Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

I

 

Progrody hirixkan behinola koral merkatari bat bizi zen, bere prestutasuna eta bere salgai on eta fidagarriak zirela medio inguru guztian ezaguna. Urrutiko herrietatik andre nekazariak etortzen zitzaizkion parada bereziren baterako bitxi beharrean zeudenean. Gertuan ere erraza izango zuketen beste koral merkatari batzuk aurkitzea, baina ziur zekiten, han purtzileria arrunta eta zirtzileria merkea baino ez zutela eskuratuko. Horregatik aldian-aldian versta ugari egiten zuten gurdi txiki eta korrokoiletan Progrodyra joateko, Nissen Piczenik koral merkatariarenera. Azoka egunetan etortzen ziren eskuarki. Astelehenetan zaldien azoka izaten zen, ostegunetan txerriena. Gizonek abereak begietsi eta aztertzen zituzten, emakumeak talde irregularretan inguratzen ziren, oinutsik eta botak sorbaldatik zintzilik, zapi ñabar, egun lainotuetan ere biziak jantzita, Nissen Piczeniken etxera. Oinazpi huts babatuek danbolinen antzera jotzen zuten, gor eta alai, zurezko espaloietako ohol hantuen gainean eta baita merkataria bizi zen etxe zaharreko ezkaratz zabal, freskoan ere. Ganga formako ezkaratzetik patio isil batera igarotzen zen, non galtzadarri irregularretako tarteetan goroldio leun sarria hazten zen eta sasoi beroan belar tipi bakanak. Haraino andre nekazariei bidera irteten zieten lagun antzean Piczeniken oiloek, atzean zerraizkietela oilar gandor harroak, gorriak koralik gorrienak nola.

        Hirutan jo behar izaten zen burdinazko atean esekiriko burdinazko aldabatzarra. Orduan Piczenikek ireki egiten zuen atean ebakitako argizulo txiki bat, behatu egiten zien sartu nahi zutenei eta morroiloa libratzen zuen andre nekazariei sartzen uzteko. Eskale, kantari ibiltari, buhame eta hartz dantzariak zeramatzaten gizasemeei limosna luzatu ohi zien argizulotik zehar. Zuhur askoa izan behar zuen, zeren sukalde zabaleko mahaitxo guztietan, baita salan ere, koral bitxiak baitzeuden meta handi, txiki eta tartekotan, koral nazio eta arraza ezberdinak nahasian edo ondo ordenatuta kalitate zein koloretan. Eskale guztiak zelatatzeko hamar begi buruan aski ez, eta Piczenikek ondo zekien, pobrezia zela bekaturako eragilerik menderagaitzena. Egia da andre nekazari dirudunek inoizka ere lapurtzen zutela; izan ere, emakumeek aise amore ematen zioten, nekerik gabe erosi barik, ezkutuka eta arriskupean bitxi baten jabe egitearen plazerrari. Alabaina bezeroekin merkatariak itxi egiten zuen bere begi beilarietako bat, eta beti ere pare bat lapurreta kalkulatu salgaien truke eskatzen zuen prezioaren barruan.

        Hamar bat sortagile enplegatzen zituen, neska gazte politak, begi on zoli eta esku finekoak. Mahai luze batera bi lerrotan esertzen ziren neskak eta orratz zorrotzen puntaz arrantzatzen zituzten koralak. Hala sortzen ziren iduneko eder erregularrak, muturretan koral txikienak, erdian handienak eta argitsuenak kordatuta. Lanean kantari aritzen ziren neskak batera. Eta udan, bero handiko egun oskarbi eta eguzkitsuetan, patioan ipinitako mahai luzearen ondora esertzen ziren emakume sortagileak, eta hirixka osoan entzuten ziren haien udako ahaireak, zerupeko hegatxabalen xaramelei eta zelaietako kilker kirrinkariei gaina hartzeraino.

