Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Herrera de la Mancha

 

1983ko uztailean atera ninduten Puertotik Alcalara, azken epaiketarako. Alcalan nengoela, urrian hain zuzen, Herrerara eraman zituzten Puerton zeuden adiskide guztiak. Eta epaiketaren ondoren ni ere bai, abenduaren 27an.

      “Zeukan izenik gogora ekarri ere nahi ez dudan Manchako basa-herri batean, orain denbora asko ez dela, aiton-seme bat bizi zen, arma-tokian lantza gordetzeko, eta ezkutu zaharra, zaldi argala eta galgo-zakur korrikalaria zeukaten horietatik bat”. Horrelaxe hasten da On Kixote liburua. Bada, Herrerako orduko erregimenak zeukan izenik ez dut gogora ekarri nahi; ezagutu egin behar zen hura zelakoa zen sinesteko. Militarra zela esan izan da, baina halako erregimen militarrik ez da inon izango. Gu suntsitzeko eta deuseztatzeko ahalegina prestatu zuten han. Infernua zen espetxe hura, basa-etxe bat... Kixotearen lantzak eta ezkutuak eta zakurrak!

      Alcalatik furgoian helduta, sarrera izugarria egin genuen Herreran. Bi hilabete lehenago hara iritsiak ziren gure lagunak, eta haien sarrera ere horrelakoa izango zen, beldurgarria. Baina nik ez nekien zelakoa izango zen, noraino izango zen izugarria. Furgoitik jaistean “korridorea” egin ziguten kartzeleroek. Jantziak goitik behera erantzarazi zizkiguten. Biluzik nengoela, irribarre egin zidan kartzelero batek; hurreratu zitzaidan, kendu zizkidan betaurrekoak sudurretik eta puskatu egin zituen lurrean. Buzo urdin bat eta udako zapatilak eman zizkiguten, ez barruko arroparik ez galtzerdirik. Egin kontu negu gorria zela, sekulako hotza egiten duela Manchako basa-herri hartan, berehala izozten direla patioko putzu zulotxoak. Halaxe geratu ginen denok urte amaiera hartan: buzoarekin zapatiletan. Buzoa txikiegi neukan, sorbaldetan justu-justuan sartuta; izter artean oso estu, min egiteraino; sorbaldetan sartzeko hankartean gora tira egin behar nion!

      Horixe izan zen nire sarrera Herreran. Txapela ere kendu egin zidaten, jakina; beti buruan nerabilen txapela ere bai. Madarikatua izan zen lehen gaua. Berogailurik ez, erdi biluzik, hotzak dardaraka... buzoa sorbaldetatik askatzen banuen hotzago, eta sorbaldetan sartuta, berriz, hankartean minez... Hurrengo goizean errekuentora jaitsi eta neure gauzak eskatu nituen. Alferrik. Hurrengo egunean instantzia bat bidali nion zuzendariari, txapela ematen ez zidaten bitartean ez nintzela patiora jaitsiko. Ziegan geratu nintzen. Hara: nik beti erabili izan dut txapela jantzita, hogeita zazpi urte nituenetik. Parisen, Almuņecarren, lanean, jaietan, tropikoan ere berdin bero jasanezina egin arren, baita Jeremias indigenaren ondoan tarantulak jaten nituenean ere. Txapela beti buruan nerabilen nik, kendu gabe. Galtzontziloak bezain jantzi beharrezkoa zen, eta da gaur ere, nire buruan txapela. Ez da kapritxo edo folklore moduan darabildan zerbait, gaur egun zenbait jaitako jendartera azaltzeko batzuek jantzi ohi duten moduan. Beharrezkoa nuen, eta instantzia hori bidali nion zuzendariari, nire txapelaren eske. Biharamunean ziegan geratu nintzen, neure temosoan. Eta hurrengo egunean eta hurrengoan.

      Hamargarrenean sendagilea, zerbitzuburua eta lau kartzelero etorri zitzaizkidan txabolora. Zer gertatzen zitzaidan galdezka. Hasi zitzaizkidan lotsagabekeria eta burlaize galantarekin. Baina kontua da, hamaikagarren egunean eman egin zidatela txapela, eta orduan jaitsi nintzen patiora. Arropak eta beste gauza batzuk ere eman zizkidaten. Falta ziren batzuk, tartean irratia eta zenbait liburu.

