Franco hil zuten egunak
Franco hil zuten egunak
2016, narrazioak
256 orrialde
978-84-92468-91-1
Azaleko argazkia: Itzala (AHM fototeka)
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Paperak

 

 

Martin de Muñagorri nihilista amorratuen buruzagi ikusten zuten afari lagunek. Ez liberal ez karlista, nolabait esatearren, bai bien etsai. Eta erdibiderik ez. Burdinbideak harrotu, zalgurdiak irauli. Su eman. Su eman edozeri. Guztiari. Zaldun zoroen iraultza euskal herri zabar honetan. Zaldirik ez eta txapela janzten zuen. Baroja bat ekintza politiko eske. Astero erakusten zuen sumintasun sakratu hura Arbolape elkarte gastronomikoan. Eta nortasuna galdutako gizarte zabar hura porrokatzeko egokiera etorri zain, gatzaren dina ateratzeko zereginetan saltzen zuen lan indarra. Zer erremedio. Baiezkoa gainekoari. Eskua apurreko jornalera. Baina begia zorrotz zoko denetara, belarria erne zurrumurru denetara. Eta luma, izparringiak apaindu behar zituen berri usteletara luma. Iskilurik ezin eta horixe erabiltzen zuen... Estatuko buruzagia, Franco Generalisimoa, emaztea, Doña Carmen Polo, Gobernazio ministroa, On Tomas Garikano Goñi eta udako sekitoa lagun zituela frontoian azaldu zelarik VI. Munduko Pilota Txapelketaren urratzea egiteko, hiri honetan beti jasotzen dituen txerazko eta abegizko adierazpenak egin zizkioten sutsu eta ozenkiro harmailak mukuru betetzen zituzten zaletuek, frontoi honetan bertan lekuko izan garen pilotako lehiarik gogorrenetan bezalaxe berotu zen publikoa txalo erauntsi luze batean, zutunik eta kutunik. Harrotzeko modukoa, Francisco Franco gure artean uda oroz edukitzea, eta are harrotzekoagoa hain euskaldunona dugun kirol honi ohore egitea. Ez genuke harritzekoa Generalisimoaren detaile delikatu hau, zeren berak horren zuzen daraman gobernuak atletismo instalakuntza berriak eraiki baitizkigu, zeren Generalisimoak berak aski froga emana baitu zenbateraino maite duen kirola, ehiztari eta arrantzari bikaina dugunez. Ekar dezagun gogora, besterik gabe, iaz Kantaurin harrapatu zuen zeroi handia, Generalisimoaren Azor yatearen eskoltako gure itsas armada loriatsuak daukan fragatarik onenetako batek, Hernan Cortesek, zeinak uda oroz gipuzkoarrok eta hartara berariaz Pasaiako portura egun pasa heldutako nafar ugarik ere bisitatzen ahal baitute umeen eta gaztetxoen pozean eskalak goiti eta beheiti, makina aretoan motorren segurtasun sistemako argiek eta orratzek liluraturik, kanoien zerbitzarien aulkian jesarrita Espainia katolikoaren etsai amorratuak akabatzen, Hernan Cortesek alegia ekarri zuela zeroia Pasaiako portura, Donibaneko arrantzale trebeek abilezia txundigarrian estekaturik gizaldiz gizaldi egundaino ekarritako jakinduria erakutsiz eta halako ikusgarriaren lekuko izatera bildua zen inguruetako jende samaldak gogotsu txaloturik lehorreratu zuela piztia erraldoia, gure estatuburuaren begi zoliaren eta zain fermuaren froga... Armada beltz hura antolatu arte, direnak eta ez direnak porrokatu arte, dibagazioa eta hiperbolea ziren Muñagorrik bizi zuen errealitate motzaren gaineko mendekuaren iskiluak, hiztegi eta estilo ofiziala barregarria bihurtzeraino puztuz. Demaseko laudorioak aintzaren aintzaz sortzen duen burla kutsua, beti. Agintariak aipatze atertu ezineko hura kroniketan eta albisteetan, beti. Gozamena ziren artikulu haiek gaiztakeria irakurtzen zekitenentzat. Prosa barrokoaren eredu hiriburuko zirkulu literarioetan. Hiriburuko zirkulu literarioak! Poemak errezitatzen zituen pianojolea, emakumezkoa, Turismo Bulegorako esloganak idazten zituen jostuna, gizonezkoa, Sevillako Udalaren Nobela Sarian finalista izandako aduana agente bat, ez gizonezkoa ez emakumezkoa... Hauenak izaten zituen Martin de Muñagorrik zorioneko bizkarrekoak bere lanen bat aipatzen ziotela. Irri konplizeak, berriz, atxilotu politikoak atenditzen zituzten letradun gehienek eskaintzen zizkioten. Ez denek. Abokatuaren jatorrizko izena da letraduna. Aldian behin, azpilana estilo baten aitzakian babesteko, iskilu berdinak erabiltzen zituen, dibagazioa eta hiperbolea, politika ofizialarekin zer ikusi zuzenik ez zeukaten kontuetan. Auzitegiko kroniketan, adibidez, letradunon lana hitzaren artea bezala ez ezik jarreraren eta keinuen antzezpen zoragarria bezala ere hartzen zuen. Martinez Mendiaren errepikapen aspergarriak baliabide erretorikoa zela idatziko zuen. Galatas Illarramendiren eztulik karkaxena ironiazko abisua zela. Akusatuaren egoera animikoa eskuen mugimenduetan islatzen zela, marinelaren amu ankerrak harrapatutako kaioaren hegalen ahaleginak zirelako. Epailearen lana, berriz, Sisifo batenarekin alderatzen zuen, gaizkileak, tamalez, munduaren mundu tematuko zirelako gaiztakerian. Zigorra arren. Urkamendia arren. Galdetuko zioten zer adierazten zuen munduaren mundu hark, eta berak sasibarre bat egiten zuen ez zekiela erantzuteko. Sorbaldari eragin eta gerrilaria ilunpean aritzen dela, horixe besterik ez zekiela berak. Kopeta behar du.

