Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Ehun eta hogei

 

 

Etsaia burua azaltzen lubakian, urrun, ezaxolatua. Berriro jaso zituen prismatikoak begietara, begi zorrotz haietara. Bizkarraren distira. Zeroiak zintz egin eta bere kokagunea adierazi zuen zehatz ur zurrusta haren erruz. Milia barru. Pieza ona zen, ezin zion ihes egiten utzi. Konbaterako aginduak eman zituen. Matzakutik hogei bat miliatara, Bilboko Abraren bertikalean. Bataila gogorra izan zen. Zati gehienak irin fabrikara ekarri zituzten. Gainerakoa lumera ateratzeko erabili zituzten teilatuetan eta paretetan MEIPI letra handitan ageri zituen lantegian, industriarako eta arrantzarako kai eta instalakuntzetan. Emakumezkoak eta gaztetxoak gazitua latetan sartzen. Lan zikina, hezea, ordain murritzekoa. Laurdenkatu ere bertako kaian egin zuten. Egunetarako sartu zitzaigun kiratsa sudurrean. Erromeria bat ume triskantza ikusteko ahoa miresteko hatzak haginetan pasatzeko. Langileei galdezka noiz aterako zizkioten gibelerraiak. Behorren hiltegira joan ohi ziren horrelakoak ikustera. Hirurogei tonako garabi flotanteak ekarri zuen putzutik kaira. Luzuriagan egina zen, alemanek motorizatua.

      Orduan leihora jalgi ginen.

      Portuko itsas komandantea bi miliatan barneratu zen itsasoan Nervion minadragari harrera egitera. Lehen sarrera zuen ontzi hark portuan, eta errespetuz hartu zuen korbeta kapitainak, portuan ainguratzeko baimena eskatu zion. Nekatu samarra zegoen. Eskolta lana ez zen txol atsegina, endemas yate batena. Zahartzen hasitako ontzia zen, baina itsastarra. Atoiontzi kapitainera igoko omen zuten laster, eta algara egin zuen. Bokalean sartu zirelarik, arroketan zeuden eguzkizaleak zutitu egin ziren bafada beltz luzea botzen zuen tramankulu hark ababorrean zekarrena hobeki ikustearren. Zeroi bat isatsetik lotua. Francoren balentria berria. Hamasei metro eta hogeita hemezortzi tona. Gerora jakin zen Nervion minadraga bataila gogor eta luze batetik zetorrela, ikatz ugari erreta. Hamasei nudo eta erdi hartzen zituena, orduko bost nudotan heldu zen. Latza, bataila. Soldaduak laneko grisean jantzirik zeudela prest ziurtatu zion portuko itsas komandanteak. Krakoak baionetak estatxak aizkorak. Minadraga portuaren erdialdeko buietara hurbildu zen. Eskalak luzatu zituzten alfonbrak pirrilaka bezala, zurezko mailek sortzen zuten hots harekin kroskoaren burdinan jotakoan. Marinel bi jaitsi ziren. Zeroiaren bizkar gainean zutik agertu ziren berehala gorputzean iltzatuak zeuzkan arpoietan goiti eskalatuz. Loturak askatu zituzten eta teknika bera erabiliz hurbildu ziren mailadira. Ontziak, libre, buietara egin zuen. Irabazia zeukan atsedena. Zeroia hantxe geratu zen, zintzo, komandantziako txaluparen zain gure portuko putzuaren erdian. Inguratu zitzaion aurrena Rafael Artista Fotografo izan zen, gaztetxo batek arraunean zekarren batelikoan. Klixe historiko batzuk lortuko zituen. Putzura ematen zuten balkoi guztiak jendez beteak zeuden. Distritu batetik bestera joatekoak zirenak ere moilan geratuak zeuden, ikustekoari beha. Motoristek gangiletan estekatu zuten, inork ez zeukan inorako presarik. Hogeita hemezortzi tona haiek uraren azalean, muino gris ilun distiratsua putzuaren erdian. Itsas komandantziako entxufatu haien aldia zen.