      Erregimen harekin ezinezkoa zen bizitzea. Indarkeria etengabea zen, goizetik gauera, pairaezina. Beraien kalkulua eta xedea zen, zalantzarik gabe, kolektiboa suntsitzea, birrintzea. Atsedenik gabe setiatzen gintuzten, sosegurako tartetxorik utzi gabe; txaboloan bezala galerian eta galerian bezala patioan edo jangelan. Jazarpena eta oldarra! Goizean jaiki orduko, leiho ondoan jarri beharko zenuen zutik, esku ahurrak aurrera begira, errekuentoa pasatzeko. Gosaria, bazkaria... hamar minututan; txaloa jotzen zutenean, dena bertan utzita jaiki. Galerian lagunekin hitz egitea debekatuta zegoen. Kartzeleroak txaloa jotzen zuenean jaitsi behar zenuen galeriatik patiora, txaloa jotzen zuenean egin behar zenuen hau edo hura. Beti bazen kartzeleroaren txaloren bat edozein aitzakiarekin. Jasanezina.

      Herrerara iritsi nintzenerako, lagunak batzarrak egiten ari ziren egoera hari aurre egiteko moduren bat prestatu nahian. Ez zen gauza erraza, erabat setiatuta geundelako, kartzeleroak harro eta garaile ageri zirelako, itomena gainditu ezinik genbiltzalako, gose grebez izan ezik beste borroka eratan esperientziarik ez geneukalako, eta beste hainbat arrazoirengatik. Batzar ugari eta eztabaidak luzeak izan ziren. Txapeoa egitea erabaki genuen azkenean.

      1984ko otsailean hasi genuen txapeoa, zenbat iraun zezakeen jakin gabe; hori ez zegoen asmatzerik. Txapeoari ekin genion goizean, egunero bezala, errekuentoa egiten hasi ziren kartzeleroak. Galeriako lehena zen nire txaboloa; neu kontatzen ninduten lehenengo, eta jarraian gainerakoak. Errekuentorako leiho ondoan zutik egon behar zenuen, esan dudanez. Goiz hartan ordea, ohean aurkitu ninduten, jaikitzeko asmorik gabe. Jaiki eta leihoaren ondoan jar nendila agindu zidan; nik ezetz, buruarekin egin nion ezetz. Ustekabe handia izango zen hura kartzeleroarentzat. Txalo jo eta hau, txalo jo eta hura, horrela ohituta zeuden; panpinak bezala erabiltzen gintuzten. Bat-batean goizeko errekuentoan ez nintzela jaikitzen eta kasurik egiteko asmorik ez neukala ikustea ezin izango zuen sinetsi. Nonbaitera joan eta zerbitzuburuarekin itzuli zen. Jaikitzeko agintzen aritu zitzaizkidan berriro, eta nik ezetz berriro. Eta beste ziegetako lagunek berdin.

      Goiz huraxe izan zen, ziur aski, kartzelako egonaldian izan dudan goizik zoriontsuena.

      Ohetik euren aginduz ez jaikitzea ekintza xumea dirudien arren, euren eskema guztiak apurtu genituen horrekin. Beraien aginte guztia, ahalmen eta botere osoa erori zen ekintza xume batekin. Aginte makila hautsi genien. Eta guretzat liberazioa izan zen haien agintea onartu beharrik ez izatea, haien kapritxozko gestuei jaramonik ez egitea. Ordura arteko tentsio guztia bat-batean hustu genuen. Geure indarraren potentziala neurtzea izan zen; gure boterearen sentipena, Herrerako egoerarekiko erabaki ahalmena eta agintea geure eskuetara pasa izanaren sentipena. Kartzeleroen aurpegian ikus zenezakeen ezina, inpotentzia. Liberazioa izan zen.

