PLAGE OCEANE (I)
Mapan begiratu dut
ez naiz itzuliko
izena nahi nuen bakarrik
Plage Oceane
ez genion sekula izenez esan
ez zait gustatu
gurago nuen beste edozein
ez da aski izen hori
ez dagokio
ez da oroitu nahi dudana
orangina edo frigopie edo
eskoba edo bizikletako gurpiltxoak edo
patata entsalada edo peluxezko lehoia edo
gurea zen leku hori
Plage Oceane
postal bat
elkarren ondoan
ikusten zaituztet eta badakit
badakit han dela
badakit han ikusi zintuztedala
olatu handiegiekin jolas egin eta gero
besoak gerrian jarrita
harea eta ura
edozein hondartza izan zitekeen
elkarren ondoan ikusten zaituztet eta badakit
han izan ginela.