Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

“Politikariaren” egunkari ezkutua
(erdaratik euskaratua, noski)

 

(Anaitasuna, 1978-06-15)

 

            MI DIARIO

            21 de Julio

            Con eso del Bai Euskarari,

            żpues no se me ponen a hablar en euzkera?

            żPero qué se creen?

            Así que les he dicho

            lo que les tenía que decir.

 

      Maiatzak 12. Gogorra izan da, benetan, gaurko biltzarra. Joan den larunbatean Carrillorekin Madrilen zertaz hitz egin nuen galdetu didate Komitekoek. Noraino iritsiko ote dira kankailu horiek beren ausardian? Ez dute ezertxo ere ulertzen politikaz. Isiltasuna eta ezkutua behar dira aurren-aurrenik politika egiteko. Bestela dena lardaskatu eta kakaztu egiten da. Eta, jakina, ez diet ezer esan; eta ez esango ere. Gero, akordioa lortzean, orduan bai; orduan agertuko dugu jokoa. Eta orduan ere, noski, herriak uler dezakeena bakarrik. Gainerakoa orduan ere ez da esan behar.

 

      Maiatzak 24. Antton, Kepa eta Errodrigok baja eman dute alderdian. Carrillorekin hitz egin nuena azaldu ez nuela eta, ez omen daude gertu barruan segitzeko. Hau mauka! Bakea bederen eman dezatela analfabeto horiek!

 

      Ekainak 3. Gaur ere eztabaida latza gure biltzarrean. Jende gutxi etorri da. Beharrik! Landabehereko bi gazteen heriotza dela eta, gure alderdiak Agiri bat ateratzea nahi zuten. Hori astakeria! Gazte batzuek beren buruak alferrik hil nahi baldin badituzte, zer egingo dugu politikariok? Bide horrek ez darama inora. Baina zozoekin gauza hauek eztabaidatzeak ez du zentzurik. Hildako bi gazte horiek “gudariak” direla esatea nahi zuten. Jakina, ez dute lortu. Ezin dezakegu guk politika-jokoa horrelako txatxukeriengatik arriskutan jar. Eta ez dugu jarriko.

 

      Ekainak 5. Herenegungo ukoa dela eta, Henrikek, Tomasek eta Laxarok alderdia uztea erabaki dute. Hau bakea!

 

      Ekainak 18. Bart ere gogor jarri behar izan nuen gure biltzarrean. Iparraldeko ikastolak larri daudela eta, gure alderdiak Agiri bat bederen ateratzea nahi zuten, edo Hazparneko kantaldian gutariko batek hitz egitea. Zertarako, ordea? Guk hemendik ezin dezakegu han ezer egin, geure burua kaltetu baizik. Horixe behar genian, ordea! Baionako arazoetan muturrak sartu, eta gure alderdia hemen debekaturik gertatzea! Eta, gero zer? Nola egingo genuke politika?

 

      Ekainak 23. Mattin, Eufronio, Tomas, Elena. Sorne, Joxepa eta Eudivigisek baja eman dute. Espainolismora lerratzen ari omen gara. Ez dute ezertxo ere ulertzen! Gu politikariak gara, politikariak, eta berak ez! Errealista izan behar dugu, eta errealista izanda, Iparraldeko arazoak ahaztu egin behar ditugu. Greziak Anatoliako lurraldeak galdutzat ematen dituen bezalaxe, guk ere lau probintzietan jokatu behar dugu.

 

      Uztailak 5. “Gestorak” eta ez dakit nork deituta, larunbatean manifestazioa laguntzeko eskatu digute. Dudarik gabe lotsagarria da dena: Araba ere preautonomiatik aparte gelditu da. Baina zer lortzen da kaleetan harrika hasita? Nork ez daki amnistia politikariek lortu zutela, abileziaz eta jukutriaz, eta ez haiek kaleetan barrena astoarena eginez? Hain zuzen ere, kale-nahaste ero hauek ari dira dena hondatzen, ekonomia, jendeen konfiantza eta dena. Eta gu, politikariok, hemen gaude, behin eta berriz geure eginkizuna ezin eginik. Noiz geldituko ote da jendea etxean, behar bezala? Noiz egingo dute gazte txoralda horiek behar dutena? Ikasi, etsaminak ondo prestatu, gerorako beren burua zaildu, eta gero, bidez, taxuz, behar dena.

 

      Uztailak 8. Armentia, Eufrasio, Sisebuto, Jacques, Joanes, Pedro Jaurrieta, Leire eta Erkudenek baja eman dute alderdian. Politika baino, nonbait, tirapiedras izan nahiago dute... Ondo da. Baina halako gomazko pilota batek begia hondatzen badie, ez datozela hona bila!

 

      Uztailak 21. Pitokeriak gertatu izan dira maiz gure biltzarretan, baina atzokoa aparta izan da zinez. bai euskarari kanpaina dela eta, euskaraz ez al zaizkit ba hasi Jon, Ibon eta Luziano? Argi eta garbi esan diet esan behar zitzaiena: El problema del vascuence es un problema político, dejaros de chorradas voluntaristas. Ez dut batere ulertu erantzun didatenaz (hitz batzuk bakarrik, erdaraz boteak: diglosia, soziologia, eta abar. Hori al da euskara batua?...). Gogor jarri behar izan dut: Esto no es una academia de lenguas. Aquí estamos unidos para hacer política. Eta hau entzutean, altxa eta joan egin dira hirurak.

 

      Uztailak 23. Jon, Ibon eta Luzianoren eskutitz bana hartu dut. Baja eman dutela! Ongi egin dute. Sekula ez dute ulertu politika egitekotan, euskararen arazoa mingarri izanik, alde batera utzi behar dela. Euskara gero, ez gaur, ez inolaz ere politikaren kaltetan.

 

      Abuztuak 6. Atzo ez zen biltzarrera inor ere etorri. Baina, egia esateko, ezer galdu al dugu? Ez dut uste. Aski izan dira, benetan, entzun diren txorakeriak. Ez biltzea hobe, horretarako. Orain bai. orain hasiko naiz politika egiten! Hau poza!

      Bihar Madrilera noa, Carrillorekin afaltzera. Etzi bazkaria Fragarekin, eta etzidamu Afganistanera, Conferencia Mundial de la Energía delakora, beste 7.500 politikarirekin. Horixe bai politika!

      Baina dohain hau, hortik zehar esan ezin badaiteke ere, ez zaio edonori eman. Eta hauxe da gakoa!