Galdu arte
Galdu arte
1996, nobela
230 orrialde
84-86766-67-2
azala: Jesus Etxarte
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
2000, nobela
1994, ipuinak
 

 

—IV—

 

— Ez zaidak plaia gustatzen. Txikitan askotan eramaten ninditean plaiara aitak eta amak, eta aitarekin eta amarekin ezagutu nituen tokiak gorrotatu egiten ditiat.

        Ez zait aise ahaztuko Periskopiok lagun batzuei porro batzuk erretzera Zumaiako hondartzara joatea proposatu zigunean Xepek eman zion erantzun labur baina erabatekoa. Hark barruan bizi zuen ezinegon ilunaren neurria eman zuen pitzadurarik gabeko erantzun hark.

        Halaxe zen, bai, ez zuen gezurrik esan Xepek. Familiarekin lotura zuen orok belztu egiten zion gogoa. Hondartzak bezala, leku turistiko-erlijiosoak ere gorrotatzen zituen oro har, eta, Zumaiako hondartza bezala, Arantzazu modu berezian: Joxe Ramon, bigarren anaia, Arantzazuko apezgaitegian ikasia zen eta txikitan askotan izan zen han Xepe gurasoekin, anaia bisitatzera joana; gainera, Xeperen etxape berean bizi zen adin beretsuko beste gazte batek ere, Andonik, gaur egun Donostian ingeniari den arren, Arantzazun ikasi zuen, eta amak beti Andoni zintzo, formal eta eredugarriarekin alderatzen zuen Xepe, honek ez-egitekoren bat egiten zuenean bereziki. Baina tokiei bakarrik ez, familia gogora ekartzen zion guztiari zion herra bizia Xepek. Anjel Mari anaia zaharrena Anaitasuna futbol taldeko jokalaria zen eta Xepek ezin jasan izaten zuen futbola, ezta Atraskuko telebistan ere. Joxe Ramonek Azkoitiko Udal Musika Bandan jotzen zuen eta Xeperentzat guztiz eramanezina zen edozein udal bandaren musika.

        Familia etsai zuen Xepek, eta gela etxe barruko babesleku bakar. «Refugio atomikoa» deitu ohi zion askotan. Atea krisketarekin barrutik itxirik, irrati-kasetean musika jarri —La Polla Recordsen Salve ororen gainetik, noski— eta hantxe egiten zituen orduak eta orduak, gainerakoan etxean egotea jasanezina egiten baitzitzaion. Gela txiki eta narratsa zen, hala ere, Xeperena, sekula ez baitzen arduratu bere txokoaren itxuraz. Lore irudi mehez apaindutako paper txuri uhertu batek estaltzen zituen gelako hormak. Bi eratako poster eta argazkiak zituen hormetan, guztiak zaharkitu eta zimurtuak, txintxeta herdoilduz nolanahi itsatsiak: batetik, Sex Pistols, The Clash, Buzzcocks eta beste talde punki batzuenak, eta, bestetik, hainbat mamorro eta narraztirenak: kakarraldoa, eskorpioia, arrubioa, kaimana, sugegorria...

        — Ni Noe izan banintz, horiexek besterik ez nitian sartuko barkuan —esan ohi zuen bere animalia kutun haietaz hitz egitean.

 

 

Periskopioren aita edari banatzailea zen, eta P,eriskopiorekin batera kamioneta txiki eta zahar batekin herri barruko zein inguruko auzuneetako tabernetara edariak banatuz lan egin ohi zuen batzuetan Xepek, diru apur bat irabazteko. Periskopiok bezala, Xepek ere ez zuen indar handirik bere beso iharretan, baina hala ere nahiko arina egiten zitzaion lana, batez ere Periskopiorekin ederki moldatzen zelako.

        Aizpurutxoko Erdiko Bentan hainbat edari kaxa deskargatu ondoren, eguneko lanak amaitutzat jo eta etxerantz abiatu ziren ilunabar batez Periskopio eta Xepe.

