Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiño
 
 

 

1.1.1. LANDA-EREMUKO EMAKUMEAK

 

      Landa-eremuko emakumeak landa-eremuetako biztanleriaren % 49 dira (2020)[10].

      Landa-eremuko emakumeak egoera bitxia bizi dute, non lan egitearen eragozpen guztiak pairatu dituzten, eta ia inolako abantailarik jaso ez. Emakumeek egoera horren aurrean izan duten erreakzioa izan da hiri-izaerako etxekotasunaz gozatzeko edo “benetako” enplegua lortzeko borroka egitea, hau da, produkzioaren edo erreprodukzioaren esparruan norberaren posizioa definitzea. Hori lortzeko biderik errazena (etxekotasuna edo enplegua) herriak abandonatzea izan da, eta hirian harreman modernoa bilatzea jarduera ekonomikoarekin, ezkontzaren edo soldata bat lortzearen bidez (Sampedro, 1996). Argi esan behar da landa-eremuko emakumeek bizi direneko eremuari eusteko berebizikoak diren funtzioak betetzen dituztela, hala nola, funtzio produktiboa, funtzio soziala, funtzio kulturala eta ingurumen funtzioa (Martinez et al., 2009).

      Funtzio produktiboari dagokionez, landa-eremuko emakumeek oraindik ere eremu publikoan sartzeko zailtasunak dituzte, jarduera-tasa txikiagoa dute gizonek baino, eta langabezia-tasa handiagoa. Lanbide-aukera desberdinen arabera, jarduera ekonomiko baten titularrak, familia-laguntza gisa familia-enpresan lan egiten dutenak eta soldatapeko lana dutenak bereizten dira, eta hiru kasuetan jasotzen dira nekazaritza jardueraren eta emakumeen gaineko aipamen bereziak. Jarduera ekonomiko baten titularren kasuan, esaterako, oro har eskubide berberak dituzte, baldin eta Gizarte Segurantzan kotizatu eta jardueraren emaitzetatik datorren ordainsari ekonomikoa jasotzen badute. Hala ere, enpresa nekazaritzakoa edo abeltzaintzakoa bada, estatus horrek ez du esan nahi ustiategiko buruak direnik, kasu askotan senarrak edo lankideak baitira ustiategiko buru, aurrerago ikusiko dugun moduan.

      Familia-laguntza gisa lan egiten duen emakumeak oso egoera zehaztugabea bizi du landa-eremuan, eta bereziki nekazaritzan. Sampedrok adierazi bezala, nahiko esanguratsua da estatistikoki “aktibotzat” jotako ordaindu gabeko langileen kategoria bakarra izatea. Autore horri jarraiki, ‘familia-laguntzak’, nolabait esateko, lan erreproduktiboen esparruan produzitzen duten pertsonak dira. Beraien lanak sortzen ditu salgaiak, noski (horregatik dira ekoizleak eta aktiboak), baina aktibitate hori familia-harremanen eremuan garatzen da, eta horrek esan nahi du ez dagoela ordainsari zuzenik ezta nortasun profesional argirik. Baldintza horri dagokionez, lanaren antolaketan nolabaiteko estatusa ere badago: “familia-laguntza” “laguntza” da, hau da, laguntza ematen duen pertsonaren lana laguntza jasotzen duenaren lanarekiko subsidiarioa, mendekoa eta, beraz, garrantzi gutxiagokoa da. Eta, jakina, “familiakoa” da, ez nekazaritzakoa, industriakoa edo merkataritzakoa; horrek esan nahi du bere lanak zentzua duela familia-harreman bati lotzen zaion heinean, eta ez hainbeste jarduera profesional jakin bati (Sampedro, 1996:83).

      Azkenik, soldatapeko lana. Batez ere nekazaritzan eta agroindustrian modu horrek “malgutasuna” ematen die ustiategiei, jarraitutasunik gabeko aldietan ekoizpen-sistemek eskatzen dituzten eskulan-beharren arabera.