 

 

Ez zeukan asmorik senarrarekin frontoira joateko. Frontoira maiztxo joana zen aitarekin umetan, frontoira zibilizazioa heldu zenean. Zibilizazioak palkoa eta edaritegia ekarri zituen. Bozka emateko eskubidea zeukan analfabeto masa hark ikusteko azaltzen zen aita frontoira, Encarnita panpinatxoa eskutik zekarrela. Errepublika garaia. Beti matxinadaren baten ikaran. Encarnacion Lope de Satrustegik ez zeukan beraz asmorik senarrarekin joateko. Espainia osoko Minbiziaren Aurkako Elkarteen batzarra zeukan. Lehendakariordea zen, eta lehendakaria Carmen Polo, Francisco Franco Generalisimoaren beraren emaztea. Doña Carmen frontoian egongo zen Francorekin. Lehendakariarena betetzeko aukera, bakarra, azken bi urteetan. Batzarrak ofizialtasun bat eskatzen zuen, ulertzekoa zen. Mesedez itzuli biko perla naturaleko lepokoa lotzen laguntzeko eskatu zion senarrari. Bainutik lurrin betegarri hura zekarrela hurbildu zitzaion after shavea ahitzen ari zela esanez. Zezenetara joaten ez bazen ezago leku itxi batera erretzaileen kea irensteko. Emakumezkoen artean egon nahi zuela, ez minbiziaren mikrobioak arnasten errezaleen erdian. Mikrobio haiek akabatzeko egiten ziren ahalegin zientifikoak laguntzearren ari zirela musutruke. Hiriko hotel nagusiaren areto nagusian espero zutela laster. Protokoloaren barruan zegoela denak emaztearekin azaltzea Caudilloaren inguruan gogorarazi zion Arturo Gil de Balmesek, ez zutela lehen aldia, bazekiela. Madrildarra jaiotzez, katalana Gil de Balmestarren ahaidez, poeta ospetsuaren lehengusua. Ezkutatzen saiatzen zen lotsaizun hau. Homosexual nabarmena zuten eta borondate oneko lagunek eta asmo gaiztoko lagunagoek jakinaren gainean jarri zuten gizonezkoen arteko maitegrina, orain erotismoa esaten dioten horren laudamena egiten zuela estalkizunik gabe bere poemetan. Inork ez zekien Poliziak zergatik ez zituen erretiratzen liburu haiek denak. Kezkatua zeukan permisibitate horrek. Pariente galdu hura babesten zuela ibiliko zuten ahoz aho zirkuluetan. Baina Encarnari ez zitzaion egokia iruditzen prentsarekikoa beste inork egitea. Sentitzen zuela, ezin zuela batzarraren lehendakaritza utzi Baronesa de Alcantararen edo lehen ministroaren alaba ergelaren esku. Huts egin zuten Arturoren argudio politiko guztiek, biek egon beharra zeukaten frontoian, pilota gauza ikusgarria zela eta dantza ere egingo zuela talde folkloriko batek. Ministerioak birmoldatzekotan ziren eta Hezkuntza Fisikoaren eta Kirolen Ministerioa zeukan eskura. Garrantzizkoa zen irudi sendo bat ematea, eta bera aldamenean edukita, hain estilo dotorekoa, hain argazkigarri, bidea errazten ziola. Sendotasuna zen, bai, Lope de Satrustegi guztien ekarri politikoa monarkian handitu, errepublikan sufritu edo diktaduran aspertu. Beti ondo kokatuak negozioak antolatzen ziren lorategietako kokteletan. Alferrik izan zen. Lope de Satrustegi guztien ezpal harroa erakutsi zuen Encarnak. Berak ere bazeukala zer bizia esan zion kapeluak saiatzen zituen komodako ispilutik barre eginez. Ez ziola sekula eskatu minbiziaren aurkako elkartearen ekitaldietara azaltzeko. Ez ziola sekula eskatu itsulapikoa hartu eta kalean barrena banderatxoak paparrean itsasten ibiltzeko mikrobioen aurkako gurutzadan. Hasperen egin zuen Gil de Balmesek ohean eserita diskurtsoaren oharrak bigarrenez irakurtzen zituela. Pentsatua zeukan diskurtsoa bukatuta aulkira zetorrenean, haren aldamenera, Encarnari musu emateko eskatzea. Oso amerikanoa zen hori. Politiko amerikanoek beti zeuzkaten argazkilari eta kameren aurrean musu ematen zieten emazteak. Emazte inteligenteak. Senarraren lana preziatzen zekitenak. Ez zen ausartu horrelakorik proposatzen. Munduko pilota txapelketa zela esan zion. Eta telebista han egongo zela, eta Frantziako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako prentsa. Aperturako zeremonia bukatutakoan joan zitekeela batzarrera. Txoferrak ziztu batean eramanen zuen hiriaren bazter hartatik zentroraino. Horrela bai. Ideia ona zen. Bietan egon zitekeela aitortu zion Encarnak. Amerikar samarra ari baitzen bilakatzen, musu eman zion. Esker onekoa. Ministro egokia izanen zelako ziurtagiria izan zen, izendapen ofizialaren zigilua... Eleberri merkeko espia, Martin de Muñagorrik ministroen etxeetan, saloietan eta telefonoetan gertatzen zenaren berri zeukan. Nola ez ministro kontseiluetan. Intriga guztien azpiak kontatzen zituen, egia edo alegia, Arbolape elkarte gastronomikoan. Kroniketan erabili ez zezakeen materiala zen hura, tertulietarako piperra. Gonbidapenak jasotzeko ere bai. Zimurra baitzen. Jan-edanak ez ordainduz kobratzen zituen orrietan ageri ezineko albisteok. Kroniketan ordea, ez berak, gainerakoek ikusi zutena puzten zuen. Bera zelako ageriko ez zirenak ikusten zekien bakarra.

