Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

ERRESISTENTZIAK, OZTOPOAK

 

      Ez dago giza talderik erresistentziarik jarriko ez duenik bere kapital ekonomiko, sozial, kultural edo sinbolikoa kendu, mugatu edo murriztu nahi zaionean (Goikoetxea et al., 2020:186). Elkarteen eta erabakiguneen esferara bueltatuz:

 

      “Nik, egia esan, ez dut inoiz arazorik izan parte hartzeko, e? Behin barruan, ez da hain txarra. Zangotrabak jartzen dizkizute, baina…”.

 

      Pertsona batek zangotrabak jarri izan dizkioten arren parte hartzeko arazorik inoiz izan ez duela esatea, edota behin barruan hain txarra ez dela sostengatzea, sistemak funtzionatzeko behar duen biolentziaren naturalizazio (asimilazio) mailari baizik ezin zaio egotzi. Eta zeregin horretan, berriro ere, biolentzia sinbolikoak funtsezko funtzioa du. Euskal demokrazia patriarkala liburuan jasotakotik, honako sekuentzia planteatzen da:

 

1. Biolentzia sinbolikoak ahalbidetzen du biolentzia materialaren normalizazioa.

2. Biolentzia sinbolikoak ahalbidetutako biolentzia normalizatua edo norma bilakatutako biolentzia da biolentzia naturalizatzeko era.

3. Biolentziaren naturalizazio horrek, aldi berean, ikusgaitza bilakatzen du  (Goikoetxea et al., 2020:85).

 

      Hortaz, naturaltzat jo eta natural bizi ditugunez eraikiak eta arbitrarioak diren egiturak eta horietatik eratorritako egiteak —gizon eta emakumeei toki ezberdina esleitzen diotenak gorputz femenino eta gorputz maskulinoen irakurketan oinarrituta—, ez ditugu ikusten, ez dute gure arreta deitzen; txertatuta daude eta txertatuta ditugu hartu-eman sozial denetan. Eta gure immunitate-sistema psikologikoak ez ditu kanpo-elementu kaltegarritzat jotzen, ez dago aktibatuko den alarmarik ezta defentsa mekanismorik, barne-elementu asimilatua baita, naturala: harresiak beti irekita dituen Troiako zaldia. Eta horregatik aplikatu behar zaio datuen interpretazioari faktore hori: jakitea gizarte honetan sozializatuak izan garen heinean, gure pertzepzioak oro har zer angelu itsu dituen, eta hori kontuan izatea.

      Horren beste adibide bat izan daiteke sektoreko erabakiguneetan parte hartu izan duten emakumeei hizkuntzaren zainketaren inguruan galdetutakoan jasotako erantzunak. Elkarrizketatutako emakumeen erantzunek diote emakumeen % 71 orokorrean hizkuntza zaindu den espazio batean sentitu dela bere parte hartze esperientzian. Eta, aldi berean, % 57k hizkera ezegokia jasan behar izan duela bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar. Bizipen hori traba bezala hartu izan duten galdetuta, batzuek atsegina ez dela aitortu dute, baina, orokorrean, hizkera horren onarpen bat, horrekiko egokitzapen bat nagusitu da erantzunetan. Hizkerarekin arazorik izan ez duela erantzun duen emakume baten lekukotza da hau:

 

      “Atzo gauean alabarekin hitz egin nuen, eta hark esaten zidan: ‘Nik entzuten ditudanean oso matxistak direla iruditzen zait. Ama, zu ados al zaude beraiek horrela hitz egitearekin?’. Eta esan nion agian entzutera ohituta nagoelako izango dela, baina niri ez didala belarrira berari egiten dion beste kalte egiten; 30 urteko aldea dago gure artean”.

 

      Adibide horrek erakutsi dezake erantzunen, datuen eta horien interpretazioen arteko harremana. Betaurreko horiekin aurrera eginez, Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanerako bakarka elkarrizketatutako emakumeen % 52k bere esanak jarraitzeko erresistentzia topatu du bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar, gizonen esanekin gertatu ez bezala.

