Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Paris

 

Irungo emigrazio erakunde baten bitartez lortu nuen lanpostua Parisen. Espainiako hogeitaka beharginekin batera joan nintzen trenez 1962ko irailean. Aukeran eskaini zizkidaten Michelin Clermont-Ferrandekoa edo Simca Poissykoa, Paristik hurbil, 30 kilometrora. Simca aukeratu nuen, Poissyn. Paristik lantegira metroan eta autobusean egiten nuen bidea.

      Maria Victoria ni baino hilabete geroago iritsiko zen Parisera, eta hilabete horixe izango zen elkarrengandik bananduta bizi izan ginen denbora bakarra.

      Faktoriak berak eman zidan ostatua Parisen, galego batekin eta andaluz batekin. Manolo zen galegoa, eta andaluziarra Eusebio. Ezer asko gabe joaten zen hara jendea. Eusebio horrek, esate baterako, aldatzeko arroparik ere ez zeukan; neuk eman nizkion; oinetakorik ere ez, etxean egoteko zapatila pare bat besterik ez; baina labana handi bat bai ordea, bandoleroen tankerakoa, beti aldean erabiltzen zuena. Egun batez, lanera bidean, autobusera igo eta, ez dakit nola, nahi gabe inondik ere, oina zapaldu nion han zihoan arabiar bati. Nik ez nion jaramonik egin hala ere, eta esertzera joan nintzen. Baina Eusebiok ikusi egin zuen arabiarrak gaiztoz begiratu zidala; eta ez hori bakarrik, arabiar hark sakelatik labanatxo automatiko bat atera zuela eta harekin mehatxu-jolasean hasia zela. Andaluza arabiarraren atzean jarri, bere bandolero labana sakelatik atera eta, krak-krak-krak, ireki zion nabarmen erakutsiz. Kito... anaien arteko kontu bat balitz bezala.

      Irailaren lauan Parisera heldu eta bostean hasi ginen beharrean. Egundoko errebisioak egin zizkiguten sendagileek, bai iritsi orduko bai ondoren. Beldur nintzen nire tuberkulosiaren aztarnak ez ote ziren agertuko, hamar urte igaroak ziren arren Andazarrateko kontuetatik. Ez zidaten, baina, ezer aurkitu. Eusebiori bai. Espainian bi errebisio pasatuta joan zen hura, batere kezkarik gabe, baina han egin zizkioten azterketetan tuberkulosiaren zantzuak topatu zizkioten. Laster batean bidali zuten etxera. Generaman kontratua amaitu eta beste hiru hilabete gehiago jarraitu behar izaten zen, laneko agiria emango bazizuten. Agiri hori gabe ezin zitekeen inora joan lan eske. Beraz, Eusebiok ez zuen kontratua betetzerik izan, eta etxera.

      Estreinako aldia zen Parisen nintzela. Hiri ederra, zoragarria. Beti gustatu izan zaizkit artea, musika klasikoa, eraikuntza zaharrak eta horrelako zerak. Hara heldu ondorengo lehen asteburuan bazterrik bazter ibili nintzen. Dena ikusi nahi nuen, dena ezagutu, nola edo hala irentsi.

      Lehen larunbat goizean Paris ikustera irten ginen Manolo galegoa eta biok. Gennevillierstik Place Clichyra, handik Pigallera. Denfert-Rochereauko auzo arabiarrean sartu ginen; 1962an oso arriskutsua zen auzune horretan sartzea, Aljeriarekiko arazoagatik; ez zen Polizia bera ere ausartzen. Gero Trinite-ko elizara jaitsi ginen, Operara heltzeko. Operatik Chatelet antzokira. Hortik La Concorde jardinetara, eta jarraian Trocaderora. Jarraian, Place Etoiletik pasa, Marceau bulebarretik igaro eta Place Clichyra itzuli ginen ostera, hemen autobusa hartuta Gennevilliersera iristeko azkenik. Ibilaldi hau guztia lau lerrotan esaten den arren, itzuli izugarria da. Egun oso bat behar duzu bide hori dena egiteko. Oinez egiteaz gain, gu La Concordeko jardinetan doi-doi geratu ginen ogitarteko bat jateko. Lehertuta iritsi ginen etxera. Nik odoletan nituen oinak. Manolo gizajoak ohean egon behar izan zuen hiru egunez.