 

 

Frontoiko atleta gihartsuek pilota harrotzen duten sukar berarekin jotako txaloen oihartzuna isildu zelarik hasi zen VI. Munduko Pilota Txapelketan lehiatu behar zuten herrialdeetako ordezkarien desfilea, gure kirolaren garbitasuna irudikatzen duen zuriaz jantzita, taldeek banderadun bana aitzindari, Argentina, Estatu Batuak, Mexiko, Txile, Frantzia, Uruguai eta azkenik Espainia, torneoaren anfitrioia. Banderak hartarako antolaturiko mastalerro eder batean eskegi zituzten gero, Fernando Puigvertek, Espainiako Pilota Federakuntzaren lehendakariak berariaz Bartzelonatik ekarritako Udal Bandak herrialde guztien himno zatiak kadentzia ederrez jotzen zituela. Jakin dugu donostiar prestu zenbaitek ez duela ongi hartu hiriko udal bandak halako zeremonia garrantzitsuan ez jotzea. Esaterik daukagu hiriaren musika tradizio historikoari egindako laidotzat hartu izana oker ulertze baten ondorio izan dela, zeren Donostiako eta Bartzelonako Udal Banden arteko programa hitzartu baten barruan gertatu baita Puigvert jaunak hangoa ekartzea, eta jakin dugu Donostiako alkateak gure hiriko udal banda eramanen duela laster Kontirian egitekoak diren Nazioarteko Jardunaldi Gastronomikoen inaugurazio ekitaldia edertzeko, eta edertuko dute edertuko dutenez, Donostiako musika maisuek daukaten talentu aparta eta errepertorio aberatsa igande eguerdi oroz eskaintzen duten Bulebarreko kontzertuan dastatu dituen edonork dakienez. Puigvert jaunaren sarrerako eta eskerreko hitzen ondotik, On Arturo Gil de Balmesek, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzako lehendakariak hartu zuen hitza, kirolzale eredugarria eta gizon maitatua gizon maitaturik bada hiri honetan, ama zenaren aldetik zein Encarnacion Lope de Satrustegi emaztearen aldetik ahaide ugari baititu bertan, eta Real Madrid futbol taldeko lehendakariorde gisa harreman bereziak abiatu ditu gainera zezen larruko zelaietako belarrak eta lokatzak leial bezain indartsu zapaltzen dituen Real Sociedad futbol taldearekin kirol aurkatasun jatorraz goiti bi klubetarako onuragarriak izaten ahal diren erabakiak adosteko Espainiako Futbol Federakuntzan. Hitza hartu zuen, beraz, On Arturo Gil de Balmesek, gurean bezala Madrilen estiloz janzten duen txapela kendu eta jakaren ezkerreko sakelan artoski bilduta, ikusle guztiek txalotu zuten herritasun detailea. Generalisimo Ezinobea agurtu zuen lehenik, ekitaldira etorritako agintariak ondoren harmailak gainezka zeuzkaten pilotazale guztiei beha, atentzioa finkatuz, frontoian geundenok bat-banaka agurtzen gintuela adieraziz. Ondoren, pausaldi bat eginik konplimenduzko hitzen hurrena gai garrantzitsua zela uler genezan, Nazioarteko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariaren ardura pilotak munduan hartu duen hedadura izanen baitzen ezinbestez, eskuan zeukan paperari behatu zion, ez noski haria galdu zuelako, baizik tribuno zailduek egin ohi dituzten seinaleetarik bat antzeztuz hitzaldia ongi hausnartua, paperean landua, buruz ikasia ekarri duela erakusteko eta, egiazki, seinale bikaina izan zen, paperari behatu eta —ez ginateke harrituko hutsik egotea— jakaren barneko sakelan sartu zuen zalantzarik eduki ez genezan ez zuela berriz kontsultatuko, eta egia da amaitzerainokoan buruz ariko zitzaigula zalu eta sakon Gil de Balmes sportman laudagarria Euskal Herriak daukan ezaugarririk bikainetako honek, pilotak, mundu zabalean hartu duen garrantzi egunean baino egunean handiagoaren gainean Demostenes bat bailitzan, ez balu zoritxarreko istripu edo, zehazkiago emanik, ezusteko tamalgarri, gertatu itun, astun, tragiko batek frontoia aztoratu, durduzatu, asaldatu, hizlariak telebista kameren aurrean eskainitako seinale dotore hura hondatuz. Oihu subertsibo batzuk sumatu genituen aurrena sarrera arrunteko ilaretan, etsi, zoro, garratz, errebote aldetik. Hara egin zuten itzuli ziren harritu ziren frontoiko buru guztiek pilota hipotetiko baten traiektoria jarraituko bailuten, eta gizonezko bat ikusi ahal izan genuen zutik aldarrika une batez, segundo batez, nahiz inork antzekorik sekula gerta zitekeenik eldarnio batean ere begitandu ez genuen, garretan sutu baitzen inguruko ikusleek zarpatik heldu edo Generalisimo Ezinobearen zaintzakoek atxilo zezaten baino lehen, deabruzko agermena izan zen, gorputza sutan ikarazko txorimalo, eta ikara hura frontoi osoa hartu zuen izulaborria bihurtu zen bontzo exaltatu hark bere burua amildu zuelarik kantxaraino zeuzkan hogei metro haietan behera garrasika, kantxa jo zuen, kantxa jo zuenean su meta bat bihurtu zen, immolazio bat zaharkituak eta betirako gaindituak uste genituen ideien alde, eta kantxan erretzen zegoela heiagora lazgarriek urratu gintuzten, zeren suizidaren erorian arropak eta ileak su hartu baitzioten zeremonia apaintzeko dantzatu zain zegoen Goiznabar taldeko neska bati, zeina, oinazetan itsu, lasterka zoroan ikusi genuen harik eta brigada politiko-sozialeko detektibe birekin estropezu egin zuen arte. Orduan, J.P.A. agenteak, ekitaldirako goizean bertan erosia zuen jaka berria aitaren batean erantzirik, bestela segurik erredura larriak pairatuko zituen neska hura salbatu zuen burua eta bizkarra babestuz eta garrak amatatuz. Bizia salbatu ziola esan genezake, aurpegia desfiguratu gabeko bizia bermatu ziola behintzat eta, ez baitzaigu estatuko segurtasun indarren lan isila bertatik ikusi ahal izateko aukera egun oroz egokitzen, harritu egin gintuen agente bizkorraren odol hotzak eta hazta amultsuak. Nahastaileak, heriotzara egin zuen hogei metroko jauzi honetan lurrera baino lehen, polizia armada baten bizkarra jo zuen, baldarki kolpatuz. Belarri bat galdu duela jakinarazi digute iturri batzuek, bizkarrezurra hautsia duela besteek. Oihuak, gorputza garretan, erorikoa, neska garrasika, izulaborrizko une hura gure zainak airatu zituen zurrunbilo batean luzatu zen, frontoiaren zoko guztiak eta ikusleon bihotz guztiak hartu zituen, sekula beti gogoan izanen ditugun gisan iltzatu zitzaizkigun giza zuzi haren garrak gure barruan, mundupeko indar ilunen atzaparrak bailiran, mezuren mezu.