        — Bueno, hi, bota diagu eguna —esan zion pozik Periskopiok Xeperi kamionetaren kabinan sartzerakoan.

        Nikiko poltsikotik La Polla Recordsen Salve zinta atera eta kabinako sabaitik zintzilik zegoen loroan martxan jarri zuen Xepek. Bolumena gorenean jarrita egon arren, kamionetaren motor zaharraren zaratak apenas askorik entzuten uzten zuen.

        — Ba al dakik zer gustatuko litzaidakeen orain? —galdetu zion Xepek Periskopiori, aurrera begiratzeari utzi gabe.

        — Auskalo...! Bazakiat! Kamionetarekin kotxeak zapaltzen hastea...

        — Ez, motel, ez! Hori ez duk niri gustatuko litzaidakeena. Hori hik egingo huke gustura, astapotro horrek!

        — Ba, egia esanda, bazaukaat tentazioa, bai —eta ero muturra jarriz bolanteari alde batera eta bestera eragiten hasi zen Periskopio, kamioneta ezker-eskuin balantzaka hastera behartuz.

        — Horiek umekeriak dituk.

        — Eta zer egingo huke ba hik? —txofer eroarena egiteari utzita, serio begiratu zion Periskopiok Xeperi.

        — Ba nik orain kamionetarekin joan eta joan, horixe egingo nikek gustura, gelditzeke, musika adituz, urrutiko bazterren batean nazka-nazka eginda gelditu behar izan arte.

        — Hi jota hago, Xepe! Kamionetarekin? Igartzen zaik, bai, ez duala askotan txofer egiten. Nik adina ibili behar izango bahu, ez huke horrelakorik esango.

        — Ba nik benetan esaten diat —errepideari begira tinko jarraitzen zuen Xepek—. Hori bai, musika ekipo on batekin hobe, katxarro honi horixe besterik ez zaiok falta eta.

        — Esaiok gure zaharrari erosteko... Gozoagatik jarriko zaik!

        Periskopioren aitaren almazenean biharamunerako kaxak prestatu ondoren, La Polla Recordsen zinta kamionetako lorotik atera eta nikiko poltsikoan sarturik, ohi bezala, bere Mobylette txikian itzuli zen Xepe etxera arrats hartan, herriko kaskotik aparte antzean baitzegoen lokal hura. Etxean sartu zenean, gelara jo zuen zuzenean, gehienetan egiten zuen bezala, inori kasurik egin gabe.

        Ateko krisketa itxi, nikiko poltsikotik Salve atera, zinta gaumahai gainean zuen irrati-kasetean sartu eta ohean etzan zen.

        Evaristo kantariaren ahotsak «Reunión de cerdos, todas las mañanas...» oihukatzeari ekitearekin batera, amak Xeperen gelako atea jo zuen.

        — Martin, ez zaitez orain ere kuartoan itxita geratu, satorra izango bazina bezala. Zatoz afaltzera!

        — Oraindik goiz da, ama! —egin zuen oihu Xepek, kasetaren bolumena jaitsi gabe—. Laga nazazu bakean. Zuek afaldu. Jango dut nik zeozer gero.

        — Mekaguen La India! Nahikoa diagu, Martin! —Xepe izutu egin zuen bat-batean aitaren ahots haserretu eta zakartuak—. Entzun duk amak esan duena. Hator afaltzera, demontre!, hau ez duk hotela eta! Sukaldera agudo! Aditu al duk?

        Ez zegoen beste erremediorik. Kaseta itzali eta sukaldeko bidea hartu zuen Xepek, apal eta isil.

        Mahaiaren inguruan zeuden denak, aita, ama, Anjel Mari eta Joxe Ramon. Isil-isilik, Xeperen zain egongo balira bezala. Xepe heldu zenean, aitak hautsi zuen isiltasuna.

