Su txiki bat
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
Lorea Azpeitia Anta
1994, Donostia
 
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
aurkibidea
 

 

2000ko hamarkada

 

      Milurteko berrian pentsatzen jarri orduko datorkidan irudia xelebrea da: Lorea txikia amama Pepitaren etxeko salan euroaren izarrak margotzen La Caixako propagandako folio batean. Zertan pentsatzen ari ote nintzen? Zenbat balio du euro batek? Zenbateko paga emango digute orain ehun pezeta euro bat baino gutxiago bada? Oroitzen dut inguruko helduen antsietatea. Haiek beren kezkak zeuzkaten. Guk, gureak.

      Eta, bitartean, Euskal Herriko testuinguru politikoa sentimendu horien ispilu zen: Lizarra-Garaziko Akordioak sortutako itxaropen eta irrika, bakearen promesa zapuztu izanarekiko kontrastean. Bodegoi arraro horretan, eltzea bor-bor genuen etxean. Baina ez gurean bakarrik.

      2001eko irailaren 11n existitzen zirela ere ez genekien bi dorre eraisten ikusi genituen: New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatua. Irudi hura oroitzen dut egongelako telebistan eta ni begiak zabal-zabalik begira, merienda eskuetan. Nola susmatu ikusten ari nintzenak mundua goitik behera moldatuko zuenik? Eztanda haren hedatze-uhinak Euskal Herrira helduko zirenik?

      Orduko Espainiako presidenteak, José María Aznarrek, ez zuen aukerarik galdu aebko presidentearekin zuen harreman estuaz baliatu eta bere makineria errepresibo propioa martxan jartzeko. Izu globalizatuaren erdian, zilegitasun osoa zuen prebentzio eta segurtasunaren aitzakian mugarik gabeko kontrol eta errepresioari bide emateko. Lurra landuta zekarren. 90eko hamarkadan zehar ondutako “dena da eta” estrategia diskurtsiboa salto kualitatibo bat emateko puntuan zegoen: ofizialki instituzioetatik terrorismoaz hitz egiten has zitezkeen. Demokratez eta biolentoez[21].

      Testuinguru horretan etaren ideologiatik gertu kokatutako oro zen arriskugarria. Halako batean Euskal Herriak mundu mailan jazargarria zen gatazka armatu bat zeukan, literalki. Galde iezaiozue bestela Mexikoko Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko alderdiburuari[22].

      Testuinguru horretan ilegalizazio eta atxiloketa kanpaina masiboek hartu zuten Euskal Herria. Oroimen kolektiboan bereziki iltzaturik gelditu ziren Eginen eta Egunkariaren itxierak. Iruditeria gero eta manikeoago finkatuz zihoan. Ibai Atutxak (2022) mingarri bezain zorrotz dioen moduan, euskalduna, ordurako, izaki torturagarri bihurtua zen.

      Giro itogarri horretan, euskal literatura ere zorabiatzear zen. Idazleen hatzek eta garunek ezin zioten testuinguruaren abiada biziari eutsi, baina, aldi berean, gertatzen ari zena idatzi beste aukerarik ez zuten. Garai hartan argitaratu ziren euskal kanonaren totem handi batzuk: Sarrionandiaren Lagun izoztua, Lertxundiren Zorion perfektua, Atxagaren Soinujolearen semea edota Muñozen Bizia lo. Idazle handiak gatazkaren (eta munduaren) norabide aldaketa asimilatu nahian, kanonaren erdigunetik. Ahots maskulino horien artean, emakumeen ahotsek bazterrekoak eta ia ikusezinak izaten jarraitzen zuten: Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana sasoi hartakoa da.

      Masa literario horretatik bi eleberrik hausten dute kontakizunaren inertzia patriarkalarekin eta biek jartzen dute euskal subjektu torturagarria erdigunean: Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberriak eta Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukanak.

