Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

Galdu aurretik

ohar batzuk sarrera gisa

 

Bere iritziaren berri emateko idatzi zidan gutunean, nobela hau irakurri ondoren «sentsazio arraroa» izan zuela adierazi zidan Azkoitiko adiskide batek, «drogaren inguruko kontuek eta punk mobidak protagonismo gehiegi dutelako beharbada». «Gure ideiak eta gure nortasuna bigarren maila batean geratzen direla iruditzen zaidak», zioen beherago adiskideak. «Gure mobida oso folklorikoa agertzen duk». Gutunaren egileak agertutako iritziaren oso antzekoa izan da nobelari buruzko beren balorazioa ahoz adierazi didaten beste bi adiskiderena ere. Beste bi adiskide horiek, gutuna idatzi zidana bezalaxe, gaztetxeko mobidak gertutik eta zuzenean bizi izandakoak dira. Ez dut uste kasualitatea denik.

        Ez zaio arrazoirik falta gutuna idatzi zidan adiskideari, eta irakurleak ere, nobelan galdu aurretik, hark esandakoa aintzat har dezan nahiko nuke, gogoan izan dezan une oro Azkoitiko gaztetxearen inguruko mobida nobela honek erakusten duena baino askoz gehiago izan zela. Eta askoz gehiago dela, gaztetxerik gabe ere borrokak bizirik jarraitzen baitu, beste koordenada batzuetan eta beste era batzuetako ekimenekin bada ere, giroa pixka bat aldatua badago ere (ez horrenbeste azken finean). Nobela batek ezin lezake inola ere errealitate bat, mundu bat, giro bat, dena delakoa, oso-osorik jaso, eta Galdu arte honek ez du lege hori hausteko asmorik ere izan. Errealitate, mundu, giro edo dena delako horri dagozkion hainbat elementu modu nahiko egokian islatu baditu, ez du gutxi egin.

        Galdu arte ez da Azkoitiko gaztetxeari buruzko liburua, Azkoitiko gaztetxean girotutako nobela baizik. Zehatzago esateko, Galdu arte 1984tik 1993ra bitartean Azkoitian izan ziren hiru gaztetxeetan ezagutu nuen giroan kokatutako nobela da. Pertsonaia nagusiak, Xepek, giro horretan ezagututako hainbat pertsonaiaren ezaugarriak ditu, eta baita giro horretatik kanpo ezagututako beste batzuenak ere, egia osoa esateko. Bera izan da nobela bideratu duena, berak bultzatu nau gutuna idatzi zidan adiskideak «gure ideiak eta gure nortasuna» deitu duena «bigarren maila» batera baztertzera.

        Honela jarraitzen du adiskidearen gutunak pixka bat beherago: «Pentsatzen diat jakingo duala, eta nahita idatzi dituala horrela, baina nobelan agertzen diren gertaera batzuk ez zituan horrela gertatu». Arrazoi du horretan ere gutunaren egileak. Nobelako gertaera batzuk errealitatetik zuzen-zuzen hartuak dira, hala nola, adibidez, Azkoitiko gaztetxearen lehen okupazioa; nobelan agertzen den bezala, historikoki ere 1984ko otsailaren 5ean ospatutako Gipuzkoako Gazteen Egunean egin zen okupazio hura. Baina kasu horretan ere nobelan kontatzen diren xehetasun guztiak ez datoz benetan gertatu zenarekin bat. Beste gertaera asko eta asko, berriz, asmatuak dira, edo antzaldatuak, edo gutxienez beste leku edo garai batera eramanak, hau da, nobelaren beharren arabera egokituak. Bi adibide emango ditut, argigarriak direlakoan: La Polla Recordsen Salve diskoa ez zen 1984ko apirila arte kaleratu eta Xepek data hori baino lehen entzuten du bere loroan; Azkoitiko Udalak soldaduzkara joan behar zuten mozoak neurtzeko zituen neurgailua eta baskula nobelan kontatzen den moduan puskatu ziren gutxi gora-behera, baina ez 1984ko martxoaren 11n, 1985eko martxoaren 10ean baizik.

        Beharrezkoak iruditu zaizkit argitasun hauek. Irakurleak nobela honetan errealitatearen antzik duen ezer aurkitzen badu litekeena baita kasualitate huts ez izatea ere.

 

J.L.Z.

1996ko uztaila