        — Jakin al daiteke zer demontre egiten duan beti hor hire kuartoan sartuta? Ez al haiz lotsatzen? Nik ez zakiat zer daukaan buruan. Gauza onik ez. Ezin diat entenditu. Hain zaila al da gurekin afaltzea? Ba bukatu duk, aditu? Hemendik aurrera ez diat lagako. Gurekin batera bazkaldu eta afaldu beharko duk, baita nahi ez baduk ere. Aditu al duk?

        — Bai, aita —esan zuen ganorarik gabe Xepek, mutur aurrean zuen zopari gogo txarrez ekinez.

        — Arrazoia zaukak aitak —mintzatu zitzaion doinu ulerkorrez Joxe Ramon—. Kezkatuta gaudek hirekin. Ez duk oso normala hire jokabidea...

        Aitari ez bezala, anaiari aurre egiten saiatu zen Xepe, ez oso gogor hala ere.

        — Lanetik etorri nauk oraintxe puntuan eta pixkat deskantsatzeko gogoa neukaan. Besterik ez. Hain grabea al da hori?

        — Ez ezak orain tontoarena egin, Martin —serio eta gogor egin zion aurre Anjel Marik—. Hik badakik ez dela gaurko kontua bakarrik. Gauzei aurre egiten ikasi behar duk, beti ezkutuan ibiltzeari lagata. Hemeretzi urte dauzkak, txikito, hemeretzi. Baduk non hagoen konturatu eta zeozer pentsatzen hasteko ordua.

        Anjel Mariri ere ez zion erantzun Xepek. Zopa jateari ekin zion, mantso-mantso, gogorik gabe. Isilunea baliatuz, amak hartu zuen hitza.

        — Datorren hilean Fidel ezkonduko da, Azpeitiko lehengusua, eta denontzat bialdu ditu inbitazioak. Arantzazun izango da boda eta denok gara joatekoak, baita Ines eta Joxe Mari ere. Zu ere etorriko zara, ezta, Martin? Ahal den azkarrena esateko eskatu dit. Erregaloarengatik ez kezkatu. Geuk emango diogu dirua zure partez.

        Saiatu arren, ez zuen bere nahigabea ezkutuan gordetzerik izan Xepek, zopa jateari utzi, koilara mahai gainean laga eta hasperen itoa itzuri baitzitzaion. Aita sutu egin zen semearen erreakzioa ikusita.

        — Hau duk hau kalamidadea! Aitak eta amak jarri dirua eta hala ere lehengusuaren bodara joan nahi ez! Baina hik zer uste duk ordea? Esplikatuko al didak zer demontre nahi duan hik?

        — Tira, tira, Martin, ez zaik batere kostatzen —leunagoa zen beti Joxe Ramonen erretolika.

        — Neuk erosiko dizut arropa berria.

        — Ez, ama, arropa berririk ez... Ez dut inoren bodara joan nahi. Ines ezkondu zenean joan nintzen eta nahikoa izan zen. Benetan.

        — Baina, Martin... Zer esango du izeba Anak?

        — Ez dakit, ama, esatea dauka nahi duena, ez zaizkit batere gustatzen bodak. Ez naiz...

        — Ezta niri hi bezalako zomorro beltzak ere! —aulkitik altxatu eta guzti egin zen aita haserre bizian—. Mekaguen La India!

        — Lasaitu zaitez, Pedro, lasaitu zaitez —sartu zen tartean ama bake bila.

        Aulkitik altxatu eta gelara joan zen Xepe. Krisketa itxi, kaseta martxan jarri, kaskoak belarriratu, bolumena igo eta ohean etzan zen, makurtuta, burua ia-ia belaunetaraino jaitsita.

 

 

Ez gurasoekin eta ez anai-arrebekin inoiz gustura sentitzerik izan ez bazuen ere, gaztetxearen inguruko mugimendua sortu bitartean hor nonbait moldatu zen Xepe, tartekako errieta saio batzuk gora-behera. Gaztetxearen inguruko istiluek larritu egin zituzten Xepe eta bere etxekoen arteko tirabirak, harik eta, halako batean, Udalaren gazte eta kultur politikaren aurkako ekimen baten ondoren, arazoa lehertu egin zen arte.

