Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

HONTXA

 

Bide bazterrean gelditu eta pixa egiten hasi zen. Udako eguzkiak distira irasten zion ibaiaren azalari, haltzen soinekoari, belarraren berdeari eta trenbideko burniari. Hontxak ezkerreko eskuarekin kontzen zion zakilari eta ibai handiaren parean bera ere kontent zen, erreka sortzaile. Katua izan nahiko zuen, begiak erdi itxirik, bazkalondoko lo-kuluxka belar haren gainean etzinda gustura egiteko. Boz zakar batek iratzarri zuen, ustekabean. «¡Arriba las manos!».

        Obeditu behar izan zuen eta galtzetan normalean baino arrasto zabalagoa gelditu zitzaion. «¿Qué hace usté ahí?». Hankak daldaraka, hitzik erran gabe, galtza bustiak erakutsi zizkien. Irri ero bat atera zitzaien, baina segituan berriz ere serio jarri ziren. «¿Quién es usté? ¿A qué grupo pertenece?». Solasa apal-apal utzi zuen erortzera: «Jose Gonzalo Agirre. Pero unos me xaman osaba y otros Gontxalo». Etxean hala erraten baikenion, ttikiek eta handiek diferente. «¡Dénos eso que lleva a la espalda, sin hacer ninguna tontería!». Osabak largabista eman zien, bere zorroan sartua. «¿Qué es esto?», galdetu zioten. «Un telescopio». Tresnaren xoko guziak begiratzen zituzten bitartean, buru egiten zuenak kontu arrotz batzuk aipatu zizkion: «guerra, Africa, Franco, requeté, España, el-puente-de-Endarlaza, coronel-Beorlegi...». Berak ez zuen azkeneko galdera bertzerik entenditu, «¡Díganos usté el camino a Irún por monte!». Ikaratua, baina ekarki zuten itxurari erreparatu zien. Jaunzkerari, zapelari, oinetako botei... eta pixkan-pixkan lasaitzen joan zen. Bat-batean buruak eman zion gertatzen ari zen misterioaren erantzuna: ez zegoen dudarik, gizon haiek, hala jauntzirik eta eskopetak eskuan, teatro egiten ari ziren! Berari ere gustatzen zitzaion antzerki egitea! «¡Yo no sé!», erran zien, irri murritza zintzilik, konplize. Bera ere jostetan ari zela, alegia. Orduan gizon haiek haserre itxura egin zuten, hagitz ongi egin ere, zinetan ari balira bezala. «Si no nos dice usté el camino pa Irún, le llevaremos detenido y le juzgaremos por rojo revolucionario y por comunista! ¡Y por espía!».

        Beorlegi koronelaren gizonek preso eraman zuten mendian goiti. «¡Pues te vienes con nosotros, por cojones!». Eta gure osabak, besoak goiti eta gorputza tente, militarren arauek eskatzen duten duintasun itxura egiten zuela: «Como ustedes quieran, ¡mi comandante!». Argimiro Ibirikuren taldearen eskutan zegoela jakinarazi zioten. Sarjentu gradua emana zioten, egin zituen azioen sari. «¡Cagüendios!, van a aprender pronto mi nombre en este pueblo, Argimiro, ¡el que no deja un rojo vivo!». Ez zekiten prisionero hura komunista, sozialista edo anarkista ote zen, baina garbi zuten ez zela jenero naturala. Paraje haietako jendea bazkalondoko siestan egoten zen tenore hartan, eta ez zen gisa hartara jaunzten. Harrapatu zuten sujetu hark militar arropak zituen, hagitz bereziak, hori bai, ez guardia zibil, ez karabinero, ez falanje eta ez, jakina, errekete!, eta gainera largabista izugarri bat zeraman lepotik zintzilik. Zertarako arraio nahi ote zuen pertsonaje hark halako aparatua?

        Alkasorora trenean ailegatu zen egunean ere guk galdera berbera egin genion geure buruari. Zer eskopeta klase ekarki ote zuen arrotz hark bizkarrean. Eta zer gerratatik ihesi heldu ote zen, halako jaunzkerarekin. Geltokiko jefeak ikusi zuenean, ezpainetik txilibitua kendu gabe, soldaduen agurra egin zion bromatan. «¿A quién busca usté?», galdetu zion. «Querría xegar a Martinbaita, señor. Si vos fuera tan amable». Ferrobiarioak pentsatzeko keinua egin zuen, biboteko ileak behatzen artean bihurrituz. «No se preocupe, esos chavales le acompañarán», erran zion, Etxeberriko Joakin eta Gorrintxeko Pellori begira. «Ieup!, mutilak!, erakutsiozue jeneral honeri non den Martinbaita. Maleta garraio laguntzen badiozue, igual saria emanen dizue».

