Hildako haurra
Hildako haurra
Gotzon Barandiaran
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-06-2
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

15. agerraldia

 

 

(dolores preso komisaldegian. mozkin eta aguazila bisitan doazkio. Jakin gura dute zergatik ez duen automisofobiarik, zergatik amfak ez duen berarengan eraginik izan.)

 

aguazila: Arrastion, Dolores. Eroso zaude?

 

mozkin: Urte askotarako, Dolores.

 

dolores: Betiko, urte askotarako ez, betiko kartzela da ezarri didazuen zigorra.

 

aguazila: Ez zaitez harritu, terrorismo delitua egotzi dizute eta gainera hasbeko buruaren aurkako atentatua burutu duzu.

 

dolores: Ez dut galtzekorik.

 

mozkin: Bizitza bera ez zaizu nahikoa baliozkoa iruditzen?

 

dolores: Bestela ere bidearen amaiera bertan dut nik.

 

aguazila: Hain zuzen ere, eta galtzeko ezer ez duzunez, esaguzu: nongo ura edaten duzu, txorrotakoa edo botilakoa?

 

(Pentsakor dago dolores, ez du berehalakoan erantzuteko asmorik.)

 

mozkin: Badakizu zer den automisofobia?

 

dolores: Ez.

 

aguazila: Ez, zer? Ez dakizula zer den?

 

dolores: Ez dudala ditxosozko amf horren eraginik. Asko maite dut neure burua eta ez naiz zakar-poltsa nardagarri baten pareko sentitzen.

 

mozkin: Artekaleko zure auzokide gehienak hasi dira automisofobiaren lehen sintomak pairatzen.

 

dolores: Zuek amf hori bota aurretik ere, gehienek ez zuten euren burua maite.

 

mozkin: Hara, Dolores, denbora apur bat daramagu Artekaleko auzokideek edaten duten uretan amf dosiak botatzen. Gehiago zehaztearren, amfa beste inori baino lehen, zure semeari bota genion.

 

aguazila: Harengan bai, harengan eragina izan du, eta ez nolanahikoa, ezta, Dolores?

 

dolores: Gure semea beti izan da autoestima eskasekoa, bere aitaren berdin-berdina, zuek zerrikeria hori edanarazi aurretik ere.

 

mozkin: Hala izango da bai, baina amf dosia gehitzen badiogu, laster barru, bere burua balkoitik botatzeko agintzen badiogu, ez du zalantzarik izango.

 

dolores: Zer beharrizan duzue horretarako? Artekalekoek urteak daroatzate lozorroan, ez lukete protestarik egingo ezta zuek aginduta ere!

 

aguazila: Hori uste dugu geuk ere baina froga enpirikoak behar ditugu, erabateko bermea behar dugu, ez gara ezustekoen zale.

 

mozkin: Eta zu anomalia bat zara, aurreikusi gabeko ezbehar bat. Eta nork maite ditu ezbeharrak?

 

aguazila: amfak zugan eraginik zergatik ez duen jakin behar dugu.

 

dolores: Azken hatsa etzi bota lezakeen atso zaharra baino ez naiz. Bizirik zabaldu gura nauzue?

 

mozkin: Zu zabaltzen ez bazaitugu, Nahikari zabaldu beharko dugu, zurekin ihes egin badu, amfak harengan ere eraginik ez duela esan nahiko baitu.