        Gogoan dut ekimen haren ideia sortu zen asanblada. Luze samarra izan zen. Asteazkena zen eta hurrengo igandean, 1984ko otsailak 26, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak izatekoak ziren. Demokrazia hura eta hauteskunde haiek onartzen ez genituenez —gaur egungoak ere onartzen ez ditugun bezalaxe, noski—, abstentzioaren alde jokatzeko erabakia genuen hartua aldez aurretik, eta hori aldarrikatzeko antolaturik genuen kanpainari —kanpaina xumea, zenbait kartel eta pintada besterik ez— buru emateko hauteskundeen aurkako kontzertua genuen antolatua igande horretarako, Azkoiti-Azpeitietako bi rock talde nagusiekin, hau da, Dirección Obligatoria eta Jotakierekin. Asanblada hartan, jaialdira joaten zirenei banatzeko komunikatu bat prestatzea egokia izango litzatekeela esan zuen Xingularrek, gure ikuspuntua azaldu eta jaialdiaren motiboa garbi uzteko.

        — Bueno, zer jarriko dugu komunikatuan? —galdetu zuen Xingularrek, asanbladak komunikatuaren ideia onartzen zuela ikusirik.

        — Hori erraza duk. Demokrazia hau faltsua dela —bota zuen azkar askorik Periskopiok—, elekzio hauek ez ditugula onartzen, politiko denak lapur eta putre hutsak direla eta gure botoa zuzen-zuzen komuneko zulotik behera joango dela.

        — Ea, esan berriz, polikiago mesedez —esan zuen txantxetan Xingularrek, Periskopiok esandakoa apuntatu nahi izateko plantak eginez.

        — Lasai, lasai, Xingu, konponduko zarete zuek —esan zuen paper kontuekin berehala nazkatzen zen Prestok—. Horretarako, nahi duzuenok juntatu eta eskribitu, baina orain, beste gairik ez badago, bukatu egingo diagu asanblea, nahikoa hitz egin diagu eta. Ia bi ordu zaramaagu hemen kaka esplikatzen.

        Asanblada askotan hitz egin gabea zen morroi bat hasi zen orduan —kostata, herabe— hizketan: Txus, Xeperen baskako betiko kolegetako bat. Punk itxurako mutikoa zen orduan Txus. Gandorrik ez zuen arren, tente-tente zituen ile guztiak. Bazuen Sid Viciousen tankerarik. Punk musika zen bere pasioa. Inguruko punk kontzertu guztietara joan ohi zen, eta urrutikoetara ere bai askotan. Baxua jotzen zuen eta talde bat sortu nahian zebilen beste baska bateko bi lagunekin.

        — Nik beste gai bat planteatu nahi diat hemen. Dakizuen bezala, Txoli, Mangi eta hirurok musika talde bat egin nahi diagu. Gaztetxearen okupazioa baino lehen, Mangiren zaharrak noizean behin eta gogo txarrez lagatzen zigun garajean entseatzen genian. Orain etxe honetako lehen pisuko kuarto narrats bat hartu diagu entseatzeko. Askoz hobeto gaudek hor, baina kuarto hori dena txerri eginda zagok. Gaur eguerdian Aiuntamentuan izan gaituk lokala txukuntzeko diru pixkat emango ote diguten eskatzen, mixeria bat, eta lehenengo gaztetxearen kontra jardun eta gero muturrera barre egin zigutek. Esan zieagu ez litzatekeela guretzat bakarrik izango, entseatzeko lokalik ez daukaten talde denentzako lokal egokia jartzea dela guk nahi duguna, baina horiekin alferrik duk. Horientzat basura gaituk gu, basura besterik ez.