        Irun aldera bueltan zihoan trena tunelean sartu zenean, neronek ikusi nituen maldaren goiko buruan agertzen. Baserri guzietako zakurrak saingaka hasi baitzitzaizkien, etxeko leihora atera nintzen, zer gertatzen zen ikustera. Handik ikusi nituen, Joakin eta Pello, maleta bana eskuan, izerdi patsetan, eta bera, burua eta gorputza tente, ezker-eskuin begiraka, hegal zabaleko zapela eta militar uniforme goititik-beheitirainokoa, bere uhalak eta guzi. Lepotik zintzilik ekarki zuenak niri ere eskopeta motzen bat ote zen pentsarazi zidan. Gero ikasi genuen teleskopioa deitzen zen tramankulua zela eta urruneko gauzak ikusteko balio zuela. Hankak eta guzi bazituen. Lurrean paratu eta handik begiratzen genuen. Zer zen hura! Harekin Larun jo eta etxe ondoko aran arbola bezain hurbil ikusten zen! Harekin begiratzen genuen ilargian jenderik bizi ote zen edo gure ardiak zerrakura gainetik salto egin eta belartegitik atera ote ziren, eta herriko parrokiako erloju handiak zer ordu markatzen zuen! Berak beti eramaten zuen bizkarrean, baina batez ere hegaztiei begira egotea gustatzen zitzaion.

        Gure etxean geldituko zen bizitzera. Hala eskatzen zion gure aitari bere anaia Albertok bidaltzen zion kartan. Izeba moja hil berriaren gelan paratu genuen. Gaixo hark atera gabe hainbertze urte pasa zituen gela berean. Moja izan nahi zuen, baina komentutik etxera bidali zuten bueltan. Ez zuela balio. Beti errezatzen eta errezatzen, leihotik begira.

        Hantxe gustura, begien menera, gibeleko aldeko belar soroa, malda goxo bat egiten zuela, haurdunaren triparen gisara. Beheitiko partean arbolak, usu-usu, haltzak, urritzak, akaziak... Urrabiarentzat itzal, hostoz beteak zeudenean, eta gorotz, haiek euri tantak bezala erortzen zirenean. Ikuspegi ezin ederragoa, kristal haietatik begiratzearekin gehiena gozatzen zen gizon etorri berriarendako.

        Lehenbiziko gauean ikasi genuen zer zuen osaba Gontxalok maleta pisuenean, Joakinek erdi herrestaka ekarri zuen hartan. Denak lo ginela, soinu idor bat aditzen hasi ginen. Mahai baten gainean norbait makilarekin-edo joka ari zela ematen zuen. Aitatxi ez bertze guziak iratzarri gintuen. Amatxi protestan hasi zen bere ohatzean, aita eta ama jaiki ziren eta, hondarreko, Julian anaia, Elen ahizpa eta ni ere bai. Denak juntatu ginen pasilloan. Osabaren gelatik ateratzen ziren soinuak. Atearen ondora joan ginen. Ez zen argirik ikusten zirrituetatik, baina tak-tak-tak hark segitzen zuen gelditu gabe. Aitak oihu egitea erabaki zuen. Soinua isildu eta atea ireki zigun. Aitak zer ari zen galdetu zion eta osabak eskribitzeko makina erakutsi zion. Denak hurbildu ginen. Guk ez genuen egundaino halakorik ikusi. Justu-justuan bazela aditzea bagenuen, baina bertzerik ez. Paper bat sartua zuen eta hantxe zentzurik gabeko letra eta numero pila bat. Harro erakutsi zigun. Karta bat idazten ari omen zen. Ilunpetan, argirik gabeko gau beltzean.