      Sarrionandiaren lehen eleberri hark harrera beroa izan zuen irakurleen partetik. Idazleak urteak zeramatzan elkarrizketarik eman gabe eta liburu haren argitalpenarekin hautsi zuen literarioa ez zen isiltasunarekin[23]. Eleberrian gatazka armatuaren baitako bizipenen ondorio emozional eta psikologikoak gorputz-mailako blokeo bidez islatzen ditu. Juanenak, aldiz, ia hogeita hamar urtez isilik egon ondoren, eleberri autobiografikoan isuri zuen bere traumaren oroimena. Lehenengoak modu literario eta metaforikoan lantzen du gaia: protagonista, literalki, izozturik aurkezten digu. Juanenak, aldiz, izozmendi horren azpian gelditutako odola eta lokatza jartzen dizkigu mahai gainean.

      Sarrionandiak hainbat kode lehertzen ditu. Kronologikoki aztertu ditugun bost eleberrietatik lehenengoa da eta esplizituki aipatzen; ez aldarrikapen epiko gisa, zigilu emozional gisa baizik. 50eko hamarkadan Euskal Herriko kostaldeko edozein herri euskaldunetan hazi eta hezitako mutikoen bilakaerari erreparatzen dio, epairik gabe, izozturik nola gelditu diren ulertzeko ahaleginean. Kontakizun horretan, ordea, emakumeek hartzen duten presentzia ezohikoa da Sarrionandiaren ibilbide literarioan: Maribelek, Arianek eta komuneko pintadaren egileak agentzia politikoa dute[24]. Horregatik ezartzen du Lagun izoztuak Esan gabe neukana eleberrirako zubia, Sarrionandiak iradokitzen duena Juanenak oihukatu egiten duelako.

      Agurtzane Juanenak hemezortzi urte zituen Gobernu Zibilaren egoitzako bigarren pisuko leihotik behera salto egin zuenean. Poliziaren tortura saioekin amaitzeko, gorputza immolatzea erabaki zuen. Esan gabe neukana ez da ariketa literario pertsonal eta intimoa, ez da anekdota baten memoria ariketa soila: Euskal Herriko oroimen kolektiboaren hezurdura hautsia berreraikitzeko emandako pauso erraldoia da. Ez du axola literatur kritikak jaramonik egin dion[25].

      25 urteko isiltasunari amaiera jartzen dio. Ez soilik bereari. Franco hil zen urtean torturatu zuten, beste asko bezala. Hilabete gutxiren buruan Trantsizioa heldu zen eta trapu zikinak alfonbra azpian gorde zituen Erregimenak. Torturatzen jarraitu zuen. Gai horri ez ikusiarena egiten zitzaion (eta zaio) Espainiako Poliziaren torturen biktima izan direnen zirkuluetatik kanpo. Torturaren umiliazio eta ondorio psikologikoei babesgabetasunaren eta inpunitatearen zama gehitzen zaie.

      Bide batez, Helena Miguélez-Carballeirak “ETA-osteko poetikak” eta “kontsentsuaren ideologia” deskribatzen dituenean, argi adierazten du torturaren gaiari muzin egitea edo, are okerrago, gai hori eufemistikoki tratatzea ezarritako joera bat dela. Enegarren kasualitatea. Estatuaren diskurtsoarekin eta biktima ofizialen ezarpenarekin ondoegi ezkontzen dena.

      Bestelakoak dira, ordea, haragizko lekukotzak etxean. Juanenak torturaren isiltasunarekin amaitzeko beharra sentitu zuenean, Xabier Mendigurenengana jo zuen. Hasiera batean, hari eskatu zion, mesedez, idatz zezala bere historia. Mendigurenek uko egin zion. Eta, eskerrak. Juanenak bere agentziari tinko eutsi baitio horrela. Orain, guri dagokigu testu hori merezi duen errespetuz hartu eta herriaren memorian dagokion lekuan kokatzea. Zor diogu, xalotasun eta guzti, kontzientzia politiko ukaezinarekin idatzi zuelako bere egia. Baina ez bakarrik horregatik: euskal literaturan gaiari buruz idatzi den libururik gordin eta errealenetako bat ere badelako. Hemendik aurrera, egin diezaiola entzungor hala erabakitzen duenak.

      Liburuari Mendigurenek idatzi zion hitzaurrea, soinu banda eta guzti: Juanena ez dugu Itziarren seme, bai ordea bi alaba txikiren zaintzaile[26]. Badirudi gizartearen begietara ez dagoela ama bat amatasunetik at existitzeko aukerarik. Ezta torturarekin amaitzeko leihotik salto egin badu ere.