        — Herri hau la hostia duk! —asaldatu zen Antijos—. Musika bandari eta Iraurgi abesbatzari entseatzeko lokalak eman eta gastu denak pagatzen zizkiok Aiuntamentuak, eta baita Sahatsa dantza taldeari ere. Kanpoko bandak, koruak, dantza taldeak eta antzeko hostiakeriak noiznahi ekartzen ditiztek. Guri, berriz, Dirección Obligatoria eta Jotakieren kontzertua antolatzeko subentzioa eman beharrean debekatu egin nahi ez zigutek ba! Gero demokratak direla esango ditek!

        — Horrelakoxea duk horien mentalidadea —filosofatu zuen Xingularrek—. Kultura duk beraiei iruditzen zaiena. Osterantzeko denak traba besterik ez ziek egiten, edo, okerrago, beldurra ematen ziek.

        — Nik uste diat Txusek esaten duen hori salatu beharrekoa dela —onartu zuen Urrategik—, baina musikeroen problema ez duk bakarra. Gaztetxea okupatu genuenetik lokala berritzen eta egokitzen ari gaituk, eta horretarako dirua geuk atera behar izan diagu, kontzertuak antolatzen, pegatinak saltzen eta hostiarenak jotzen. Lagundu beharrean, kontrakoa egin dik Aiuntamentuak, guri argindarra mozten saiatu...

        — Ez alferrik...! —eten zuen barrezka Urrategiren jarduna Periskopiok—. Herrian farolak dauden bitartean inguratuko dinagu argia gaztetxera nondik edo handik.

        — Eta bestela alkatearen etxean konektatuko dinagu kablea —jarraitu zuen bromarekin Leonek bere-berea zuen doinu afektatu pasotarekin.

        — Bai, argindarrarena erraz konpondu diagu, baina diruarena zailago zagok —bere hariari heldu zion berriro Urrategik—. Aiuntamentuari gaztetxea errekonozitu eta onartzea eskatu behar zioagu, eta urtero hainbateko subentzioa ematea.

        — Eskatu ez, exijitu, Urra, exijitu! Diru hori gurea dun —moztu zuen Leonek.

        — Bai, Leon, bai, exijitu, nahi duan bezala —haserretu edo barre egin artean zalantzan zegoela zirudien Urrategik—. Baina horrek mobitzea eskatzen dik, zeozer egitea.

        — Elekzioen kontra atera behar dugun komunikatuan gai hau ere aitatu zezakenagu bide batez —erabaki zuen tinko eta serio Xingularrek—. Ondo pentsatuta, bi gauzak lotuta zauden: ordezkariak aukeratu eta gero eskuak lotuta geratu, ezertarako aukerarik gabe, horixe dun demokrazia honen funtzionamendua azken batean.

        Xingularren abiada gehiegizkoari frenoa jartzen saiatu zen orduan Urrategi.

        — Astiro, Xingu, astiro. Ez duk komeni gauzak gehiegi nahastea. Zergatik ez dugu problema bakoitzeko komunikatu bana egiten? Niri sinpleago eta garbiago iruditzen zaidak.

        — Azkar nazkatuko dinagu jendea hainbeste komunikatu eta hainbeste esplikazio lehorrekin —bota zion zakar Prestok Urrategiri.

        — Baina ez badugu egiten duguna zergatik egiten dugun esplikatzen alferrik ari gaituk, Presto.

        — Bai, bai, arrazoia daukan, Urra, arrazoia daukan —onartu zuen Prestok, burua makurtuz eta eskuekin «hor konpon» esan nahi zuen keinua eginez—. Niri ez zaidan inporta. Nik ez dinat ezer eskribituko.

        — Ez kezkatu, Presto —lasaitu zuen Xingularrek—. Eskribituko diagu guk eskribitu beharrekoa.

        — Ez ezak dudarik egin!

        Isilune luze samarra izan zen ondoren, Periskopiok aurrez aurre zuen Leoni oihu eginez hautsi zuena.

        — Hi, atzazalak erreko dizkik porro horrek deskuidatzen bahaiz. Besteok ere erre beharko diagu ba!

        — Izenaren jabe haiz hi horratik! Ez dik ezerk ihes egiten. Amerikanoen submarinoek ere ez ditek hirea baino periskopio hoberik edukiko —barre algara orokorra sortu zuen Leonen erantzunak.