        Badira askoz koral mota gehiago, erakusleiho edo dendetan ikusita jende xeheak ezagutzen dituenez beste. Badira leunduak eta leundugabeak, hasteko; gero, ertz zuzen ebakiak edo biribil bola antzekoak; arantza edo bastoitxo erakoak, txarrantxa itxura dutenak; distira horailekoak, koral ia txurigorriak, zenbaitetan te-arrosen petaloen ertzek duten kolorekoak, arrosanabarrak, arrosak, gorri teilakarak, gorri erremolatxak, gorriminak eta, azkenik, odol tanta gatzatu biribilak diruditen koralak. Badira oro eta erdi torneatuak; upeltxo txikien antza duten koralak, beste batzuk zilindro kozkorrena; badira koral zuzenak, oker haziak, baita konkordunak ere. Badira izarrak, ziriak, hortzak, liliak. Izan ere, koralak dira itsaspeko munduan landarerik nobleenak, arrosak itsasoetako jainkosa guratsuentzat, jainkosa hauen gurariak bezain aberatsak forma zein kolorez.

        Bistan denez, Nissen Piczeniken denda ez zen publikoari irekia. Negozioa etxean zeukan, hau da: koralekin bizi zen, gau eta egun, uda eta negu, eta hala salan nola sukaldean leihoek patiora ematen zutenez eta gainera burdin sare lodiez babestuta zeudenez, etxean itsas hondoa gogora zekarren ilunbe eder eta misteriotsua zen nagusi, koralak bertan, saldu ordez, hazi egingo bailiren. Horrela bada, Naturaren gurari bitxi eta zeharo berariazko baten kariaz, Nissen Piczenik, koral merkataria, judu ilegorria zen, eta bere kokospeko kobre kolorekoak alga gorrizta moduko bat gogorarazten zuen, gizon osoari itsas jainko baten antz harrigarria ematen ziona. Bazirudien salerosten zituen koralak berak sortu edo landatu eta biltzen zituela. Eta hain zen nabaria haren salgaien eta haren itxuraren arteko harremana, ezen Progrody hirixkan ez baitzitzaion izenaz ezagutzen, denboraren poderioz ahaztu ere egin zen eta ogibidearenaz soilik deitzen zitzaion. Esaten zen esaterako: Hor dator koral merkataria... mundu zabalean ez bailegoen harez gain besterik.

        Nissen Piczenikek koralekiko samurtasun familiarra sentitzen zuen egitez. Natur zientzietatik oso urrun, irakurtzen eta idazten ezjakina —inoiz ez baitzen eskolara joan, eta doi-doi zekien bere izena marrazten—, etsita zegoen koralak ez zirela landareak, animalia bizidunak baizik, itsas animalia gorri eta ñimiño moduko batzuk... eta inongo ozeanografi irakaslek ezin emango ziokeen argibide hoberik. Bai, Nissen Piczenikentzat koralak bizirik segitzen zuten zerratu, leundu, zizelatu, sailkatu eta sortaratu ondoren ere. Eta agian zuzen zegoen. Zeren bere begiez ikusten zuen nola andre gaixo edo gaixoberen bularretan arian-arian zurbiltzen hasten ziren bere koral lepoko gorriztak; emakume osasuntsuen bularretan, baina, distira gordetzen zuten. Koral merkatari gisa bere jardun luzean maiz hautemana zuen, nola —euren gorria eta guzti ere— armairuetan pixkanaka margultzen utzitako koralak halako batean argi egiten hasten ziren nekazari gazte eder eta osasuntsu baten lepotik esekiak zirenean, emakumeen odolaz elikatuko bailiren. Batzuetan koral lepokoak eramaten zizkioten merkatariari berreros zitzan; hark ezagutu egiten zituen behin berak kordatu eta ikuskatu bitxiak, eta berehala konturatzen zen emakume gaixoberek ala osasuntsuek eramanak ziren.