 

 

Immolazioak, beraz, mezu bat zeukan, mezuren mezu delako ilun bat. Iluna eta horrenbestez sekretua. Mundupekoa. Berak bazekien hori. Gaztigu bat, ordua heldua zelako seinalea. Garretan amildu zen gorputz hark zentzu bat zeukan. Zentzu politikoa. Ezin zuen bestelakoa izan Francoren begi bistan. Eta oihu subertsibo batzuk jaurti zituela jakinarazi zuen Muñagorrik. Berak ematen zituen horrelako detaileak. Euskal Herrian, sua eta Franco ekuazioak Gernika ematen zuen. Gernikako bonbardaketa ez zen amaitu 1937ko apirilaren 26an. Dena kiskali beharreko bonbardaketa izan zen diktadura, eta Gernika bihurtua zen Euskal Herria. Kronika —hau ere kontuan hartzeko datua da— Bartzelonako La Vanguardian azaldu zen. Franco hilik zegoelako albistea izan zen lan hura. Anoetako frontoian hasi zen haren agonia, ustelaren kiratsa nagusitu zen frontoian, karrikan, hirian, Espainia osoan. Arturo Gil de Balmesek uko egin zion ministro izateari. Encarnacion Lope de Satrustegiren aholkua izan zen. Erregimenak urteren batzuk iraungo zuen, eta aldi hori demokrata kristauen artean zeukaten izen ona indartzeko baliagarria zen. Eta Gil de Balmesek tarjeta berriak egin zituen Arturo Txapel izenarekin. Gipuzkoako diputatu ikusten zuen bere burua berandu gabe ailegatuko ziren hauteskundeetan. Muñagorriren gaiztakeriak argi samar uzten zuen bezala, Generalisimo Ezinobearen irudia, ordurako gastatua zegoen epitetoa behin eta berriro idatziz, gezur errepikatuan oinarritzen zen. Brigada politiko-sozialaren lan isila aipatzea, erregimenaren euskarria errepresioa zela adierazteko zen. Frontoia hartu zuen izuarena, diktadurak emandako pribilegioak galtzeko arriskuan zeudenenganako alarma zen. Garaigiro horretan, bere burua sutan bota zuenaren ekintza memoria eta etorkizuna zen, Gernika erre zenuten baina zuen erregimena errautsetan da. Martin de Muñagorriren kronika hura Bartzelonan argitaratu izanak, eta ez Madrilen, horixe bera adierazten zuen. Frankismoa ihartua zegoen, Muñagorrik bizi beharra zeukan. Hura ez baitzen bizitzea, bizi beharra baizik. Dena zitzaion zatarra gure hirian. Frankismoak ez zuen etorkizunik. Komunistek kartzela maite zuten. Abertzaleek ez zeukaten estrategiarik. Beren burua erretzen hasiak ziren, ergel haiek. Etorkizuna kaosa zen. Kopeta behar du. Maite zuen lagunak izutzea Arbolapeko mahai hornituan hitz hura, kaosa, aipatuz. Zinismorik kalkulatuenarekin jartzen zen ingi zuriaren aurrean. Estilografikaz idazten omen zuen kafea edanez eta tinta akitu arte, markaren izenik ez dakit, ez estilografikarena ez kafearena. Biharamunean makinaz jotzen zuela. Makinarena ere ez. Buruz, loak antolatu izan balio bezala bezperan idatzitakoa. Eta bezperan hartutako bideak bazterrean utzita gehienetan. Errealitatea egun batetik bestera aldatzen ari omen zelako. Kaosak hori ere bazeukala. Horrelakoak Muñagorriren hitzak kasinoan eta Antigua auzoko taberna batzuetan. Halako batez utzi egin zion Klub Nautikoan azaltzeari, ETAk Getxokoan leherkaria ipini baino lehenago hain zuzen. Pena da eskuidatzi haiek denak galdu izana. Argitasuna eman zezaketen gizon berexi hartaz.