        Periskopioren ondoan zegoen Txus, eta hark lasaitu zuen adiskide haxixzalearen grina.

        — Lasai, Kopio, neuk egingo diat porro eder bat, Leon inbidiatan lagako duena.

        — Komunikatuena konponduta zagok gutxi gora-behera —esan zuen Urrategik, isilune labur baten ostean, asanbladaren harira itzultzeko ahaleginean—. Baina komunikatuaz aparte, zer egin daiteke presupuestoen gai hau salatzeko?

        Isilunea egin zen berriro. Halako batean Xepe mintzatu zen. Asanbladan geunden guztiok geratu ginen hari tinko begira, ez baitzen askotan izaten Xepe asanblada batean mintzatzen entzuteko parada. Urduri zegoen baina era berean esaten ari zenaren inguruan ziur zegoela erakusten zuen. Poz bihurri bat nabari zen haren begietan. Itsaso ere adi-adi zituen entzuleen artean egoteak animoak emango bide zizkion, dudarik gabe, nahiz eta gehienbat Urrari begira hitz egin, hark planteatutako gaiaren inguruan ari zenez.

        — Gure anaiak bandan jotzen din eta azken aldi honetan ia-ia jaiero ari ditun kontzejupean jotzen. Hori la hostia dun: banda astero jotzen eta rock taldeentzat ezer ez. Injustizia hori agerian jartzeko ideia bat okurritu zaidan. Aste honetan zapatu eguerdian jotzen din bandak kontzejupean, ez zakinat zer ospakizun xelebre dela eta...

        — Bai, bandako bat orain dela berrogeita hamar urte edo ez zakiat zenbat hasi zela jotzen edo horrelakoren bat —argitu zuen Pipik.

        — Bai, horrelako hostiakeriaren bat. Ba kontua dun niri okurritu zaidala zapatu eguerdian pankarta batekin eta komunikatuekin joan kontzejupera eta denok batera turuta jotzen hastea hantxe bertan, ea zer gertatzen den.

        Zurrumurru, irribarre eta barre algara ugari sortu zuen Xeperen proposamenak.

        — Totala! «Guk ere jo nahi dugu!» jarriko diagu pankartan —Xeperen ideiarekin ilusionatuta azaldu zen irribarretsu Xingular.

        — Anaiak etxetik botako hau oraingo honetan —ohartarazi zion Mirarik, Xepek gurasoekin eta anai-arrebekin zituen arazoen berri bazuen eta.

        — Hi ez kezkatu horregatik. Ez zaidan inporta. Hori konponduko dinat nik hontaka edo hartaka.

        — Ez al dira munipak gu kontzejupetik ateratzera etorriko? —beti bezain zuhur agertu zen bere txandan Pipi—. Gogor samarra izan daitekek mobida hori...

        Antijosen hitzek uxatu zituzten orduan zalantza guztiak.

        — Agertzea zaukatek. Ikusiko diagu zer gertatzen den. Zenbat eta buila handiagoa hobe. Bestela Aiuntamentuak ez ziguk sekula kasu putarik egingo.

 

 

Nik ez nuen parte hartu boikot eskandalagarri hartan. Atraskuko barran egon beharra nuen, larunbat eguerdiko txikiteroei beren dosia emateko. Ez dakit zer egingo nuen eguerdi hura libre izan banu, baina ez dut uste oso eroso sentituko nintzenik Udal Musika Bandaren jarduna eteten. Ideia oso polita iruditzen zitzaidan, noski, baina han jendearen aurrean turuta jotzen agertzea beste kontu bat zen. Han zeuden asko eta asko tabernako bezeroak izango ziren, edo gurasoen ezagunak, osaba edo izebaren bat egotea ere ez zen harritzekoa izango...

