1990eko hamarkada
90eko hamarkadara iritsi gara. Erokeria hutsa da haurtzaroan ezagutu genuen mundua, hogeita hamar urteren buruan, ia zeharo desagertu izana. Fikzioa da jada. Begien aurrean desagertzen ari zitzaigun, eta gu auskalo zertan jolasten.
Begirada historiko batetik, hogeita hamar urteko epea huskeria da. Baina 2026tik 90eko hamarkadari begira jartzean, aldaketa hori bereziki da deigarria. Gatazka armatuari begiratzeak nahiko modu grafikoan islatzen du hori. Dena zen, oraindik, ia erabat analogikoa, organikoa, ukigarria: telefono-kabinak, eskuz idatzi eta ezkutuan helarazitako oharrak, paperezko egunkariak, aldizkariak, liburuak, giltzak. Itxaronaldi luzeak. Inkomunikazioa. Gatazkaren izaera klandestino hark errealitate analogiko bat kristalizatzen zuen, gure mundua, oharkabean, pantailen atzean digitalizatzen hasi zen bitartean. Trantsizio teknologiko eta politiko horren erdian harrapatutako azken belaunaldia gara.
Memoria epikoari begira, pentsa liteke 90eko hamarkada bareagoa izan zela, aurreko biak baino “interes gutxiago” duela. Bestela, nola interpretatu fikzioak garai historiko honi eskaini dion isiltasun susmagarria?
Testuingurua drastikoki aldatu zen: batetik, demokrazia finkatuta zegoela sinetsarazi nahi izan ziguten; bestetik, etaren zilegitasun soziala ia erabat higatuta zegoen. Ustez herriaren askapenaren aldekoak ziren ekintza armatuei etikoki eustea inoiz baino zailagoa zen. Ekintza horietako askok preskribatu gabe jarraitzen dutenez, modu intimoan ez bada, militante ohien lekukotza errealetara iristea ia ezinezkoa da. Pentsatzekoa da, beraz, fikzioan nabari dugun isiltasun hori ez dela hutsune soila: bizirauteko estrategia bat ere bada.
90eko hamarkadaren inguruko isiltasun hori zulatu du Olatz Dañobeitiak (2024 eta 2025) eta egindako ekarpena ez da testigantzak jasotzera mugatzen: helburu horrekin idatzia izan ez bada ere, bere ikerketa fikziozko pertsonaiak hezur-haragiz hornitzeko lanabes-kutxa bat da. Orain arte jaso ditugun irudikapen kamutsak leherrarazten dituen beste altxor bat. Dañobeitiaren lekukoek zerbaitegatik diote gatazka armatua konbultsoa, latza, brutala, gordina, bortitza, eskandalosoa eta bestiala izan dela. Gorputzean, azalean eta sabelean iltzatutako min kolektibo baten oihartzun gordin-gordina. Hori da memoria: ez polita, ez txukuna, ez politikoki zuzena. Panfleto interesatu batean eder gelditzen ez dena. Lokatza duena. Odola dariona. Eta izerdia. Kiratsa. Zauriaren gainean zimeldutako lorea.
Puntu honetara iritsita, begietara begira naukazu, irakurle. Mesede bat eskatu behar dizut, zuri eta hemendik aurrera euskal gatazkari buruz fikzioa idatziko duen orori: kendu burutik mutil baten atzetik militantzian sartutako emakumearen estereotipo inozo eta patetiko hori. Badakizue, mutil-laguna maite duelako etan sartzen den neska manipulagarriarena, bere kabuz pentsatzeko edo erabakitzeko gaitasunik ez duen horrena.
Ez da egia.
Kito. Nahikoa da.
Akabo.