      Orduan kaira jalgi ginen.

      Konbaterako aginduak eman zitueneko, Franco brankaren bertizean bertan kokatu zen, eta Azor yatea, ontzi astun eta gogor hura, gerrako destroierra bihurtu zen. Inork agindurik eman baino lehen prestatu zuten kanoia marinelek, ibili luzeko ehiztariak ziren. Martxa apalduz, etsaiaren posiziora hurreratu ziren hogeiren bat metrora kokatzeko. Max Bassolsek, Caudilloaren arrantza maisua izan zen gobernadore zibil ohiak, betiko artarekin zabaldu zuen Greener Harpoon Gun Mark II karabinaren kutxa berdea. Francok besoa jaso zuen. Zeroiaren buru azpira apuntatu zuen kanoilariak. Makina zintzoa zeukan besotan, Norvegiatik ekarritako jostailua. Mussolini hila zen, Hitler hila zen, Francok zeroiak ehizatzen zituen. Besoa jaitsi zueneko irten zen hemezortzi kiloko arpoia bere isats luzearekin. Odola jario hasi zen zeroia. Abante guztia istriborrera, eta abante guztia istriborrera ahoz aho pilotuarenganaino. Zeroia bertikalean murgildu zen, maltzur, batailatik ihesi. Berrogei bat metro estatxa behar izan zuen. Tiro bikaina, eta ahoz aho tiro bikaina arpoilariarenganaino. Denek zekiten puska batean ez zela berriz azaleratuko, eta Franco beti brankaren bertizean. Horixe zen Francoren adurra, pazientzia, fermutasuna. Kafe hotza prestatu zion zerbitzariak. Hurrupa txipi bat eginda itzuli zuen Francok, dastatzeko lain, gerlari sikua zen, sikua tiro bat lez. Bere moro guardiak hurrupatxo bat te berak hurrupatxo bat kafe, eskuz esku kikarak bidea ostera tantarik isuri gabe. Arpoiak bezain zorrotzak ziren begietara prismatikoak. Etsaia txopatik ager zitekeen, edo istriborretik. Hogei minuturen buruan estatxa hasi zen azaltzen ababorretik, zeroia ez zen hainbeste mugitu. Murgildua zen posiziotik milia erdira ikusi zuten berriro. Abante guztia, eta ahoz aho abante guztia, baina pilotuak agindua iritsi aurretik emana zion, estatxa biltzea zetorren orain, zeroia ihesian hasiko zen laster arpoia kendu ahal izanen zuelakoan. Segundo batzuk galtzea aski zen piztia hark estatxa tinkatu eta eten zezan. Hurbiltzen ziren heinean, Norvegiako kanoiak zintzo egin zuen lana: hemezortzi kiloko lau arpoi, hamar kiloko hamabi. Indar gaitzeko tresna zen. Segurtasun neurriak zirela kausa, ez zuen Francok maneiatzen. Hilaginean geratu zen etsaia. Arriskurik larrieneko unea zen hura. Azken ahalegin bat eginen zuen bizitzari atxikitzeko, isatsarekin joka amorratuko zen, ur handiak harrotuko zituen. Francok bere postuan jarraitu zuen ordea, izarrik ez daukan gauean argi ematen duen farolaren antzera hantxe, bederatzi ordu eta bost minutu tente, ankertasunari buru eginez brankaren bertizean, ehiztari mitiko ekaitzen garaile bidearen mugarri. Arriskurik larrieneko une hartan, Fusila esan zion Francok Max Bassolsi, eta fusila ahoz aho, eta fusila eskuz esku. Etsaia errematatzeko zeremonia zetorren orain, eta Franco odol hotz harrigarrian hasi zen zeroiari tiroka, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar, hamaika, hamaika