        Beorlegiren gizonek ez zuten eskribitzeko makinaren berri. Hura jakin izatera, are duda ttikiagoa gure osabaren espiatasunaz. Bertan bi tiro botatzeko arrazoi bat gehiago. Bakarren batek ez zuen gogorik falta. «¿De qué grupo eres? ¿Quién te manda vigilar con el catalejo ése?», erraten zioten zakar eta bulkaka gizon haiek. Jenio biziko beltx batek, altueran ttikiena huraxe, bertzeek baino ezinegon larriagoa zuen. «¡Cagüenlavirgen, sargento! ¡Nos lo cepillamos y fuera! ¡Uno menos!». Villatuertako bati hotzikarak jotzen zion garondotik ipurxokoraino, barrankes ttikiak ahoa irekitzen zuen aldiro. Bere herriaz oroitzen zen. Garia pikatzen behar zuen orduan, igitaia eskuan. Igitaiaren partez fusila. Gariaren zuztarra beharrean, gizon haren gerria. Zer ari zen han? Ezin izanen zion gizajo hari tiro egin. Kaka galtzetan! Estreinakoarekin guziei gauza bera gertatzen zitzaien. Hala erraten zien Argimiro sarjentuak. Gero, denborarekin, jarriko ziren. «¡Igual igual que tirarle a un conejo!». Bero sapa harekin zainetako odola irakiten. Mendian goiti nora jakin gabe joaki zirela, bertze talde batekin egin zuten topo.

        Haiek bazuten erakuslea. Pedro Lizaso, Dorreluzeko seme zaharrena, haiekin batera heldu zen, haiek bezala erreketez jauntzia. Gure etxera maiz etortzen zen. Bere ama eta gure amatxi, lehengusuak. Osaba Gontxalo ikusi zuenean harritu egin zen, eta fusilatu gogo zutela aditu zuenean pixka bat ikaratu ere bai. Hari esker libre utzi zutenean, etxera etorri zen lasterka, teleskopioa lepotik zintzilik. Ordukotz ohartua zen ez zirela teatroa egiten ari. Primeran oroitzen naiz egun hartaz. Trumoia lehertu zen arratsalde partean, beroaren gorrotoz, eta niri lehenbiziko aldiz etorri zitzaidan odola. Bera bezain izitua nengoen ni. Ez bata ez bertzea ez ginen aste osoan etxetik atera. Beharrik Teofilo zegoen gure etxean, Irungo trena ez zebilelako, Ziburuko bere etxera ezin joan Sanferminetatik bueltan, eta bere akordeoia eta umore paregabearekin ahantzarazi zizkigun osaba eta bioi gure pena guziak.

        Aitak galarazi zion gauaz makinaz eskribitzea. Kanpotik ere aditzen ahal baitzen, eta ez zuen nahi berriz ere militarren bisitarik hartu. Kartarik gabe geldituko zen Belinda, itsasoaren bertze aldean utzia zuen bere maitea, harentzat baitziren idazten zituen guziak. Bular handiak omen zituen, «como dos lunas llenas». Ostatuan, Zeferinok adarra jotzen zion nahi adina. «Es muy linda tu Belinda? Egon haiz egundaino haren gainean etzinda?». Astean behin jausten zen herrira, papera, kartazala eta selloa erostera. Ez genion karta botatzen sekula ikusi, ordea. Bera desagertu eta gero aurkitu genituen denak, usategiko txoko batean. Uso mezulariak aspalditik greba mugagabean zeudela ez jakiki berak.

        Baina gizona beti gizon, eta osaba ere berezi xamarra baina halaxekoa. «Altso ta maltso, denak igualtso!», erraten zuen gure amak. Segituan harrapatu zuen, Belindarekin ezin eta, bere ametsak beteko zituen bertze norbait. Bordako Maripaz sartu zitzaion begitik.

        Gizona preso eraman baitzioten Iruñera, Beratik Alkasoroko amaren baserrira etorri berria zen, alaba ttikiarekin. Belinda deitzen hasi zitzaion. Hari ere kontatu zion gizon batzuek hartu eta mendira eraman zutela eta hil nahi izan zutela, ez zizkielako erran nahi berak zekizkien sekretu guziak. Ez zielako kontatu non egiten zuten kabia ttorttolek edo zer ordutan ernatzen zen martin arrantzalea, ez eta non biltzen zituen harri kristalezko zoragarri haiek, egun batean hari, berarekin esposatzen baldin bazen, emanen zizkion diamante haiek.

