Euli-giro
Euli-giro
2013, narrazioak
144 orrialde
978-84-92468-47-8
azala: Lander Garro
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
 

 

Eñauti

eta

Lurri

 

 

 

 

 

 

 

Dena ez dago gure esku

 

 

Handia eta apartatua zelako gustatu zitzaigun baserria. Negu berean hil ziren Mirenen eta bion amak ustekabean (aitak aspaldi ziren hilak), eta ez zitzaigun herentzian jasotakoa inbertitzeko beste modurik bururatu. 1672an eraikitako Iriarte Azpikoa baserrian leinu luze bateko azken oinordekoak sentitzen ginen. Bi belaunaldi lehenago hamasei seme-alabako familia bizi izan zen lekura aldatu ginen, gu biok bakarrik. Atarian zintzilikatutako erretratu zuri-beltzean ezagutu genituen: hamar mutil eta sei neska, okasiorako dotore jantziak.

        Goizeko bostetan esnatzen nintzen, neurez, iratzargailu premiarik gabe. Bezperan bernizatutako altzariak usaintzera joaten nintzen lehenbizi. Gero ura berotzen nuen Miren lo zegoen bitartean, notiziak entzuten nituen eta, bizarra egin ondoren, esnatu egiten nuen te beroarekin gosaltzeko. Eskua irristatzen nion lotarako janzten zuen elastikoaren azpitik, baina «gero» xuxurlatzen zidan erdi lotan, «badakizu».

        Baserria berritzeari ekin genion: liburutegi bihurtu nahi genuen lastategia. Isilik lan egiten genuen. Hamabiak aldera «tira, ba» esaten zuen Mirenek, eta sukaldera joaten zen. Hamasei senideko familia hartan pentsatuz bazkaltzea gustatzen zitzaion, seme-alaben izenak asmatzea eta denak errenkan esatea, otoitz bat bezala. Platerak jaso eta logelara erretiratzen ginen. Eta orduan hasten genuen eguneroko bilaketa, astiro. Batzuetan arratsalde osoak ematen genituen zokomiran, aldian-aldian tea edanez atseden hartzeko. Orduan maitasun hitzak esaten nizkion Mireni, eta noizean behin berak izterrak ferekatzen zizkidan behetik gora.

        Gogorra zen bilaketa. Armairuak arakatu behar ziren, kutxa zaharrak, ate-osteak eta tiraderak. Logelan hasi eta gainerako geletan barrena, banan-banan. Arratsaldeko zortzietan uzten genion bilatzeari. Akituta amaitzen genuen.

        Edozein zokondotan egon zitekeen, gutxien espero genuen lekuan. Noiz azalduko zen ez jakitea zen makurrena. Azalduko ote zen jakitea.

        Mirenek azalpen zehatzik gabe uko egin zien Madrilgo ekoiztetxe bateko bi eskaintzari eta nik atsedenaldi bat eskatu nuen aroztegian. Neure kontura saiatzeko intentzioa neukan, baina ez nuen aterik itxi nahi badaezpada. Baserria erosi ondoren, herentziatik geratzen zenarekin bagenuen bizpahiru urtean bizitzeko adina. Helburu bakarra genuen: berrogeiak bete aurretik bat lortzea, kosta ala kosta. Eta etxe hartan behar zuen, Iriarte Azpikoan, ez zegoen beste leku baten bila hasteko betarik. Hantxe behar zuen, ondo miatzea zen kontua. Edozein egunetan iritsiko zen, eta prest egon behar genuen.

        Mirenek ez zuen gauza handirik egiten. Pentsatu, gehiago. Ez zen inoiz eskuekin abila izan; «traba egiten didate, joder», esaten zuen zerbait erortzen zitzaion bakoitzean. Erori, galdu, labaindu, isuri, kolpatu, jo... Mirenen eskuek egiten zituzten nahi gabeko gauzak ziren. Buruan, aldiz, dena zuen txukun apailatua. Gai zen baserriaren planoa buruz esplikatzeko, berritu beharreko gelen eta altzarien inbentarioa gogoratzeko, lehentasunak markatzeko, koloreak konbinatzeko, hormak eraisteko eta berriak jasotzeko besaulkitik altxatu gabe. Konfiantza osoa nuen berarengan. Nik ez bainekien pentsatzen. Nik egin eta egin egiten bainuen, egiteaz nekatzen nintzen arte.

        Mirenek pentsatuta zeukan gure hura nolakoa izan zitekeen, eta harekin egin nahi zituen gauzen zerrenda ere aipatzen zidan: aspaldi bisitatu gabeko lekuetara itzuli, Zuberoara eta haurtzaroko Artaxonara; elurra erakutsi eta izotz-kandelak; Ibaizabalgo harripausoetan ibili; karramarroak harrapatu haitzartean.

