Ragga-ragga dator gaua
Ragga-ragga dator gaua
2006, nobela
152 orrialde
84-95511-84-3
azala: Gotzon Garaizabal
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2004, poesia
 

 

17

 

Tabernako atean bertan entzuten du barruko musika. Bolumena ondo igota daukate, zalantza barik. Eta musikarekin batera kea. Nahasketa horren gainetik aurrera egin du Joxanek, taberna barrura, maila batzuk jaitsi ostean.

        — Zerbeza bat —eskatu dio barrako neskari.

        Eta honek, zerbeza atera bitartean, dantzan jarri ditu bere dreadlock tindatuak, entzuten den musikaren erritmoan. Neska punk rasta barrako mutur batetik bestera. Eta neska horren tankerakoak tabernan dauden gehienak. Joxanek ez dauka exekutibo gorrotagarri baten antzik, baina, hala ere, ubarroien bilera batean hontzuri baten moduan sentitu da. Ez dio ardura. Are gehiago, neurri batean gustura sentitu da gazte giro nahasi horretan. Musika eta kea tabernaren jabe. Beste garai baten oroitzapenak ekarri ditu akordura, inguru horretan ibiltzen zenekoak. Baina janzkerak eta betondoetako zimurrek bestelakoa esan diote, jadanik ederto dakiena, ez dela, zentzu batean behintzat, hemengoa.

        Zerbeza hartuta, jende artetik, barrurago jo du, leiho bat ikusi uste duen aldera.

        Hantxe isiotu du beste zigarro bat, leihoaren barruko koskan zerbeza utzita. Kristalaren bestaldean itsasadarra ageri da, egun amaitu berriaren argiaz. Foku indartsuek argiztatzen dute San Anton zubi zaharra, ur ilunetan efektu bereziak sortzen. Antzeko argiak ikus daitezke itsasadarraren alde bietan. Zubitik zein azoka inguruetatik jendearen joan-etorriak nahastu egiten dira farolen azpitan. Bestelako hiri bat igartzen da orduotan. Zurrunbilo horri begira geratu da Joxan momentu batez, tabernako musika ozena soinu-banda bihurtuta. Horrelakoxea zen hiria garai batean Joxanentzat, iluna eta musika ozenez jantzia. Kaleko girotik ur ilunetara bideratu du begirada. Ur horiei begira istorio ederrak kontatzen zizkion Tomasek, gabarren gaineko boxeo borrokei buruzkoak. Eta jendea boxeolariei xaxaka, oihuka, txakur amorratu eta odolgosetuen arteko borroketan bezala, aurkaria akabatzeko eske. Apustuak tartean, zelan ez. Batzuk irabazle... eta gehienak galtzaile. Handik Gurutze Gorriko lantxetan lehorreratuko zituzten. Batzuk harro... gehienak buru makur. Tomasen istorioetatik edan zuen boxeorako grina Joxanek, La Casilla kiroldegian zein bestelako aretoetan jarritako ringetara hurbildu arte.

        — Ezetz asmatu zer tatuaje egin ninan Dublinen...

        — Dragoi batena? Halako bat egin nahi huela esan hidan hara joan aurretik.

        — Ez dun dragoia. Nire txandaren zain nengoela, hormetan zeuden argazkietan topatu ninan asko gustatu zitzaidan bat. Begiraidan hona...

        Joxanek zeharka begiratu die ondoko neska biei. 24 urte ingurukoak dira. Laranja koloreko ilea daukanak niki estua gorantz jaso eta prakak lotzen dituen botoia eta gerrikoa askatu ditu. Erasoan dagoen suge baten tatuajea ageri da kulero berde argien elastikoaren gainetik. Suge koloretsua, begietan zein letaginetan halako distira berezia daukana.

        — Ostia, Ainhoa, polita dun, benetan polita.

        — Hemen baino askoz merkeago egin zidatenan, ia erdia merkeago.

        — Ikaratu egingo ditun amoranteak —eta haginka egiteko keinua egin du.

        — Bai, esango zionat hau probatu nahi duenari, ez bahaiz ondo aritzen honek hire odolostetxuari haginka egin eta jan egingo dik.

        Biak batu dira barre zoro eta algaratsu berean.

        — Baina badinat gehiago...

        — Ez dun egia izango!

        — Laranjaz tindatu nitinan aluaren ileak...

        — Laranjaz?

