hutsak gure izena ahoskatu zuenean
hutsak gure izena ahoskatu zuenean
2026, poesia
Poesia 104
72 orrialde
978-84-19570-66-6
Azala: Tania Barrenetxea
Iosune de Goņi
1993, Burlata
 
 

 

 

 

laba eta goroldio soroak zeharkatu genituen

harri bihurtutako erraldoiz inguratuta

eskuak istil beroetan murgildu eta

minari buruz hitz egin genuen

gaixorik daudelako ederrak diren

gauza guztiez uraren azpian landare

bihurtzen diren eskuez

 

erriolitazko mendien artean

obsidiana zatiak bildu genituen

poltsikoak erraldoi-bihotzez beteta bustita

gure biriketan euria ari zuen

eta ekaitzaren beste aldean mendiak

odolusten ari ziren baina guk ezin genituen

arrokaren izpi urdin eta moreak ikusi

ezin genuen lainoaren kristala apurtu

 

sumendiaren magalera heldu ginenean

tximista batek lurra ireki zuen

eta arrakalatik ateratzen zen lurrunak

suzko mamuen arnasak gure trakeatik

behera egin zuen euria itzali zuen

 

harrezkero arrastaka daramagu paisaiaren hezurdura

otso bakar bat izateari utzi diogu eta ez dakigu

arrakalaren zein aldetan gauden

animalia ala landare itzal bi edo ordoki abisalean

barreiatzen diren esporak garen