hutsak gure izena ahoskatu zuenean
hutsak gure izena ahoskatu zuenean
2026, poesia
Poesia 104
72 orrialde
978-84-19570-66-6
Azala: Tania Barrenetxea
Iosune de Goņi
1993, Burlata
 
 

 

 

 

hegazkinaren leihotik begiratzen dut

ipuin nordikoen bilduma bat

irakurtzen dudan bitartean

itsaslabarretan eta harkaitzetan bizi diren

izaki ezkutuak imajinatzen ditut

labatik eta izotzetik sortutako erraldoiak

hartz zuri baten gainean basoa

zeharkatzen duen neskato bat

abesti entzunezin hura

 

maggie nelsonek dioenez

erle batek aho more bat ikusten duen lekuan

guk lore gorri bat hautematen dugu

eta mitxoletak gorriak direla

erabakitzen dugu gizakion begirada

mundua ikusteko modu bakarra dela

 

eskuak tinta beltzez zikindu zaizkit

glaziarren izotza estaltzen duen harearen

antzera reynisfjarako harearen antzera

 

eta izaki ezkutuen begirada izaki

ezkutuen ahotsa begietan igurzten duten

ukendua esaten dituzten hitzak

gureen antzekoak diren galdetzen diot

neure buruari maggie nelsoni

ipuin nordikoen bildumari

mitxoletek itsaslabarretan

kolorea aldatzen ote duten

 

islandiara heltzen ari gara

edo madrilera ez dakit joaten

edo itzultzen ari garen

bat-batean korridorean eserita nago

leihoek eztanda egin dute eta liburua

husten doa lainozko isilune baten antzera

erle batek nire eskuen artetik

alde egiten du eta ipuin berri bat

inoiz ikusi ez dudan kolore bat

idazten eta desidazten da

intsektuak utzitako hutsunean

 

hegazkinaren leihotik begiratzen dut

itsaso amaigabea madrilgo eraikinak

reykjaneseko fumarolak

mitxoleta more bat

nire eskuen artean