Tamalez, ohar hori berandu heldu da euskal literaturara. 90eko hamarkadak gatazka armatuaren inguruko euskal ekoizpenen loraldia ekarri zuen, nahiz eta apenas irudikatu zuten hizpide dugun hamarkada. Gure idazleak, ordura arte, beren zirriborroak ontzen arituko ziren metalezko flexo dardaratien argipean, zigarroen keak jandako geletan. Gatazka “baretu” zela zirudienean —demokraziapean, Berlingo harresia erorita, mundu berri baten atarian—, testu horiek argitaratzeko adorea bildu zuten, nonbait. Asko eginbehar moral batetik idatzitakoak dira eta gatazkaren kontakizunaren inguruan hausnartzen dute. Eraginik izan ote zuen Jesus Maria Lasagabaster kritikari txit gorenak euskal literaturak eta, beraz, gure idazleek zeregin hori zutela esan, eta belarritik tira eginez kargu hartu izanak? Hark gaitzetsi zuen 1986an euskal literaturak nor izan garen, nor garen eta nor izan nahi dugun narratzeari iskin egin ziola ordura arte…[17] eta, hara non, miragarriki, kargu-hartze haren ostean ernaldu zen zeregin horri kementsu helduko zion euskal literatura berria.
Zerrenda zabala da eta ezagun ditugu totem nagusiak. Despistaturik balego, Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eta Saizarbitoriaren Hamaika pauso (1995) eleberriez ari naiz. Ordea, garai horretan argitaratu ziren gure ibilbide literario zehatzari hasiera ematen dioten lau eleberriak: Mintegiren Nerea eta biok, Atxagaren Zeru horiek, Urretabizkaiaren Koaderno gorria eta Canoren Pasaia blues. Lau obra horiek pertsonaien genero-posizio hegemonikoaren dinamika hautsi zuten etako emakumezko militanteak irudikatuz. Mintegiren eta Urretabizkaiaren kasuan, gainera, egile-posizioaren hegemonia patriarkalari ere egin zioten aurre.
Baina ez gaitezen gehiegi emozionatu. Nobela horiek bide berri bat ireki bazuten ere, gatazka armatuaren kontakizuna kudeatzeko modua oso zeharkakoa zen. Mintegiren, Atxagaren eta Urretabizkaiaren eleberrietako protagonistak nahiko espektralak dira oraindik: preso eta erbesteratuta daude oroimen kolektiboaren periferian. Idazmolde kanonikoetatik kanpo gelditzen diren istorio horiek ez dute kabidarik kontakizun ofizialean: gutun, egunkari eta ametsen kontakizunera mugatzen dira. Eleberri horietan gatazka armatua ez da lehen planoan eta orainaldi narratiboan kontatzen: intimitatean gordetako iraganeko oihartzun bat besterik ez da.
90eko hamarkada amaitzear zegoela, ordea, Harkaitz Canok ezarritako kodeak hautsi zituen Pasaia Blues eleberriarekin. Idazle-belaunaldi berri baten parte izateak dakarren freskotasunez, eta thrillerraren babesean, lehen plano narratibora ekarri zuen etako emakumeen militantzia: etako bi emakume dira, beste pertsonaia batzuekin batera, Pasaia blues eleberriko protagonistak. 90eko hamarkadan, orainaldi narratiboan, komando bateko kideak irudikatu zituen Canok. Euskal literaturan lehen aldiz emakumeak etako komando baten eguneroko gordinean kokatzen dira eta ekintza armatuetan parte hartzen irudikatzen dira. Horixe izan zen hamarkada literario honen lorpen nagusia: emakumeak gatazkaren bazterretik, biktimismo zein pasibotasunetik, historiaren eta ekintzaren erdigunera ekartzea, beren konplexutasun, itzal, kontraesan eta guzti. Ahalegin hori egin zen, behintzat. Eta engranaje horretan, Canoren ekarpena funtsezkoa da.
Orduan, nola liteke euskal literatur kritikak puzzlearen pieza horri entzungor egin izana? Eskatu ez didazun hipotesi bat emango dizut egin ez didazun galderarentzat: Canok thriller bat idatzi zuen. Itzulpena: ez da kalitatezko literatura euskal literatur kritika kanonikoarentzat. Zu eta bion artean, huskeria. Ez tira gehiago mingainetik azkenean ihes egingo dit eta. Ez naiz ni izan, zuk esan duzu: zaborra.
