Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

14

Kontu garbitzeak

 

Baztarrika atxilo eraman dutenean zera pentsatu du Juliak: kriminal lotsabako hau birkolokatuko dute edozein erakundetan eta auzia zurituko di-da batean, baina bere gorroto eta mendeku nahia ez da sekula santan iraungiko! Ene, jai dute sugegorri horren etsaiek!

        Atxilo eramatearena eufemismo hiperbolikoa da, esan gabe doa. Baztarrika jauna inguratzen duten judizialek gehiago dirudite miresleak edo ondo ordaindutako bizkartzainak, hain doaz erlaxatuta elkar harturik denak. Baztarrikak irribarreak partitzen ditu alde batera eta bestera, itzelezko balentria egin dutenen maneran.

        Juliari bota dion behakoa halakoxea izan da: obszenoa, ausarta, heroikoa; irabazleek zapata-garbitzaileei luzatzen dioten berdina. Zenbait gizonen odola eztia bezain lodia da. Sarrerako ate birakaria gurutzatu baino lehen begi-keinu eskandaluzko bat bidali dio Caponek.

        Hotel atarian, handikien inguruan sortzen den begirunezko perimetroaren atzean, dozenaka kamerari eta kazetari zelata aztoratuan, jomugaren zain paratutako frankotiratzaileak bezala.

        — Justin Bieber? —galdegin du Madariagak.

        — Pakito Txokolateroa bere azken singlea aurkeztera etorria, hara bestea! —arrapostua Errazkinek—. Politikariren baten adierazpenen zain egongo dituk, besterik ez. Gu geurera.

        Nola hondartza nudistan ahopeka esaten dioten diosala tupustean elkartutako bizilagunek elkarri, hala agurtu dituzte judizialak ate birakarian Errazkinek eta Madariagak. Are durduzatuago, beharbada: judizialekoak zazpigarreneko okupa jantxakurrak bezalakoxeak dira-eta.

        Ur uherretatik ateratakoen gogaldi endredatu berberaz iritsi dira harrera-lekura.

        — Eta? Zirku hau guztia?

        — Zuena da festa, aizue! —erantzun die Juliak —. Gonbidatuei harrera egin eta pontxea zerbitzatzeko baino ez nago ni hemen.

        Hain agerikoa al da ba poliziak garela?, pentsatu du Errazkinek. Madariaga behatu du goitik behera. Sorbaldan zintzilikatutako blazer urdina, leporaino lotutako alkandora zuri lisatu gabea, franelazko praka beltz zimurtuak eta nautikoak. Edo polizia edo Jehovako testiguen komertziala. Bakarrik bizi eta nor seduziturik ez duten dohakabeen piura erdipurdikoa, finean. Kolonia merkez lurrindutako jaka marraduna eroateari deritzo dotoreziaz janztea babalore halakoak. Are aurkeztezinago azaltzen zaio informal itxurak eman nahi dituenean: Julio Iglesiasen irudiarekin estanpatutako elastikoaz esaterako, zeinaren gainean «Nire bila zenbiltzan eta badakizu» edo antzeko beste tentelkeria bat irakur daitekeen. Hilabete barru ez ote duen berak ere itxura miserable bera agertuko galdegin dio bere buruari.

        — Et, et, et, txikita... Ea, hauexek dira hemen arauak: nik arre eta zuk mu! Lagunak so eta zuk ixo! Capisce?

        Madariagaren petralkeriak berehalakoan otzandu du Julia. Mintzo zaionak badu astakilo aire izugarri bat. Belarrondoka hasteko aitzakiarik behar ez dutenetakoa ematen du. Besteak, ostera, bere kolkorako pentsamenduetara emana dagoenak, umezurtzen traza desanparatua du. Zergatik demontre suertatzen ote zaizkion erakargarri gizaseme korapilatsuak, hortxe gakoa. Nagusiegia da, orografia txirikordatu eta koskatsuduna, baina gustatzen zaio.

        — Badugu zure peripezien berri! Hara, daroazun kuleroen kolorea izan ezik, zure sozio maritxu ahobero horrek dena kontatu digu. Aholku bat: ez zaitez halako gizon bigunekin sekula santan erkidetu, emakumea. Ondorioz, nork bere hariari eutsi diezaiola! Nahaste-borraste zentzugabe honi aitaren batean emango diogu amaiera. Zu eta maritxua epailearengana! Nagusia eta biok, ohore-dominak jasotzera! Bizkarrera eskuak, ez bazaizu inporta...

        — Hago —esan du Errazkinek tupustean bere onera etorrita—. Hoa hoteleko tabernara trago bat hartzera. Bakarka hitz egin nahi diat neskarekin.

        Makilakatutako zakurra bezain umil eta amorratu urrundu da Madariaga. Ez du txintik ihardetsi, ordea, begitarte ozpindua oinetara josi eta alda-maldaka joan da, ez luke-eta bien arteko bizikidetza itun adostu berria zapuzterik nahi.

