Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—6—

 

Aita Zaindarien Gaztelutik atera eta gero, egoera, orain, honako hau zen: hiru eguneko jarraipen isil, zail eta neketsu baten ondoren, oihanean zehar, zeinean piztiekin borrokatu, landareen sustraiak jan, eta tribu ezezagunen mesfidantza gainditu behar izan bainuen, Guebokinderren bahitzaileen ezkutalekura iritsi nintzen. Berau, ordurako Artximandritaren bila ibiliko ziren Aita Zaindariak nahasteko, sekula inork pentsatuko ez zuen tokian zegoen: oihanaren erdiko «Berlusgoñi» liburu-denda erlatiboki ezagun eta famatuan.

        Katarrak abilak ziren, gero; inori ez zitzaion burutik pasatuko Guebokinder han izan zitekeenik.

        Berlusgoñi dendariak, bahitzaileak eta bahitua ikusi zituenean, ezker-eskuin begiratu azkarra eman eta pertsiana jaitsi zuen, denbora galdu gabe. Guebokinder Nobedadeen saileko liburu-meta erraldoien artean ezkutatu zuten. Ni denetaz jabetu nintzen liburu-dendako teilatuko leihoaren zirrikitutik barrurantz labaindu nintzelako, denen oharkabean, sugandilen moduan, Australian basomutil ibili nintzenean bertako aborigen tribu batekoei ikasitako teknika berezi bati esker, zeinari zor baitzioten Australia osoan ezagun egin zen izena: sugandila-gizonak.

        Behin barruan, «Klasikoak» izeneko sailean gorde nintzen; izan ere, sail hori ezin hobea zen nire asmoetarako: liburu-dendako zokorik ilunena betetzen zuen; zegoen hautsa piloari erreparaturik, handik inor gutxi ibiltzen zela zirudien; eta gainera, bertatik den-dena entzuten nuen.

        Uste duzu liburu-denda ixtea beharrezkoa dela? galdetu zioten Berlusgoñiri, ikusi zutenean honek pertsiana jaitsi zuela. Lasai, motellak, baretu zituen denda jabeak; azken bolada honetan negozioa baxu antzean dabil; Vietcong-ek Marca baino ez dute erosten, eta ziminoek telebista nahiago dute, badakizue. Noizean behin saltzen diet errezeta-libururen bat pigmeoei. Gauza gutxi. Egia esan, kanona irekitzeko ahalegina... zer nahi duzue esatea, nik...

        Ugatzak Berlusgoñiren zalantzak errotik moztu nahi izan zituen: ezer onik iritsi al zaizu?

        Berlusgoñik hazka egiten zuen buruan: ezer gutxi... tira, zoro batek idatzita dirudien saiakera bat leitzen ari naiz, traidorea eta heroia aldi berean den baten beste historia bat, eta gero, aitonaren trikitixa galduaren bila abiatzen den hirukote batena...

        Txomin bermeotarrari malko bat isuri zitzaion ustekabean: gu bezala... Gogoratzen, lagunak? Gu ere aitonaren trikitixa lapurtuaren bila hasi ginen. Gure borroka...

        Indarberriturik nonbait, orain Berlusgoñi liburu-saltzailea izan zen Txomin konfortatzeaz arduratu zena: zer inporta du zergatik, non, norekin, nortzuk, nondik, nora, norantz, norentzat, norako, noiz eta nola hasi ginen... Inporta duena da gaurkoa. Borrokak baizik ez gaitu gizon aske egiten. Nola daude gauzak kanpoan?

        Hainbestean —erantzun zuen Ugatzak—. Oraingo ideia da prozesuari aurre egiten utzi nahi ez dizkioten gizarte-taldeak dinamika konstituiente batean sartzea, zeinean, prozesuaren bultzatzaile aktiboak izango ez badira ere, ez baitira erabat prozesuaren aurkakoak izango, indiferenteak izango dira prozesuarekiko, edo ez, guk gure borrokaren indarraz prozesuari ematen ahal diogun edukia eta bultzadaren arabera, ahaztuz, bidenabar, orain bost urte prozesuaren guztiz aurkakoak zirela, baina ahaztu gabe agian oraintxe bertan prozesuaren alde jartzen ari direla, edo beharbada ez erabat prozesuaren alde baina bai dinamika prekonstituiente, edo rekonstituiente batean sartzeko moduan. Ez al da hala, lagunak? galdetu zien Prostatasi eta Txomini. Ein? erantzun zuten hauek.