      Funtzio sozialari dagokionez, emakumeek izaten dute familia-unitateari eusteko ardura, eta, haien dedikazioaren bidez, mendekotasuna duten pertsonen zaintza eta ongizatea bermatzen dute: adinekoena, haurrena, dibertsitate funtzionala duten pertsonena eta gizarte-bazterketako taldeena, kasu. Gizarte-lan funtsezko hori bereziki baliotsua da, nahiz eta ez den aitortua. Lan ikusezin hori oinarri-oinarrizkoa da gainera, landa-ingurunea, hain zuzen ere, horrelako pertsonen beharrei erantzuteko zerbitzu publiko nahikorik gabeko eremua baita orokorrean (haurtzaindegiak, geriatrikoak, hezkuntza bereziko zentroak)[11]. Horrez gain, funtzio sozialaren baitan kokatzen da emakume horiek herrietako bizitza soziala suspertzeko, kultura- eta artisautza-tradizioei eusteko eta horiek eguneratzen laguntzeko duten zeregin garrantzitsua.

      Funtzio kulturalari dagokionez, aipatutako autoreei jarraiki, oro har landa-eremuko emakumeak arduratzen dira kultura-tradizio ugari kontserbatzeaz eta transmititzeaz. Horien bidez, belaunaldiz belaunaldi, elikadurarekin lotutako jakinduria gastronomiko izugarria kontserbatzen eta transmititzen da. Jarduera horiek gastronomia hutsa gainditzen dute, beren lan espezializatuarekin eta antolatzeko moduarekin panorama kulturalaren eta herrien bizi-erritmoen eraikuntzan parte hartuz, haien idiosinkrasian eraginez. Artisautza-lanak ere nabarmentzen dira. Gaur egun, kalitate handiko gaien sorkuntza horiek (artisautza, gastronomia…), kultur ekarpenaz gaindi, errentagarriak diren jarduera ekonomiko berriekin lotzeko aukera irekitzen da. Aldiz, agertoki horren izaera anbibalentea adieraztea beharrezkoa da: lan ordainduaren esparruan aukera berriak dakartzate, baina, aldi berean, lotura handia dute tradiziozko zenbait genero rol eta praktikekin.

      Amaitzeko, ingurumen-funtzioari dagokionez, beren produkzio-funtzioaren garapenean, landa-eremuko emakumeek lehentasuna ematen diete ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-sistemei, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoari kasu, eta askotan halako ustiategietan titular gisa azaltzen dira. Gainera, ekoizpen-jarduerak egiten dituzten bitartean, inguruko lekuak eta parajeak mantentzeaz arduratzen dira, landa-eremua kudeatzen dute, paisaia bizirik mantentzen dute eta baliabide naturalak zaintzen dituzte. Horrek, aurrerago ikusiko den nekazaritza jardueraren funtzioaniztasunarekin du zerikusia zuzenean.

      Behin hau guztia argituta, bueltatu gaitezen hasierako ariketa horretara. Landa-eremuko emakumeak emakume nekazariekin berdindu ditzakegu? Jakina da gaur egun landa-eremuko emakumea profil oso ugariek osatzen dutela. Horren adierazgarri da Baylina eta Salamañaren aipua:

 

      Landa-eremuko amalgama honetan, esan behar da bertako emakumeen taldea emakume nekazariek edo nekazarien emazteek osatutakoa baino talde askotarikoagoa dela. Bertan aurki daitezke oso teknifikatuta dauden nekazaritza-ustiategiak bakarrik edo beste norbaitekin kudeatzen dituztenak, jarduera aniztasuna naturaltasun handiz praktikatzen dutenak, ustiategi ekologikoak sortzeko ekimena hartzen dutenak, landa-turismoaren negozioari ekiten diotenak, gero eta garatuago dagoen zerbitzu-sektorean lan egiten dutenak, landa-eremuarekin harreman berriak asmatzen eta (ber)asmatzen dituztenak; asteburuetako egoiliarrak aisialdia dela-eta, beste herrialde batzuetako jornalariak… batzuk adinekoak dira, beste batzuk helduak, badaude itxaropen zehatz batzuk dituzten gazteak, berdinen arteko esperientziak biltzen dituzten emakumeak, baita ezberdinen artekoenak ere (2006:108).