 

 

Mota guztietako izarrak, mota guztietako angeluak, mota guztietako parabolak, Euklidesek berak amestu ahal izan ez zituen marrazkiak ikusiko genituzke paperera aldatuko bagenitu pilotak egin zituen harat-honatak atzo Anoetako frontoian, pilotarien ahalegin estetiko hark ez zuen lortu ordea publikoaren burutik kentzea ordu erdi lehenago ikusi zuen drama. Bi paretakoak, punpa ahalakoak, besagainak, airekoak, txapa doirik libratutako motelduak, denetarik eskaini ziguten geometriaren jainko aritu ziren Tapia anaiak eta Bergara eta Andueza III.a bikoteek agerraldizko partidan. Alaitasuna eta txalo beroa izan behar zuena isiltasun kezkatsua gertatu zen, harik eta... Bai, jaun-andreok, gure kirol garbiaren ikusgarrienak gozatzeko ustean antolatua zegoen ekitaldiak ukan zuen, ondikotz, publikoaren kezkamendu isila hautsi zuen une larria. Zeren, parabolek, angeluek eta izarrek, geometriarenak izan behar ez luketen norabideak hartuz, Fernando Tapia atzelariaren esku indartsutik Andueza III.aren burura eraman baitzuten pilota. Isiltasuna milaka kristal zorrotzetan apurtu zen, garrasi garratz, pilotariak lur jo zuelarik. Aurrez exaltatu bat bere buruaz beste egiten ikusiak ginen, giza gorputz bat erretzen, oraingoan atleta jator bat ikusten genuen kantxatik tarrapataka ateratzen gerlako balarik ankerrenak zauritua bailitzan. Uda honetako oroikizun nagusiaren lekuko izateko asmoarekin etorriak ginen guztiok tragediaren hegal ikaragarria nabaritu genuen ilun, itun, astun, geure gainean... Joseba Elosegik ekintza historiko hura egin zuenetik bi edo hiru egunetara bulegoan azaldu zitzaidan Martin de Muñagorri, hezur eta mami, euskal nihilisten buruzagia zela edo Arturo Gil de Balmesen idazkaria zela adierazten zuen txapela kaskoan. Joseba erietxean zeukatela oraindik, erredurak sendatzen, hamazazpi egun egin zituen larri. Polizia zeukan gelako atean, baina ezin izan zuten oheari kateatu. Plante gogor bat egin zuten medikuek eta erizainek Poliziak lotu nahi izan zuenean. Galtzarbean zekarren zorroa utzi zidan mahai gainean Muñagorrik. Ikusteko mesedez. Folio mordoa atera nuen. Ikaratu egin nintzen, egia esan. Josebak gordetzeko eman zidan eskuidatziaren kopia mekanografiatua neukan begi bistan. Liburua makinetara baino lehenagoko proba bezala prestatua, marrez, oharrez eta zuzenketez betea. Zentsura pasatutako idatzi bat ematen zuen. Barre egin zuen nire harridura ikusita. Edo nire ikara ikusita. Marrez eta oharrez! Ez nuen Josebaren hitzei hark erantsitako ezer irakurri. Aski zen barre hura. Aurrean neukan Juan Pedro Iraola Trecet, alias Martin de Muñagorri, garai joanetako gerrilari erromantikoa, errealitate okaztagarriko kazetaria, kronista irakurria, hiri osoak azpizko mezulari uste genuena... zentsorea zen. Horixe zen arrakastaren sekretua, ez estiloa. Nola ez ginen lehenago konturatu? Aurreko urtean sona hartu zuen iraileko estropadetan arraunlariak Neptunoren aurkako epopeia batean ipini zituen kronika fantastikoarekin. Laster azaldu zen hiriburuan eta beste zenbait herritan egiten ziren literatur lehiaketetan epaimahaiko. Baita Bilbon ere. Hitzaldiak eman zituen. Ez