 

      “Ulertzen dut nekazaritza-sektorean matxismo handia dagoela, zein den mugitzen gareneko eremua. Beste emakume bat eta biok elkarte bateko batzordean egon gara. Sartu ginenean gorriak ikusarazi zizkiguten. Batez ere beste emakumeak, lehendakaria zenak, lan asko egin zuen, eta kostata baina batasun handia lortu genuen, guztien babesa izatea. Noski, hasieran ez gintuzten ikusi ere egin nahi, lan handia egin behar duzu”.

 

      Aipatutako ikerlanaren testuinguruan antolatutako emakumeen topaketetan ere atera zen erresistentzien gaia. Izan ere, erresistentziek behar dute egon, bestela beste modu batez egongo lirateke gauzak honezkero. Batzordeez hitz egitean, gauzak aldatzearekiko erresistentziak ezinbestean dakar berarekin emakume eta gazteak kanpoan uzteko joera. Historikoki gizonek eratu dituzte erabakiguneak, eta, orokorrean, gizon heldu edo adinekoek. Patriarkatuaren logikari jarraituz, beraiek izan dira subjektu eta beraiek izan dira neurri. Aldaketekiko erresistentzia modu bat ere izan daiteke sartzen diren berri horiekiko jarrera zakarra. Edonor ez da gai lehen eraso horri buelta eman eta bere lekua egiteko.

 

      “Ni batzorde oso desatseginetan egon naiz. Gogoan dut batean esan zidaten lehenengo gauza, blasfematu ondoren: ‘Zer maila eskasa duzun’. Eta nik esan ‘Tira, nahiko gaizki hasi gara, e?’. Ni kikiltzen den pertsona bat izango banintz, ‘ez naiz gehiago itzuliko’ pentsatuko nuke, eta kito. ‘Ez naiz gehiago itzuliko eta ez dut botorik emango eta ez dut ezer egingo’”.

 

      Bourdieuk horren inguruko azalpen interesgarri bat eskaintzen du. Gizonei erresistentzia-estrategia antolatuak egozteko tentazioan erori gabe, Bourdieuk dio suposatu dezakegula kooptazio-lanen[34] berezko logikak —kidego sozialen salbuespeneko ezaugarriak kontserbatzeko joera duena beti, non horien lehenengo lerroan sexu ratioa dagoen— honako honetan hondoratzen dituela bere sustraiak: feminizazioak —espazio horietan emakumeen presentzia edo emakumeei lotutako ezaugarriak txertatzeak— beraien maila-sozialaren berezitasunari, eta, ondorioz, maila-sozial horren balioari, eta, nolabait, berezitasun horretaz gozatzen dutenen sexu-identitateari dakarkien arriskuaren ulerkuntza nahasi eta oso emoziozkoa. Egile horrek adierazten du emakumeak honelako edo halako lanbidean sartzearen aurkako erreakzio emozional batzuen indarkeria ulertzen dela baldin badakigu posizio sozialak berak sexuatuta daudela eta sexuatzaileak direla; eta, beren postuak feminizazioaren aurka defendatzean, gizonek beren buruarekiko duten ideiarik sakonena babestu nahi dutela. Batez ere, eskuzko langileak edo militarrak bezalako kategoria sozialen kasuan ematen da, zeintzuek beren balioaren zati handi bat, osotasuna ez esatearren, gizontasun-irudiari zor dioten, baita beren begien aurrean ere (Bourdieu, 2000:119).

      Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean bibliografia ezberdinetan identifikatu eta elkarrizketatutako emakumeekin kontrastatutako hainbat oztopo jaso ziren, erabakiguneetako beraien esperientzia osoa kontuan hartuz; ariketa beharrezkoa emakume nekazariek erabakiguneetan parte hartzeko orduan topatutako eragozpenen argazkia egiteko.