 

      Deskribapen horrek luzaz gainditzen du iruditeria fosilizatuetako argazkia, eta eraldaketa jarraituak dirau. Horri gehitu behar zaio, gainera, eaen, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, lehenago aipatu den herrigune eta hirigune esanguratsuekiko gertutasuna eta horien eragina: bizilekua landa-eremuan duten baina bizimodua eta harremanak handik kanpo garatzen dituztenen emakume kopuru nabarmena.

      Baina zergatik dago landa-eremuarekiko, haren konplexutasunarekiko eta bertakoekiko halako ezezagutza? Eta zergatik da landa-eremuko emakumea hain subjektu irristakorra, hain heldulekurik gabea gure gogamenetan? Bada emakume horien ikusezintasun hori azaltzeko arrazoi bi eskaintzen ditu Rosario Sampedrok (1996). Batetik, landa-eremua bazterreko espazio gisa hartu dela, jendarte eta kultura hiritarrak xurgatua izan edo desagertzera kondenatutako atzerapen-eremua. Bestetik, emakumeak eta landa-eremua “objektutzat” hartu izan direla tradizioz, gizonen eta hiriaren aurrean, horiek aldaketa sozialaren subjektu kontsideratuz. Egiaz, ezin hobe datoz bat bi arrazoiok gure markoa osatzen duten jendartea, kultura eta sistema kontuan hartuz, eta lehenago aurkeztutako subalternitate izaera berresten du.

      Hala ere, gaur egungo talaiatik ezinbesteko galdera bat sortzen da: feminismoa(k) non egon d(ir)a? Kontua da xx. mendeko bigarren erdira arte diskurtso akademiko eta eztabaida sozialean gailendu zen feminismoaren korronte nagusiak, unibertsaltzat hartu zena edozein testuingurutan aplikagarria zelako usteaz, oso emakume eredu zehatza zuela: zuria, klase ertain edo altukoa, mendebaldekoa… eta hiritarra edo urbanoa. Horri ere begiratu beharko zaio ba, berrikusi eta berreraiki. Egiari zor, azken urteetan zerbait mugitzen ari da. 2010ean Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herritik igarotzearen harira elikadura burujabetzaren inguruan eman zen bat-egite feminista bat, adibidez, emakume baserritarrak eta feminismoak gerturatuz, hiritar-landatar muga itxurazkoak lausotuz (Urretabizkaia, 2012)[12]. Eta Etxaldeko Emakumeak[13] taldea: elikadura-burujabetzaren proposamena kutsatu nahi diete erakunde feministei, jardun agroekologikoak eta landa-eremuko eragina; era berean, nekazarien erakunde eta mugimenduak feminismoz kutsatzea ere nahi dute. Oso interesgarriak dira baserri-, landa- eta hiri-eremuetako emakumeen arteko saretze eta aliantzak sortzeko bultzatzen dituzten ekimen eta topaketak.

      Baina oraindik ez dugu zehaztapenik eskaini landa-eremuko emakumeek nekazaritzarekin duten harremanaz. Aipatu da landa-eremuko emakumea eta emakume nekazaria sinonimoak direla asko eta askorentzat, lehen bulkadan bederen. Esan behar da landa-mundua asko aldatu dela azken hamarkadetan (eta aldatzen jarraitu duela ordutik hona); oso aldaketa sakonak jasan ditu, eta eraldaketa horren ezaugarririk argiena nekazaritza-jarduerak landa-nortasunaren bi dimentsio nagusietan (ekonomikoa eta sinbolikoa) izan duen zentraltasun-galera izan da (Sampedro, 1999).

