Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Idahoko euskaldunez

 

(Zeruko Argia, 1976-02-29,
Larresoro ezizenez)

 

      Idaho! Zein euskaldunek ez du, behin bederen, urrun-urruinez eta cow-boy irudiz oraturik, leku-izen eder hau entzun? Ezen Far Westeko bigarren Bizkai txiki hau, mende honetan sortu baita hemen, bizkaitar odolez eta berbetaz.

      Idaho: 217.000 km2. 712.567 biztanle. Lurralde hutsa, hortaz; honen arabera (3,5 bizt./ km2) Euskal Herri osoan 70.000 lagun baizik ez baikenuke izan beharko!

      Lurralde ederra, zinez ederra, lparraldean batez ere.

      Zenbat euskaldun hemen? Nekez jakin daiteke. Baina, hemengo honekin eta harekin hitz eginda, kopuru hauek eman bide daitezke: Idaho osoan, 5.000 euskaldun; Boiseko eskualdean, 3.000.

      Ez baita asko, egia esan (Kalifornian hamar-milaka kontatu behar lirateke); nahiz Boisek (Idahoko hiriburuak) 74.990 biztanle baino ez izan; eta Boiseko eskualdeak (Boise bera, Nampa, Caldwell) 119.044 biztanle.

      Nola liteke, hortaz, Idahoko euskaldunok horren ezagunak izatea? Kaliforniakoak ipartarrak dira gehienik; eta Idahokoak, berriz, ia bereizkuntzarik gabe, bizkaitarrak; eta bizkaitarrak, itxura denez, bortitzago eta zalapartariago gertatzen... Bizkaitarrak bakarrik ez, gainera; baina Busturia-Artibai ingurukoak: Aulesti, Arrieta, Munitibar, Muxika, Errigoitia, Ispaster, Lekeitio... hustu ere egin direla pentsa liteke hemengoa ikusita.

      Idahoko euskaldunak, horretara, txikanoak baino gutxiago dira (7.440 txikano), eta indioak berak ere baino urriago ere bai (7.000 indio daude hemen, denetara, Bannock eta Nez Perce leinuetakoak). Baina indio hauek reserve direlakoetan bizi dira, amerikar gizartetik oso berezirik; eta euskaldunak, berriz, bai Boisen bai beste lekuetan, ezerezetik abiaturik, lanaren poderioz eta ez bestela, aski gora iritsiak. Ez da harritzekoa, horretara, euskaldunek Idahon entzute ona izatea. “Hemengo presondegietan”, segurtatzen zidan harrotasunez Boiseko adiskide batek, “euskaldunik bat ere ez dago”.

 

 

EUSKALTASUNA

 

      Hemengo Basque Center delakoan askoz maizago entzuten da euskara, ingelesa baino; eta, noski, espainiera inoiz ere ez ia-ia. Burubidez esan liteke agian, beraz, bizkaiera gaur hobeto eta aiseago ikas daitekeela Idahon, Bizkaian bertan baino! Baina, jakina (Boisen ere berdin) euskaldunen buruzagi izateko edozer da beharrago euskara baino; eta, hor dela bide, Basque Center-eko oraingo buruzagia den David Egurenek euskaraz ez daki; nahiz bazkiderik gehienek, baserriko seme jatorriz, euskaraz hobeki egin beste ezertaz baino.

      Boiseko Basque Center delakoak 800 bazkide ditu; eta zapatuetan eta domeketan (honela esan beharko...) jendez betea egoten da. Oso etxe ederra da, txit dotore apaindua, eta Boiseko erdi-erdian. Zoritxarrez, eta ezinbestean dirudienez, Euskal Herriko saltsa-giroa honaino ere hasia da hedatzen; eta oinaztarrak eta ganboatarrak ugaltzen.

      Hemengo euskaldunik gehienek amerikar aitortzen dute lehenik beren burua, eta gero bakarrik euskaldun. Eta batzuek harako gogoa badute ere, gehienek hementxe bizitzeko eta hiltzeko asmoa dute. Hau aitortuko ez balute ere, igarri egingo litzaieke; baina esan ere egiten dute ziplo. Eta honetatik heldu zaie, nik uste, seme-alabei euskaraz ez erakusteko joera.

      Sardiniako L’Algher hirian, horrela, 700 urtez 12.000 katalanek beren hizkuntzari eta herritasunari eutsi badiete ere, Idahon ez da horrelakorik gertatuko; eta hirugarrenean beranduenik, ez da hemen gehienengan euskal izena baizik geldituko.

      Gehienen bilakabidea, horretara, denena ez bada ere, hauxe da:

 

      1) Lehenengo belauna: bizkaitar hutsak, ingelesez nekez; bihotza Euskal Herrian, baina Idahon bizi eta hil.

 

      2) Bigarren belauna: gurasoekin euskara ikasia; ulertu bai beraz, baina beti ingelesez ari. Bihotza hemen, eta Euskal Herriarekiko halako errespetu leuna.

 

      3) Hirugarren belauna: amerikar osoak gehienak; baina, azalduko dudanez, euskal pizkunde harrigarria batzuetan.