        — Bai, ipar itsasoetako jainkosa ematen dinat ilunpean —eta esatearekin batera mihiaz laztandu ditu ezpainak, barre are zoroago batek antzezpen horretatik atera duen arte—. Ikusi nahi?

        — Hemen...?

        Tatuajedunak eskutik oratu eta komunera sartu dira biak. Kisketaren hotsa entzun eta handik gutxira barre zoro gehiago aditu dira barrenetik.

        Joxanek, zerbeza trago bitan edanez, Gaztaroko zorakeriak!, esan du bere artean, gaztetan egin behar dira horiek guztiak! Eta sugea eta aluaren ile tindatuaren kontuak buruan bueltaka dauzkala, Bibiren ahotsa etorri zaio gogora.

        — Gure herri inguruko oihanetan bada hipnotizatu egiten duen suge mota bat. Txoriak, saguak eta horrelakoak begiradaz zorabiatu eta menpean hartzen ditu... Horrelako baten boterea nahi dut zu betiko nirea izateko...

        — Menpean hartu ostean jan egingo ditu, ezta? —esan zion Joxanek, burua Bibiren sabelean jarrita zeukala—. Jaten banauzu, nire hezurrak baino ez dituzu edukiko.

        Eguerdia zen, eguzki apal batek laino artetik argitzen zuen logela. Hantxe zeuden biak, gosaldu osteko patxadaz, izaren gainean.

        — Menpean hartu, bai, baina ez hezurretan uzteko —eta Bibiren atzamarrak olgetan hasi ziren Joxanen buruan, ileen artetik—, zu behin eta berriro plazerrean jateko, gozatzeko...

        — Horretarako bada, ni prest. Aspaldian nago zure begiradak zoratuta!

        Joxanek sabeletik beherantz gidatu zituen ezpainak, Bibiren kirru ilunetaraino. Luze usaindu zuen hantxe, begiak bilduta. Bibik izterrak zabaldu zituen, Joxanen ahoari sartzeko baimena emango balio bezala. Eta mihiak astiro bilatu zituen sabelpeko ezpain ezkutuak, bustiak. Suge itsu baten moduan laztandu zituen, goitik behera eta behetik gora, gero eta sakonago, plazer iturri hartan haragizko botoitxoa topatu arte. Bibiren intziria entzun zuen. Gehiago zabaldu zituen izterrak, plazerrak eraginda kontrako mugimendua egiten saiatu bazen ere. Joxanen mihiak laztandu eta edan egiten zituen zuku gozo eta gaziak. Plazerrak bularra jasoarazi zion Bibiri, eta eskuak izaretan korapilatu, eta, suge iheskorren moduan, gerria bihurritu. Joxan, eskuak Bibiren ipurmasailei eutsita, ez zen gelditu. Basamortuko oasi batean balego bezala miazkatu eta edan zuen sabelpeko kirru arteko iturritik. Bibiren intziriak orro bihurtu ziren. Kontrola erabat galduta dardaratan lehertu arte.

        Apurka-apurka berreskuratu zuen arnasaren erritmoa. Joxanen ahoak Bibirena bilatu zuen orduan, eta euren azken aldia balitz bezala musukatu zuen.

        — Sikatu egingo nauzu —esan zion Bibik irribarre batez, eta haren saman gordeta begiak bildu zituen.

        Komuneko ateak egindako danbadak errealitatera ekarri du Joxan. Lehengo neska biek alde egin dute jende artetik, eta gauza bera egin du Joxanek.

        «Sokhna, halaxe zeukan izena emakume senegaldar itoak —entzun du bafle batetik barra ondoan pasatzean—, eta halaxe dauka izena, gaurkoan eta hemen, injustiziak... Sokhna eta bere ume jaio gabea hil dituen bidegabekeriak. Sokhna!, gogora ezazue izena, entzuleok, Sokhna!».

        Joxanek winston pakete bat atera du makinatik. Irratiak aipatutako emakume itoaren larruazala beltza izango zen, pentsatu du, Bibirena bezain beltza, beharbada, baina hark, oraingoz Bibik ez bezala, are beltzagoa izan du patua.

        Beltza da gauaren kolorea tabernatik ateratzean, erabat beltza. Zigarro bat isiotu bitartean Asun ikusi du kalean gora.

        Deitu egin dio.

        — Berriro lanetik ala?