 

 

Hatz lodia gora edo behera

 

      Aipatutako ikerlanean banaka elkarrizketatutako emakume nekazarien % 52k emakumeen parte hartzea ondo ikusia izan dela sentitu du bere esperientzian, eta % 19k gaizki ikusia. Gainerako % 29ak bi bizipenak izan ditu: bai junta bat baino gehiagotan hartu duelako parte, oso esperientzia ezberdinak edukiz; edota dagoen edo egon den juntan bi muturretako pertsonak daudelako edo egon direlako. Elkarrizketatutako emakumeen % 48k uste du, orokorrean, batzorde espazioetan emakumeen iritziak gizonenak beste baloratzen direla. Hala ere, erantzun hori eman dutenen artean ondorengo lekukotzak jaso dira:

 

      “Nik uste dut baietz, iritziak berdin baloratzen direla. Zu entzutea eta arreta hori eskaintzea kosta egiten da, baina gero mahaian argi uzten duzunean zerbait aldatu nahi duzula, edo zer eskatu nahi duzun, azkenean kasu egiten dizute. Kontua da, agian, kosta egiten zaiela emakume batek dena delakoa adierazteko duenean arreta jartzea. Ezberdina da”.

 

      Esan daiteke berriro ere baieztatzen dela biolentzia sinbolikoaren eraginkortasuna biolentzia normalizatu, naturalizatu eta, beraz, ikusezin egiterakoan. Batetik, zenbait espaziotan asko kostatzen da iritziak entzunak izatea, horiek baloratu aurreko nahitaezko pausoa. Eta, bestetik, iritzi horiek behin entzunda, ze ibilbide dute?

 

      “Momentuan bertan ez dut uste alderik dagoenik, baina gero hori lantzen denean… ea batzuek eta besteek esandakoak nora doazen”.

 

      Gaia bera ere kontu garrantzitsua da iritzien balorazioak eta genero bakoitzari esleitutako eremuak bat egiten duten puntuan:

 

      “Bai, baloratzen dira, baina gaitik gaira alde handia ikusten dut. Eskola-jangelen kontuan oso baloratuak dira emakumeen iritziak, baina beste batzuetan gehiago kostatzen da. Gaiaren arabera”.

 

      Aldiz, elkarrizketatutako emakumeen % 42k uste du, orokorrean, ez direla berdin baloratzen gizonen eta emakumeen iritziak.

 

      “Ez, eta adibide bat jarriko dizut. Elkartean ekintza bat antolatu zen, eta nik modu jakin batean egin behar zela planteatu nuen, bestela ez zela posible izango. Bileran zera esan zidaten: ‘Nolatan? Hori ezinezkoa da! Zu erotuta zaude?’. Egun batzuk geroago mutil batek deitu zuen, ni bezalako gazte batek, eta ‘Aizue, hau horrela egin behar da’ esan zuen. Nik esandako gauza bera esan zuen, eta berari ‘A, bai, bai, bai, noski, noski’ esan zioten”.

 

 

Zalantzan jartzea, baliogabetzea

 

      Banaka elkarrizketatutako emakumeen % 52k jaso zuen kexaren bat, erreprotxeren bat, toki hori berea ez balitz bezala, ez zegokion tokiren baten balego bezala. % 38ri bere gaitasunak kuestionatu zitzaizkion bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar, eta % 71ri bere iritziak. Are gehiago, elkarrizketatutako emakumeen % 48k bere iritziak baliogabetuak izan direla sentitu du. % 52k mespretxuzko komentarioak jaso zituen bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar.

 

      “Aurpegira ez, baina atzetik bai, eta azkenean bueltan-bueltan iristen dira”.

 

      Horrez gain, norberarekiko izan ez arren, emakumeekiko mespretxuzko komentario ugari entzun behar izan dituzte elkarrizketatutako emakume zenbaitek. Hori oso normalizatuta egon omen da, orain aldaketa bat sumatzen duten arren, politikoki zuzena denaren izenean.