      Ez dakit Mendigurenek kanta herrikoia ekartzearekin guztiz asmatu ote zuen. Kanta horrek torturaren aurrean irmo eta gogor irauten duen mutil mitikoaren epika goraipatzen du, baina, lehen akordeak entzun orduko pultsio saihetsezin bat aktibatzen dela dirudi: emakumearen militantzia eta trauma onargarri edo gizatiar egiteko, ama-rola azpimarratu behar da derrigor. Galdetu, bestela, Yoyesi. Juanenaren liburuaren hitzaurrean ere militantzia zaintzaren eta amatasunaren esparruak eklipsatzen du berriro.

      Mendigurenek dio Juanenak ez duela “borrokaren folklorea gizendu nahi”. Guztiz ados. Juanenak ez du folklorerik gizentzen, lehertu egiten du. Eta oraindik ez dio inork kantarik eskaini.

      Itxoin.

      Ala bai?

      Anariren Vesna Vulovic Juanenari klandestinoki eskainitako ereserkia balitz? Eta “Inmolazioa”?

      Gure Jainkosa beti bezain fin. Hari esker denok izan gaitezke Juanenaren alaba kantariak orain.

      Aitor dezadan Juanenaren testua irakurtzea eta aztertzea izan dela gehien kosta zaidana, askogatik. Torturaren testigantza literarioak irakurtzea ez da samurra. Imajinatu zer izan behar duen hori idaztea. Zer hori pairatzea.

      Juanena Estatuaren biktima da, baina ez da biktimizazioan erortzen. Ez du gertatu zitzaiona xehetasun morbosoz kontatzen. Erakutsi egiten du, eta hautu literario horrek sekulako desberdintasuna markatzen du. Ez dago erregurik. Irakurleak ez dauka Juanenaren agentzia politikoa berrestea besterik.

      Eleberrian kontatzen diren polizien umiliazio saiakerei duintasun osoz eusten die. Ez dut uste esatera noanak ustekabean harrapatuko zaituenik: umiliazio horiek Juanenaren generoa dute ardatz. Poliziak Matías Antolínen kuadrillakoak dira. Ondotxo dakite hori Juanenak, Eva Forestek[27] zein Olatz Dañobeitiak[28] elkarrizketatutako emakumeek eta beste askok, gure herrian eta gure herritik kanpo. Estrategia errepresibo hori sare patriarkal askoz zabalago baten parte delako.

      Juanenaren eleberrian, poliziek hasieratik markatzen dute botere- eta genero-harremana.

      Dena dakigu, neska.

      Neskato bat zara, ez zaitugu jo nahi.

      Zure esku dago: erditze mingarria, ala minik gabekoa.

      Puta halakoa!

      Biluzteko agindua dator.

      Juanenaren erantzuna, beldurraren beldurrez eta lotsaren lotsaz.

      Ezin dut, zera daukat.

      “Ze zorte txarra” pentsatuko du irakurle inozoak hasieran.

      Baina orduan oroituko du irakurleak hilekoaren probabilitatea ez dela biologia eta estatistika kontu soil bat. Galde diezaietela Armagheko kartzelan preso zeuden irako militanteei.

      Ipar Irlandako gatazka armatuan, irako gizonezko kideek Dirty Protest delakoan pintadak egiten zituzten gorotzekin beren egoera tamalgarriak salatzeko. Hori ikusirik, emakumezko militanteek odolez zikindu zituzten paretak. Ea nor ausartzen zen karga sinboliko horri ez ikusiarena egiten. Ordura arte diskurtso publikotik eta moral burgesetik at egondako errealitate fisiko eta biologikoa iraultza bihurtu zuten, emakumearen irudi hegemonikoa ekintza bisual harekin leherraraziz.

      Juanenaren eleberrian emakumearen gorputzak hilekoaren eta konpresaren bidez eszenan presentzia hartzen duen unean, poliziaren begirada desbideratu egiten da (lehenago ere bai, baina orain, nabarmenago): arrazoi politikoak itzalean geratzen dira, eta gorputzarekiko irakurketa sexualizatu eta patriarkala gailentzen da. Poliziaren aurrean jada ez dago militante bat, manipulagarria den gorputz sexualizatu bat baizik.