        — Ez, amarenean enkargu bat egin behar nuen, eta ahaztuta neukan... Baina banoa, lagun batekin geratuta nago eta honek atzera ekarri nau berriro, besterik ez. Eta zu? Oraindik hemendik?

        — Nik ere badut egiteko bat, hamar minutu barru.

        Elkarri begira eta isilik geratu dira une batez. Bost bat segundo iraun duen bien arteko isiltasuna lar luzea iruditu zaio. Joxanek nahikoa denbora izan du Asunek, ezagutu zuen neska gazte hura ez bada ere, oraindik ederra segitzen duela baieztatzeko. Makillaje apurrak ezin dizkio zimurrak ezkutatu, ezta orrazkerak handik eta hemendik sakabanatutako ile urdinak ere. Begiradan ere halako egonezina igarri dio, nahi gabeko topo egitetik ihes egin nahiko balu bezala.

        — Badirudi ez duzula ni ikustea oso gustukoa, nire ihes hura barkatu barik bazenu bezala... Nahi? —zigarro bat eskaini dio Joxanek.

        — Ez, Joxan —diotso irribarre urduriaz, espero gabeko komentarioaren aurrean—, oso oker zabiltza, hura iragana da, guztiz ahaztua...

        Asunek poltsatik ducados bat atera eta di-da batean isiotu du.

        — Ez nuke nahi...

        — Zer uste duzu? Zurekin zoratuta zebilen neska hura naizela? —Asunen berbei, kearekin batera, halako ironia ukitua darie.

        — Ez, ez da hori, baina...

        — Baina, zer? Txarto pasatu nuela gogoratzen dut. Oso txarto. Eta zu orain berriro ikusteak, ba, bai, halako flash antzeko bat egin dit, ez dut ukatuko... baina kontua oso gaindituta dago... Egia esan, aspaldi gainditu nuen, oso aspaldian...

        — Hark bazeukan azalpena...

        Zigarroa, errimel orbantxoak bokillan, dantzan dabil Asunen atzamar artean.

        — Ez dut azalpenik behar, Joxan, gaztaroko kontu urrunak baino ez dira, ez duzu uste?

        — Bai —erantzun dio Joxanek, baina, aldi berean, zerbaitek diotso Asunentzako arantza izango dela betiko, garrantzia kendu nahi dion arren. Ez du kontua gehiago behartu nahi—. Umea eta gizona ondo?

        — Bai, bai, biak oso ondo —diotso kalean behera datorren autobusari begira—. Umea dagoeneko ez da hain umea, nahiko koskortuta dago.

        — Horixe pentsatu dut... Presaka zabiltza?

        Bat-bateko elkarrizketan ezeroso igarri du Asun, berehala hanka egin nahi balu bezala.

        — Egia esan, bai. Lagun batekin geratuta nago, eta amarekin gauza pare bat argitzera etorri behar izan dudanez berandu nabil eta... banoa...

        — Ondo segi, Asun.

        — Berdin, Joxan.

        Kalean gora joan da Asun, atzera begiratu barik. Bien arteko elkarrizketa gatzbakoa izan dela iruditu zaio Joxani, ezer berririk ekartzen ez duten horietakoa. Damutu egin zaio Asuni deitu izana, behinolako konplizitate hura lortu nahi izana. Porrota. Baina bestelakorik espero zitekeen? Bihotz kontuak, elurra eguzkitan bezala, urtu egiten ditu denborak, gupida barik. Gorrotoa, aldiz, harriaren kastakoa izango da. Gogoeta merkeak... esan du Joxanek bere artean.

        Erlojuari begiratu dio. Andres Fano zain edukiko du ehun metrora dagoen Abaroa tabernan. Kalean behera dabiltza kotxe gutxi batzuk, hiriko bizitza gelditzen ez den seinale.

        — Urkatuta aurkitu dute ziegan! —entzun du Joxanek bere atzean, mutil batek ondokoari esana—. Txirene irratian entzun dut, orain bost minutu, azken errekuentoa egitean topatu dutela urkatuta, kagoendios! Beste bat putakume horien zerrenda beltzerako!

        — Goazen Herrikora, informazio gehiago izango dute —dio besteak.

        — Manifa antolatuta dago!

        Kotxeek bezala, beherantz jo dute mutil biek, San Anton zubi aldera.

        Joxanek gorantz abiatu ditu pausoak, mutilei entzundakoak Txerraren heriotzarekin batera buruan bueltaka.