Zer interesatzen zitzaion (eta zaio) gure literatur kritikari? Gauza serioak eta fundamentuzkoak idazten zituzten idazle handiak. Alegia, adin jakin bateko gizonak, gatazkaren alderdi moralez zein militante nekatuez mintzo zirenak. Bestela esanda, Helena Miguelez-Carballeira kritikari galiziarrak hain zorrotz taxutzen duen “kontsentsuaren ideologia” kamuflaturik ontzen zuten idazleen eleberriak besterik ez.
Ikertzen hasi berritan, nirekin intuizioa eta lehenengo Lisipea besterik ez nituela (eta hori guztia), gehiegi kuestionatu gabe irentsi nituen totem ahalguztidunak, halaxe, horiek horrela finkatzen zituzten literatur kritikekin batera. Irakurri ahala, epel utzi ninduten guztiek, baina iltze bat sentitzen nuen ipurdian. Canoren Twist irakurrita nekarren. Nire euskal eleberri gustukoena 2016 hartan[18]. Ez nuen ulertzen fakultateko irakasleek eta literatur kritikariek zin egindakoaren eta sentitzen nuen dezepzioaren arteko amildegia. 2016an zer pentsatu behar nuen? Irakurle kaxkarra nintzela derrigor eta garaiz nengoela estreinatzera iritsi ez nintzen ogibidez aldatzeko.
Baina orduan agertu zen Lisipe, eta ipurdian sumatzen nuen iltzea seinalatu zidan: “Zer da ziztada hori, Lorea?”
Demagun, halako batean, sei urte geroago, oharkabean, ogibide hori klandestinoki gorpuzten ari nintzela nire logelan. Imajinatu nire aurpegia, auskalo nondik eta nola eskuartera heldu berri zitzaidan Canoren Pasaia blues irakurtzen hasi nintzenean.
Bat: gaia. Euskal gatazka armatuari buruzko thriller bat.
Bi: pertsonaiak. Bat ez, bi emakumezko etakide protagonista.
Hiru: garai historikoa. 90eko hamarkadan kokatua, etako komando bateko kideak pisu franco batean, Pasaian, ekintza armatuak prestatzen eta gauzatzen.
Ezin nion alde batera eta bestera begiratzeari utzi liburua seinalatzen nuen bitartean: baina nola kristo da posible eleberri hau lurrak irentsi izana orain arte?
Bazterketa horri bueltaka, argi bila jo nuen Ipar Irlandako gatazka armatuari buruzko literatura aztertzen zuten egileengana[19]. Han literatura horri The Troubles literature deitzen diote eta ohikoa da thrillerra erabiltzea gatazka kontatzeko; gurean, ordea, badirudi hautu horrek obra, automatikoki, arbuiagarri bihurtzen duela.
Baina zortea nire alde nuen. Etxean esanezina zena, atzerrian agerikoa zen: materialismo kulturalak argi eta garbi berresten du Ipar Irlandako gatazkari buruzko ekoizpenen bidea. Alegia, gatazka armatu baten inguruan idazten den ekarpen oro oroimen historikoaren parte dela eta hala deklaratzea zein aztertzea merezi duela, testuinguru historiko, sozial eta politiko jakin baten erakusgarri den neurrian.
Beraz, Canoren eleberriak aitortza merezi zuen. Hortik aurrera gertatutakoa ez nuke gidoilaririk onenaren laguntzaz ere asmatuko.
Tesia defendatu berritan, Gasteizko Letren Fakultatean antolatutako kongresu batean parte hartzekoa nintzen. Merituen mamuak ez du amore ematen. Beraz, zerbait prestatu behar nuen. Une hartan nekea nekarren arrastaka eta, zintzoki diot, nire helbururik behinena ni neu ez aspertzea zen. Esperimentu bat egiteko baimena eman nion neure buruari. Akademiaren zurruntasunak sortzen zidan asperdurak eta sormen-goseak bultzatuta, tesian planteatu ez nuen elkarrizketa bat idatzi nuen Canoren Pasaia blues eta Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberrien artean, datuetan oinarrituta, baina, batez ere, nire intuizioetatik eraikia. Tesi bat defendatu duenak soilik uler lezake erokeriak egiteko bulkada mota zehatz hori. Halakorik pairatu duzuenoi: ez zaudete bakarrik. Bidean zaudetenoi: garaiz zaudete atzera begiratu gabe korri egiteko.