        Bolada luze xamarra eman zuen Maripazen ondotik. Beharrik haren umore onari, «Ni ez naizela Melinda, ni Maripaz naizela, demonio eroa!». Ilargi beteko gau epel batean leiho parera agertu zitzaion larrugorritan. «Hola Belinda, ¿oíste las ranas?», galdetu zion. Emakumearen anaiak aizkora paratu zion lepoan, hura moztea nahi ez bazuen handik joateko. Maripazi soberaxko iruditu zitzaion leihora agertze hura. Handiagorik ez zuen biztu, guregatik, baina osabari adierazi behar izan genion bakean utzi beharko zuela emakume hura, gure etxean segitu nahi baldin bazuen. Berria agudo zabaldu zen Alkasoron barna, halere. Zeferinok orduan bota zuen lehenbiziko aldiz: «Gontxa-lo? Aski erne zegoken hau! Gauaz ibiltzen diren hontzak bezala! Gon-txa-lo! Gure Hon-txa!». Baina hortxe gelditu zen kontu guzia.

        Ilargi betearekin gertatzen zitzaion arropa guziak sobrante izate hori. Gelako leihoa irekitzen zuen zabal-zabal eta teleskopioarekin begiratzen zion, begiak zabalago. «¡Cuánta nieve!», erraten zuen txoraturik, «¡Qué calor! ¡Me abraso!», eta arropa eraunzten hasten zen, deus gabe gelditu arte. Batzuetan kanpora ateratzen zen, isil-isilik, eta paseatan ibiltzen zen, gauenaren hegada eroari ezin segituz edo bera bezalako bertze hontzekin solasean. Gustatzen zitzaion Urrabiara joatea, presa azpiko putzutik beheitixeago, ibaia zabaltzen zen tokira. Han bazen harri-zelai bat, urak denboraren poderioz eginiko lana. Uharri leun haien artean bilaka gustura aritzen zen. Ilargiaren argitan kristalezko politenak bilatzen zituen. Belindarendako bere diamanteak. Leku hartan zegoen, hain zuzen ere, urte pare bat lehenago, tiroak izan ziren ilbeltzeko gau hartan. Kontrabandoko konturen bat, segur aski, tartean Uraldeko Anjel eta Sadaba ibilki baitziren. Herri osoa iratzarri zen eta osaba ikaratua etorri zen. Etxekoek orduan ikusi genuen biluzik lehenbiziko aldiz. Daldara batean zegoen, hotzak eta beldurrak.

        Gerrak mugimendu handia ekarri zuen herrira, eta berri onik bakar bat ere ez. Eztandak eta tiroak noiznahi aditzen genituen eta bagenekien hegazti eta erbiekin batera bi hankako animaliek ere eskapo ibili behar zutela. Ospitaleko moja batek idazteko bere zaletasunari eskerrak irauten zuen bizirik, koaderno lodi bat betea zuen, Infernua lurrean. Berako Hargaitzeko harrobira kamioiak ailegatzen ziren: apez bat, fusilez armaturiko soldadu boluntarioak eta begiak bendatuak zituzten gizonak, eskuak bizkarraldean loturik, egunaren argia berriz ere ikusiko ez zutenak. Bortz-sei fusilek batera egiten zuten su. Herriko bestetako artifizialak lehertzean egiten zuten burrunba bera. Ondoko baserrietan zakurrek uluka ematen zuten gau osoa eta jendea erotzen zen animalien negar doinu hura jasan ezinik. Baserritarren gurdien gainean, behar lukeen belar edo iratzearen partez, denetik ikusten ahal zen: fusilak, ogiak, arropak, gizon hautsiak... Soldadu arrotzek atea jotzen zuten destenorean, jana, edana edo ohatzea eske. Bertzelakorik hartzen ere saiatzen ziren, baina guraso onek giltzapean gordetzen gintuzten neskatxa gazteak. Osaba Pauloren kartak ailegatu ziren frentetik, Somosierran bala batek betikotz isildu zuen arte. Iraileko ilunabar batean zerua gorritu zen arraso. Itsasoak gainez egin du odolez, erran zuen aitatxik, eta zerua haren ispilu! Txinguditik Urrabia goiti iheska heldu ziren hegaztiek ekarri ziguten notizia, irratian aditu baino lehen: Irun erretzen ari zen.