estatuburu Francoren bekaitzez, hamabi, hamahiru, hamalau, hamabost, hamasei, hamazazpi, hemezortzi, hemezortzi hurrupa txipi Francok kafe hotzari, hemeretzi, hogei, hogeita bat, hogeita bi, hogeita bi Franco beti kristau, hogeita hiru, hogeita lau, hogeita bost, hogeita sei, hogeita zazpi, hogeita zortzi, hogeita zortzi Franco beti harrigarri, hogeita bederatzi, hogeita hamar, hogeita hamaika, hogeita hamabi, hogeita hamahiru goiaingeru Francoren loa zaintzeko, hogeita hamalau, hogeita hamabost, hogeita hamasei, hogeita hamasei ordu jarraian Franco brankaren bertizean, hogeita hamazazpi, hogeita hemezortzi, hogeita hemeretzi, berrogei, berrogeita bat, berrogeita bi, berrogeita hiru, berrogeita lau, berrogeita bost, berrogeita sei, berrogeita zazpi, berrogeita zazpi tonakoa Francoren adurra, berrogeita zortzi, berrogeita bederatzi, berrogeita hamar, berrogeita hamaika, berrogeita hamabi, berrogeita hamahiru, berrogeita hamalau, berrogeita hamalau bedeinkazio Aita Santuak Francori, berrogeita hamabost, berrogeita hamasei, berrogeita hamazazpi, berrogeita hemezortzi, berrogeita hemeretzi, berrogeita hemeretzi mila lege zuhur Francok sinaturik, hirurogei, hirurogeita bat, hirurogeita bi, hirurogeita hiru, hirurogeita lau, hirurogeita bost, hirurogeita sei, hirurogeita zazpi, hirurogeita zazpi urte Francok, hirurogeita zortzi, hirurogeita bederatzi, hirurogeita hamar, hirurogeita hamar urte Francok behin eta berriz, hirurogeita hamaika, hirurogeita hamabi, hirurogeita hamahiru, hirurogeita hamahiru Franco denak berdin, hirurogeita hamalau, hirurogeita hamabost, hirurogeita hamasei, hirurogeita hamazazpi, hirurogeita hamazazpi deskalabru Franco akabatu ezinez, hirurogeita hemezortzi, hirurogeita hemeretzi, hirurogeita hemeretzi zakur Francoren katetik, laurogei, laurogeita bat, laurogeita bi, laurogeita hiru, laurogeita hiru urte eta beste bi kaxa kartutxo eskatu Francok, laurogeita lau, laurogeita bost, laurogeita sei, laurogeita zazpi, laurogeita zortzi, laurogeita zortzi milioi boto Francoren alde, laurogeita bederatzi, laurogeita hamar, laurogeita hamaika, laurogeita hamabi, laurogeita hamahiru, laurogeita hamahiru bake urte Francori esker, laurogeita hamalau, laurogeita hamabost, laurogeita hamasei, laurogeita hamazazpi, laurogeita hemezortzi, laurogeita hemeretzi, laurogeita hamar, laurogeita hamar mila etsai eta Francok pultsua tinko, ehun, ehun urte eta nolako gerlaria Franco, ehun eta bat, egun eta bi, ehun eta hiru, ehun eta lau, ehun eta bost, ehun eta sei, ehun eta zazpi, ehun eta zortzi, ehun eta zortzi mila eper Francoren platerean, ehun eta bederatzi, ehun eta hamar, ehun eta hamaika, ehun eta hamabi, ehun eta hamahiru, ehun eta hamalau, ehun eta hamalau zeroi Francoren balentria, ehun eta hamabost, ehun eta hamasei, ehun eta hamazazpi, ehun eta hemezortzi, ehun eta hemeretzi, ehun eta hogei, ehun eta hogei fusil tiro Francok banan-banan pertsonalki.

