Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

17

Elefanteen hilerria

 

Kondairak dio, hilzorian zeuden elefanteak multzoka biltzen zirela urmaeletan, elkarri adorea eman nahian. Ba omen daude agoniatsuen erretiro modukoak gizakien artean ere, non hanka bat lurpean dutenek bestea dantzan jartzen duten: azken bakanala. Ez du Teresak kanposantu atariko udaleku horien arrastorik aurkitu interneten. Joaneko txartela erosi du. Turistan. Ez zaio iruditu bere egoera negargarriak aparteko alarderik behar zuenik.

        Ondo damutu da azafatak zegokion lekura eraman duenean. Etsita kiribildu da gazte baten aldameneko jarleku ñimiñoan. Ez du segurtasun gerrikoa lotzen asmatu. Mutikoak lagundu dio, gogo txarrez. Estu lotu dio, min egiteraino. Teresa ez da kexatu.

        Hegazkineko aldizkaria hartu du aireratu bitartean, lasaitzeko. Hiltzera doanak nola izan diezaiokeen istripuari beldur galdegin dio bere buruari, eta bere lekuan utzi du aldizkaria: «Ezinbestean bisitatu beharko zenituzkeen 10 paradisu». Argazkian, hondartza huts exotikoa. Hor egotearren ez luke hogeita lau orduz luzatuko bere existentzia. Ezta urtebetez ere.

        Motorrei eragin die abioiak. Ikara burrunbatsua oinpean. Eskutik heldu dio gazteak. Lotsaz begiratu gero, atrebentziarengatik desenkusatuz bezala. Teresa ez dago xamurkeriatarako. Hotzikarak eragiten dizkio begikotasunak.

        — Barka, andrea —esan du gazteak hegaldia egonkortu denean, bere izerdi hotz eta likatsua esku gainean.

        — Ez da ezer.

        — Beñat izena dut. Eta zuk?

        — Larrituta zaude...

        — Ez nau izutzen hegaldiak, zalantzak baizik —azaldu dio gazteak—. Sekula bidaiatu gabekoa naiz.

        — Bazterrak gaizkile maltzurrez josita daude...

        Iniziazioko abenturaren hozkirri suspertzailea. Ziurgabetasunaren maldan irrist egin eta inertziak eraman zaitzan utzi. A ze alferra!

        — Zorionaren bila noa, happiness manager gisa multinazionalen batean jarduteko —sobera urduri daudenen modu asaldagarrian mintzo da gaztea.

        Happiness ordez itxurak egiteko ekarritako poltsa bete oroimen antzu ekarriko dituela iruditu zaio Teresari. Eta zer gobernaturik ez duen manager kokolotzat hartuko dutenez, akaso ordenantza postua eskuratuko du erdipurdiko lantegian. Zorionaren kimera gestionatzeko hamar bizitzako irakaspena beharko litzateke-eta gutxienik, pentsatu du Teresak. Eta halako batean hil egingo dela esaten diotenean, ez zaiola piperrik inportako amaitzea. Eta horrexek tormentatuko duela bere agonia, errebeldia faltak, bizitza eroapen gogogabeaz uzteak norbere existentzia gutxiesten duelako. Ideia txoro bat ernatu zaio ondoren: lehertuko ahal da abioia atlantikoaren erdian! Makur darabil pentsamendua Teresak. Hala behar du. Isuriak ditu malko guztiak. Ez du behar negar eta sentimentaltasun gehiago. Higuingarria zaio etsipena. Logika lehorraren aginpidea desio du. Eromenaren kaos arduragabean erortzea, bestela.

        Lur hartu du hegazkinak. Hasi da Livingstoneren iniziazio itzulia. Teresarena helmugara heltzear da.

        Jo du taxi geltokira. Beltza gidaria, Venezuelakoa. Eta baldarra. Gizalege handirik gabe hartu du bidaiaria eta zakar eragiten dio bolanteari bihurguneetan.

        — Armaz eragotzi beharko genieke sarbidea moro beltz guzti horiei —esan du, bart etorkin saldoak Europako hesia zeharkatu zuela entzun duenean irratian.

        On egiten dio Teresari gordintasunak. Irainek suspertu egin dute, makurkeriak kontsolatu. Izuak bakoitzaren alderik ilunena nabarmentzen duela iruditu zaio.