        Hurrengo goizean izeba Mines etorri zitzaigun etxera negarrez, Sadaba bere ohatzean harrapatu zuten falanjistek. Uztailaren hemezortzian berean ihesi joana zen mugaren bertze aldera, baina hain denbora luzean elkar ikusi gabe ezin jasan eta hasia zen gau batzuetan etortzen izebarenera, elkarri penak arintzera. Norbaitek salatu eta Kaxernara eramana zuten preso. Izebari erran zioten Berako harrobira eramanen zutela arratsean. Fusilatuko zuten! Hilen zuten!

        Aita eta aitatxi Lizasotarren etxera joan ziren, jendakiak baitziren, Sadaba libratzeko laguntza galdetzera, Pedro gaztea Alkasoroko erreketeen buru zela jakinda. «Asunto txarra!», erran zien, «Sadaba hori lehenago ixil-ixilikan ibiltzen zen, biño fabrikako hondarreko huelgan ederki erakutsi zuen gandorra! Anarkista gogorra! ¡Por-lo-menos-de-la-FAI! Harrapatu dutenean pistola eramaki zuen galtzetako sakelan. Bueno, harrapatu dutenean ez, ohatzean ari baitzen Minesekin! ¡Otra-que-tal-baila! Kontent egoten ahal da bera ez badute eraman! Gainera falanjistek hartu baldin badute, guk ezin dugu gauza haundirikan egin. Badakizue nor dabilen falanjistekin? Lainez guardia zibila! Zoazte, zoazte falanjistengana!».

        Eta Kaxernara joan ziren, falanjistengana, gure etxeko bi gizonak, nahi ez bazuten ere, estomakan zimikoa eta lepo atzean berotasun bat, brasa su bajuan bezala. «¿Qué tienen contra este hombre? ¡Este hombre no ha hecho nada malo!». Deusetarako ez aitatxiren hitz zuzenak. «Harri koxkorra ditek hok bihotzaren partez!». Don Ferminengana joatea bakarrik falta zuten, baina indarrik aski ez eta amak joan behar izan zuen. Joan baldin bazen joan zen, ongi lotsatua bueltatu ere bai. Ea zer galdetzen zion, ez ote zekien gizon hura nor zen, aber ez zen oroitzen nola ibili zen sanferminetako igande hartan, Lesakatik bueltan, arraso mozkortua eta espantuka, elizari su eman behar ziotela erraten.

        Ilunabarrean, Julian anaia lasterka sartu zen etxera eta aditu nahi ez genuena erran zuen, Sadaba gau hartan berean eramanen zutela harrobira, aitzineko egunean muga aldean harrapatu zituzten bi etxalartarrekin batera. Lainezek berak ostatuan errana, muturra poliki berotu ondotik, harrokeriaz, bere trajean ezin kabituz.

        Minesek arratsalde hartan egin zituen negarrak Urrabiara joan izatera, uholdea izanen zuten Endarlatsan. Ama eta Bordako Maripaz ondoan zituen, kontsolatu nahi eta ezin. Aita eta aitatxi desagertu ziren. Ezin jasan. Amatxi bere ohatzetik ezin zen altxatu. «Ekarran ttantta Marikarmen! Gizona fusilatu nahi dutela? Hik laguntzen badidan, nerone joanen naun iluntzean Hargaitzera». Ezin ordea. Nahita ere, ezin mugitu gaixoa. Osabaren gelara joan nintzen gero. Apenas ateratzen zen kanpora bolada hartan. Leiho parean zegoen, teleskopiotik begira. Kabia bat joa zuen, bete-betean. «¡Es de billigarrua!», erran zidan, munduko bertze deusetaz ohartzen ez balitz bezala. Gau hartan ilargi betea izanen zen.

        Izeba Mines gure etxean gelditu zen. Gainerako guziak lo zirelarik, paretaren bertze aldean aditzen genuen nola ari zen negarrez, ama haren ondoan, lagun egiten. Elen eta biek leihoa ireki genuen. Kanpoan den-dena isilik zegoen. Zerua izar, ilargi beteak argi-hautsa isurtzen zuen mendi arteko ibarrean. Alkasoroko karriketan, Urrabiaren arrimuan, argi batzuk ageri ziren. Urrunago, argi gehiago, Berako herria.

