Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiño
 
 

 

1.1.2. NEKAZARITZAREN FUNTZIOAK, LABUR

 

      Nekazaritza Politika Bateratuak[15] (npb) aitortzen du nekazaritza-jarduerak hainbat funtzio onuragarri eskaintzen dizkiola jendarte osoari, lehengai eta elikagaien ekoizpen hutsetik harago doazenak. Horrek sektoreko ikuspegi batetik lurraldeko ikuspegi baterako jauzia ematea dakar. Terminoak berak eztabaida sortu du eremu akademikoan planteatu zenetik. Coste de la no agricultura en el País Vasco[16] liburu gomendagarrian azaltzen da nekazaritza-sistemak berez direla funtzioaniztunak, alegia, beti bete izan dituztela hainbat funtzio, elikagaiak, zuntzak eta beste lehengai batzuk ekoizteaz gain, eta, horrela, barne hartu dituztela ingurumen-funtzio, funtzio ekonomiko eta gizarte-funtzio ugari. Argitzen du funtzio-aniztasuna jarduera ekonomiko batek aldi berean hainbat output emateko eta hainbat helburu lortzeko duen ahalmenari dagokiola; hau da, ekonomian baterako ekoizpen edo baterako produkzio izenez ezagutzen dena. Hortaz, funtzio-aniztasuna nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-prozesuen ezaugarria da, nahiz eta, orobat, helburutzat ere har daitekeen, eta, ondorioz, haren alderdi interesgarrienak indartzeko berariazko politikak egin daitezkeen (Murua et al., 2006:99).

      Adibide zehatzak erakusteko, Silvak gauzatutako azterketatik eratorritako funtzioen sintesia ekarri da hona. Autoreak nekazaritzaren funtzio ekonomiko-produktiboaren baitan jasotzen ditu elikagaiak hornitzea, nekazaritzako elikagaien merkataritza eta eraldaketa sustatzea eta aisialdiko espazioak hornitzea. Ingurumen-paisaiaren funtzioaren baitan klima-aldaketaren mitigazioa, biodibertsitatearen sustapena, ur-baliabideak, lurzoruaren babesa, paisaiak sortzea eta kutsadurak kudeatzea. Eta, azkenik, funtzio soziokulturaletan sartzen ditu elikagaien segurtasuna eta osasungarritasuna, enplegua sortzea, bideragarritasun ekonomikoa eta kultura ondarea (Silva, 2010:11). Horiek guztiak dakartza nekazaritzak bere baitan, eta gaur egun murgilduta gauden krisi sistemikoaren ikuspegitik, badirudi denon intereseko zenbait gai jorratzen dituela.

      Ugariak izan dira nekazaritza-politikak eta landa-garapeneko politikak bateratzeko beharra aldarrikatu duten ahotsak, eta pauso nabarmenak eman dira azken urteetan norabide horretan. Baina badira ere bateratze horren nolakotasunarekiko kritiko azaltzen direnak, esanez nekazaritza-politiketatik landa-eremuko politiketarako salto horretan nekazaritza-gaiak lausotu egin direla. Arazo sor bat identifikatu da: landa-eremuak bestelako aktibitateak lehenesteko espazio bezala planteatzen dira askotan nekazaritza-jarduna kontuan hartu gabe, eta, are, haren kaltetan. Nolakotasun hori mintzagai, eta liburu honen gaia ardatz harturik, interesgarria litzateke “nekazaritza-politikak eta landa-garapeneko politikak bateratzeko beharra onartzea, osotasun zatiezin baten parte gisa, non emakumeek garrantzi berezia duten, biztanleria iraunkor baten giltzarri diren aldetik” (Muñiz, 2002:3).

      Hortaz, atala bukatzeko, emakume nekazariak kokatzen direneko lurralde eta sektorearen berezitasunak ikusita eta hurrengo atalerako aurrerakin gisa, aldarrikatu nahi da emakume nekazariak beti egon direla gure paisaiak eratzen dituzten lurretan. Beste gauza bat da nortzuek idatzi duten historia, zeintzuk jarri dituzten protagonistatzat, zeintzuk atrezzoaren pareko. Eta, emakumeek beraiek, ze autopertzepzio izan duten, zein sakon eta egiturazko sentitu mandatuak, rolak, proiektatutako irudiak eta beraiek proiektatu nahi zituztenak. Azken urteetan landa-eremuko emakumeei eta emakume nekazariei egindako hamarnaka elkarrizketen ehuneko oso handi batean (batez ere landa-eremuan jatorria dutenen artean), aho batez adierazi dute beraien familiako emakumeen presentzia, lana, sakrifizioa; eta, gehien-gehienetan, aitortza falta. Lur gainean egon dira eta daude emakume nekazariak, baina ezagutzen transmisioa eta ahozkotasuna desagertzen ari diren honetan, lehenagokoen erregistroak ditugu faltan (grafikoak, idatzizkoak…); izenak, ezaugarriak, jakintzak. Eta oraingoak… liburu osoa beharko da oraingoen egoera aditzera emateko, askotarikoa eta aberatsa bezain konplexua baita, egiturazko elementu argi batzuen testuinguruan.

 

 

[15] “Nekazaritza Politika Bateratuak nekazaritzako elikagaien sistema baldintzatzen du, bai Europan, bai tokian-tokian. Urtean 50.000 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, funts horiek jabeei zuzeneko ordainketak egiteko (azalera-unitateko) eta landa-garapeneko planetarako erabiltzen dira. Gaur egun, negoziazio- eta plangintza-prozesuan dago, eta npb berriak prest egon behar du 2022ko amaierarako edo 2023ko hasierarako” (Alvarez & Benlloch, 2020:16).

[16] Liburuak interes handiko azterketa eskaintzen du. Liburuko 5. kapituluan desagrarizazio progresiboaren lau agertoki posible planteatzen dira, eta bakoitzak dakarren kostu ekonomikoa milioi eurotan urtean: nekazaritzako eta ez nekazaritzako begaren gaineko eragina, lanpostuen galera, lur eta basoen mantenua eta basoen berreskuratzea.