zeukan eztarririk eta horrek areagotu egiten zuen meritua. Ahots mintsu hark merezi zuen. Poeta tisiko bat zeukatela mezulari uste zuten entzuleek. Muñagorrik berak arreta apurtxo batekin zaintzen zuen alderdi hori. Gabardinaren gainetik bufanda ibiltzen zuen luze, beti. Akeitetxeetan idazten ikusten genuen, aulki publikoetan irakurtzen. Ohartua zen bazetorrela beste belaunaldi bat indarka. Gazteen liburuak aipatzen hasi zen. Mundunahiko poemak ez ezik kezka existentzialeko eleberriak euskaraz idazten ausartzen ziren euskaldunberri haienak, edo euskara batua delako mordoilo hartan idazten zutenenak. Eta obra haietako aipuak erabiltzen hasi zen, bere iritziak indartzeko, beti. Atal bat eman zioten por Dios, por España y por Franco argitaratzen zen La Voz de Españan astero gai librean, eta bi astetik behin euskaraz agertzen zen. Ez zen ergela, euskaraz atera zuen aurreneko artikuluan Aitorren hizkuntza zaharra hiru hilabetean ikasi zuela jakinarazi zigun. Ez zen ergela, ez. Bazeukan estrategia bat. Josebaren eskuidatzia bidali nuen Bartzelonako liburuetxeko irakurle batzordekoa zela esan zidan. Eskuidatziak baloratzen zituela, kazetaritza gaizki ordaindua zegoenez bestelako lanak hartu behar zituelako. Josebarena testu zarpail samarra zela, ondo etorriko zitzaiola hobetu bat. Horregatik ekarri zidala. Bera prest zegoela berridazteko. Barre egin zuen. Musutruke berridazteko, estiloaren zarpailak ez zezan ekintzaren epika menostu. Bizia salbatzeko ahaleginak, agidanean. Neure bezeroarekin kontsultatuko nuela. Eta hitz horixe erabili nuen Joseba aipatzeko, bezero. Muñagorrik, orduan, Josebari goraintziak emateko. Kopeta behar du. Altxatu zen, eta luzatu zidan bostekoa estutu behar izan nuen. Ez nuen ateraino lagundu. Beti bezala, desfileak antolatzen ari ziren kaioak aurreko eraikinaren teilatuko kanalotan. Atzerago, Josebak hainbat ikurrin lotua zion Artzain Onaren katedraleko orratza. Gauez eskalatzea baino bixigarriagoa zuten gazteek leherkariak ipintzea. Ezin zen ukatu Alderdia atzean ari zela geratzen. Hori maiz aipatu izan zuen Josebak. Gerrila zeukan amets, horretan bazuten antzik Muñagorrik eta biek. Frontoiko ekintza ETAri emandako kolpea ere izan zen, bigarren ondorioz. Gure alderdi zaharra bizirik zegoelako zarata. Heriotzarainokoa zela gure konpromisoa. Muñagorrik profanatutako Josebaren memoriak neuzkan mahai gainean. Zergatik ez ote nion eskatu mesedez alde egiteko neure begi bistatik ingi haiekin? Whisky bat hartu nuen kaioei begira. Aurreko hilean, ETAk tunel bat egina zuen gobernu zibileraino. Hori zen bazterretan zabaldu zen zurrumurrua. Poliziaren fitxa guztiak lapurtu zituztela sotanoetatik. Haien lana barregarri uzteko. Eta bidenabar salatzaile guztiak identifikatu ahal izateko. Ez zen sinesgarria. Tunel bat egiteko lana hartuta, ETAk tona bat dinamita leherraraziko zuen bertan, geroago benetako tuneletan egin izan zuen moduan. Baina abertzaleok, salatariak ikaratzearren, haize eman genion ipuinari gure paperetan. Seguru asko, salatzaile usaina zeukatenen aurkako kanpainaren bat abiatzekotan egongo ziren gudari berriak zirela uste zuten txoriburu haiek.

