Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—1—

 

Hodeiez beteriko astelehen ilun batean jakin genuen, Euskalgintza Orokorraren Batzar Nagusian, baina ezin genuen sinetsi, edo ez genuen sinetsi nahi: Kolko Mitxoletak erretreta hartu eta hor nonbaiteko bazter galdu batean erretiratuko zela erabaki zuen. Kolko Mitxoleta zen gure arteko onena, gure argi gidaria, Belengo izarra; gure aitalehena, jakinduriazko iturri agortezina, begiratu beharreko ispilua, eredu gorena, aita pontekoa. Haatik, Amazonas aldeko zoko ezkutu batera betiko joan zelakoa nahikoa kolpe gogorra izan bazen ere, askozaz ere kolpe gogorragoa izan zen jakitea burua arras galdurik zebilela. Kolpe gogorra ez ezik, B-12rena gertatu zenez geroztik hondamendia zela iritzi genion, itzulbiderik eta atzerabiderik gabeko desastrea.

        Amazonastik etortzen ziren berrien arabera, Mitxoleta burutik zeharo egina omen zegoen, soa infinituan galdu egiten zitzaion, estramonioa edo asma-belarra neurriz gain hartu dutenei gertatu ohi zaien bezala; lerdea omen zerion, ez zen esfinterrak gobernatzeko gauza, eta ez omen zuen ezer edo ia ezer esaten, eta hau hain zen harrigarria hainbat eta hain ongi mintzatu zen batengan, non batzuk larritu ziren, agian mintzamena galtzear edo are ahalmen hori arraso galdurik egongo ote zen. Ez zirudien halakorik zegoenik, baina; gaixotu zenetik, eliteko andereño talde batek zaintzen zuen, eta Mitxoletaren buru-osasunaren egoera gai kasik tabu bat zen arren, eta Mitxoletaren egoeraren inguruan nolabaiteko sekretismoa hedatu bazen ere, andereñoek esanda jakin genuen oso noizbehinka hitz batzuk esaten zituela, behintzat. Ulergaitzago egin zitzaigun jakitea beti hitz berberak errepikatzen omen zituela, eta are arraroagoa ere hitzok zeintzuk ziren, azkenik, jakitea: «Paripé... alua... paripé...». Gero isiltzen omen zen, eta handik ordu, egun edo aste batzuetara ekiten zion ostera berriz: «Alua... paripé... alua». Esanahi ezkutu, kabalistiko, magiko, tantrikoa agian, suposatzen zitzaien hitzei (egia esan, ez dakit zergatik egozten zitzaien inolako zentzurik burua joaniko baten hitzei, baina gure artean beti horrela izan denez, eta zoroen hitzek, orakuluarenak bailiran, esanahi sakona dutela uste izan denez, logikoa zela iritzi nion), inork atzeman ez, baina hermeneutika-saio luzeak eragin zituen esanahia, nahiz behin-betiko ondoriorik ateratzea ezinezkoa gertatu. Ofizialtasunik gabeko iritzi ezkor eta zabaldu baten arabera, Kolko Mitxoletaren hitzak etsipenezkoak ziren, «Elemenia Nebrijana» talde higuingarriko elementurik preklaroenek sorrarazia. Funtsean, Kolko Mitxoleta, bere jarrerarekin, frogatzen eta bermatzen ariko zen, de facto, dena paripé bat dela dioen teoria, Luis Ferdinando Gorrigualdok sustaturiko horixe bera, egiazkoa zela, eta, beraz, hitzok aipatu teoria horren aurrean amore ematen ari zela frogatuko zuten. Honek bereziki kezkatzen gintuen, eta nazkatzen eta etsitzen, halako moldez non gutariko gehienek, gaia solasbidera orduko, Bereterretxeren khantoria eta arbasoen beste hainbat lelo kantatzen, doministiku saio-luzeak egiten edo belarrietan tapoiak jartzen baikenituen.

