Bat
Oroitzeko, lehendabizi ahaztu egin behar da. Iraganean gertatutako guztia ez dugu ahazten baina, eta horregatik, iraganean gertatutako guztia ez da lehenaldian kontatu behar.
Eider Rodriguez
Bizitzan bi gauza garrantzitsu daude soilik, klase borroka eta sexualitatea.
Robert Guediguian
2020ko urriaren 26an, Arrasate okindegitik pasatu ginen bizikletan alaba zaharra eta biok. Aitorrek moldeko ogia, esnea eta gozo batzuk eskatuak zizkigun: okindegia itxita zegoen eta aldameneko batean erosi genituen. Hamar egun zeramatzan covidarekin eta, badaezpada, balkoitik agurtu gintuen. Nerabezaroan erosi nuen Brasilgo futbol selekzioko izerditzeko urdin bat zeraman, zenbaki hori bat zeukana: zazpia.
Biharamunean telefonoz hots egin zidan, atarian zegoela, anbulantzia baten zain, ospitalera zeramatela, ezin nuela ezer egin, gero eta makalago zegoela. Azaroaren 2an sedatu zuten. Geroztik, behin bakarrik esnatu zuten, baina ordu gutxira berriro lokartu zuten eta ez zen inoiz gehiago esnatu.
Ospitaletik bizirik eta osasuntsu aterako zela irudikatu nuen aste haietan zehar, behin eta berriz pentsatu nituen, hilko balitz, hiletan esango nituen hitzak. Anaiari galdetu nion egiten ari nintzenak zentzurik ba ote zuen ala, nolabait, profezia bat inbokatzen ari nintzen, nire ariketak ez ote zuen gure aita heriotzarantz bidaliko. Anaiak ezetz esan zidan, berak ere gauza bera egiten zuela, etengabe. Makabroa iruditzen zitzaidan, baina ezin nuen saihestu.
Birritan egin zuen okerrera aitak, heriotzarantz amildu zen. Bietan galdetu nion anaiari ea hilerrirako hitzak idazten hasi behar ote ginen. Beldur nintzen, ez nekien ongi idazteko prest ote nengoen. Halako batean gure aita hil egingo zen, hondoratu egingo nintzen eta ez nintzen kapaz izango aitaren espektroak merezi zuen diskurtso publikoa artikulatzeko. Egoera horri ez nion soilik beldur gure aitak merezi zuenaren neurrira ez egoteagatik. Beldur nion gure aitarekin inorekin baino gehiago hitz egin izan nuelako hileta diskurtsoen inguruan, sarriegi ezegokiak diren hitz-hartze horiei buruz, maiz hil berriaren borondatetik hain urrun egoten diren errituez. Gainera, hildakoak fede kristaua ez duenean, ekitaldi erlijiosoetan baino alde handiagoa egoten da hildakoaz esaten denaren eta hildakoaren sinesmenen artean. Segur aski, doluaren lehenengo une horietan pentsatzeko dugun zailtasunarengatik. Horregatik egon dira gisa guztietako apaizak kultura guztietan azken milurtekoetan.
Horrexegatik nahi nuen dena prest egon zedila. Nahiz eta iragarpen bat zirudien. Ez nuen nahi hilerriko ekitaldiaren bezperako gauean, lo egin ezinda, zerbait zentzugabea eta exkaxa idatzi eta ekitaldiko protagonista aita izan beharrean neu izatea. Baina nire anaiaren insistentzia ia erlijiosoari egin nion jaramon eta ez nuen ezer idatzi gure aita hil zen arte.
Ospitaleko asteetan eztabaida asko izan genituen gurasoen etxean. Aitor familiako zutabe nagusia zelako eta, aldi berean, pertsonaia intimo bat. Baina baita pertsonaia publiko bat ere, bizitza irakaskuntzari eman ziona. Hezkuntza munduko adar askotan jardun zuen, euskararen sustapenean ere bai. Anaiak esaten zuen Aitor gudari bat zela. Niri oso estrainioa egiten zitzaidan izendapen hori. Are, politikoki Aitorri buruz aritzekotan, gehiago iruditzen zitzaidan militante bat, zentzu klasiko batean, akaso koadro bat eta, oso noizbehinka, lider bat. Baina ez nioke inoiz gudari deituko, hura ere deseroso sentituko zatekeelako, besteak beste, haren osaba, gure amatxi Pilarren neba bakarra, Luxio, gudaria izan zelako 36an, mendigoizaleen batailoietako batean. Aldi berean, uste nuen anaiak zerbaitetan arrazoi zuela: badira norberak bere buruari jarri ezin dizkion izendapenak, besteengandik jaso behar dituenak.
Gure amak, anaiak eta hirurok lotu genituen beilatokiko, eskeletako, hilarriko, erre aurreko hitzaldietako, hilerriko abesti eta dantzetako ņabardurak.
Guztia hitzartu genuen, ekitaldia bukatu eta gorpua erraustegira sartu aurretik botako genituen kontsignak izan ezik. Oihu egin genuen: Gora Liga Komunista Iraultzailea! Gora kalitatezko hezkuntza publikoa! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Aitor Etxarte Berezibar, Errekalde!
Aitor hil eta egun gutxira hasi ziren eguberriak eta lantokira itzuli nintzen. Adin batetik gorako bezero batzuek galdetu zidaten ea zergatik oihukatu nuen Gora Liga Komunista Iraultzailea! Nire erantzuna irmoa izaten zen beti, norberak egin ez duen zerbaitengatik izan dezakeen harrotasun neurrigabea bezain senduna: Aitorrek erakunde hartan militatu zuelako. Une batetik aurrera, ordea, oihuaz galdetzen zutenak galdera berriak egiten hasi ziren: ze urtetan hasi zen gure aita unibertsitate ikasketetan, non, noiz egon zen Bartzelonan. Egun batean, garai hartako lkiko militante batek, aitaren unibertsitateko kide batek, ezetz esan zidan. Gure aita ez zela Liga Komunista Iraultzailean egon, Komunisten Ligan baizik. Sigletako letra bakoitza izan ohi da inportantea, baina erakunde iraultzaileen kasuan, letra bat ongiaren eta gaizkiaren arteko muga izan daiteke. Nire oroitzapen hura ukitua zegoela ulertu nuen.
Aitor, nire aita, astean behin nirekin bazkaltzen zuena. Nire aita, zeinarekin hamalau urte nituela aurreneko rock kontzertura joan nintzen. Nire aita, behin baino gehiagotan negarrez ikusi nuena, ezin zituelako burura eraman abiarazi nahi zituen proiektuak. Nire aita, zeinari besarkatzen erakutsi bainion. Nire aita, zeinetaz gazte nintzela harro bainengoen, nire lagunek haien gurasoengatik lotsa sentitzen zutenean. Nire aita, zeuzkan miseria eta zalantzak kontatzen zizkidana, orduan jabetu nintzen, funtsean ezezagun bat zela niretzat, ez nekiela aita izan aurretik nor izan zen eta, beraz, ezin nuela jakin nor izan zen gure aita izan zenean ere.
Horregatik, Aitorrek diskrezioarekin eta intimitatearekin zuen harremana nolakoa zen jakinda, ordutik aurrera egin dudan guztia ezinbesteko traizio baten istorioa da.