 

      “Emakumeek ez dugula balio entzun dugu, e? Junta batean esan gizonari ‘Zure emaztea hartuko dugu juntarako’, eta gizonak ‘Nire emazteak ez du balio horretarako’. Nola ez duela balio? Ze minusbalia dauka ba ez hartzeko? Eta horiekin nora joan behar duzu? Ez etxean ez kanpoan horiek”.

 

      “Eskualdeetako bilerak egiten genituenean, gu adi egoten ginen bertaratzen ziren emakumeekiko, beraiek parte hartzean engaiatzeko, honako edo harako ordezkaritza proposatzeko… Ordezkariak aukeratzeko orduan ikuspegi hori genuen. Bileretan emakumeak ikusten zenituen, fijatzen joaten zinen, eta ‘Hau aukeratuko dut ordezkari gisa’. Bada bileretako batean gizon batek nire kideari zera esan zion: ‘Aizu, nire emaztea ez jarri, horrek ez du erratza pasatzeko ere balio’”.

 

 

Desadostasunak eta akatsak: emandako eta jasotako erantzunak

 

      Bilera espazioetan ematen diren desadostasunei erreparatuz, elkarrizketatutako emakumeen % 81ek, orokorrean, desadostasun baten aurrean gizon eta emakumeek ezberdin erantzuten dutela uste dute.

 

      “Pertsonaren arabera ere bada, baina uste dut emakumea desados egonda joera dela isiltzekoa, eta gizonarena ahotsa altxatzekoa. Horrek ere badu zerikusia genero aldetik minoritarioa zaren mahaian egotearekin. Agian desberdina litzateke orekatuagoa izango balitz, zeren eta orduan zuk ere agian hartzen duzu beste leku bat, ikusten duzu zure iritzia eta bestearena parekoak direla… Baina juntetan beti [emakume] bat edo bi egongo garenez, minoritarioak, ez bazaude ados isilik gelditzen zara”.

 

      “Nik uste dut ez dela gauza bera. Eta gero eskua altxatzea ere ez da erraza. Gorroto handia diodan gauza bat da, eskua altxaraztea. Gauza batzuetarako erraza da, baina beste batzuetarako gizonentzat emakumeentzat baino askoz ere errazagoa da, adostasun eta desadostasuna adierazteko orduan, adibidez. Eta, ondorioz, kasu askotan zera diozu, ‘Nik ere gehiengoak esaten duena’”.

 

      Desadostasun baten aurrean gizon eta emakumeek tratu berdina jasotzen al duten galdetuta, elkarrizketatutako emakumeen % 57k uste du, orokorrean, ez dela berdina. Akatsei dagokienez, elkarrizketatutako emakumeen % 52k, orokorrean, akats baten aurrean gizon eta emakumeek ezberdin erantzuten dutela uste dute.

 

      “Nik dudan pertzepzioa da emakumea zintzoagoa edo apalagoa dela zentzu horretan, otzanagoa. Beste emakume batekin kointziditu nuen batzorde batean denbora batez, eta hark ez zuen arazorik barkamena eskatzeko akatsen bat eginez gero. Aldiz, kointziditu dudan gizonen irudiak datozkit gogora, eta uste dut ez luketela sekula eskatuko barkamenik, oker daudela jakin arren. Egongo da eskatuko ez lukeen emakumerik ere, baina nire bizipen eta sentipena hau da”.

 

      Emakumeen artean antzematen ez den joera ere aipatu da:

 

      “Gizonen artean korporatibismo handia topatu dut nik, batez ere akatsak egon direnean tarteko”.

 

      Akats baten aurrean gizon eta emakumeek tratu berdina jasotzen al duten galdetuta, elkarrizketatutako emakumeen % 71k uste du, orokorrean, ez dela berdina.