        — Aurpegia ikusi diotesan zidan behin gosaltzen ari ginela.

        Poztu egin nintzen, zeren bila genbiltzan jakitea aurrerapauso garrantzitsua zelakoan.

        — Izenik pentsatu duzu? —ausartu nintzen.

        — Aurkitu dezagun lehenbizi. Hemen nonbait behar du.

        Baina nahitaezkoa zen zain egotea. «Zain egon behar dugu, dena ez dago gure esku», esaten zuen.

        Bitartean, etxea atontzen jarraitzen genuen. Bizitokia zenbat eta erosoagoa izan, lehenago azalduko zela iruditzen zitzaigun. Ez zuen ezeren faltarik sumatu behar, beste guztien artean gu aukeratu behar gintuen.

        Besaulki granatean dekorazio-aldizkariz inguratuta oroitzen dut Miren, edo ateen markoetan bermatuta gela hutsei begira. Batzuetan esaldi bakarra esaten zuen goiz osoan:

        — Zure amaren komoda hemen jarriko dugu.

        Ondo gogoan dut Iriarte Azpikoaren egitura eta antolamendua. Harlangaitzez egindako baserri sendoa zen, oinarri laukizuzenekoa. Teilatuak bi aldeetara etzaten ziren. Harrizko zutabeek eutsitako haritz-zurezko langa sendo batek osatzen zuen atari zabala. Beheko solairu osoa ukuiluari zegokion antzina, eta bitan zatitu eta bertan hall modukoa eta aroztegia eraikitzea zen gure asmoa. Lehen solairuan, bebarru batetik sartzen zen geletara: ezkerretara sukaldea, erdian jangela ederra, eta eskuinaldean lastategia izandakoa. Lastategitik barrena beste sukalde batera barneratzen ginen: zaharragoa eta itxiagoa hura, hamarkadetan erabili gabeko tximinia izkina batean. Logelak bigarren solairuan zeuden, eta teilatupean ganbara-biltegi-mandioa. Hantxe bereizten zen ondoen etxearen teilatu-zurajea, pieza bakarreko habeen gainean eraikia. Egitura osoak haritz-egurrezko habeak eta karga-hormak konbinatzen zituen, eta egurrezko eta zeramikazko teilaz estaliriko uhal eta gapirioz sostengaturiko teilatu-armadura sendoari eusten zion.

        Hegoak jotzen zuen astearte arratsalde batean gertatu zen.

        Ganbaratik hastea proposatu zidan Mirenek, bilaketan hurrenkera logiko bat jarraitze aldera. Lehortegia izandako eremuan izara zaharrez estalita zeuden antzinako altzariak miatzen hasi zen bera, eta nik ertz batean pilatuta zeuden kutxei ekin nien. Zeharka begiratzen nion Mireni, ez nion sekula halako ekimenik ezagutu. Giharrak tenk, begiak atezuan, eskuak haztaka. Pilaturiko kutxetan hautsak jandako atorrak eta gonak aurkitu nituen, hamasei seme-alaba haietakoren batenak izango zirenak; soldadu baten erretratua, 1943koa, eskaintza eta guzti: «Un recuerdo de su hijo Juan Unanue». Positiboaren atzealdean zigilu-marka: Julio Montes fotógrafo. San Juan 63. Burgos. Gutunak, baserriaren planoak, kontratuak, lursailen eskriturak, medikutako agiriak.

        Miren aditzen nuen altzariak lekualdatzen, ataskei kolpeka. Kamiseta erantzi zuen, azalak dizdiz egiten zion izerditan.

        — Zer? —galdetu nion—, ezer ez?

        — Ez. Eta hor?

        — Hemen ez dago.

        Euli bat pausatu zitzaion bularren arteko erretenean, esku-zarta batez apartatu zuena.

        Eta bila jarraitu zuen. Gereziondo trinkoz egindako apaintze-mahai bat estalgabetu zuen. Putz egin zion ispiluari. Ez zuen zolda isla lausotik erauztea lortu. Hiru tiradera zituen mahaiak, baina hutsik hirurak.

 

 

— Ederra da —esan nion.

        — Bai.

        — Nahi duzu zure gelarako? Konpon daitekeela uste dut.

        Ilean gatibatu zitzaion beste euli bati putz egin eta esan zidan:

        — Ondo —eta gero jarraitu zuen—: Zerbait egin beharko da euliekin.