      Landa-eremuko emakumeek nekazaritzarekin duten harremanerantz hurbiltzeko, ordaindutako lanari erreparatuko zaio lehenengo. Las Mujeres en el Medio Rural Vasco[14] 2016ko azterlanean jasotzen da ordaindutako lanaren figurapean dauden landa-eremuko emakumeen artean zerbitzuen sektorea nabarmentzen dela, argi eta garbi, emakumeen % 75ekin (eae osoan % 87tik gorakoa da ehunekoa); industria-sektoreak hartzen ditu landa-eremuko emakumeen ordaindutako lanen % 9 inguru; eta eraikuntzak, berriz, % 1,3, eaeko ehuneko orokorraren antzera. Nekazaritza-sektoreari dagozkio landa-eremuko emakumeen lan ordainduen % 8.

      Zenbaki horiek modu egokian interpretatzeko, kontuan hartu behar da landa-eremuan aktibo dauden emakumeen ehunekoa (% 78), hau da, estatistiken arabera enplegua izateko adin-tarte horretan kokatzen direnak; eta landa-eremuko emakumeen aktibitate-tasa, enplegatuak izan ahal direnetatik zenbat dauden enplegatuta (% 46). Eskala handituz eta ikuspegia zabalduz, 2016ko dokumentuko datuen lanketak erakusten du beraien lan ordainduaren jarduera nagusitzat nekazaritza duten emakumeak eaeko guztizko biztanleriaren % 0,15 direla. Hala ere, nekazaritza jarduera nagusitzat duten emakumeez haraindikoa da landa-eremuko emakumeek nekazaritzarekin duten harremana. Aipatutako azterlanak erakusten du, landa-eremuko etxeetan egindako inkesten datuen arabera, landa-eremuko emakumeen % 58k ez duela inongo loturarik nekazaritzarekin; nekazaritzarekin lotura duten gainerako % 42tik, % 71k autokontsumokoa du (guztizko % 30); eta nekazaritza-sektoretik beraien diru sarrera denak, gehienak edo zati bat jasotzen dutenen ehunekoak batuta, % 12 dira.

      Laburbilduz, eaen landa-eremuko emakumeak % 5,4 dira; nekazaritzarekin lotura duten landa-eremuko emakumeak % 2,3 eta beraien lan ordaindua nekazaritzan kokatzen duten emakumeak % 0,15.

      Aurrerago, % 0,15 horren atzea astinduko dugu, zer azaleratzen duen eta zer ezkutatzen. Alabaina, oraingoz, zifra hori hartuko da oinarri. Argitu nahi da baita datuok ez direla jaso zifra txikia dela-eta garrantzi gutxikoa dela erakusteko, ezpada kontrakoa: landa-eremuak eta landa-eremuko emakumeek berezko ezaugarriak dituztela azaldu den bezala, nekazaritzak ere baditu bereak, eta emakume nekazariek aipatutako guztiak berenganatzen dituzte orokorrean (landa-eremukoak, landa-eremuko emakumeenak eta nekazaritzarenak). Baita ezaugarri horien argiak eta itzalak ere. Hori dela eta, nekazaritzaren funtzio eta ezaugarriak ekarriko dira, horien bitartez emakume nekazarien testuingurua osatzeko.

 

 

[10] Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako Estatistika Organoa.

[11] Espainiar Estatua da adierazpenon eremu geografiko.

[12] Las mujeres baserritarras: análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria liburuak bi bloke ditu: emakume baserritarren jardunean eragina duten politiken azterketa zehatza egiten da lehen zatian, eta bigarrenean Hego Euskal Herrian zehar inzidentzia politikodun emakumeekin izandako talde lan-saioen ondorioak aurkezten dira. Emakume baserritarrak izateaz gain, antolatutako eta diskurtso politiko landuko emakumeak dira. Esku artean duzun liburu honetan jasotako gai askok bat egiten dute bigarren kapitulu horretan jasotakoekin. Sintetikoa eta argia da idazkera, eta benetan gomendagarria haren irakurketa.

[13] https://etxaldeko-emakumeak.elikaherria.eus/

[14] Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzako Estatistika Organoak sortzen ditu datuak.