        Baina, egia esan, goian esandako guztia baino areago, B-12ren agertzea izan zen Kolko Mitxoletarengana burua jirarazi ziguna, zein umezurtz ginen konpreniarazi ziguna. Hau da, Mitxoleta Amazonian zegoela ahaztu ere egingo genuen B-12 agertu izan ez balitz. Eta B-12ren agertzea, bere aldetik, inork aldez aurretik pentsa zezakeena baino mila bider sinpleago izan zen. Egia esan, beti bere zain egon izan bagina bezala izan zen, eta, neurri batean bederen, hala zen, hau da, haren aiduru egonak ginen betidanik, euskara paradisuko hizkuntza zela esaten zuten garaietatik, bederen, eta nork daki lehenagotik ere ez ote geunden zain. Beraz, gertaera bere hartan hartuta oso harrigarria zen arren, guretzat oso berezkoa izan zen, oso naturala. Hain natural eta berezko non batzuen jarreretan halako haserre txiki bezalako bat nabarmentzen baitzen, pixka bat larderiatuko balute bezala, esan nahiko bailuten, garaia zen, edo, berantetsiak ginen, edo, a zenbat arazo konponduko zen mila urte lehenago etorri izan bazina, auskalo zertan ibili zaren orain arte. Gero aitortu behar da B-12k ere, bere aldetik, bere baitatik jarri zuela zer edo zer, baita ere, agerpena natural-natural onar genezan: Arantzazun lurreratu zen, noiz eta frantziskotarrak bertara heldu zirenetik 500 urte betetzen ziren urtean. Arantzazu... euskal orubea eskuzabal ureztatzera etorririko hainbat jario emankorren iturburua, eta, bide batez esan dezadan, apaltasunez maskaraturiko harrokeria pittin batez, nire sorlekua. Bestalde, B-12 berde-berdea zen, beti-beti-beti esan izan diguten bezala, eta, hori gutxi izanik pixka bat gehiago lagundu nahiko baligu legez, E.T.ren peto-petoa zen, haren bikia zirudien.

        Azkenik berresten zen, aldez edo moldez, mila bider susmaturikoa: euskara zela, paradisukoa ez bazen, bai behintzat Marteko hizkuntza. Horren frogatzat, B-12ren gaitasun linguistiko izugarria. Bere buru berde erraldoian, garai, toki eta erregistro guztietako euskara guztiak kabitzen ziren: berdin egiten zizun Axularren liburuak bezala nola Bizkaiko azken baserriko aitona hortzik gabeak orain bi mende egingo zizun bezala, era arrunt eta estandarrenak ere ahaztu gabe, noski. Harrigarria zen; denok, une batean edo bestean, izatea amesturiko hiztun aparta, bikain, egoki, tenoreko, ezin hobea zen. Hau oso garbi eduki genuen hasiera-hasieratik.

        Bestondoa —ajea, biharamuna... erabat-erabat, baina— kentzeko erremedioaren jabe zelakoa, ordea, ez zitzaigun, hasierako elkarrizketa haietan bederen, guztiz garbi gelditu. Iritzi kontrajarriak zeuden horri dagokionez, zerbait entzun bai baina esan denaren zentzua erabat ulertu ez denean gertatzen den bezala. Batzuek esaten zuten baietz, argi ulertu ziotela, bere ahotik, ajea erabat sendatzeko botika edo erremedioa ezagutzen zuela, eta guri erakusteko prest zegoela; beste batzuek zioten ez zuela inolaz ere horrelakorik esan, hori B-12ren egiazko hitzen interpretazio oso zabal eta baikorra zela, B-12k benetan esan zuena zela batzuetan, hau da, baldintza jakin batzuk gertatzen zirenean, eta orduan bakarrik, sendatzen zuela bestondoa, eta baldintza horien barruan, gainera, ajea kendu nahi zuenaren borondateari zegokion zerbait bazegoela, hau da, nork bere aldetik zer edo zer ipini behar zuela. Beraz, ez zegoen erabateko adostasunik, eta hortik hainbatek ateratzen zuen ondorioa zen B-12, puntu horri zegokionez, nahita eta berariaz anbiguo agertu zela. Ostera, ez zegoen anbiguetaterik bere buruari bestondoa erabat, errotik, zeharo, guztiz kentzen zionaz bezainbatean. Puntu horretan B-12 oso garbi mintzatu zen. Eta, jakina, oso-oso garbi gelditu zen, baita ere, euskararen auzia konpontzen lagunduko zigula; ohartarazi zigun, ordea, eman beharreko urratsak zeintzuk ziren esango zigula, baina berak ez zuela lanik egingo, lana guk egin beharko genuela, horixe zela ordaindu beharko genuen prezioa.

        Esan genion baietz, ez zegoela arazorik, gu lanerako prest geundela, gogotik ekingo geniola. Konforme, esan zuen, orduan, behar duzuen lehenbiziko gauza, hasteko, kanon literario bat da. Ez, ez, ez —moztu zigun, gutariko batzuek zer edo zer esan nahi genuela iruditu zuenean—, bigarren, hirugarren edo are laugarren mailan baizik ez naiz ari linguistikaz edo gramatikaz. Kanon literario-literarioa. Obrak. Liburuak. Eta orduan, B-12k kanon bat behar genuela esan zuenean, hain zuzen, hasi ginen Kolko Mitxoletarekin gogoratzen, bera baitzen, gure artean, soziolinguistika, filatelia, matematika, sumo, eraikuntza, filologia, apikultura, psikologia, zinema, latina, enologia, zientzia, literatura, numismatika eta abar, hau da, zer edo zer, kanon bat zer izango zen ere barne, esaterako, eta gauzak, orokorrean, zekizkiena. Earrainyú, esan genuen, Kolko Mitxoletak jakinen du kanon bat zer den eta zertarako balio duen, baina Amazonian galdurik dago, eliteko andereño batzuek zainduta, eta «alua, paripé, alua» baizik ez du esaten. Earrainyú. Baina B-12 ez zen gutaz errukitu; kanona bilatzetik hasi eta gero mintzatuko gara, horiexek izan ziren bere hitzak.

