Aitor Etxarte Berezibarren hiletan oihukatutako akats batek —Gora Liga Komunista Iraultzailea!— idazlearen aitaren gaztaroko jendea elkartu du liburu honetan; lagunak, maitaleak, militantziako kideak. Haien hitzek osatzen dute orain kontakizunaren erdia —“Guk Franco akabatu nahi genuen, baina pijoak ere akabatu nahi genituen”; “Edertasuna, leherketa eta patxada bilatzen genituen”—, eta beste erdia, berriz, Aitorren galeraren aurreko minak idatzi du; erritu faltak, doluan atxiki nahi den guztiak.
Nor izan zen Aitor aita izan aurretik, eta, beraz, nor izan zen aita izan zenean ere?
Langile askapenarekiko konpromisoa, euskaldun izatearen pasioa eta malefizioa. Oteiza, Trotski, McKenzie Wark eta amatxi Pilar. Iruñea, Arrasate, Bartzelona. Musika klasikoa eta sexu desira. Antolakuntza politikoa eta ZIUa. Egun batetik bestera den-dena alda zitekeela sinetsi zuen belaunaldi bat —azkena?— eta potentzia haren guztiaren hondamendia, gaur arte. 1975 eta 2020. Heriotza denak heriotza bera al ziren?