 

      “Askoz ere zanpatuagoa dago emakumea akats bat egiten badu: a cuchillo. Erreakzionatu ere beste txikitasun batekin”.

 

      “Gizonezkoen akatsen kudeaketa askoz malguagoa da: ‘ahaztu egin zaio’, ‘ez da etorri’… Emakumeek ezin dute gizonezkoek beste akats egin. Emakumeak beti konpondu behar du berak, edo nola konpondu duen galdetuko diote, beti dago bigarren buelta bat exijentzia handiagoarekin. Azkenean, gizonek egiten badute akats bat denen artean konpontzen dugu eta listo. Emakume batek egiten duenean ‘Eta hori noiz egingo duzu?’, ‘Horren inguruan zer pentsatu duzu?’. Publikotasun horretatik gainera, pribatuan izan ordez, behartzeko berak ardura hori berriro hartzea”.

 

      Hori hala izateak batzuen eta besteen etorkizuneko parte hartzeetan eragina duela uste dute zenbaitek.

 

      “Nik uste dut gizon batek huts egiten duenean errazagoa dela berriro parte hartzea, eta emakume bat kikildu egiten dela”.

 

      “Emakume asko isildu egiten dira akats bat egiten dutenean, eta hurrengoan ez dute ahoa zabaltzen, badaezpada”.

 

 

Sexismoa, paternalismoa, adultismoa

 

      Banaka elkarrizketatutako emakumeen % 67k jarrera sexistak jasan ditu bilera erabakiguneetako bere parte hartzearekin lotutako espazioren batean. Jendarteko beste arloetara irekiz begirada, nbe Emakumeak erakundeak emakumeek gizarteko arlo desberdinetan zuten ordezkaritzako datuen bistaratzea jaso zuen artikulu batean (2020). Bertan, politika, lan arloa, kultura eta zientziak, kazetaritza, entretenimendua, kirola eta sukaldaritza aztertu ziren. Orain arte azaldutakoa berresten dute artikulu horretan jasotako datuek, eta sukaldaritzaren alorrekoan zera adierazten da: emakumeek diskriminazio aktiboko egoerak gainditu behar izaten dituztela, eta maskulinitatea loriatzeaz gain, jazarpena isilbidez onartzen duen kultura saihestu behar izaten dutela. Aipamen hori emakume nekazarien lekukotasun honetan ere ikus daiteke islatuta:

 

      “Batzorde ondorengo bazkari batean, beste kide batzuekin hitz egiten nengoela, lehendakaria hurbildu eta ‘Ni neskatxaren ondoan eseriko naiz’ esan zuen. Ez zitzaidan batere gustatu, oso gaizki hartu nuen tratu hori. Neskatxa, neskatila, hankatxoa, besotxoa, bestea…”.

 

      Kasu horretan, emakumea ez zen besoak uztarturik gelditu. Bazkaltzen ari zirela berea bezalako ustiategien arazoen berri ematen hasi zitzaion, ekin eta ekin. Gizonak zerbaiti kontra egin eta emakumeak argudio gehiagorekin egiten zion aurre. Postrerako esan zion: ‘Bueno, altxatuko naiz, e? Eta zure ondoan bazkaltzera esertzen naizen azken aldia izan da’.

      2021ean gauzatutako ikerlanerako banaka elkarrizketatutako emakumeen % 52k jarrera paternalistak jasan ditu bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar.

 

      “Bai, baina ez nirekin bakarrik, gazteekiko: ‘Hauek ez dakite’, ‘Irakatsi egingo diegu’, ‘Gu joango gara…’”.

 

      Aldiz, paternalismoa beharrean, adultismoa identifikatu dute batzuek.

 

      “Paternalismoa beharrean, adultismoa. Inork ez dizu erakutsiko”.