        — Begira, ez naiz gizon delikatua —esan dio Errazkinek Juliari— eta ez natzaizu aitzakiatan ibiliko. Emakume zuhurra dirudizu, pieza batekoa. Porrot egindako mutil-lagun agoniatsu horri zerk lotzen zaituen jakin nahi nuke.

        Egolatren doinu ezbairik gabekoa ahotsean. Nartzisisten distira estu hori begiradan. Kilima leun bat sentitu du sabelpean Juliak. Hasperen egin du.

        — Hiperestesikoa omen naiz. Alegia: gehiegizko sentsibilitatea dut. Neurriz kanpoko intentsitateaz bizi ditut emozioak.

        — Firin-faran gutxiago, Julia, hau kontu serioa da-eta.

        — Gain-estimulazio horren kausaz nahasitako pertsonez itsumustuan maitemintzeko joera naturala daukat. Hunkitu egiten nau oinazeak, errukiak gobernatzen baitu nire bihotza. Ondorioz, maitekorregia naizenez, dohakabeenganako enpatia sentitzen dut. Sarri tokatzen zait sufritzea, nortasun bortitzagoek aise manipulatzen baitute nire borondate samurra. Erlazio toxikoen yonkia naiz, bai jauna. Harreman kaltegarrien espezialitatean cum laudea dut.

        — Berriketa gutxiago, Uzkuduni sparring gisa erabil zaitzan utziko diot-eta bestela. Kontu motzak izaten ditu hark! Zer esan nahi didazu, tara batengatik egongo zarela Mikelen aldamenean azkeneraino?

        — Ezta pentsatu ere! Naizen modukoa naizela, besterik gabe. Eta naizen honek, bihozbera akaberakoak, zorigaiztokoenganako atrakzioa sentitzen duela.

        — Bada, tentuz ibiliko behar dut, horretan ez baitut parekorik.

        — Batek daki, norainoko zoritxarra bizi duzun ikusi behar...

        Diagnosi txepel hori azaltzea gauza bat da eta dioena ontzat ematea beste bat. Esan ahala sinesgarri suertatzen zaizkio hitzak, dena den, komenigarriagoa baitzaio hipersentsiblea dela onartzea kontrakoa ametitzea baino. Gatzik gabeko emakumea, borondate makalekoa, zeina panpina bezala maneiatu dezakeen edozein lerdok. Autoengainuaren patina absolbitzaile hori: nahiago du sufritzea min egitea baino. Astoaren putza! Bakardadeari beldur basati eta atabikoa, horixe baino ez du.

        Julia eta Errazkin barrez ito beharrean topatu ditu Madariagak hoteleko tabernatik itzuli denean. Okerrena zera iruditu zaio: ez ziruditela txiste baten ondorengo algara zalapartatsu horietara emanak, amorante herabeen arteko irriño memeloetara baizik.

        — Elkar ondo hartuta ikusten zaituztet! Juliet anderea, zureak egin du. Altxa eskuak berehala, Romeo jaunak horretarako baimena ematen badu, noski.

        — Uztak, Madariaga. Eta gorde itzak berehala eskuburdinok.

        — Bai zera! Txantxetan ala?

        — Ez diagu neska atxilotuko. Nahikoa sufritu dik dagoeneko. Koman dagoen gizagaixoari egotziko zizkioagu delituak. Den-denak. Total, onik ateratzen bada, gustuz hartuko dik penitentzia koitaduak. Eta betirako itzaltzen bada, ez zaiok batere inportako...

        — Ez nagok gozo gero, Anjel. Esadak zer negozio klase gertatu den hemen oraintxe bertan.

        — Segi ezak kotxerantz. Emango ditiat gero nahi dituan beste azalpen.

        Pentsamendu oldartuari atseden eman nahiak eraman du Madariaga zeruetara. Laino artean pausatu du begirada. Hodei potoloak, beteak. Aparrezko olatu lohi diruditenak formazioan doaz ekialderantz, bata bestearen atzetik, bere burutazio suminduak bezain larri. Hamar minutu barru euria egingo duela erabaki du. Apustu egingo luke ez duela asko botako, zirimiri leun konstantea aurreikusten du. Aiene, maitasunaz eguraldiaz beste baleki! Ekaitza hausten den eran maitemintzen omen dira batzuk: derrepente, ustekabean. Eta zirimola horrek hartzen dituenean ez dira arrazoitzeko kapaz. Zorionez ez ei die luzaroan irauten sukar absurdo horrek. Hala beharko du, bera galduta legoke-eta bestela. Bat-bateko erauntsi apasionatuek ez dute maitasun izena merezi. Benetako maitemina sekula atertzen ez duen zirimiria bezalakoxea da: saiatua, tinkoa. Tripak bustitzen dizkizu betirako. Egiazko maitasuna, hil eta herio barren-barrenean zizelkatzen zaizun hori, berak orain sentitzen duena da.

        — Hago une batez —bota dio Madariagak, Errazkin kotxera itzuli denean—. Sakelako telefonoa ahaztu diat. Segituan natorrek.