 

 

Zer oihu, zer aldarri egin zuen Martin de Muñagorrik bere burua amildu zuenean, ez dakigu. Esateko zeukana idatzietan utzi zigun, nonbait, eta horretan ere Josebaren jokabide bera hartu zuen. Barruan zeukan hark, erretzen zuen garra. Zenbait lekukok segurtatu zutenez, ingi batzuk irakurtzen aritu zen Kursaaleko zubian. Neptunori erronka edo ariko zen. Bere buruaren laudamena. Gero gabardina hegan eta txapela bat uretan. Mareajea gora zen eta olatuek zakar jotzen zuten. Segundo batzuetan hondoratu omen zen. Handik hiru egunera azaldu zen gorputza Ziburun. Arroken kontra edo zubiaren zutabeen kontra hartutako kolpeek hil omen zuten. Franco agonian sartuta, Martin de Muñagorri inspirazio eskasean geratu zela esan zidan letratuon bazkuneko idazkariak lehengo batean Sebastopolen, epaitegi ondoko akeitetxean, haren biziak ez zeukala zentzurik Franco gabe. Diktadurak bakarrik ematen zuela dibagazio barregarrietarako eta laudorio itxurako hiperbole satirikoetarako, eta bereziki pertsonaiak berak, Generalisimo Ezinobeak. Aro berrian sartzen ari ginela. Jendeak demokrazia apur bat nahi zuela eta konformatu egingo zela errege gazte batekin eta nolabaiteko hauteskundeekin. Espainiak ez zeukala Euskal Herriaren maila politikoa, Martin de Muñagorri ez zela gauza izango hartua zeukan bufoi lanean segitzeko ez hemen eta ez Espainian. Eta, hauxe bai jakingarria, Gipuzku Buru Batzarrak zuzendari posibleetan aurkeztu zuela esan zidan letratuon bazkuneko idazkari horrek Alderdiak Bilbon atera behar zuen izparringirako. Ez nintzen harritu. Gauza mordoa egiten zuten nire gordean. Hiriko oroitarri eta monumentu frankista guztiak simaurrez lohitu zituen artista gazte talde bat defendatzea egokitu zitzaidan egun haietan Bilbon, Tribunal de Orden Publico ezagunean. Defentsa prestatzen aritu ginen hemen bertan, bulego honetan, askatasun probisionalean zeudela, eta diktaduraren aurkako ekintzez ari ginela Martin de Muñagorriren heriotza aipatu zuen haietakoren batek, irratiek eta izparringiek leku polita eman zioten «tamalez gazterik joan zaigun talentu handia» eta antzekoak deklaratuz. Sebastopol akeitetxean jaso nuena errepikatu nuen gazteen aurrean, frontoiko ekintzaz geroztik Franco hilik zegoela politikoki. Francok eta bere inguruko guztiak suposatzen zuen parafernalia herdoil hura desagerturik, zer mezu eman ez zekiela geratu zela Muñagorri. Horregatik ez zuela ezer idatzi hiriko estatua guztiak, bata bestearen atzetik, kakaztuak agertu zireneko hartaz. Huraxe zen bada ekintza nihilista bat. Kaosak irentsi zuela. Baina taldeko burua zen neska hippyak esan zidan ekintza poetikoak hil zuela. Ez nion ulertu. Joseba Elosegiren ekintza poetikoak. Bere buruari diktadorearen aurrean su ematea ekintza poetiko totala zela gaineratu zuen neskak, gainerako kontestazio guztiak baliogabetzen zituena. Batik bat sasimezuz beteriko kronikak. Eta begiratu zorrotz bat eginez, ekintza poetiko totalak, hala ere, su hartutakoak errauts bihurtzea suposatzen zuela argitu zidan. Ematen zuen moduan Joseba Elosegi hori bizirik ateratzen baldin bazen, ekintza poetiko frustratua izango zela Franco aurrean Gernikako sua berritzea. Taldekoak izutzeko bota zituelako tankera eman nien hitz haiei. Monumentuak simaurrez bedeinkatzea umekeria zela esaten ari balitz bezala. Zer pentsatua utzi zidan. Juan Pedro Iraola Trecet alias Martin de Muñagorrik jendaurrean eta itsasora bere burua bota baino bi aste lehenago azaldu zitzaidan ostera bulegoan. Hamar bat folio utzi zizkidan mahai gainean. Hobeto pentsatu zuela. Ez egiteko kasurik Josebaren originalean txertatu zituen oharrei. Publikatuko zutela bere hartan. Orri berri haiek Josebaren memorien hitzaurrea zirela. Irakurtzeko mesedez. Josebaren memorien hitzaurrea. Kopeta behar du. Astea hartua neukala. Egia zen, lau epaiketa. Eta bitan Serrano Santaolalla fiskal. Bizi zen pentsioko urrutizkina apuntatu zidan prologoaren lehen orrialdean. Hurrengo astean deitzeko sinfalta. Editorialean irakurria omen zuten eta ados zeudela. Deitzeko mesedez. Bostekoa luzatzea ahaztuta atera zen bulegotik. Josebari eskumuinik ematekorik ere ez. Harrika bota nituen folioak lerro bat bera irakurri gabe eta urrutizkinaren zenbakia agendan kopiatu gabe. Bere prologoa zakarretan ahaztuz, neuk egin nion bultza Martin de Muñagorriri ekintza poetiko totala egin zezan. Pentsatzen jartzen naizen bakoitzean whiskyak burua pixkatxo bat baretuta kanaloian dabiltzan kaioei begira, Joseba laguna traizionatu ez ote nuen, zalantza hori, sortzen zait. Neska artista izugarri haren hitzek daukate errua. Ekintza poetiko totala izan ote zen ba Martin de Muñagorrirena, Joseba Elosegirena ez bezala? Ez, nik ez nuen Joseba kapitain zaharra, Joseba adiskidea, Joseba alderdikidea, Joseba burukidea traizionatu. Ez nintzela fidatzen, besterik ez. Ezagutzen nuen Joseba. Ideiak sendo zeuzkan. Ez zen epeletakoa, alde horretatik zalantzarik ez. Beldur nintzen Muñagorriren estiloak ez ote zuen liluratuko. Eta egia esan, Alderdiko bat baino gehiago ibiltzen zen haren artikuluak erreferentzia politikotzat hartuta hitz egiten. Informazioa