      Aurrerantzean ere, libre neuzkan larunbat gehienetan ibiltzen nintzen Parisen batera eta bestera. Lanean gurekin jarduten zuen madrildar batek esan ohi zuen, Madril ederragoa zela Paris baino. Harekin kontrakarrean aritzea alferrikakoa zenez, adarra jo nion.

      — Ezagutzen al duk Ilustreen Panteoia?

      — Ezagutuko ez diat ba.

      — Eta Les Invalides? —Napoleon datzan lekua, alegia.

      — Bai horixe!

      — Eta Place Etoile?

      — Akabo ba ezagutuko ez banu!

      — Izan al haiz Eiffelen?

      — Beno, beno, Eiffel dorrea... galdetzea ere!

      — Han ere bai? —nik harrituarena egin nuen—. Nola igo hintzen haraino ba?

      — Igogailuan. Eta punta-puntaraino.

      — Igogailuan orduan...? Zenbat igogailutan haraino?

      — Dagoen bakarrean!

      — Baina, motel, Eiffel dorrera igotzeko igogailu bat baino gehiago erabili behar duk. Batean lehenengo estairaino, errestorant batera; han beste bat hartzen da eta gora jarraitzen, eta gero beste bat... eta horrela iritsiko haiz noizbait punta-puntaraino!

      Madrildarra bere chambre-tik ez zen atera izango Parisen egin zuen denbora osoan.

      Simcan milaka behargin ginen. Automobilen muntadura katean egiten genuen lana. Han ez zegoen txantxarik, hutsik gabe jarraitu beharra zegoen norberaren postuan. Nire lana auto barruan bosna zentimetroko lau kordoi egitea zen, soldadura automatikoarekin. Bi kordoi aurrean eta beste bi atzean. Lurraren gainean mugitzen zen katea autoa eramanez. Kotxe aurreko jesarlekuan eseri eta bi kordoi horiek soldeatzen nituen; atzeko eserlekura igaro gero, eta han beste bi. Katearen hasieratik amaierara, hasi eta bukatu egiten zen autoaren karrozeria, eta handik pinturara joaten zen. Ez zegoen atsedenik, ezta komunerako ere.

      Bazkaldu ere bertan egiten genuen. Bazkalondoan zigarro bat erretzeko edo halako zerbaiterako asti apur bat izan nahiez gero, ahalik eta bizkorren joan behar zenuen bazkaritarako ilarara. Azken aldean gertatzen bazinen, denbora gutxiago otordurako. Self-servicea zen jantokia, kristoren jantokia; aukeratzeko nahi adina eta oso merkea. Bazen segoviar bat, janariagatik beti kexaka aritzen zena.

      — Espainian bezalako janaririk inon ez zagok! —eta horrelakoak esanez ibiltzen zen.

      Behin piper morroi gorri ederrak jaten ari ginela, mespretxuka hasi zen:

      — Piper nazkagarriok! Piper morroiak al dira ba hauek! Espainiakoak bai piperrak, Murciako piper morroiak! Harrapatuko banitu... —eta horrela, atertu gabe.

      Nik pentsatu nuen, nondik edo handik jakin behar nuela jan genituen piperrak nongoak ziren. Eta bai jakin ere, asko kosta gabe.

      — Nongoak dira piper ederrok? —galdetu nion sukaldariari.

      — Espainiakoak —esan zidan—, Murciakoak.

      — Onak. Eskerrik asko —agurtu nuen.

 

 

Maria Victoria heldu zenean are ederragoa iruditu zitzaidan Paris. Poesia merkea irudituko zaizu, baina egia osoa da. Beti izan ginen bata bestearen osakin; ondo konpontzen ginen. Ezin nuen ulertu nola bizi izan nintzen ordura arte bera gabe. Iruditzen zitzaidan berarekin hasi nintzela bizi izaten, bizitzen. Berari beste horrenbeste gertatzen zitzaion. Astean behin afaltzera joaten ginen norabait, zinemara ere bai... Autoa ere banuen ordurako... Frantsesez ikasten ere ari nintzen apurka-apurka lantegian. Maria Victoriak nik baino lehenago ikasi zuen, ordea. Dirudienez, hizkuntzak ikasten ere aurrea hartzen digute emakumeek.

      Euriaren hotsa gustatzen zaidalako edo euriminez nenbilelako, etxaurreko lorategira begira zegoen leihoari zinkezko aterpetxoa egin nion, euriaren hotsa entzuteko. Zeinen ongi biok etxean. Nire bizitzako urterik zoriontsuenak izan ziren haiek, zalantzarik gabe; urte zoragarriak!