      Eta orduan dator mamurik makurrena. Ilunpe hartan polizia bat hurbildu, bere kontra estutu eta gerria nahiz tripa laztantzen hasten zaionean sentitutako izua. Ziur dago bortxatu egingo dutela. Juanenak badaki zulo hartatik ateratzeko modu bakarra daukala, argi duelako ez duela inor salatu nahi. Ezta bortxatua izan nahi ere. Ez ditu bere kideak infernu berera kondenatu nahi. Aukera bakarra du: bortxatua izan baino, nahiago immolatu.

      Gutako askorentzat oihu haiek horren urrun zeuden, ezen ez baikenituen entzun ere egin. Baina errealitatea da 2000ko hamarkadan zehar atxiloketek, kolpeek, hausturek, torturak, heriotzek eta doluek ez zutela etenik. 2001eko uztailaren 24an, Olaia Kastresana etako militante donostiarra hil zen Torreviejako apartamentu batean, prestatzen ari zen lehergailuak eztanda eginda. Hiru urte geroago, 2004ko uztailaren 8an, Oihane Errazkinek bere buruaz beste egin zuen Fleury-Mérogis kartzelako ziegan.

      Testuinguru hartan, 2007ko urrian erabat biluzik eta shock egoeran harrapatu ninduen amama Anitaren heriotzak.

      Bi egun lehenago, nire institutuko lagun eta gelakide baten aita atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Nola zen posible? Nire laguna guztiz pertsona arrunta zen; hala irudikatzen nuen bere aita ere. Kartzelara? Nola, ba?

      Gutxi behar izan zuen mamuak bisita egiteko. Eta, zergatik? Ez zuen inor hilko, ez?

      Ezinezkoa zen.

      Hiru egunen buruan nire gelan neuzkan Estatua, bere dispositiboa eta Herio. 13 urte besterik ez nituen. Hor hasi nintzen ulertzen bizitza krudelki gordina dela. Norbaitek erabakitzen duela zer den normala, zuzena, ona, justua, demokratikoa. Heriorena oraindik ez dakit oso ondo nork kudeatzen duen.

      Ustekabean, laguna eta biok bizitzen ari ginen doluek betiko egin zuten bat nire baitan. Gerora jabetu naiz galera horien mina eta euskal gatazkaren historia lokatz bera izan direla beti niretzat.

 

 

 

  [21]  Ikus Joxe Azurmendiren Demokratak eta biolentoak, Elkar, 1997.

  [22]  Diotenez, errealitateak fikzioa gainditzeko gaitasuna du. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, 2026ko maiatzaren hasieran, Mexikoko pri alderdiko liderrak Morena alderdia “terrorista” izendatzeko eskatu dio aebri, Espainiako Alderdien Legea eta ilegalizazioen eredua oinarritzat hartuta. Estatuaren makineria errepresiboaren itzala, hogei urte beranduago, mugarik gabeko diskurtso unibertsal bihurtuta. Mundu zoro honetako gertakari surrealistak nire garunak eta hatzek prozesatu dezaketena baino askoz azkarrago doaz.

  [23]  Ikus Eider Rodriguezen Joseba Sarrionandiaren “Lagun izoztua” eleberriko hiru itsasoak. Irakurketa proposamen bat doktore tesia (EHU, 2013).

  [24]  Ikus Eider Rodriguezen “Emakumezkoen irudikapena Joseba Sarrionandiaren 1981-2001 bitarteko poesia- eta prosa-lanetan” artikulua (2015, Uztaro, 94. zbk., 49-67).

  [25]  Ibon Egañak eskainitako artikulu bakarra aurkitu dut: “Heridas que hablan: sujeto, género y trauma en la narrativa vasca”, Journal of Catalan Studies, Extra 21, 54-71.

  [26]  Testua saiakera honen egileak moldatua mentalki “Itziarren semea” doinuaz abesgarri izan dadin.

  [27]  Juanenak liburuan Foresten Testimonios de lucha y resistencia (Lur, 1979) berrirakurri duela aipatzen du, eta bere burua genealogia zabalago baten parte kokatzen du.

  [28]  Ikus Olatz Dañobeitiaren Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua doktore tesia (EHU, 2024) eta Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa liburua (Txalaparta, 2025).