      Orain kalera jalgi naiz.

      Kalera irten gara haserre, kalera irten gara Piazza del Popolo guztietara elkarrekin egoteko, elkarren berotasuna sentitzeko bizitza izoztu honetan, barruan daukagun sumindurari egitura politikoren bat emateko asmoz. Sobera urte zornea biltzen. Lehertu behar batek eraman gaitu, urradurek sortzen diguten higuina eztarritik libratzera esaka, oihuka, kantuka. Eta Piazza di Spagnan masta hutsik Espainiaren eta Vatikanoaren armarrien artean, leihoak itsu, atea itsu, Espainia itsu gure kolera ulertu ezinik. Espainia kristaua gor Aita Santuaren urriki eskeari. Bat, bi, hiru... eztanda gorriz bete da Espainiak Vatikanorako daukan enbaxadaren aurrealdea. Franco assassino. Turistek argazkiak egin dizkigute. Agian ez dira turistak. Haiengana hurbildu eta informazio orriak eskaini dizkiegu. Alemanak dira. Franco, aipatu diegu, Hitlerren aliatua. Baietz egin digute, bazekiten. Multzoa mehetzen hasi da Palazzo Borghesera joateko, batzuek metroa hartu dute lehenbailehen iristeagatik. Zeinen guti garen, zeinen guti egun izoztu honen berotasunean, zeroikume batzuk baino ez guri deika turistez beteriko bateaux-mouchesen artetik Senaren erdian. Banderolak, pankartak batu zaizkigu, eta Place de la Bastillen zeudenekin nahasi garelarik trafikoa eten ahal izan dugu, bost minutu eskatu diegu, bost minutu tutu joka bost fusilatuen izenean bosna notako oihuan Fran-co a-ssa-ssin, Fran-co a-ssa-ssin. Zuek denak, espainiarrak zarete? Ez, batzuk bakarrik. Zer ari zarete, espainiarrei beren arazoak konpontzen? Diktadurak, zure ustez, barne arazo dira? Tira, egin dezatela espainiarrek iraultza geuk egin genuen moduan. Place de la Bastille, zer edo zer adierazten du, ezta? Bai, burgesen iraultza. Nondik zatoz zure autoan, lanetik noski? Etxera heldu nahi dut, nekatua nago. Egalité, non ote zaude, Egalité! Espainiako enbaxadarantz hartu dugu Rua do Salitren beheiti, uholde batean heldu gara Avenida da Liberdadeko izkinara, hantxe Francoren delegazioa, Avenida da Liberdaden. Kazetariak, argazkilariak, RTPko kamerografoak. Masta hutsik. Bandera ezkutatua, edo eramana. Bi soldadu ate zaindari. Norbaitek Revoluçao hitza aipatu die. Elkarrizketa labur bat izan dugu. Orain, une honetan bertan, herria da aginduak ematen ari zaizuena. Bazterrera egin dute eta gurekin etorritako batzuek musuak eta besarkadak ematen dizkieten bitartean besteok atea jotzen leihoak apurtzen hasi gara. Franco assassino margotzen kamerek filmatzeko. Jendea leihoetarik sartu da, istantean egin dute hegan karpetek aulkiek mahaiek errezelek. Su eman die neska batek alfonbrei, garrak leihoetarik. Puska betean egon gara hantxe, suhiltzaileei ere Revoluçao hitza aipatu ahal izateko. Gure ekintza zer den, Francoren aurka gaztetasunak egin adierazpenen arteko bat. Hori da, hain zuzen, jazar hau, sute hau: adierazpen bat, Inkisizioa bera erretzea. Espainiako lurraldea inbaditzen ari garela ordea. Portugaleko estatua kolokan jartzen ari gara. Baldintzak ari omen gara