        Ordura arte ez genien erreparatu, baina ugari zegoen, eta egun hartan gogaikarri zeuden, beroagatik agian.

        — Utziko diogu gaurkoz?

        Begi-zuloak zituen Mirenek. Indar berriz altxatzen zuen izara bakoitza. Eta gure hura ez zen inon ageri.

        — Jaitsi zu, ni beste pixka batean geratuko naiz.

        — Ukuiluan eta sukalde zaharrean ez dugu oraindik begiratu. Logelak ere falta zaizkigu. Azalduko da.

        Ile-xerlo bat belarri atzera eraman nion eta gerri biluzia doi ukituz esan nizkion hitzok.

        — Bai.

        Ez zuen jaitsi nahi izan. Eta gero, ganbarako atea itxi nuenean, negarrez ari zela iruditu zitzaidan. Zartada bat edo beste aditu nituen jarraian. Bakean utzi nuen.

        Atarian atondu nuen mahaia, giro zegoen kanpoan afaltzeko. Han behean herriko argiak antzematen ziren.

        Hurrengo goizean, esnatu nintzenean, zurrumurru bat aditu nuen ilunetan, hozkailu batena edo ur-deposituren batena izan zitekeena. Mirenek lo segitzen zuen. Zurrumurrua ganbaratik zetorrela ohartu nintzen. Kontuz egin nuen erdi usteldutako eskaileretan gora, kirrinkak Miren iratzar ez zezan, eta tentuz zabaldu nuen atea. Eskua atalostera itsumustuan eraman eta argia piztu nuen. Dena euliz beteta zegoen, hegaldi zoroan zebiltzan, hormekin eta elkarren artean talka egiten. Sabaitik zintzilik zegoen bonbilla biluziaren inguruan tematu ziren. Aldi berean astintzen zituzten ehunka hegoek ziztu zoli desatsegina sortzen zuten. Atea danbatekoz itxi eta sukaldera jaitsi nintzen.

        Irratia piztu, ura berotzen ipini eta intsektizida bilatu nuen garbikarien armairuan. Bi zinta itsasgarri ere topatu nituen. Ganbarara igo nintzen berriro. Sudurra kamisetaren lepoarekin estalirik, intsektizida zabaldu nuen gelan, batez ere bonbillaren inguruan ekinez. Bizkarka atera nintzen handik, produktu hilgarriari eragina egiten uzteko.

        Itzuli nintzenerako, gainezka egindako ura lehortzen ari zen Miren sukaldean.

        — Ganbara hartu dute —esan nion.

        Intsektizidari begira geratu zen.

        — Gutxienez badakigu gurea ez dagoela han.

        Nik ez nuen harekin pentsatu, baina arrazoi zuen Mirenek.

        — Gero itzuliko naiz, ea honek hil dituen.

        Gosaldu eta eguneroko lanetara itzuli ginen. Lastategiko zorua eta hormak amaituta zeuden, pintura zuria eman genien. Apalategi metaliko batzuk muntatzen ari nintzen, pieza bakarreko haritz-egurrezko lan-mahaiarekin kontrastea egingo zutenak. Amaitutakoan ekingo nion sehaskari, kulunka egiten zuen bat eraiki nahi nuen Mireni ezustekoa emateko. Bera liburuak kaxetatik atera eta generoka eta alfabetikoki antolatzen ari zen, burua altxa eta niri begira jarri zenean:

        — Entzuten dituzu?

        Elkarren atzetik igo ginen eskaileretan gora. Atea ireki nuenean Mirenek ahora eraman zituen eskuak. Milaka ziren. Lurrean hildako euli mordoa zegoen, eta erdi hildako asko, hegoak eta hankak zartadaka astintzen. Baina gehiago ziren biziak, gezi-leihoetatik sartzen ziren eguzki-izpien artean hegaka.

        — Itxi hori! —agindu zidan Mirenek—. Goazen behera!

        Poliki jaitsi ginen, Miren aurretik eta hari segika ni. Tea zerbitzatu nion sukaldean, eta garbikarien armairuan intsektizida-poto gehiago ba ote zegoen begira hasi nintzen.

        — Ahaztu. Ez gara berriro horra igoko.

        — Akabatu ditzakegu agian —ohartarazi nion.

        — Ez, ganbara hartu dute. Kito. Behean bilatuko dugu.

        — Ziur zaude?

        — Bai.

        Apaintze-mahaia gorabehera, ganbaran ez zegoen baliozko gauzarik. Etsiko genuen hara igo gabe. Tea amaitu eta apalategiak muntatzen eta liburuak atontzen jarraitu genuen eguerdira arte. Mirenek ez zuen ezer esan, salbu eta:

        — Poemario hau galdutzat neukan.