pasatzen zioten gainera. Gaur da eguna nork pasatzen zion oraindik ez dakidana. Muñagorrik inoiz idatzi zuen testurik onena izango zen, ziurrenik, prologo hura. Oda bat munduaren aurka eta eguzkitik eroritako haserre erregarrien alde. Hitz bakoitza ondo kalkulatua. Kopeta behar du. Horregatik jaurti nuen zakarretara. Martin de Muñagorrik alde egindakoan urrutizkina jaso eta Sarria i Muntaner liburuetxearena markatu nuen, argitasun batzuk zor zizkidatelako. Ez zen suizidatu ETAren beldurrez. Bere izparringiko berridazle bat hil zuten, ados. Bartzelonara egin zezakeen alde, edo Madrilera. Gizon bakartia zen. Bazeukan lagunartea Arbolapen, aipatu dizudanez. Baina inork ez dizu informazio askorik eman ahal izango haren bizitza pribatuaren gainean. Pentsioan apenas zekiten ezer, ez omen zuen eskuidatzirik eta horrelakorik utzi. Besteren batzuk pasako ziren handik lankideak baino lehen. Izparringian ere ez. Barkatuko didazu, ez dut ulertzen nola interesatu litekeen inor gaurko egunean haren ezpaleko intrigante batekin... On Arturo Gil de Balmes eta Encarnacion Lope de Satrustegi senar-emazteek lezio handi bana eman ziguten atzo, tragediaren hegalak ilundu zuen eta ikusle guztiak izulaborriak hartu zituen frontoian. Zeren, senarrak, ahotsa sendo, Nazioarteko Euskal Pilota Federakuntzako lehendakari gisa, Generalisimo Ezinobearen zaintzakoek atxilo zezaten baino lehen garretan suturik deabruzko agermen, ikarazko txorimalo bihurtu zen bontzo exaltatuak bere burua gar eta garrasi bota zuelarik etenarazi zion diskurtsoa fermutasun eredugarrian bururatu baitzuen gero, suizida eta erredurak hartutakoak kantxatik eraman zituztenean, gure kirolaren jatortasuna bizitzaren eredu ipiniz «lehia leiala» formula ezin egokiagoa erabilita zeharbidez harmonia eskatzeko, harmonia formetan, harmonia harremanetan, harmonia lanean, hots, gizakia erdigunea den mundu bat, zeinean gerla bakarra kirola den. Emazteak, ikusi zuen gertakari dramatikoaren ondoren, eta publikoak On Arturo Gil de Balmesen hitz ederrak txalotzen zituelarik senarrari zorioneko musua emanik —EFE agentziako argazkilari iaioak atzemandako unea—, frontoia utzi eta hiriko hotel nagusian hastekoa zen Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkarte guztien batzarraren lehendakaritza hartu zuen aurkezpen labur bezain mamitsua eginez herritarrok «besteak beste» osasunaz hartu behar dugun kontzientzia aipatuz, anitzetan estatuaren eta herritarren arteko «harmonia» zaila delako, eta horrenbestez, era ezin egokiagoan, tabakismoa ekarri zuen mahaira, eta tabakoaren zergak osorik «minbiziaren mikrobioaren aurkako gerlan» eralgi zitezela eskatu zuen umore zorrotzez baina bizi garen garaiak hain premiazkoa duen olde gozoan, Washingtongo diputatu ganberan ariko bailitzan... Agian ez nion nik bultza, agian prologo hura Martin de Muñagorriren testamentu politikoa zen. Halakoak eginda Euskal Herriak onartuko zuela usteko zuen. Baliteke horrela izatea. Eta baliteke Euskal Herriak demokraten multzoan hartzea, Francoren aurkakoetan. Lasaiago hiltzeko? Izan liteke. Hainbeste arrazoi eduki lezake pertsona batek bere buruaz beste egiteko, orain esaten den bezala! Badakizu, letradunon lana, medikuenaren parekoa da. Bulego hauetan ikusten da gizakiaren arima. Nire arima ere bai, jakina, nik anker jokatu nuen. Seguru nengoen, eta hainbeste urte joan diren arren ez naiz ezertxo aldatu uste horretan. Har ezazu garaiko prentsa, benetako izenak? Bi? Hiru, ale bakoitzeko? Ni seguru nengoen Martin de Muñagorri ez zela Iraola jaunak erabiltzen zituen sinadura ugarietako bat besterik. Kaosak irentsi zuen, bai, kosta ahala kosta nahi zuelako ikusi bere izena demokratetan eta isileko gudarietan Franco hildakoan. Barrenak eskatzen zidana egin nuen eta, badakizu, hori ez omen da ona izaten politikan. Honetara iritsi garenez... Esadazu nolako hitzaurrea egin zion, esadazu zer iruditu zaizun. Noski irakurri duzula! Alderdia sortu zenetik eduki izan ditugu harremanak Sarria i Muntanerrekoekin. Gure agentzia izan da beti Katalunian, kulturako jendearekin harremanak egiteko. Baina zure iritzia jakin baino lehen, beste kontu bat aipatu behar dizut... Nolaz dakizu... Nork esan dizu Martin de Muñagorrik hitzaurre bat egin ziola Josebaren Quiero morir por algori? Tratuan ari gara, nik baimena eman nien katalanei zuri irakurtzen uzteko, ez bazenekien orain badakizu, eta orain zuk esadazu nork esan dizun nik bultza nuela amildegira Juan Pedro Iraola Trecet, On Arturo Gil de Balmesen idazkaria. Esadazu, nork esan dizu. Dena grabatu didazu, merke uzten dizut. Esan nahi ez baduzu, itzali grabagailua. Edo, hobeto, idatz ezazu izena papertxo honetan. Zuk grabatua edukiagatik, ukatu egin nezake guztia, badakizu zer den difamazioa... Ezetz ba, zuk grabatua daukazun horrek ez du ezertarako balio epaiketa batean ez baldin badaukazu nire baimenik. Sinatu al dut ezer? Horrela, ederki. Konfiantzakoa zaren edo ez jakiteko da. Beraz, hauxe da zu bideratu zintuena Bartzelonara eta niregana. Ezagutzen dut, bai. Orain badakit. Ez, ez, orain badakit konfiantzakoa zaren edo ez zaren.