Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

3

 

Arratsak beltzez tindatu du Encarnacion kale estua. Iluntasunari bainoago, Sasa esaten dioten horren ukoari diot beldurra. Ataria zabalik dago. Sartzean bafada desatsegin batek kanpora bulkatu nau. Egurrezko gutunontziak ere ez daude hezetasun-sundatik salbu. Estanis Acevedo Gomez. Etxeko usaina edozein dela ere, ezin da bebarrukoa bezain nardagarria izan. Tentu handiz igo naiz, eskailera-mailak desigualak dira eta ez dago argi onik.

        — Sasa zara, Atxuriko erlojugilea?

        Pospolo buruko gizona zur eta lur gelditu da. Sudur-zuloak hanpatu ditu hamster batek lez. Barruratzeko egiteko keinu mesfidatia, baina, luze gabe ailegatu da, goitizena aspaldi erabili gabeko pasaportea omen da.

        Berrogei metro koadroko zerrikorta itogarria da bizilekua. Urrian gaude, gaitzerdi. Sukaldea, lo-gela, egongela eta tailerra gela bakarrean daude eta komuna aparte. Usaina ez da hobea. Badirudi zarpazikin honek igarri diela nire gogoetei.

        — Udan, hegoak makurren jotzen duenetan, hogeita hamahiru gradura ere ailegatu gaituk. Halakoetan, sinetsi niri, hormak bulartu eta, euri-jasarik bada, itoginak jausten dituk.

        Ez dago arrazoirik ez sinesteko. Goitik behera arteka txikiek bitan banatzen dituzte pareta gorrimin belztuak, arrakala mehatxagarriak gelaren erdiko habe-harrian. Iruditu, berriz, hotz samar iruditu zait. Poster tamainako argazki bat kenduta, apaindu gabea da. Lantokia da pisua, tailerra. Leiho bakarraren kontrako lan-mahai zuri zabalak eta egurrezko aulki bik hartzen dute espazioaren erdia. Pieza eta erreminta ñimiñoez gainezka dago mahaia.

        Harira joan naiz.

        Lifting baten beharrean dago Ingalaterrako atezain mitikoa.

        Sasak bortizki luzatu ditu esku hezurtsuak. Pintzak zehaztasunez erabiltzeko esku trebatuak dirudite.

        — Barkatu?

        Dar-dar batean xuxurlatu du ahots meheak. Lifting da ulertu ez duen bakarra. Argazkiari errepara diezaiola adierazi diot buru-ukaldi batez. Sepia ustelak hartu du aspaldi. Begiak zabal-zabalik dituen jabe zarpaila ere menderatuko du luze gabe.

        — Badakik nor den Gordon Banks?

        Banks of England!

        Galdera bukatu orduko egin dut tiro, errekamaran nekarren bala. Leihotik begiratu dut. Gogotik ari du euria, kristal ondoko flexora amiltzen da. Erlojugilea bisitaria besarkatzeko zorian egon da, samurtzea ezkutatu ezinik dabil. Gainditurik du lehen ezusteko zafratua. Estutu ordez, ostera, mututurik eman dit arrapostua. Arnasa hartu du birika herdoilduek utzi dioten neurrian. Sasa zeharo matxuratuta dago barrutik, makineria hau koipeztuko duen erlojugilerik ez dago. Begira lotu zait, Unbeko Ama ez ote naizen. Fini mespretxu eta gutxiespenen ziklo luzeari nolanahi ere. Ezin esan onarpen ofiziala denik, salbatzaile txiker honek ez dakar zigilurik. Hala ere, justizia gura du duindu ezezagun misteriotsuak, zor historikoa kitatzera bide nator.

        Modu berean erantzun diot, isila bihotz urragarri. Aurrean bizarrik egin gabe dudan hezur-pilaren tenorea da; berarena eta Gordon Banks Banks of England-ena. Ingalaterrako atezain ohia behin ere ikusi gabea naiz, baina ez nuen inolaz ere zulo urrintsu honetan Jashinen eta Iribarren ikonografiarik topatzea espero.