        Bestetik, aise ulertzen da B-12ren agerpenak eta bere errebelazioek sortu zituzten poza eta ilusioa itzelak izan zirela; eta, hori ulerturik, are aiseago ulertzen da denok —B-12 ere barne, noski— sagardotegira afaltzera eta gero parranda egitera joan ginela. Eta parranda ikaragarria egin genuen, sekula ez bezalakoa, kanona bilatzen hastearena hurrengo egunerako, geroko, bai, geroko utzirik; eta edan ere, luze, ikaragarri luze edan genuen, batez ere B-12ren botika probatuko genuelakoan eta bestondorik edukiko ez genuelakoan (zeren, gure artean esan dezadan, bestondoa baita edateak sortzen duen arazorik txarrena). Eta horrela, hurrengo goizean, porru eginda geundenean, elkartu eta B-12ren bila joan ginen, orduan argituko zelakoan bestondoa kentzeko botikaren misterioa. Beharra ere bagenuen, eta ez nolanahikoa.

        Baina, gutxien espero genuenean, B-12 bainaka eta aitzakiaka hasi zitzaigun. Agian ez zitzaigula botika gustatuko, bigarren mailako ondorioak eduki zitzakeela, norberaren aldetik prestazio gogortxoak eskatzen zituela... Ez genuen deus ulertzen, eta, aldiz, B-12 udaberriko lilia bezain fresko zegoela ikusten genuen. Tira, B, esaten zioten gutariko batzuek —zeren, aurreko gaueko parrandaren ondorioz, B-12 kide berri bat bezala ikusten hasiak ginenez, batzuek «B» deitzea erabaki baitzuten, izena laburtzeko eta nolabaiteko familiartekotasuna erdiesteko, eta munduan zehar ezizenak jartzen famatu gaituen omenari omenaldia egiteko (B-12 zenez B deitu, ulertzen?)—, eta halaxe esaten zioten, B, zuk ez duzu bestondorik, beraz edabea hartu duzu, ezta? (Edabea esaten genuen, zergatik ez dakidala denok edabea zela uste genuelako). B-12k zalantzati erantzuten zuen, bai..., esaten zuen aurrena, eta gero berriz, ez..., eta gero, bai baino ez..., zeren..., agian ez zaizue gustatuko..., oso pertsonala da... Baina gure sabai idortuak, ura ere metabolizatzeko ez ziren gure gibelak, gure buru lodiak, gure puxika hanpatuak, ez zeuden B-12ren atzera-aurrerak, duda-mudak eta planta herabetiak jasateko moduan, eta orduan orro batean hasi gintzaizkion edabe eske, gure neurona matxuratu eta zulatuei gelditzen zitzaien kemen guztia —asko ez bazen ere— bilduz.

        Orduan B-12k, erabakia harturik, nonbait, jarreraz aldaturik, isilarazi eta argi hitz egin zigun. Ongi da, esan zuen, hala nahi baduzue... Baina garbi gera dadila eskatu egin didazuela. Edabea neure barruan dago, esan zuen. Edabea neu naiz. Hemendik atera behar duzue, eta hau esaten zuelarik, bere gorputz berdearen hanka arteko konkortxo bat seinalatzen zuen, ordura arte oharkabean pasatu zitzaiguna.

        Labanaz mozten ahalko zen isiltasun erabatekoa pausatu zen gure gainean aldarrikapen hau entzun zenean.

        Garbiago esanda: Zurrupatu egin behar didazue, esan zuen, ozen eta klaru.

        Gure artean inork ez zuen txintik ateratzen.

        Zurrupatu, lamikatu, zupatu, miaztu, txupatu, miazkatu, mizkatu, milikatu, zurgatu, hurrupatu, edoski, murduskatu, xurrup egin behar didazue, ekin zion ostera ere B-12k, denok ongi konprenitzea nahi zuela argi ikus genezan.

        Baina gure artean inork apurtzen ez zuen isiltasunak garbi erakusten zuen arazoak ez zuela zerikusirik euskararen aldaera diatopiko edo diakronikoekin, ez erdararen presioak eragindako isoglosa-ezabatze tamalgarri batekin, ez euskal bokalismoaren galerarekin, ez autogorrotozko agerpen batekin, ezta mintzagaiaren auzi ia-metafisiko eta hainbeste eta hainbeste aldiz eztabaidatuarekin ere.