        Koralei buruz teoria propioa zeukan, guztiz berezia. Haren iritziz, esan bezala, itsas animaliak ziren; kontua da, nolabait apaltasun sano hutsez, arbola eta landare bailiren jokatzen zutela, marrazoen eraso eta bazkagai izatetik libratzeko xedez. Koralen irrika zen urpekariek harrapa eta lur azalera zitzaten, landuak, leunduak eta kordatuak izateko, azken buruan euren bizitzaren egiazko helburuaren zerbitzura: andre nekazarien edergarri izatea alegia. Hemen lehenik, emakumeen lepo zuri eta sendoetan, emakumezko bihotzen ahizpa den arteria taupakariaren kontra-kontra, berpizten ziren koralak, distira eta edertasuna irabazi eta euren berezko ahalmen magikoa erabiltzen zuten, gizonak erakarri eta maite grina ernatzekoa. Egia zen Jehova Jainko zaharrak egina zela dena, lurra eta haren animaliak, itsasoak eta haien sorkari guztiak. Leviatanaren esku baina, ur guztien jatorrizko eustarrian kiribilka zebilenaren esku, Jainkoak berak utzia zuen aldi batez, Mesiasaren etorrera bitartean doi-doi, ozeanoko animalia eta landareen administrazioa, eta bereziki koralena.

        Hemen kontatu den guztiaren ondoren, uste izan liteke Nissen Piczenik merkataria nola-halako gizon xelebre gisa zela ezaguna. Ez zen inolaz ere horrela. Progrody hirixkan apal eta nabarmendu gabe bizi zen Piczenik, eta koralei zein Leviatanari buruzko kontaketak bene-benetan hartzen zizkioten, hots, bere lanbidea inondik ere ezagutu behar zuen espezialista baten jakingarriak bailiren; hala nola oihal merkatariak bereizten zituen Manchesterreko zapiak perkal alemanetik, edota te merkatariak Popoff etxe ospetsuko te errusiarra Londresko Lipton ez gutxiago ospetsuak hornitzen zionetik. Progrody eta aldirietako bizilagun guztiak sinetsita zeuden koralak animalia bizidunak zirela eta Leviatanak, jatorrizko arrainak, haien hazkuntza eta jokaera zaintzen zituela itsasoen azpitik. Hartan ezin zen duda egin, Nissen Piczenikek berak ordurako kontatua zuen eta.

        Sarritan sortagile politak gauean berandu arte aritzen ziren lanean Nissen Piczeniken etxean eta zenbaitetan gauerdia pasa arte. Haiek haren etxea utzi ondoren, merkataria bera hasten zen bere harrien, esan nahi baita, animalien ardura hartzen. Aurrena begiztatu egiten zituen neskek egindako koral kateak; hurrena zenbatu egiten zituen bai koral tontor artean ordenatu gabeak bai jada itxura eta neurrira ordenatuak; ondoren bere kasa hasten zen sortak egiten eta bere hatz bilo gorrixka, indartsu eta sentiberez koral aleak banan-banan haztatzen, leuntzen eta laztantzen. Baziren harrak jotako koralak. Zuloak zituzten, zuloak batere beharrezkoak ez ziren guneetan. Horretan Leviatanak nahikoa axolagabe zuen jokatu. Eta hari lezioa ematearren, Nissen Piczenikek kandela piztu, argizari gorri puska bati eutsi garraren gainean berotu eta urtu arte, eta orratz fin baten punta argizarian murgildu ondoan, tapatu egiten zituen harrian harrek egindako zuloak. Bitartean burua mugitzen zuen, konprenituko ez bailuen Jehova bezalako Jainko ahaltsu batek Leviatana bezalako arrain ardurabako baten esku koralen zaintza utzi ahal izana.

        Batzuetan, harriekiko atsegin hutsez, berak kordatzen zituen koralak, harik eta eguna argitu eta goizeko otoitza egiteko unea heltzen zen arte. Lanak ez zuen inolaz ere nekatzen, ez zuen inolako ahuldaderik sentitzen. Bere andrea jada lo egoten zen tapakiaren azpian. Labur eta soraio jaurtitzen zion begia. Ez zion gorroto, ez zuen maite, etxean lan egiten zuten sortagile askotariko bat zen, ez gehienak bezain polit eta erakargarria. Hamar urte bazen harekin ezkonduta, ez zion seme-alabarik eman... eta haren egitekoa hori baino ez zatekeen izango. Andre emankor bat behar izango zukeen, hainbeste koral hazten zen itsas hondoa bezain emankorra. Emaztea ordea urmael idorra zuen. Lo egin zezala, bakarrik, nahi beste gau! Legeak baimenduko ziokeen dibortzioa. Baina bitartean haur eta emakumeengatik ez zion axola. Koralak maite zituen. Eta izendatzen ausartuko ez zen nostalgia nahasi baten mende zuen bihotza: Nissen Piczenikek, kontinentearen sakonenean jaio eta hazitakoak, itsaso-mina zeukan.