sortzen Estatu Batuek eskuin kolpe bat eragin dezaten. Kazetariak, unean uneko jakintsuak. Iduri luke ez dugula Krabelinen Iraultza bat eduki, urtebete nahikoa izan da egarria asetzeko. Bost fusilaketa egin ditu Francok egunsenti honetan. Portugalek ez ditu deskargak entzun? Francok entregatu zien Humberto Delgado PIDEko hiltzaileei. Bai edo ez, esadazue. Beraz, zer egin behar du Portugalek, ohar bat? Espainiak ezin du Portugal eraso, esadazu nola dagoen Espainiako herria une honetan. Zer dio zuen berriemaile bereziak? Hilabete oroz dago greba nagusi bat Euskal Herrian. Agian ez daki. Madrileko hotel batetik idazten dizue. Ez dakizu Katalunia nola dagoen. Portugalek bi egunez eusten baldin badio, Espainiaren Armadak atzera eginen du. Kolapsoaren bezperan Espainia dago, ez Portugal. Askatasuna opa baldin badiezu Espainiako herriei, har ezazu eskutada bat su horretarik. Bertan utzi ditugu, Praça de Espanhara jo dugu. Ez gara hainbeste, aitortzekoa da. Baina multzo bat gara, fusilatu berpiztuak, multzo bero bat. Avenida da Liberdaden goiti sumindu gehiago, aitzina jarraitu dugu kantari Grandola vila morena. Eta leihoetarik Terra da fraternidade erantzuten digute han edo hemen. Seinale bat da. Revoluçao hitza aipatu diegu aspertuak daudenei. Jauzi batean iragan dugu burdinazko hesia. Enbaxadak abandonatuak dauzkate hiriburu guztietan. Zabaldu, eraitsi, birrindu, jaurti. Ehun eta hogei taupada minutuko. Urteetako ahaleza. Praça de Espanhan apirilaren hogeita bosteko iraultzaren egunak arrapiztu dira. Lagundu ote digute espainiarrek ezertan inoiz? Barre egin diot. Guk ere Egalité, non zaude Egalité! eginen dugu hasperen halako batean. Krabelinen Iraultza palmondoetan hasi zen, Afrikako oihanean, Ginean, Angolan, Mozambiken, Sao Tomen. Kolonietako liberazio mugimenduek irakatsi zieten gure kapitainei zer egin, guztiek bertan hil nahi ez bazuten. Helburu iraultzailerik gabeko iraultza egin dugu. Eta tristatu egin nintzen, ez zen hausnarturiko prentsamendua, ez dakit nondik irten zitzaidan gordinkeria hura. Tristatu egin nintzen, oroz gain, egia zelako eta ez neukalako eskubiderik halakorik esateko ordu latz batean nazionalitate berria eman zidatenei, aterpea, ogia eta maitasuna ematen didatenei. Gau luzea izan zen, gau guztiak ziren luzeak ukimenez eta intuizioz aurrera egiten ikasi nahi genuen itsuontzat egun haietan Portugalen. Debate ageri batera eraman ninduten, MFAko zenbait kapitain azaltzekoak omen ziren. Eskaileretan geratu behar izan genuen. Nolako isiltasuna gure artean, eskaileretan jesarrita, sarrerako ate erraldoiari beha edo paretetako margo historikoei edo geure zapatei, ozengailuek ekartzen zigutenari bizkar emanik. Nolako ernetasuna sozialismoa finkatzeko eman beharreko urratsei buruz ari ziren Vasco Lourenço eta Otelo de Carvalhoren hitzak buruz ikasten. Eta, ezagutzen ez nuen batek, nire ezkerrean zegoen emakumezko batek, belarrira: helburu iraultzailerik gabeko iraultza egin dugu, baina bankuak nazionalizatu ditugu.