        — Esango didak geroago zeren bila etorri haizen. Lehenik eta behin topa egin behar diagu —ardo beltz botila atera du armairu batetik. Eskailerapekoa da.

        Baiezko keinua egin diot. Ez nau ikusi. Beste zerbaiten xerka hasi da segituan kaxoi batean niri bizkar emanda. Txokorra goititu du.

        — Medikuari ez zaiok inporta. Iaz utzi nioan erretzeari, baina ez haren aginduagatik. Piperrik inporta ez zaiolako utzi nioan. Baina gaur egun berezia duk. Gordonek munduko txapeldun bilakarazi zituen ingelesak 1966an.

        Sasak ni gailendu beharrean ikusi du bere burua, ez ote dagoen erdipurdiko kazetari baten aurrean. Etsipen galanta hartuko luke hala balitz, ez naizen hori bihurtu naiz nahi gabe. Begi urrikariak zuzendu dizkit. Ezker-eskuineko keinu adierazgarri batez lasaitu dut eta, karta guztiak agerian, 1966ko uztailaren 30ean Alemaniaren kontra bere burua infernuratu zutenen izenak zerrendatzeari ekin diot, farol elegantea. Jakaren poltsikoko orri batean daramatzat idatzita, hogei bider irakurri dut Internetetik hartutako ohorezko hamaikakoa. Dagoeneko zordun naiz web gune batekin baino gehiagorekin, Iribarren sorlekua kasu.

        — Benetako kaxa fuertea zuan, aizak! —hasierako harridura pasioa da Sasaren eztarri marrantatuan. Andresen erlojuaren berdina dirudien Seiko eder baten larruzko uhala estutu du esku artean—. Wembleyko berdegunean saindutu zitean behin betiko. Hi gazteegia haiz... Bideoan ikusi duk 1966ko finala? Lehen aldiz mundu osora zabaldu zitean satelite bidez. Zazpi bizi baino gehiago zitian Gordonek. Menisko-haustura, makina bat zaintiratu, belauneko lotailuak hamaika puska eginda, ukondoa txikiturik, bihurrituak dozenaka, triada..., 6 urte geroago begi bat galdu zian. Eta jokatzen jarraitu zian!

        Burura etorri zaizkit ikusi gabeko partidaren irudiak. Lepo dago Westminster. Supporter-ak Churchill Churchill Churchill ari dira, Gallipolliko harakina, Erresuma Batuko bulldoga, Winnie, aldarrika orroka espantuka, ez dute 1914ko laidoa barkatu gura, 1940ko iraina mendekatu behar dute, Blitzeko gau amaigabeei argia itzuli behar diete, Wehrmacht deitura du gaurko amoranteak, Luftwaffe da haren makillajea, musua erorikoa belar moztu berrian, dardarizo batek astinduko ditu doixtar melengak, sudurrak handituko zaizkie eta ezpainak ubeldu, Isabel II.a erreginak Erresuma Batuko Ordena ezarri behar dio Banksi paparrean.

        Telefono-dei batek lausotu du aurreko paisaia. Sasari bat-batean sortutako kalentura gaiztoak ikaratu egin nau. Nolakoa ote da Dimitri, pentsatu dut.

        — Oraintxe berton? Ezinezkoa duk! —begia kliskatu dit gezurra esatean—. Bezero bat zaukaat tailerrean. Gainera, euria ari dik zarra-zarra...

        Ez entzuten saiatu naiz. Alferrik. Oihuka ekin dio Sasak amorraturik, txipia den arren berbetan ez da motza. Gorritu egin zaizkio begiak, dei egin duenak ez du estimuan, meneko nahi du egun historiko honetan. Eskuak mugitu ditut arrapaladan, nirekin ez du zertan kezkatu.

        — Ederto, heuk irabazi, ordu erdi barru hor.

        Kolpe batean eskegi du telefonoa.

        — Kabroia, ez beste!

        Bere kasa lan egiten badu ere, bitxitegi baten enkarguak hartzen ditu. Ugari azkenaldion, diru-premian dabil.