      Lehen egunetan jarraitu egin zuten kartzeleroek goizetan eta euren orduetan ateak irekitzen eta errekuentoetarako zuti gintezen agintzen. Baina jaramonik ez genien egiten. Ordura arte guztiz debekatuta geneukan leihoetatik elkarrekin berriketan aritzea. Eta gu txaboloetako leihoetatik elkarrekin hitz egiten hasi ginen, alde batekoak bestekoei deika, txantxetan... Egun osoan txaboloan geunden; ez genuen errebistarik pasatzen, ez ginen jangelan jaikitzen, ez kristorik. Deus ez. Erabateko haustura. Komunikazioak, bisitak eta gainerakoak eten egin genituenez, ez zeukaten txantajerik egiteko erarik, zeri heldurik.

      Bisitarik ezin egin arren, astero etortzen ziren lagunak eta ahaideak. Leihoetatik ikusten genituen autobusetan joandakoak kanpoan, kartzelaren inguruan. Oihuka eta garrasika zerbait hitz egin ahal izaten genuen eurekin. Kontsignak aldarrikatu, halako edo horrelakorentzat agurrak bota... Bisitarik ez, eskutitzik ez... hunkigarria izaten zen astebururo etortzen zen jendea leihoetatik ikustea. “Hor daude”, esaten zenion zeure buruari edo alboko lagunari; “hor dauzkagu, ez gaude bakarrik, ez gauzkate ahaztuta”. Bizi izan ez duenak ezin irudika lezake zein mailataraino zaizun lagungarri animo emaileen atxikimendua. Ez dago hitzekin esaterik, ez dago ezagutu ez duenari bere osotasunean adierazteko modurik.

      Lelo eta kontsigna haietako batzuk, manifestaldietan-eta oso ohikoak direnak, edonork aise ikasteko modukoak ziren, memorian itsaskorrak. Horrela bada, asteburuak joan eta asteburuak etorri denbora aurrera zihoala, hilabeteak ere joan ziren, negua eta udaberria igaro ziren, eta uda heldu; negu oso hotzak bezala, oso beroak dira udak Herreran, baina ilunabar freskagarriekin; uda hartako ilunabar beranduetan leihoetan egoten ginen elkarrekin berbetan; eta halako batean ohartu ginen, gure senideek oihukatzen zituzten leloak entzuten genituela kanpoan astegunetan ere. Ordu haietan ez zegoen han gure ahaide edo lagunik. Haurren oihuak ziren guk ordu haietan entzuten genituenak... Kartzeleroen umeak ziren! Presondegi inguruan bertan bizi ziren kartzeleroen umeak, ilunabarreko freskuran jolasean ibiltzen zirenak, korrika, ezkutuka, euskaldunon leloak errepikatzen:

      — Gora ETA militarra! —batek.

      — Jo eta ke, irabazi arte! —besteak.

      — Presoak kalera!

      — Gora Euskadi askatuta!

      Surrealista zen, kontuan hartuta haur haien gurasoak buruz buruko tirabiran ari zirela gurekin.

      Hamar hilabete luzekoa izan zen txapeoa.

 

 

Kartzelero bereziak ziren, garai hartako egoerari eta guri aurre egiteko propio hautatuak. Errepresioa gustatzen zitzaien, sadikoak ziren, komisaldegietako txakurren antzekoak. Baziren kartzelaz kartzela gurekin bateratsu aldatzen zirenak, Carabanchelen gurekin egonak, gurekin Puertora joanak, eta gero Puertotik Herrerara heldu zirenak. Hauetakoa zen La Gitana deitzen geniona.

      Ni nengoen moduluan zegoen La Gitana, bigarrenean. Inor jazartzaile eta sadikoa izatekotan, huraxe zen. Agintzea maite zuen, plazer hartzen zuen, aski nabarmen igartzen zitzaionez. Gaixotu egin zen txapeoa hasi eta bere aginduei jaramonik ez geniela egiten ikusi zuenean. Nonbait ezin zuen ulertu nola ausartzen ginen bere manu sakratuei kasurik ez egiten, bere agintea aintzakotzat ez hartzen. Horretan oinarritua izango zuen nortasun guztia, eta hori erortzen ari zitzaiola ohartu zenean, gaixo jarri zen. Hiru hilabetera desagertu zen Herreratik. Geroago jakin genuen, beste kartzeleroren batek esanda, urdaileko ultzera bat sortu zitzaiola eta alde egin beharra izan zuela lan hura utzita.