        Nobedadeen liburu-meta azpitik emakume bat atera zen, lehen begi kolpean pisu-jaurtitzaile edo agian mailu-jaurtitzaile errumaniarraren itxurakoa iruditu zitzaidana.

        Denek agurtu zuten. Etorri berriak eskumuturrak igurtzi zituen, bizkor; laxagoa lotzea bahuen, beltz demonio horrek! Txomini herraz begiratu zion. Hau desenkusatu zen: barkatu, Jefe.

        Baina Jefe deitutakoak —atleta errumaniarraren itxura edukiagatik, azentu argentinar nabarmenaz mintzo zena— ez bide zuen kontu-berdintzea bukatu. Orain Ugatzari zuzendu zitzaion: Eta hi, Ugatza, tentuz erabil ezak burdina, gazteluko sotoko sabaia zuloz josia utzi duk-eta!

        Ugatzak ere barkamena eskatu zuen: sentitzen dut, Jefe. Hitz egin zioten moduarengatik ikusten zen Jefea larderia handiko emakumea zela.

        Bestalde, eta harridurak gainez egiten bazidan ere, poliki-poliki konprenitzen hasi nintzen Jefe deitzen zuten hura eta Guebokinder Artximandrita pertsona berbera zirela. Arraioa! Beraz, Aita Zaindarien zuzendaria emakumezkoa zen! Beraz, Aita Zaindarien burua bahitu zuten bahitzaileen burua eta Aita Zaindarien burua pertsona bera zen! Hain logikoa izanda, nolaz ez zitzaidan lehenago burutik pasa?

        Artximandrita, Jefea, edo, laburrago esateko, argentinarren erara mintzo zen emakume hura eseri egin zen. Janzten zituen likrazko prakek bere izterretako gihar boteretsuen gorabeherak nabarmenagotzen zituzten. Bere mutilei kontu-eske hasi zitzaien, hitz hauekin: Eta orain esaidazue zer den Kolko Mitxoleta bilatzen ari den morroi horren historia.

        Nitaz ari ziren, arraioa!

        Ugatzak esplikatu zion ezer ez nekien xelebrea nintzela, arlotea, hankabiko afrus eta mozoloa, funtsean fraideek, eurogero ibili ohi nintzela profitaturik, pergutadan sarturiko zozoa, mokoroa frekuenteki bildu zale, makarra, golos, putaner eta ardankoia, adimenez urri eta bizioz luze, ahul, mengel, mendrea eta, finean, ezertarako ere arriskurik sortzen ez zuen zomorroidea.

        Ez nuen uste Ugatzak nitaz hain estimaziozko iritzia zuenik.

        Emakumea irriz ari zen. Ez duk jokaldi makala, zioen, ni askatzeko Kolko Mitxoletaren askapena eskatu, ni aske egonik eta Mitxoleta preso dudala, kontrolpean.

        Hau guztia argentineraz blaituriko azentuaz esaten zuen; baina ez argentineraz blaituriko euskaraz, baizik eta argentineraz blaituriko argentineraz, gauza jakina baita Argentinako euskaldunak, euskaraz ari direlarik, eibarreraz, goizueteraz edo markineraz egiten dutela, eta Argentinaratutako eibartar, goizuetar eta markinarrak, erdaraz ari direlarik, ordea, argentineraz. (Hau guztia esaten dut argi eta klaru uler bedi zein den egileak, eta obrak honek bereziki, errealitatearekin, hizkuntz errealitatearekin, bereziki, hartzen duen ikuspuntua eta, bereziki, proposatzen duen harremana, bereziki).

        Baina Jefea ez bide zen hain konforme Ugatzak nitaz esandakoarekin. Etzekiapá, etzekiapá, errepikatzen zuen, agian zomorroide horrek arazoak sor ditzake. Zertarako nahiko luke, nahi dezake, gaur den egunean, kanon bat bere senean eta onean legokeen norbaitek? Morroi horrek atze-asmorik duke, naski.

        Emakumeak ezker ukabila itxi eskuin ahurraren gainean kolpea eman zuen. Zer gerta ere, harrapa ezazue birigarro hori.