Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

II

 

Bazituen bezero txiro eta aberatsak, betikoak eta noizbehinkakoak. Bezero aberatsetan bi laborari zituen inguruetan, haietako batek, Timon Semionovitx hain zuzen, lupulua landatua zeukanak, urtero onurazko kontratu mordoa egiten zuen, Nuremberg, Saaz eta Judenburgeko komisionistak azaltzen zirenean. Beste laborariak Nikita Ivanovitx izena zeukan. Zortzi alaba behintzat ekarri zituen mundura, denak elkarren segidan ezkondu eta denak koralen beharrean zeudenak. Alaba esposatuek —oraingoz lau—, ezkontitza elkarri eman eta doi-doi bi hilabete geroago, umeak —berriro alabak— edukitzen zituzten eta haiek ere koralak behar; umetandik beretik, begizkoa uxatu alde. Bi familia hauen kideak ziren Nissen Piczenikek etxean hartzen zituen ostalari berezienak. Bi laborarion alabentzat, euren biloba eta suhientzat, merkatariak prest zeukan kutxa zaharrean gordetzen zuen pattarra, etxean destilatu pattarra, inurri, onddo lehor, perrexil eta belarminez usaingozatua. Betiko bezeroak konformatu egiten ziren erositako vodka arruntarekin. Eskualde hartan ez baitzen egiazko erosketarik zurrutik gabe. Saltzaile zein erosle izan, edan egiten zuten, negozioak bioi ala bioi etekin eta zoriona ekar ziezazkien. Tabakoa ere mordoka izaten zen koral merkatariarenean, leiho aurrean, xukapaperezko orri bustiez estalita samur manten zedin. Bezeroak ez baitziren Nissen Piczenikenera inguratzen jendea denda batera inguratzen den eran, merkantzia erosi, ordaindu eta aldegiteko soilik. Bezero gehienek versta askotako bidea egina zuten eta bezero soilak ezezik, Nissen Piczeniken apopiloak ere baziren. Hark edateko, erretzeko eta batzuetan jatekoa ere ematen zien. Merkatariaren emazteak prestatzen zituen kasha tipularekin, borsch esnegainarekin, sagar erreak, patatak eta udazkenean gaztainak. Hartara, bezero hutsak ezezik, Piczeniken etxeko apopiloak ere baziren. Batzuetan andre laborariak, koral egokiak bilatzen zituzten bitartean, sortagileen kantura batzen ziren; denak batera kantari aritzen ziren, eta berdin Nissen Piczenik hasten zen ahapeka kantatzen; eta sutegian bere emazteak koilarari zeragion konpasera. Gero azoka edo tabernatik laborariak zetozenean, beren emazteekin bildu eta haien erosketak ordaintzeko, koral merkataria haiekin batera pattarra edo tea edatera beharturik zegoen eta zigarreta bat erretzera. Eta aspaldiko bezero guztiak elkarri besarka lotzen ziren anai-arrebak bailiren.

        Izan ere, behin edanez gero, gizon onbera eta prestu guztiak gure anaiak dira eta emakume xarmant guztiak gure arrebak... eta ez dago alderik laborari eta merkatari izan, judu eta kristau; eta errukarria kontrakoari eutsi nahi diona!