      Orain errealitatera jalgi naiz.

      Bizkaiko Golkoan inoiz harrapatu den zeroi handienaren agonia bezain luzeak izan ziren lehorrera jasotzeko portuan eman zituen lanak. Rafael Artista Fotografok klixe historikoak egin zituen: garabi flotanteko marinelak zeroiaren inguruan altzairuzko kableak azpitik pasatzen jaso ahal izateko, kableak berak lotzen, kakoan sartzen. Hurbiletik hartutako argazki sail bat, bitxia. Baina Rafaelek moilako garabi batera igota atera zuena da egun Francoren balentriaren froga nagusia. Motoran ontziratzeko gangilaren pareko aterpe modernistaren ondoan geratutako jende ilara lehen planoan bizkarrez, putzura beha, eta hirurogei tonako garabi flotantea, Luzuriagan egina eta alemanek motorizatutako huraxe aurrez, mekano estruktura zeukan moko indartsuarekin eusten duela portuan inoiz ikusi izan den itsasokorik ikusgarriena. Zeroia airean, hamar metro urazaletik gora hogeita hemezortzi tonako piztia, Francoren mezua, Francoren mezu astuna, Francoren mehatxua. Aski ezaguna da argazkia. Ez du adierazten ahal jendearen isila, jendearen izua. Albistearen apaingarri atera zuen La Voz de Españak. Rafael Artista Fotografok anpliazio bat egin zuen eta itsas komandanteari oparitu zion. Honek beste kopia bat eskatu zion, kalitate berekoa eta marko egoki batean sartua, ordaintzekotan. Francori berari helarazteko moduko markoa. Portuko Agintaritzak negatiboa erosi zion. Antza denez, Rafael Artista Fotografok ez zituen klixeetan hilezkortu laneko grisean hain prest zeuden kubertak garbitzen ibili ordez komandantzian entxufatutako soldaduek egin zuten lana. Minadraga zeroia askatzen hasi zela heldu ziren ingurura. Lehorreko Babcock & Wilcox nº 8tik tentuz jaitsi eta etorria zen bizikletan abiatu zen lasai MEIPIrantz argazkilaria. Han lehorreratuko zuten, han laurdenkatuko zuten, ez zen lehen zeroia. Minadraga hastandu egin zen ekarria zuen zama komandantziako mutilen esku utziz. Portuko itsas komandanteak arpoiak lehorrean errazago kenduko zizkiotela argudiatu zuelarik, korbeta kapitain gazteak, Nervion minadragako komandanteak, bizkarrak harrotu zituen doi bat, ez nabarmen, begiak bilduz. Arpoi guztiak albait arinen ekartzeko eskatu zuen Azor yateak. Eta Azor yateak eskatu zuela jakinik agerikoa zen Francok baino larderia handiagoko baten agindua zela, itsasoan Francoren ahotsa hartzen zuen Max Bassols jaunarena, Caudilloaren maina guztien asmatzaile zintzoarena. Ez da samurra haragian sarturiko arpoia ateratzea. Gorputza uretan dagoen zeroia baldin bada, ez da samurra gorputzaren bizkarrera iristea. Ez zuen nahi bere mutilak barregarri ikustea inork. Jolasak utzita arrapaladan igo genituen denok etxeko eskailerak. Nola edo hala saiatzen ziren alferkerian ohitutako latoi lustratzaile haiek. Aitaren prismatiko alemanak atera nituen. Kaian zegoen jendeak hautsi egin zuen ilara, estatxa askatzeko eskatu zioten motoristari, beste distritura joatekoak ziren eta ez zeukaten gogorik harakintza hura ikusteko: baionetak gorputz hila ikertzen krakoak mamia zarrastaka papurtzen aizkorak arpoiaren gezirainoko bidea egiten giharrean, soldaduak min hartzen madarikatzen txalupara erortzen uretara labaintzen, matarife ezikasien izerdia. Groteskoa eta sumingarria zen hura. Hori dena orain dakit, orain dakit interpretatzen. Prismatikoek hurbiltzen zuen mundua bestelakoa zen, arraroa, gogorra, ezkutua, behor hiltegian ikusten genuena ez bezalakoa. Mekanika zabarra, garbitasunik kuxidaderik gabeko lana. Azor yateak albait arinen behar zituen arpoi guztiak. Franco edozein egunetan jaiki zitekeen balentria harrigarriago bat egiteko gogotan. Biharamunean bertan, ausaz. Eta bat, bi, hiru, berrogeita zazpi, hirurogeita hamabost, laurogeita bederatzi, ehun, ehun eta hogei arpoi behar zitzaizkion osorik garbi osorik zorrotz piztiak akabatzen jarraitu ahal izateko tiroka, berak, pertsonalki.

