantz zintzilik nuenean, marioneta.

        Mahats-aleak hozkatuz nagoen artean dator gaua. Amilotxa horma gainean txistuka. Olatuak ditut gogoan. Azidoen eta gatzen garapena. Hibridazioa: ardo eta errautsena. Entropia. Etorri da amodioaren tolesetan. Taxutu da gorrotoaren kerruetan. Eratu da galdemenaren magalean. Gorpuztu da ezaintzaren ispiluetan. Zorutik hazbetera ibilita, nora ezean. Hegan jaurtikirik zapatak airean. Molekulei mugagabe matxinatzen utzita. Errenuntziorik egin gabe ustel-usainari.

        Nire itzalak ez nau ukatuko. Poesiak maite nauela dirudi. Koaderno hau itxi dut 2010eko uztailaren 4an, 20:50ean, igandearekin.

        Min itzela dut eskuetan.