        Eguerdiko hamabietan zegoen jarria gaztetxean biltzeko ordua, Udal Musika Bandaren emanaldiaren hasierarekin batera, alegia. Hogeita bosten bat lagun bildu omen ziren hamabiak eta laurden ingururako. Batzuk nekearen nekez jaiki berriak ziren, bandari egin beharreko sabotaiaren ilusioak akuilatuta; beste batzuk gaupasa eginda. Bakoitzak bezperan erositako turuta bana harturik, han abiatu ziren denak. Aurrean bi pankarta: «Guk ere jo nahi dugu!», zioen batak, Xingularrek ideiaren berri izan orduko pentsatu zuen bezalaxe; besteak, berriz, «Autogestioa eta Ekintza Zuzena». Urrategi eta Xingularrek komunikatuaren kopia pilo bana zuten eskuan, kaleko jendeari banatzeko.

        Herriko plazara heldu orduko, kontzejupean banda entzuten zegoen jendea gazteei begira geratu zen, turuta hotsak asaldaturik. Udaltzain bat hurreratu zitzaien gazteei, ea zertan ari ziren galdetuz eta, mesedez, isiltzeko eskatuz. Baina gazteek aurrera jarraitu zuten. Zaharra zen udaltzaina, urte luzeetan lan horretan aritua eta sekula antzeko egoerarik ezagutu gabea. Xingularrek komunikatuaren ale bat eman zion eskura eta udaltzain gizagaixoak ez zekien zer arraio egin paper harekin.

        Entzuleetako batzuk gazteei builaka hasi ziren.

        — Egiten ari zareten hau zeuen kalterako duk —gaztigatu zien Kulturako zinegotziak oihuka—, zuen kalterako besterik ez. Ez al zarete konturatzen?

        — Baina, baina, baina... burutik eginda zaudete ala? —komentatu zuen emakume batek.

        — Zer ikusi behar dugu ordea?

        — Lotsarik ez daukazue zuek, lotsarik ez.

        — Kartzela, horixe da zuek merezi duzuena. Zuek bezalakoak kartzelan zaudek ondoena.

        Hala ere inor ez zen ausartzen gazteak eutsi eta geldiarazten, eta hauek aurrera jarraitu zuten, turuta jotzeari utzi gabe. Xepek eta Urrategik airean zehar sakabanatu zituzten eskuetan zituzten komunikatuaren kopietako batzuk.

        Gazteak kontzejuperaino heldu zirenean bandakoek jotzeari utzi zioten. Klarinetea esku artean zuela, Joxe Ramon Xeperi begira-begira geratu zitzaion lipar batez. Xepe ez zen kikildu. Turuta jotzeari utzi gabe eutsi zion anaiaren begiradari.

        Eskuarekin turuta ahotik erauzi eta zorura bota ondoren, paparretik heldu zion Leoni arratsaldeon batek.

        — Nik isilduko haut, Judas nazkante zikina!

        Berehala gaztetxeko zenbaitek Leonengana jo zuten, laguna entzule haserretuaren atzaparretatik askatzeko. Entzuleetako batzuk ere arratsaldeon asaldatua lasaitzen saiatu ziren.

        — Hobe duk bakean lagatzea —esaten zioten—. Ez al haiz konturatzen horixe dela nahi dutena, eskandalua sortzea?

        Borroka labur hura amaiturik, Xingularrek komunikatuaren ehun bat kopia haizatu zituen hantxe bertan eta, ondoren, banda isilaraziaren aurrean kokatu eta zuzendaririk gabeko turuta orkestra zaratatsua osatu zuten gaztetxekoek. Minutu bat iraungo zuen gutxi gora-behera emanaldi zoro hark. Azkenik, turutak isildu eta gaztetxe aldera jo zuten, oihuka, manifestaldi txiki bat eginez bidenabar, «Gure etxea, gaztetxea!» oihukatuz.

