Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

3.
Mugimenduan

 

Erortzen denak mugimenduan jarraitzen du eta

akaso berragertu egiten da. Beste forma batekin.

Ixiar Rozas

 

      Emakume nekazariak ez dira zomorro arraroak, eta hala balira, oso espezie emankorra izango litzateke. Guztiok daramagu odolean emakume baserritar bat; denok izan dugu arbasotzat lurra landu duen amona bat, elikagaiak erein, landatu eta bildu dituena, haziak maitatu, hobetu eta trukatu dituena.

      Emakume nekazariei buruz aparteko espezie bat bezala hitz egiten denean, partzialki egia da, zoritxarrez, galtzeko arriskuan gauden espezie bat baikara. Hori da errealitatea; gaur eta hemen, desagertzen ari den espezie bat da (Arriola et al., 2009:151).

 

      Desagertu beharrean, desorekan egon.

      Biktima gisa azaldu ordez, erresistentzian[36].

      Eroriz gero, berragertu.

      Eszenan eta fokupean.

      Bitxia da egungo egoera. Liburuan zehar ikusitakoagatik, benetan nekazaritzan ibili diren eta dabiltzan emakume kopuruaren bilakaera egitea ez da kontu erraza: zenbakiei erreparatuta ez dira denak ageri, eta ageri diren denak ez dakigu diren. Honezkero badakigu ordea analisiek geruza ugari dituztela, eta elkarrekin lotura duten elementu anitz. Horregatik, emakume hauen parte hartzearen inguruan egindako lan eta ikerlanetan behin eta berriz gurutzatzen dira sektorearen egoera; izoztutako salmenta-prezioak eta etengabe hazten doazen gastuak; errelebo falta; sektorea osatzen duen egitura tekniko eta administratiboa; ordezkariak; beraien jardunarekiko eta baldintzekiko ezezagutza, bai egitura ustez laguntzaileetan, bai jendartean, oro har; beraien produktuen balio- eta estimu-galera.

      Niri gertatu izan zait emakume nekazarien partaidetzaren inguruko ikerlan bat entregatu eta beste aldetik jasotako erantzuna izatea gaiarekin zerikusirik ez duten kontuak aipatzen direla, lekuz kanpo daudela iradokiz, emakumeekin egindako saioetan adierazi dutelako (eta nik hala jakinarazi) sektoreko prezioak kontuan hartuta ezinezkoa dela egun dauden egiturak existitzea horien mantentze-kostuekin, dagoen pertsonal kopuru handi eta soldata altuengatik, haiek hilabete amaierara heltzeko komeriak dituztenean; edota proposatu dutelako ezin dela zenbait kargutan egon lehenago sektorean modu profesionalean esperientzia izan ez duenik, egoera ulertu ezean ezinezkoa delako erantzun aproposak ematea. Niri ulergarriak egiten zaizkit aldarriok, eta zerikusi zuzena dute beraien parte hartzean: egituretan konfiantzarik izan ezean, aldeko elementu beharrean bizkarroi gisa hartuz gero, lehendik ere parte hartzea liluragarria iruditzen ez bazitzaien horrek eragiten dielako errefusa. Nekatuta sumatzen dira emakume horietako asko. Deitzen diezu eta esaten dizute hilabete horretan jasotzen duten hirugarren elkarrizketa-proposamena dela zurea: bateko tesia, besteko ikerlana, haragoko diagnostikoa… eta beraien egunerokoak berdin dirau, baina deitzaile berri bakoitzak duen sinesgarritasuna etengabe murriztuz doa. “Zergatik izango da ezberdina oraingoan? Eguneko orduek ez didate ematen, eta ikusi beharrekoak ikusita nago jada, zaharrak berri”. Eta, horregatik, esker on infinitua sentitzen dut beraien denbora eta esperientziak partekatzea hautatzen dutenean, ezer aldatuko denaren esperantza galduta izanda ere. Ezin jakin non eta noiz piztuko den eraldaketaren pindarra. Topaketa bakoitza aukera bat da.

 

 

[36] “Guri askoz gehiago gustatzen zaigu irudikatzea landa-eremuko emakumeen irudi hori biktima gisa hartu beharrean erresistentzia puntutik”. Ione Larraņaga eta Onintza Legorburu. Landa Emakumeak Gara sormen-lehiaketako irabazleekin gauzatutako pieza audiobisuala (labur.eus/LEGbideoa), 2021.