        Laztasunez oldartu zaio hoteleko maletazainari, nahiz putz batean garraiatu duen hilkutxaren tamainako maleta astuna. Dama aristokratikoa bailitzan. Modu zakar igualtsuan hartu du harreragilea. Badaezpada ez luke duelua egitera doanaren gar hori galtzerik nahi. Sentiberatasunari amen errukitsurik ez! Behar du, gainera, ohiz kanpoko existentzia beheranzko honek bizi sentiarazi baitu bat-batean: normaltasuna hautsi eta den-dena da desberdina, berezia, bortitza, kitzikagarria. Ankerkeriaz jokatzea beste erremediorik ez du, zirrara amorratu honek malenkoniara arrastaka eraman ez dezan.

        Eskatu du tabernan bloody mary bat. Dotore, zuhur eta ongi ikasiak iruditu zaizkio bezero dirudunak. Nabarmenkeria eskale pobreen ezaugarria balitz moduan jokatzen dute. Zenbat eta irriño uzkur eta mintzo delikatuagoa, orduan eta potoloagoa kontu korrontea. Kortesiaren manera kortsetatuak. Hirugarrena edan eta gero sartu da gelan. Bi gizonekin oheratu nahi luke. Organismo infektatuaren behar zikinak! Hartu dezatela bortxaz, hitz egin diezaiotela era zarpailean. Dominatu dezatela eta txorta jo biek batera. Damu zaio bost izarretako hotela aukeratu izana. Zabarkeria horietarako hobe zuen pentsio ziztrin batean ostatu hartzea. Lotsa ulertezin batek galarazten dio 0 zenbakia markatu eta harreragileari eskatzea ekar diezazkiotela bi morroi tatuatu. Azken unerainoko eratasun zikiratzailea.

        Zer egiten ote dute hilzorian daudenek kanpamentuetan?

        Kanpoaldean haizetea zabaldu da. Lainotxoak batera eta bestera ari dira lasterketa zorabiatuan, hodeitzar beltz batetik iheska balebiltza bezala.

        Maleta desegin. Atera prakak, blusak, oinetakoak, kremak, lozioak. Zimurtu eta bota. Jaurti edonora. Sakabanatu bazterretan: komunean, zoruan, ohe azpian. Nahasmena hedatu, gogoa endredatu, pentsamendua entretenitu, heriori ziria sartu.

        Piztu du telebista. Baina jada ez zaizkio munduan gertatzen diren kontuak interesatzen, eta itzali egin du berehala. Hartu du bainu bero bat, depilatu ditu hankak eta jantzi du aspaldiko eskote laukidun soineko luze beltz bat. Senarrak sarri aurpegiratzen zion armairuan gordetako arropa zaharrak bazter uzteko ezintasun hori. Obsesio toxikoa omen. Zorionekoa, bada, trauma; gorputz mirrin hori duela hogei urteko neurrietara kuzkurtu da-eta.

        Noble titulu eskuratu berriak kontsolatutako alargunaren aldarteaz jaitsi da afaltzera. Eskatu ditu arrain zopa, sancochoa eta gofioa eztiaz. Presaka jan du hiruzpalau mokadu —herdoilduta du ahosabaia — eta apenas probatu duen ardorik, erne egon nahi baitu hurrengo orduetan.

        Mehatxagarria da kanpoaldeko iluntasun itzaltsua. Hotza sentitu du bat-batean. Pauso biziz abiatu da gelara.

        Orduak eman ditu ondoren, zer gordeko eta zer alboratuko duen erabakitzen. Eskegi du amnistiatutako soinekoa armairuko pertxan eta paketatu ditu gero kondenatutako prakak, brusak, kremak, lozioak, kezkak eta gaitzak.

        Nekeak behartuta egin du lo bi orduz, eta gosaldu eta gero eraman du herrestan maletatzarra hall eta korridoreetan barrena. Igoarazi du taxira, gurpildun gurdia lortzeko ibili da sesioka aireportuan, arnasestuka eta biraoka garraiatu du leihatilaraino.

        Aireratu da abioia Las Palmasen eta lur hartu du Dakarren, Tangerren, Kairon eta Tunisian.