        Bai, itsaso-mina zeukan, haren hondoan hazten ziren-eta koralak, areago, jirabiraka zebiltzan... bere uste etsian. Inguru guztian ez zuenez norekin hitz egin ahal bere nostalgiaz, barru-barruan gordeta eraman behar zuen, itsasoak koralak gordeta eramaten zituen bezala. Bazuen itsasontzi, urpekari, kapitain eta marinelen entzuera. Koralak kutxa ongi horratu, artean itsasoaren usainaz blaituetan iristen zitzaizkion, Odesa, Hamburg edo Triestetik. Posta eskribau publikoak merkataritza korrespondentzia bidaltzen zion. Urrutiko hornitzaileen gutunetako zigilu koloretsuak luze begiesten zituen, gutunazalak bota baino lehen. Ez zen Progrodytik irten bizialdi osoan. Hirixka txiki hartan ez zen ibairik, ezta urmaelik ere, zingirak bakarrik ingurumarian, eta ur azal berdearen azpian uraren borborra argi adituagatik ere, inoiz ez zen ezer bistaratzen. Nissen Piczeniki begitantzen zitzaion, zingiretako ur gordeen eta itsaso handietako ur indartsuen artean ezkutuko lotura bat zegoela... eta halaber hondo sakonean, zingiretan, koralak izan zitezkeela. Bazekien, inoiz iritzi hori azaldu izan balu, herritarren barregarri izango zela. Horregatik isilean zegoen eta ez zuen zeritzona adierazten. Batzuetan amets egiten zuen itsaso handiak —ez zekien zein, inoiz ez zuen maparik ikusi eta beretzat munduko itsaso guztiak ziren hainbestean itsaso handia— egunen batean gainezkatuko zuela Errusia, baita bera bizi zen erdialde hura ere. Orduan itsasoa, hara joaterik espero ez bazuen ere, harengana etorriko zen, itsaso ahaltsu eta ezezaguna bere azpiko Leviatan larriarekin eta bere sekretu gazi-gozo-minekin.

        Progrody hirixkatik geltoki txikiranzko bidea (bertara astean hirutan baino ez ziren trenak iristen) zingiren ondotik igarotzen zen. Eta beti, Nissen Piczenikek inolako koral igorpenik itxaroten ez zuenean ere, baita inondikako trenik heltzen ez zen egunetan ere, geltokira bidea egiten zuen, hots, zingiretara. Ordu bat edo gehiago geratzen zen zingiren ondoan, debozioz igelen korrokari adi, zingira hondoetako bizitzaz berri eman ahalko baliote bezala, eta batzuetan era guztietako berriak jaso uste zuen egiatan. Neguan, zingirak izozturik, ausartu ere egiten zen oina bertan ipintzen, berebiziko atseginez. Zingiretako ustel usainean aieruz beterik sumatzen zuen itsaso handiaren lurrin bizi eta gazimina, eta uren palasta leun eta xumea itzelezko uhin berdeurdinen orro bilakatzen zitzaion belarri zolietan. Baina Progrody hirixkan inork ez zekien zer gertatzen zen koral merkatariaren ariman. Judu guztiek beretartzat hartzen zuten. Hark oihalak salerosi, honek petrolioa; batek otoitz-mantuak saldu, besteak kandelak eta xaboia, hirugarren batek labanak eta buruzapiak nekazarientzat; batek otoitz egiten irakasten zien haurrei, besteak kontuak ateratzen, hirugarren batek kvas eta gari beltza eta baba egosiak salerosten zituen. Eta guztiei iruditzen zitzaien Nissen Piczenik beretarra zela... preseski koralak salerosten zituela, ez beste.

        Hala eta guztiz —bistan denez— oso gizon berezia zen.