        Bazkalostean atzetik hurbildu eta musu eman nion lepoan. Sorbaldak erlaxatu zitzaizkion. Elkarri begietara begira jo genuen larrua, oso poliki. Esperantzatsu sumatu nuen udako soineko arina janzten zuen bitartean.

        Arratsaldean bigarren solairuko logeletan hasi genuen bilaketa. Zazpi ziren, gurea eta beste sei: seme-alaben logelak eta morroiarena izango zen gela itsua, garai hartako ohearen armazoia eta armairu txiki bat mantentzen zituena. Handik hasi zen Miren eta hormaz horma zegoen logelatik ni.

        Armairu zabal bat zuen gelak alderik alde, zizeilu bat aurreko paretaren kontra. Pipiak janda zegoen armairuaren egurra, ezinezkoa izango zen hura berreskuratzea. Barruan zumezko saski handi batean azpizarak eta manta zahar batzuk zeuden elkarren gainean pilatuta. Banaka atera eta zabaldu egin nituen. Haietariko batzuek U.G. inizialak zituzten brodaturik. Hirugarren tapakia zabaltzean, bost mila pezetako billetez betetako gutun-azal bat erori zitzaidan lurrera. Jabeek ahaztuta utzi zituzten isileko diru haiek, eta orain ez zuten ezertarako balio. Lurrean utzi nuen gutun-azala, zizeilua mugitu eta armairuaren goiko apaletara iritsi nintzen. Egunkari-orriz bilduta zegoen fardel bat hartzera nindoan Mirenen garrasia entzun nuenean.

        Zizeilutik jauzi egin eta korridorera irten nintzen. Bizkarra atearen kontra zegoen Miren, zurbil.

        — Ikusi egin duzu?

        Atea ireki nahi izan nuen, baina indarrez bultza egin zidan.

        — Zer gertatzen da?

        — Logela hartu dute.

        Nik arakatu nuen gelara ere sartu ziren beste batzuk.

        — Lasai —esan nion—. Ondo begiratu dut, ez dago hemen.

        — Seguru?

        Hurrengo logelari ekin genion. Pozoiaren bila jaitsi nahi izan nuen, baina Mirenek ez zidan utzi: «Eta gurea akabatzen badu?». Miatutako geletako ateak eta leiho guztiak itxi genituen, eta hala ere zirrikituetatik pasatzen ziren euliak hamarnaka, ehunka, milaka. Armairuak, tiradera-altzariak, gau-mahaiak, komodak eta kutxak ireki eta barruan zegoen guztia bota genuen lurrera. Eskuz esku ekin genion, izerditan eta arnasestuka. Han nonbait behar zuen.

        Eta gero eta hurbilago, inguruan pilatzen zitzaigun hegoen burrunba. Begietara nahi zuten, ahora. Uxatu ahala hurbiltzen ziren berriro. Ileen artean sartzen zitzaizkion Mireni, laguntza eskatzen zidan, astindu eta tira egiten zien bilo ilunei.

        Lurrean barreiatutako pusken artean arropa txiki batzuk agertu ziren paketatzeko paperean bilduak: artile garestiz egindako galtzak, jertseak eta tapakiak ziren. Izango zituzten berrogeita hamar urte.

        Eskuetan hartu zituen Mirenek.

        — Ez dago denborarik —gaztigatu nion.

        Demasekoak ziren euli-saldoak: lanparetan, lurrean, kristalen kontra.

        Logela guztietan bilatu genuen, eta ez genuen aurkitu.

        Izututa zegoen Miren. Besarkatu egin nahi izan nuen arren, oihuka baztertu ninduen. Dardarka zegoen. Esku bat hormaren kontra jarri eta eztulka hasi zen arnasa eteteraino. Izututa hurbildu nintzaion, baina bultza egin zidan ezagutzen ez nion bortizkeriaz.

        Oka egin zuen, eta hantxe bertan kukutu zen burua belaunen artean.

        Zutik geratu nintzen gorputz erdi biluzi haren aurrean, euliek nola kolpatzen zuten beha.

        — Bukatu da.

        Eskutik heldu zidan. Arnasa baretu zitzaion. Sukaldera jaitsi eta tea egin genuen. Han pasa genuen gaua, euliek etxea nola hartzen zuten entzuten. Sukaldera sartu zirenean, jertse bana hartu eta, ukuiluan barrena, kanpora atera ginen.

        Giltzaz itxi genuen Iriarte Azpikoa. Herriko argiak antzematen ziren han behean.