 

 

Atraskuan ez zen ia beste hizketa gairik izan egun hartan. Ahaztu zitzaien azkoitiarrei hauteskunde bezperako gogoeta eguna zela ere. Herria aztoraturik utzi zuen turuta emanaldi bitxiak. Xeperen barrenean ere ez zegoen lasaitasun handirik. Ez zegoen etxera joateko moduan. Nola bazkalduko zuen ba Joxe Ramonen ondoan? Gozoak egongo ziren etxean! Etxera joan barik beste zerbait egiteko irrika piztu zen Xeperen barrenean, zerbait apartekoa, handia, harrigarria. Ilusioa eta bozkarioa sortu ziren haren baitan irrika harekin batera.

        Isilean eta bakarrik, inori ezer esan gabe, Periskopioren aitaren almazenera jo zuen eguerdian bertan, artean ordu biak jo gabe zeudela. Kanpoko kristal bat hautsirik sartu zen almazen barrura, eta handik aurrerakoa erraza izan zuen, ateak zabalik zituela eta giltzak jarrita uzten baitzuen Periskopiok kamioneta. Garajeko atea zabaldu, inguruetara begiratu eta, inor ez zegoela ikusirik, Periskopioren aitaren kamioneta zaharrean irten zen almazenetik Xepe.

        Gidatzeko baimenik ez zuen eta txofertzan jakin ere ez zekien oso ongi, baina ez zen gaizki moldatu kamioneta zaharrarekin, Periskopiok batzuetan kamioneta gidatzen uzten baitzion, mendi aldeko auzuneetara doazen bigarren mailako errepideetan behintzat. Herritik irten zenean, nikiko poltsikotik La Polla Recordsen Salve atera eta kabinako sabaitik zintzilik zegoen loroan sartu zuen. «Delincuencia es todo aquello que os puede quitar el chollo...», egin zuen oihu Evaristok loroaren bozgorailu kaskarretik.

        Aurki zen Zumarragan. Etxegaratetik zehar Altsasura. Olazti gero, Ziordi, Egino, Agurain... La Polla Recordsekoen herrian geldiunetxo bat egin eta garagardo bat hartzea pentsatu zuen baina gusturagi zegoen inon gelditzeko. Goserik eta egarririk sentitzeko aukerarik ere ematen ez zion go go-betetasunean zeharkatu zuen Gasteiz. Beloradon gasoliorik gabe geratzen ari zela konturatu eta depositoa bete zuen, Periskopioren aitaren kontura, kamionetaren palierretik Periskopiok horretarako erabiltzen zuen gasolina-txekea aterata. Beloradoren ondotik, Burgos, Palentzia, León, Astorga, Ponferrada... Guztiz ezezaguna zitzaion hiri hura. Galduta zegoen, zein ingurutan zebilen arrastorik gabe. Geldialditxo txiki bat egin zuen, taberna batean mokadu bat egiteko, eta tabernako horman esekitako Espainiako mapa zaharkituari begirada azkar bat eman ondoren jomuga bat hautatu zuen ibilaldi luze, zoro eta ordura artean noragabe harentzat: ordura artekoan mendebalderantz jo zuela oharturik, aurrerantzean gelditu gabe mendebalderantz jarraitzea erabaki zuen. Izen baten lilurak azken muturreraino bideraturik zuen: Lugon zen aurki, Lalínen gero, Santiago, Noia, Muros, Corcubión... Finisterre. Finisterreko lurmuturreraino iristen den errepidearen amaieran harrapatu zuen asteleheneko goizalbak. Hantxe gelditu zen, neka-neka eginda, jota. Periskopiok kamionetan utzia zuen txamarra zahar baten azpian kukuturik, loak hartu zuen.

        Eguerdi aldean inguru hartan paseatzen ari ziren bi neska-mutil geratu ziren kamionetaren ondoan.

        — Mira qué pon ahí —esan zuen mutilak kamionetaren ateko letreroari begira—: «Transportes Alberdi». É de Guipúzcoa. ¿Qué carallo fará eiquí unha furgoneta de reparto... de Guipúzcoa?

        — Estes vascos, aínda han de ser dos da ETA —hausnartu zuen neskak—. Vamos, non vaia nos estoupar.