 

 

Trapuak zikindu eta bazterrak nahasi

 

      Elkarrizketatutako emakumeen % 48k sentitu zuen bilera espazioren batean bere bizitzako alderdi pertsonalak atera zirela harira etorri gabe. Horrez gain, emakume horiek batzordean parte hartzeagatik zenbait kide beraien bizitza pertsonala eraiki eta zabaltzeko eskubidez sentitzen zirela dirudi, honako pasartearen arabera:

 

      “Esango zuten, ‘Baina bat-batean emakume hauek nondik atera dira, zertara datoz hona?’. Bigarren emakumea izan nintzen ni junta probintzialean sartu zena. Gure eskualdetik bi joaten ginen, eta azkenean, pareja ginela esaten zutela gure belarrietara iritsi zen. Eta beste[emakume]ak bilera batean esan zien: ‘pareja gara, bai, bi gatozelako’”.

 

      Erabakiguneetan parte hartzeagatik berriz ere, erabakigune horietan izan ez arren, beraien bizitza pertsonala afera publiko bilakatu eta, zenbaiten bikoteei, halako komentarioak egin izan dizkiete:

 

      “‘Laster andrea beste batek harrapatuko dizu, ez da normala-eta andrea beti kanpoan ibiltzea’. Eta ‘beti kanpoan’ izan zitekeen hilabetean bitan ateratzea bilera batera, edo ikastaro bat egitera, adibidez”.

 

      “Nik gogoratzen dut nire senarrari ‘Eta zuk uste duzu hori ez dagoela beste batekin’ bezalako esaldiekin joaten zitzaizkiola. Batzuetan sinestezina da inbidia hori. Eta halako komentarioak emakumeengandik ere etortzen zirela esan dezaket”.

 

      Ordena kolokan jarriz gero, haren zaindariak azaltzen dira han eta hemen.

 

 

Gatazkak

 

      Komentatu da erabakiguneetan parte hartzeak emakumeen bizitzako hainbat esparrutan duela eragina: bilera espazioetako esperientzian, jakina; baina baita kale-espazioan, bueltan-bueltan iristen zaizkien esamesekin; edota espazio domestikoan. Elkarrizketatutako emakumeen % 43k bikote-gatazkak izan ditu bere parte hartzearen harira. Hala ere, bizipenak oso ezberdinak izan dira emakumetik emakumera. Emakumeen parte hartzeak aldaketak dakartza agendetan, eta beraien denboran eragin handia izan dezake arduren eta dedikazioaren arabera. Emakumeen eguna zereginez betea egonik, parte hartzeari eskainitako denbora, oro har, lehenago beste jardun batzuei eskaintzen zietenetik hartzen dute. Kasuaren arabera, baina orokorrean ez da ordu kopuru itzela astean. Hala ere, ordu horiek, eragin zuzena eta sakona dute ingurukoen antolaketa eta usteetan.

 

      “Bikotekidearekin, hasieran, ordutegietan-eta bai [izan zuen eragina]… baina negoziatu egiten da. Parte hartzen hasi aurretik hogeita lau orduz beti prest nengoenez, ‘Hau egingo dugu, bestea egingo dugu…’ izaten zen. Orduan, hasieran, berak ‘Egin dezagun hau gero’ esan eta nik ‘Ezin dut, bilera dudalako’. Hori berria izan zen. Orduan nik gogoratzen dut behin esan zidala ‘Orain nik egokitu behar al dut zure ordutegietara?’, eta esan nion ‘Bai, hain zuzen ere, hori da’. Hori kostatu zen. Baina behin negoziatuta, esaten duzu: ‘Hau da dagoena. Nahi baduzu ondo, eta, bestela, kudeatu ezazu zuk, nik ere nire eskubidea daukat eta’. Argi utzi behar duzu”.

 

      Sarriegi suertatzen da bileren maiztasuna eta luzeegi hartzen dituzten tarteak, etxeko kontuak bestearen kargu gelditzen direnean (otorduen prestaketa, haurren zaintza…).