        Kamioi motel baten gurpil pisuek sagarroi bat zanpatu zuten gupidarik gabe Hargaitzeko harrobian gelditu baino lehen. Ondoko baserriko zakurrak gaueroko sainga tristean hasi ziren, gaur-gaur-gaur!, gaurerebai!-gaurerebai! erranez bezala. Zakurretik zakurrera, etxetik etxera zabaldu zen berria, gurera ailegatu eta Xarpak ere berea jo baitzuen, ondoko baserrikoek adi zezaten. Txoferrak motorra isilarazi zuen. Zakurrak ere istant batez isildu zirenean, Urrabiaren orroa aditu zen presako ur-jauzian. Ondoko aulkitik Lainez eta apeza jautsi ziren. Don Ferminen sotanari lustrea eman zion ilargiaren argiak. Gibeletik bortz atorra-urdin atera ziren. Hiru kondenatuak, eskuak burnietan preso, kolpeka jautsarazi zituzten, fusila akuilu. Pauso batzuk eman eta harmasako paretaren kontra paratu zituzten. Apeza hurbildu zitzaien, baina hirurek segituan bidali zuten. «Alde egizak hemendikan bele zerri hori!», bota zion Sadabak. Pixka bat baztertu eta burua beheiti egin zuen, errezatzen ari balitz bezalako postura faltsuan. Gero, bi soldaduren artean zapi bana paratu zieten begietan. Bortz gizonak errelduan jarri ziren, Lainezek tiro egiteko agindua noiz emanen ote zuen zain. Hontz baten ulua aditu zen harrizko paretaren goiko partean.

        Lainezek begiak altxatu zituen, hegaztiaren mintzurua aditu zen lekura. Norbaitek zerbaitekin ispilua eginez bere begira zuzentzen zuen ilargiaren argia. Argi apala izanagatik itsutu egiten zuen eta ezin zuen ikusi nor zebilen goialde hartan, Kamaindegiko laminzuloaren atean. «¡Algún cabrón anda suelto por ahí arriba!». Militarrek ere goiti begiratu zutenean, Hontxak lurrean utzi zuen teleskopioa eta harrika hasi zen Lainez eta bere morroien kontra. «¡Faxita de mieeerda!», egin zien oihu. Orduan ikusi zuten justu-justuan, ilargiaren argitan, bere indar guziarekin botatzen zizkien kolore guzietako diamanteen artean. Larrugorritan zegoen. Kamioiaren atzean paratu ziren eta tiroka hasi ziren ero moduan.

        Kargadoreak hustu eta fusilak gelditu zirenean, ez zen ezta zakurren sainga ere aditzen. Herri osoko bizidun guziak isilik, ez lo ordea, belarriak erne. Zer izan ote zen hura? Laminzuloaren atean ez zen inor ageri. Paretaren kontra ere ez, hiru detenituak ihes eginak ziren. Hontz handi bat pasa zen hegaka falanjisten gainean. Lainezek bota nahi izan zuen, baina pistola trabatu zitzaion eta hegaztia galdu zen Urrabiaren gainetik Alkasoro aldera. Guk geure leihotik ikusi genuen, ilargiak bete-betean jotzen zuela.

        Hurrengo goizean soldadu mugimendu handia izan zen Berako harrobian eta Alkasoroko mendietan. Martinbaitara ere sartu zitzaizkigun, gure jendakia, Pedro Lizaso, buru zutela. Ez egiteko ergelkeriarik eta errateko non zegoen gordea osaba. Etxe osoa hankaz goiti paratu zuten. Orduan ikusi genituen Belindarendako kartak, usategiko txoko hartan.

        Hontxa ez zen egundaino agertu, ez bizirik ez hila. Harrobiko paraje hura sorgindua bezala gelditu zen eta frankistak ez ziren sekula bueltatu harat inor fusilatzera. Ziburuko Teofilok erran zidan guk ikusi genuen hontz hura Kamaindegiko zulotik sartu eta hurrengo hilabeteko ilargi betean Sarako lezean atera zela.

        Alkasoron, ilargi betea izan den frankotan ikusikatu dugu nola hontz bat ateratzen den Kamaindegiko zulotik eta nola ibiltzen den bueltaka herriaren gainean, eguna argitzen duenean berriz ere etorri bidetik itzuli arte.