      Itxialdiko lehen sei hilabeteetan ez ginen txabolotik atera ezertarako. Ondoren erabaki genuen, dutxatzera behintzat jaistea. Txapatuta egoteaz gain, ate joka ere jarduten genuen, ordu jakinetan, egunean zenbait aldiz. Ostikoka, komuneko ateaz, ahal zenuenaz jotzen zenuen txaboloko atea, eman ahal guztian ematen. Lau moduluetako lagunak, denok ordu beretan eta batera ateak modu hartan kolpatuz, egundoko durundia eta zarata ateratzen genuen. Ziega barruan egonik eta atea jotzen ari zinela hain izugarria iruditzen ez bazitzaizun ere, kanpoan egonda, galerian edo behean, jasanezina bihurtzen zen, edozein erotzekoa. Behin batean, txabolotik kanpo, dutxatik bueltan harrapatu ninduen ate jotze saioak. Ikaragarria! Borroka hartan, Herrerako kartzeleroen plantilla erdia inguru psikiatrarengana bidali genuen, baja hartu behar izateraino.

 

 

Irakurtzen ematen nituen egunak txapeoan, gaueko ordu biak edo hirurak aldera arte askotan. Zenbat eta liburu lodiagoa, are gusturago. Orduan irakurri nituen Sholokhoven Don baketsua eta horrelako mardul batzuk. Lagunen artean trukatzen genituen liburuak, leiho batetik bestera karroaz pasata. Leiho batetik bestera luzatzen den lokarria zen karroa, muturrean poltsa lotu bat mugitzen zuena. Besoa atera eta ondoko leihora botatzen duzu, eta albokoak harrapatzen duenean tira diezaiola, eta hark hurrengoari, eta horrela galeriaren punta batetik besteraino. Liburuak, janaria edo behar dena pasatzen ahal da horrela.

      Aurrerago, beste borroka batzuk ere egin izan ziren Herreran: gose grebak, txapeoak, planteak. Horien artean gogoratzen dut gose greba bat, nik gaizki pasa nuena lehen egunetan, botaka eta urik edan ezinik. Gogoratzen ditut bi txapeo luze samar, lauzpabost hilabetekoak; hauetako bat 87ko hasieran, Herreratik beste kartzela batzuetara lagunak sakabanatzen hasi zirenean. Protestan, atea jotzeko zerbait behar-eta, txaboloko zokaloa, baldosa zatia harrotu nuen, eta harexekin jotzen. Pintura zartatu eta erori egiten zitzaion ateari. Auskalo zenbat pintura geruza zeuzkan ate hark, lehenengo emandako minio geruzaren gainean. Bada, kolpatzen nuen lekuan pintura jauzaraziz eta minioa bistaratuz, zerbait marrazten hasi nintzen. Egunean hiru-lau aldiz joko genuen atea, eta joaldi bakoitzean bost minutu edo izango ziren. Tartetxo horietan soilik kolpa nezakeen atea, joaldi horiek bakarrik neuzkan nire marrazkia lantzeko. Emakume baten aurpegia marrazten hasi nintzen kolpez kolpe, aldirik aldi. Ate jotze saioaren ostean ohean etzaten nintzen, eta begira egoten nintzaion, hurrengoan non kolpatu, non luzatu marra, bekaina norantz egin pentsatzen... Bost minutu haiek baliatu behar nituen, eta ez zen lan erraza ateari pintura kentzea, gogotsu jo beharra neukan. Eta beste saio baten ostean, hurrena non joko begira ohetik: kokotsa, ilea, begiak, ahoa... Halako batean amaitutzat eman nuen emakume aurpegia, erliebean egina. Baina txapeoak aurrera jarraitu behar zuen, eta ate jotzeek ere bai. Beste txabolo batera aldatu nintzen. Laga egin nuen bi urte inguru egin izandako ziega. Beste txabolo batera aldatu nintzen, beste marrazki bati ekiteko. Irudi landuagoa nahi nuen: baserri bat eta mendia, hemen meta bat, hor zuhaitza, teilatuaren hegala, detaile guztiak. Ziega haietatik igaro direnek ikusiko zituzten nire marrazkiak; gainetik pintatu arren, erliebean geratuak. Batek baino gehiagok galdetuko zion bere buruari: nola demontre eginak ote dira?