 

 

PIZKUNDEA

 

      Zer atxiki ote ditu Sardiniako katalanak edo Brindisiko greziarrak, urteetan barrena beren etorkizko bi hizkuntzei eusteko? Nola uler ote daiteke Tesalonikan juduek 500 urtez beren sefardi hizkerari eustea? Zer gertatzen ote zaigu euskaldunoi geure burua horren erraz ukatzeko?

      Hirugarren belauneko zenbaitengan, dena dela, eta hau garbiki esan behar da, badago orain aurkako joera berri bat. Eta familia bidez euskaraz arrastorik ez zekiten gazte batzuek ikasi egin dute beren buruz, eta jatorrizko beren Euskal Herrira itzuli nahi dute nola edo hala. Eta Idahoko bizimodua, natura ezin ederrago honetan, Euskal Herrikoa baino mila aldiz errazago eta leunago izanik ere, utzi egin nahi dute erabat, eta sorterrira joan. Uztaritzen eta Ońatin egon diren batzuengan nabarmen dago atxikimendu hau; eta batek eta bestek aitortu dute egun hauetan, “erdibiturik” bizi direla hemen; eta, zinez, hara-nahi amorratuan. Zer ote da gertakari harrigarri hau, Euskal Herrian eta beste etnia-lurraldeetan sumatzen den sustrai-bilaketa sendoa besterik?

      Zeren-eta hemengo euskaldun asko, gehien-gehienak, ongi bizi baitira hemen: txalet ezin ederragotan, berebil ezin hobeen jabe, soldata harrigarriz ordainduak. Ingeniari gazte batek, esate baterako, 1.400/1.500 dolar irabaz ditzake hilabetean; eta lan arruntetan ari den langile soil batek, berebat, askotan irabazten ditu 8 dolar orduan. Ez da egia, bestalde, gauzak, trukean alegia, gure Iparraldean baino garestiago daudenik. Euskal Herria hemendik 11.000 kilometrora gertaturik, nor harri daiteke hemengo gehienen epeltasunaz? Eta nork ez du behar bezala estimatuko gazte euskaltzale hauen arima suharra?

      Ba ote daki irakurleak, ordea, joan den urteaz geroztik, eta euskaldunen ohoretan, gure Bazko-Egun famatua hemen ofizialki besta-eguna aitortua denik? Erabaki hau, harri gaitezen, Andrus Idahoko gobernariak eta Boiseko alkateak hartu zuten iaz. Baina, atzean, apalki baina nekagaitz, nork lortu zuen hori ongi dakigu: Peter Zenarruza jaunak.

      Ezen Zenarruza hau, Idahoko Carey herrixkan orain dela 53 urte sortua, bizkaitar odolekoa baita (Gernika alderdikoak zituen bai aita bai ama, lehenengo aldiz hona etorri nintzenean bizirik); eta etxean gurasoekin ikasi zuen bizkaiera hura ez baitzaio ahaztu. Zenarruza, gizon apalik baldin bada gizon apala, pilotu aparta, hazkuntza-bidez gaur aberatsa, gaztetan artzain ibilia, gaur Idahoko bigarren pertsonaia da: Secretary of State. Eta bihotza euskalduna du errotik; eta euskal saiaketa guztietan dago, ez hizpiderik eta atsekaberik gabe; eta zinez merezi luke gorazarre bat euskaldunengandik.

      Idahoko bi senatariak (McClure eta Church) euskaldunen alde agertuak dira behin eta berriz, bigarrena batez ere. Eta hau oso inportantea daiteke geroari buruz; zeren Frank Church senataria, 51 urte, hemengo lehendakari-gai presentatuko baita aurki, Demokraten izenean. Hots, beti bezala, Washingtonen errezibitu gintuenean, ez zitzaion ahaztu euskaldunekiko duen ongi-nahia guri ere agertzea.

 

 

BI LEKEITIAR

 

      Baina ezin nezake artikulu hau buka hemen gailen ageri diren bi lekeitiar aipatu gabe. Biak euskaltzale sutsu.

      Gaztea bata, Justo Sarria, dena su eta gar, beroegi agian hemengo epelagoen arterako; baina beti fin.

      Eta helduagoa bestea, Joseba Eiguren, Nevadako Jordan Valleyn orain dela 60 urte jaioa; bost urtez artzain ibilia, eta hemengo euskaldunen artean inor ez bezala maitatua, eta errespetatua.

      Hizkeraren aldetik Lekeitioko kresal usain berberaz mintzo, ingelesez idatzitako euskal gramatika baten egile da Eiguren; eta nekatu gabe saiatzen da, liburu eta kasete bidez, gure arazoak azaltzen; eta inork ez luke berak baino hobeki egingo, Eigurenek, Euskal Herrian gaindi maiz ibili ondoren, zehazki ezagutzen baititu gure gorabeherak. Orain dela hilabete bakar batzuk, berriro ere, lau artikulu luze eta mamitsu argitara zituen Boiseko Idaho Statesman-en. Gure goresmenak bihotzez aberkide zintzo honi.

      Idahotik, beraz, bihotza Euskal Herrian atxiki duten euskaldun guztien izenean, agur t’erdi.