        — Gure ogibidearenak aspaldi egin zian. Egun erloju gehienek bizitza bakarra ditek. Gero eta erloju mekaniko gutxiago zagok. Kuartzozkoak dituk denak eta ez ditiagu konpontzen, olioztatzen edo doitzen. Hala ere, bazagok oraindik gure ofizioa estimatzen duenik. Eta sasikume bati lehenbailehen garbitu behar zioat Omega garestia —Sasak geldiune bat egin du ez itotzeko—. Laster hanka egin beharko diat. Posta kalean duk.

        Zutuntzera egin dut.

        — Lasai, bazauzkaagu oraindino minutu batzuk. Non gelditu gara?

        Sudur zapaleko mintzaidea aspaldiko aldizkari mordo baten artean hasi da bila, elkar-gainka daude pipiak jotako aulkietako baten gainean. Don Balón dira gehienak, zenbaki zaharrak inondik ere. Neurri handiko argazki bat erakutsi dit. Atezain batek langaren gainetik ateratzen du atzaparra, miauka ari da katu beltz baten gisa. Umetan ikusitako Iribarren huraxe.

        — Egunkari bateko erredakzioan ostutako zuri-beltzezko kopia hutsa duk, harira ez datorren kontua.

        Mahai gainean pausatu ditu aldizkarietako batzuk, bihurkin-kutxatila paretik kentzeaz bat.

        — Kanpoko atean aitatu duan horrek, Andreik, hil egingo zian garai batean argazki hau izateko. Izorra dadila!

        — Orain ez?

        — Orain izango dik, orijinala bera menturaz, auskalo nori lapurtua.

        Hagin horituak zorroztu ditu destainazko hitzak aletzean. Gure estudiora joan zait gogoa. Iribarren argazkia barik, Guggenheimena du bulegoko horman Andresek.

        Sasak te gorria eskaini dit edalontzia hustu ostean.

        — Oraindik badiagu denbora franko. Nahiago baduk, berdea ere badiat.

        Erretzeari utzi dionetik edaten du bainilla zaporekoa, egunean hirutan. Berehala eten du solasa, Gordon Banks atezaina du mintzagai.

        — Dino Zoff, Ricardo Zamora, Claude Abbes, Sepp Maier edo Ladislao Mazurkiewicz bera ere Iribarren eta Jashinen parean zaudek, ez duk uste?

        Sasak ere nahi du mutur batean, Dimitrik eta Andreik bezala, bikotea falta du.

        — Eta egungo atezainak? Alemaniar gorila hori... Zelan da..? Edo Iker Casillas bera. Madrilgo euskalduna!

        Ez nago prest segadan jausteko. Hala ere, Zubizarreta etorri zait gogora, batek daki beste horien guztien mailakoa ote den. Gorde dut, baina. Erosgai dagoen botika merkea da estimua. Gordon Banks Iribar eta Jashin bezain ona zela entzun nahi badu, bidaideak gara. Horraino hel naiteke. Sasak ekilatero bihurtu gura omen du hiruko harremana, beste atezainek adina gelditu bere Gordonek.

        Dimitriri eta Andreiri buruzko informazioa emateko premiatu dut. Onartu egin du, bidezko deritzo trukaketari.

        — Iribarren eta Jashinen kontua Bartzelonako ekintzatik zatorrek.

        — Ekintza?

        Une horretan bigarrenez jo du telefonoak. Amorruz hartu du, badaki lehengo boz gogaikarria mintzatuko zaiona.

        — Bai, banoak! Bost niri ze ordutan itxi behar duzuen! Euri jasa itzela ari dik!

        Beste kolpe batez eskegi du telefonoa. Erlojuaren orratzak luzaz geldirik izan dituen erlikia honek desitxuraturik dauka begitarte zurbila. Ahanzturak ez daki ogibidez. Desenkusatu egin da.

        — Beste egun batean etorri beharko duk.

        — Etorriko naiz.

        Bueltatuko naiz, jakina, Gordon Banks Banks of Englandi zor diot.