        Gauero ohe ezberdin batean iratzarri, arrunkeriaren aurkako lasterketa ero honetan. Gauzen ordena naturala eta bere logika eldarniotsu eta basatia desafiatu. Esnatu eta izarak, gelako hormetako koadroak eta usainak arrotzak zaizkizula baieztatu. Ohikeriaren atzapar mingarria saihesteko, edozer egin. Desbideratzea helburu, galtzea. Bizitzaren absurdoa muturreraino eramatea eta esperimentatzea. Bidea egin. Ibili itzaletan eta ibili eguzkitan. Orain azkar, geldoxeago gero. Aurrerantz beti, edozelan ere. Nahiz geldialdi bakoitzean puskaka hausten ari zaren. Utzi dituzu prakak Dakarren, brusak Tangerren, eta krema, lozio eta etxeko giltzak Kairon.

        Afrikako bero umelaren zapladak hartu zaitu Tunisian. Aise eraman duzu maletatzarra aireportu kanpoaldera, ez baitu dagoeneko deus pisatzen. Eman duzu izena kostaldeko hotel batean eta, hondartzara abiatu aurretik, utzi duzu gelan eskuko poltsa. Begirada txeratsua luzatu diozu izan zarenaren aztarrenak biltzen dituen zorro higatu horri. Hortxe daude dirua, nortasun agiria, kreditu txartelak. Hasperen egin eta gelako atea itxi duzu.

        Hor gelditu da Teresa izandakoaren herentzia patetikoa.

        Hotz ote dago itsasoko ura?

        — Arrautzak egos litezke itsasoan —esan du zure bizkarrean emakumezko ahots batek—. Zerikusirik ez Atlantikokoarekin.

        Gorriz tindatua du ilea. Labur-labur moztua. Aldrebesten hasitakoen ukitua sumatu diozu. Biluzik dago, hondarretan etzanda.

        — Oporretan? —galdetu diozu, zera pentsatu duzun bitartean: «Besterik ez nuen behar, pitzatutako aingeru guardakoa!; Teresa, patuak ez zaitu aintzat hartzen ezertan».

        — Halako zerbait. Egunerokotik ihesi —azaldu dizu—. Laura dut izena.

        Zutitu egin da. Bostekoa eman diozue elkarri. Bekaitzez begiratu diezu Lauraren titi tinkoei.

        — Bada zerbait nora itzuli behar ez zenukeen jakitea —esan diozu—. Teresa naiz ni, urte askotarako.

        — Sikiera norantz noan jakingo banu...

        Ez zaizu iruditu galduta egoteak asko arduratzen duenik.

        — Ezjakintasunak haizea emango dizu. Okerragoa da itzulbiderik gabeko helmugara ailegatzea. Are gehiago zeharkaldia norekin egiterik ez baduzu.

        — Dibortziatua?

        — Desegite bidean, erabat —erantzun diozu—. Kasik libre.

        Hats bizian zaudela esan nahi zenioke ordea, urkamendirantz zoazela.

        — Tira, bizitza berri bati ekingo diozu hortaz!

        Pentsatu duzu: «Bai, absentzian». Baina esan duzu:

        — Eri hiletsia naiz. Ez dago bigarren aukerarik niretzat.

        Ez duzue solasa sobera luzatzerik nahi izan. Biluzik ekin nahi dio Laurak bere bizimodu berriari, bigarrenez jaiotakoa bezala. Instintuaren haziak eta emantzipazioaren obuluak ernaldutako existentziaren likido amniotikoan dabil plisti-plastaka, urak noiz egingo zain.

        Biluztu egin zara zu ere.

        — Uretara noa.

        Zure arropak, izan zarenaren azken arrastoak eskaini dizkiozu, hotz egiten hasi da-eta kanpoalde honetan. Gustura jantzi ditu.

        — Txandakako lasterketan lekukoa hartu duenaren tankeran biziko naiz —esan du—, pausoetako bakoitza lehena balitz bezala.

        Irribarre egin duzue biek.

        — Adio.

        Utzi duzu olatuak aurrena oin bat busti diezazun eta sartu zara gerriraino. Hasi zara igeri ortzi-mugarantz. Jada maletatzarraren zama ez daroazunez, arin sentitzen zara eta esfortzurik gabe barruratu zara ur handitan.