 

      “Gatazkak, gatazkak… ez. Baina batzuetan ‘Berriro? Orain zer daukazu?’. Tira, mutil, badaukat eta kito. Hau da, gatazkak, berez, ez, baina batzuetan bai, ‘Baina berriro joan behar al duzu?’. Halakoak”.

 

      “Ni bilera ondoren beti gelditzen naiz zerbait hartzen, beti, beti, nahiz eta nire bikotekideari gustatu ez, niri izugarri gustatzen zait eta. Eta bikoteak beti bidaltzen dizkit ‘Bazabiltza berriketan?’ eta tankerako mezuak. Esaten du ‘Aizu, hau ez da haurtzaindegi bat’”.

 

      Beste emakume batzuentzat, harremana bere osotasunean zaildu duen kontua izan da.

 

      “Nire bikotearekiko harremana zaila izan da. Niri pertsonalki asko jan dit [parte hartzeak], ez da erraza izan, eta are gutxiago harremana lehengoratzea”.

 

      Elkarrizketatutako emakumeen % 43k familia-gatazkak izan ditu bere parte hartzearen harira. Berriz ere, bizipenak oso ezberdinak izan dira emakumetik emakumera: espazio ezberdinetan, eragin handiago edo txikiagoarekin…

 

      “Familia-bazkarietan, karguak hartzen hasi nintzela-eta, inoiz sortu da gatazka [irribarre egiten du]: ‘[Emakumeek] dena hartu nahi duzue, dena hartzen ari zarete’ [ahots zakarra jartzen du]. Horrelako esaldiak atera ohi dira. Azkenean zuri inposatu dizute[35]. Nire kasuan, ni ez nintzen borondatez eskaini horretarako, eta gainera esaldi horiek entzun behar dituzu. Eta zure artean ‘Errealitatea beste bat da-eta!’ diozu. Ni hor banago beste erremediorik ez dudalako da, eta gainera zaparradari eutsi behar”.

 

      “Amarekin. Bikotea gehiago izan da bultzatzekoa. Amarenak erreparo gehiago eman dit, eta beti ibiltzen da aitzakiak asmatzen ni bileretara ez joateko”.

 

 

Ostrazismoa

 

      Elkarrizketatutako emakumeen % 24ri gertatu zitzaion bere ibilbidean zeharreko erabakiguneren batean bileretara deitua ez izatea.

 

      “Niri bulegoan bertan gertatu zait. Ordu asko sartu ditut eta gertatu zait nire pareko gelan elkartzea batzuk erabaki batzuk hartzen eta gauzak diskutitzen atea itxita, eta kristalaz bestalde ni egotea, lehendakariorde izanda, eta nik parte hartu ez bilera horretan. Hori pasatu zait asko, eta esaten nizun bezala, muturren aurrean. Hori oso frustrantea da”.

 

 

Exijentzia eta autoexijentzia

 

      Elkarrizketatutako emakumeen % 71k uste du, orokorrean, batzorde espazioetan parte hartzeko orduan gizon eta emakumeei berdina exijitzen zaiela. Baiezko erantzuna eman zuen emakume batek esan zuen:

 

      “Nik uste baietz. Kontua da ez dizutela modu berean parte hartzen uzten”.

 

      Hortaz, zer egin behar dute emakumeek, gizonek egin behar ez dutena, modu berean parte hartzen uzteko?

 

      “Gauza bera eskatzen da, baina nik uste dut askoz gehiago epaitzen dela emakumea gizona baino. Gizonak, burutik etorri zaion txorakeriarik handiena esan dezake, eta ez da ezer gertatzen. Emakume batek berdina egingo balu, aldiz, ‘Zer esan berri du honek, ideiarik ez badu’”.

 

      Biolentzia sinbolikoaren birsortzea ez dator soilik kanpotik, baizik eta auto-pertzepzioetatik, hau da, emakumeak askoz zorrotzago epaitzen dira kontratatzerakoan, mailaz igotzerakoan nahiz autonomoak direnean (Goikoetxea et al., 2020:76). Eta, gehitu diezaiokegu, erabakiguneetan parte hartzen dutenean.