      Orduan Max Bassolsek prentsa irakurri zuen.

      Ohikoa ez zuen ardura sintaktikoarekin hartu zituen La Voz de España, El Diario Vasco, Unidad, Francoren balentriari buruzko kronikak berriro irakurtzearren. Hantxe ageri zen berbakondo hura, hamar bat aldiz errepikatua albistean barrena. Berdin zen falangistetan zein tradizionalistetan. La Vanguardia eskuratu zuen eta zabaldu zueneko, albistea laburragoa zenez, begira etorri zitzaion berba testu masan nabarmen, berba madarikatu hura, hainbat bider entzuna hainbat bider irakurria, eta berak berberak hainbat bider esana. Abuztua, nola harrapatu katedratikoren bat? Hiriburuko ateneora jo zuen, Espasa entziklopedia besterik ez zeukaten. Ez zen pozik geratu entziklopedian irakurri zuenarekin. Eguerdia zen eta alderdi zaharrera jo zuen, Gaztelubideko lagunekin martini batzuk hartzera. Nautikora hurreratzen ari zela, Aquarium begi bistan letra nabarmenez portuko moilarrien gainean. Lauretan irekitzen zutela jakin zuen atean. Gaztelubidekoek kezkatua ikusi zuten, hitzurri. Ohi zuen sutsutik urrun kantatu zituen bazkalondoko habanerak. Laurak eta laurdenetan Aquariumean zen berriz. Zuzendaria, goizetan bakarrik. Dei ziezaiotela etxera. Pipa bat errez itxaron zion eraikinaren gaineko terrazan, ukondoak eskudelean. Badiaren erdian Azor, yate gogor eta astun hura. Zer egiten zuten gobernadore zibilek? Itsuak al ziren zentsurakoak? Francoren zerbitzura zeuden marinel bermeotar haietariko batek berba ahoskatu zuen tonuak sortua zion susmoa. Zenbatetan errepikatu ote zuen hura bera tonu hartan? Berba zantarra zen, errima guztiak zantar egiten zituena. Eta idatzian efektu bera egiten zuen, izen hark biko zentzua zeukan erregimenari atxikiak ez zirenen artean. Aquariumeko zuzendariak barkamen eske agurtu zuen, abuztuko arratsaldeak omen zituen oporraldi bakarra. Harritu egin zuen Max Bassolsen galderak. Nomenklatura zientifikoan, piztia haren izena balaena biscayensis zela argitu zion. Francoren intimoak eskua emanez eskertu zion, zurrun. Ez zen egokia izen hura, hura ere ez. Manipulazio politikoetarako bidea ematen zuen. Biscayensis baino, cantabriensis izan balitz! Edo cantabriarum, batek daki! Informazio eta Turismo Ministerioko telefonoa zenbakitzen ari zela heldu zitzaion Espasan bertan irakurria zuen Cetáceo terminoa. Aurikularra urkuluan utzi eta ahoan erabili zuen Cetáceo. Hura bai, latinaren eta gaztelaniaren artekoa zirudien, jasoa, dotorea. Ministerioko telefonoa zenbakitu zuen berriro prentsari jakinaraz ziezaioten Francok ez zuela Cachaloterik harrapatzen, Cetáceoak baizik. Ilunabarrean Azorreko kanoilaria etorri zitzaion Nautikora, arpoi guztiak ontzian zeudela, garbirik eta zorrotzik. Murgil eder bat egin zuen Max Bassolsek pasarelatik itsasgoran. Itsasoan bakarrik ez, lehorrean ere bataila interesgarriak bazeudela deskubritu zuen. Gauerdi beranduan, Tenis Cluben, txalo zaparrada batean jaso zuen bizartsu kapeludunen festako lehen saria.