Badaezpada, guztiz inozoa ere ez naiz eta badakit kongresu batean ezin dudala edozer gauza esan —batzuetan gogoa sartzen bazait ere—. Kontua da datuekin txukun samar jantzi nuela hitzaldiaren lehen zatia, eta amaierarako utzi nuela tiro kamikazea.
Unea heldu zenean, zegokidan lekuan eseri nintzen. Horraino, normal.
Aurrera begiratu nuenean bizitza labur honetan zehar idatzi dudan lerro bakoitza idatzi dudan bitartean burutik sekula pasa ez zaidan zerbait gertatzen ari zen. Zin dagit ez zaidala behin ere halakorik burutik pasa. Agian banaiz uste baino inozoagoa. Parez pare eserita neukan Harkaitz Cano jauna. Ondoren hitzaldi bat ematekoa zen. Ez hartu alferrikako lanik kongresuaren programa begiratu ote nuen galdetzen. Bistan da ezetz.
Lurra nire azpian zabal zedin eta irentsi nindezala desiratu nuen. Alferrik, noski. Badaezpada, oraindik jabetu ez bazara, inozoa baldin banaiz, kamikazea ere bai. Egiari zor, hitzaldia hasi aurretik, segundo erdi batez, burutik pasa zitzaidan amaierako zatia sakrifikatzeko aukera. Baina horrek ez zeukan inolako zentzurik, nola kenduko nuen parterik interesgarriena eta niretzat dibertigarriena? Behin jarrita, aurrera. Nola esaten zaio horri?
Halako batean heldu nintzen tiro kamikazearen unera. Izerdia apur bat lehortu, arnasa sakon hartu, adorea bildu eta hortxe bota nuen.
Canok 1999an halako liburu bat argitaratzeko ausardia bildu bazuen, Lizarra-Garaziko su-etena behin betikoa zela guztiz sinetsita izan behar zuen. Ez nion beste azalpen logikorik topatzen. Masailak bero sumatu nituen.
Ez dut oroitzen gure mahaiko hitzaldiak amaitu ostean ala bere hitzaldian zehar izan ote zen. Lehenagotik nekarren tesi-osteko hegaldiak, balak eta Canok topo egin zuten unetik ni fisikoki besterik ez nengoen areto hartan. Kontua da Canok, ustekabean, han geundenoi aitortu zigula nire hipotesi kamikazea zuzena zela. New Yorkeko erretiro artistikoak eskaintzen zion distantzia geografikoa eta Lizarra-Garazik eskainitako itxaropena izan zituela bultzaka. Nola ba, bestela?
Denbora historiko errealean, ordea, Lizarra-Garazik piztutako itxaropen-aldi horrek gutxi iraun zuen. Lokatzak laster hartu zituen kaleak berriro. Ironikoki, emakumeen papera funtsezkoa izan zen: euskal literaturak “orainaldian” eta “ekintzan” jarri berri zituenean, errealitateak lehen lerroan jarri zituen, itxaropena egia bihurtzeko ahaleginean zein hura bertan behera uzteko orduan. etaren 1998-99ko su-eten labur horren baitan, Belen González Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazio-prozesuan egon omen zen, lehenago Aljerren egon moduan. Beste batzuen artean Marixol Iparragirre etakideari egozten zaio 1999ko azaroaren 28an etak su-eten hori amaitzeko erabakia hartu izana[20].
[17] Euskal literatur kritikan behin eta berriro aipatzen da Lasagabasterrek Antología de la narrativa vasca actual liburuaren hitzaurrean zigilatutako kargu-hartzea. Ikus Lasagabaster, Ediciones Mall, 1986, 43. orr.
[18] Orain Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) da.
[19] Bereziki Tracey Iceton, Jayne Steel eta Patrick Magee.
[20] Women and ETA, Hamilton, Manchester University Press, 2007, 170. orr.