        Euria hasi du. Motorra piztu du Errazkinek. Ibilera kementsua daroa Madariagak, berriro hotelera.

        — Lasai, ez asaldatu, onean nator-eta —esan dio Juliari—. Faboretxo bat eskatu nahi nizuke, hori baino ez...

        — Ez dut ezezagunen zakilik zurrupatzen.

        — A zer burutapena! Aizan, sorgin madarikatua, ez zakinat zein aztikeria erabili dunan nire kidearekin, baina ez dun heurea egingo! Ez zagon bere onenean. Behar duen azkena neska buruarin baten besoetan erortzea da.

        — Harrigarria. Uzkudun zinelakoan... barne muinetaraino maitemindutako Kupido zara!

        — Joan hadi pikutara! Pitza-pitza eginda hago! Begira, oraintxe bertan garbituko ditinagu zorrak. Ez haut berriz sekula santan ikusi nahi, konforme? Ez hadi hurbildu nire lagunarengana, ados? Desager hadi gure bistatik orain eta betiko, gorriak ikusiko ditun bestela!

        — Ez itzazu gauzak onetik atera, gizona. Mikelen memoria ondratu nahi dut, besterik ez.

        — Horretarako seduzitu nahi dun Errazkin, urdanga miserablea? Hire erantzukizuna itzuri nahi dun? Ez dun halakorik lortuko, lehenago hil!

        — Ez dut nire burua zuritu nahi, kaiku halakoa!, Mikelen balentria errebindikatu baizik. Ez dut zure laguna nahita neureganatu, txiripak batu gaitu. Utzikin abandonatuak gara biok. Zorigaitza iman sendoa da. Premian dago, atso horzgabe batek ere aise lortuko luke haren maitasuna. Ordeka gozoa da zuretzat Errazkinen bihotzerainoko bidea, txistua joz egitekoa.

        — Ez naun hirekin lehian hasiko. Jai daukan!

        — Gorde ezazu etorri suhar hori, adorea bildu eta maitasun ezkutua agertzeko. Zeuretzat txakur handia! Ez daukat zuen artekoan sudurra sartzeko asmorik, baldin eta...

        — Bota behingoz, nazkantea!

        — ...baldin eta tabernaria eta ni bakean uzten ez bagaituzue eta gertakari guztien ardura Mikeli leporatzen ez badiozue.

        — Ulergarria dun larrua salbatu nahi izatea. Fardela hilzorian dagoenari egoztea, ordea, zitalkeria kriminala.

        — Krimenetik gutxi dauka asmo horrek. Gehiago da Mikelen azken nahia betetzea. Nola oliadura ematen dien apaizek hilzorian daudenei, hala behar du Mikelek egindakoaren aitortza, behingoz bakean hiltzeko. Ez du-eta, gainerakoan, sekula santan bizidunen mundua utziko. Ezta nire pentsamendua ere.

        — Abandonatu egin zintuen orduan!?

        — Egolatrek beldur bakar baina izugarria daukate hezur muinean iltzez josia: ez dadila beraien existentzia oharkabean pasatu. Eta edozer zaie baliagarria helburu hori lortzeko. Norbere kabuz ospea lortzeko kapaz ez direnean aldamenekoak hartzen dituzte mendean, jabeak ondasunei zigilua ezartzen dien eran, besteengan eragin iraunkor eta betierekoa ziurtatzeko. Frakasatu halakoari ni bereganatzea gutxi iruditu nonbait, eta bazterrak nahastea bururatu zitzaion. Polemika sorraraztearren egin zuen, ez justizia bilatzearren. Naturaltasun osoz batu gintzaizkion Mikelek erdizka utzitako kanpainari Jokin eta biok, ordurako basallu hutsak baikinen. Bere singulartasuna azpimarratzeko ezeztatu zuen gurea. Bere originaltasun berezia nabarmentzeko lotu zitzaion erakundeen aurkako gurutzada eldarniatu hari. Eta bere banakotasun paregabea frogatzeko egin zuen salto bigarren pisuko geure balkoitik. Susmoa dut ez zuela benetan bere buruaz beste egitea bilatzen, norbere izena puztu eta arrandiatzea baizik. Ezta hilko ere harik eta bizitza uzteko meritu nahikoa egin duela pentsatzen duen arte. Bada, jaso dezala haren omenez erein dugun uzta, azken ostikoa eman nahi diot-eta. Utzi diezaiola behingoz oinazeak partitzeari. Maitasunari egingo diodan azken ofrenda da nirea. Zure lehena, putzu izurritsu horietan hondoa jotzen ez baduzu behinik behin. Ez dagozkion dominak zintzilikatu nahi ditut Mikelen paparrean, Che Guevara baino harroago utz gaitzan betiko.

        Txundituta geratu da Madariaga. Eta hala itzuli da kotxera, ez baitaki ataka honetatik onik atera ote den.

        — Dena ondo?

        — Gutxi gorabehera.