 

      “Asistentzia mailan bai, baina gero parte hartzeko garaian, emakumeek hitz egin edo ez (ze emakume profil asko daude) hor gelditzen da; baina gizonei pisu gehiago ematen zaienez, gizonari gehiago tiratzen zaio. Emakumeak hitz egin edo ez, emakume bat dugu juntan, eta bale. Gizonek pisu handiagoa dutenez, ordea, beraien ekarpenak espero dira”.

 

      Bourdieuk adierazi moduan, komenigarria litzateke lehen haurtzarotik haurrak beren sexuaren araberako espektatiba kolektibo oso desberdinen objektu direla eta eskola-sasoian mutilek tratu pribilegiatua jasotzen dutela frogatzen duten behaketa guztiak aipatzea. Jakina baita, adibidez, irakasleek denbora gehiago ematen dietela mutilei, maizago galdekatzen dituztela eta maiztasun txikiagoz eteten, eta eztabaida orokorretan gehiago parte hartzen dutela (Bourdieu, 2000:75). Lehen eta bigarren hezkuntzaren artean, nesken autoestimua mutilena baino 3,5 aldiz gehiago jaisten omen da (Bueno, 2021). Espektatiba horien eskutik doaz exijentziak, eta marka horiek bizitza osoan zehar durundatzen dute gero. Emakumeak bileretan “egotera” gonbidatzen dira, baina ez gertatzen den horretan parte hartzera. Denbora asko igaro ohi da harreman maskulinoek baliozkotu eta zilegitasuna eman arte emakumeek emandako iritziei. Hala ere, askok hori gertatu baino lehen uzten dute, egoera horrek sortzen duen nekearen ondorioz (Alvarez & Benlloch, 2020:90).

      Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean elkarrizketatutako emakumeen % 29k uste du, orokorrean, ez zaiela berdina exijitzen gizon eta emakumeei batzorde espazioetan parte hartzeko orduan.

 

      “Emakumeak lan gehiago egin behar du. Haiek beti esango dute ‘Hemen denok berdinak gara’. Beraiek lasai daude, azkenean… Baina, egia esan, ez, ez da berdina. Emakumeak bileran zerbait ikusarazteko gizonek baino askoz gehiago eman behar du atentzioa, edo oso ondo frogatuta utzi. Horretara bultzatzen zaituzte nolabait”.

 

      Parte-hartzaile ezberdinen arteko autoexijentzia mailari dagokionez, elkarrizketatutako emakumeen artean ez dago zalantzarako leku askorik: % 86k uste du, orokorrean, batzorde espazioetan parte hartzeko orduan, gizon eta emakumeek ez dietela berdina exijitzen beraien buruei.

 

      “Emakumeok askoz gehiago exijitzen diogu geure buruari. Beti pentsatzen ditugu gauzak esan aurretik. Gizonak pentsatzen duena gehiago esaten duela uste dut, eta emakumeoi edo niri, agian ni horrelakoa naizelako, kosta egiten zaigu”.

 

      “Erabakitzen baduzu zerbaiten parte izatea, nik hartu badut kargu bat, da betetzeko, ez izena eman eta ez inplikatzeko. Nik inplikazioa eskatzen duela uste dut, nik hala egin dut, eta nik ordu pila bat sartu ditut hemen, pila bat, etxekoa utzita, etxea goitik behera datorrela ere hemen, ze azkenean zure buruari exijentzia bat jartzen diozu hartu duzulako kargu bat”.

 

 

[34] Korporazio baten barruan sortzen diren postu hutsak betetzea bertako kideen botoaren bidez, adibidez.

[35] eneren testuinguruan dirulaguntzak jasotzeko erabakiguneetan emakumeen ehuneko jakin bat behar izateak sortu zituen halako mugimenduak.