Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
Imanol Elias
1936, Azpeitia
2013, Azpeitia
 
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
aurkibidea
 

 

BIGARREN EKITALDIA

 

(Lehengo ekitaldiko gela bera, baina orain txukundua,
mahai, esertoki eta abar bertan direla.
Alde batetan, margolaritzarako ibili ohi den kabailetea,
bertan gizonezko baten irudia margoturik dela
eta inguruan loreak dituela).

 

 

Aurrenengo agerraldia

 

BENITO, BIXENTE eta KRISPIN

 

BENITO: (Jantzirik duen traje berriari begira). Alde ederreko gizonak azaldu behar diagu oraingoan!

BIXENTE: (KRISPIN ari zaio traje berria itxuraz jartzen). Bai horixe!

BENITO: Eta guztia hire osaba zenari esker...

BIXENTE: Oraindik, gure etxejabe eta jostunari esker. Ez zekiat motel, nere abokata Tiburtzia edo delako horrek noiz deitu behar didan osabaren diruak eskuratzeko.

KRISPIN: Lehenbailehen deitzea hobe izango dik edo bestela bat baino gehiagok izan behar ditek belarriak moztutakoak.

BENITO: Kezkati al zara?

KRISPIN: Ez, ez. Oraindik ez, baina egunak igarotzen doazen bezala... Zuengatik egin ditudan lanak eta ederra izango duk bada ezer gabean gelditzea...

BIXENTE: Tira, lasaitu zaitez gizona. Bai etxebizitza hau txukuntzen egin dituzun aurreraketak, eta bai egin dizkiguzun jazki hauek, egoki ordainduko dizkizut. Ziur naiz une batetik bestera Tiburtziak deitu behar didala...

KRISPIN: Horrela izan dadila.

BENITO: (Besoaren azpian txaketa egokia izango ez balu bezala). Hementxe... Hementxe aurkitzen diot halako hutsune txiki bat... Badirudi, zerbait estuegi dudala...

KRISPIN: (BENITOren ingurura joanaz). Erakutsi zaidak... (Begiratzen dio). Sekula honelako jazki bat izan ez duena izateko, ez haiz txantxetakoa eskaerak egiten behintzat. Hau ondo zegok motel...

BENITO: Horrela behar badu...

KRISPIN: Gaur eguneko modek horrela eskatzen ditek. Ez zaidak esan gaizki dagoenik...

BIXENTE: (Bere jazkiari begira egon ondoren). Nik behintzat benetan egokia diat! Ministroaren ondoan ere ez nikek gaizki emango une honetan!

KRISPIN: Ez horixe! Aldakuntza ederra egin diat zuekin.

BIXENTE: Bai gizona, bai. Lasai egon zaitez. Ez duzu izango nere atzetik kobratu ezinda ibili beharrik. Nere osabak utzitakoak jasotzen ditudanean, berehala jasoko duzu lagun bezala aurreratu duzun guztia eta gehiago.

BENITO: (Margoturik den gizonezkoaren aurrean gurkerak egiten hasiko da). Eskerrik asko, agure agurgarria... Eskerrik asko...

KRISPIN: (BENITOri). Nik bezala, ez al duk hobe hik ere eskerrak ematea bere ilobari?

BENITO: Hau ere ezin utziko dugu alde batera. Berak osatu bait zuen orain ilobari datorkiona. Esker ona azaltzea ez dator inoiz gaizki...

KRISPIN: Ez dik horregatik berehalakoan entzungo...

BIXENTE: Entzun edo ez berdin zaio. Berak aldatu du nere bizitza bapatean. Berak sortu du nigan gizon berri bat. Berak...

KRISPIN: Bere diruak hobetoago esanda.

BIXENTE: Berdin zaio. Berak osatu zuen diruak nitaz gogotaturik. Lanean gogor saiatu ondoren, nahi izan zuen neri eman bizitzeko poz berri bat... Indar berri bat... (Gurketak egiten hasiko da margotutako gizonaren aurrean). Eskerrik asko osaba! Eskerrik asko!

BENITO: (KRISPINi). Zuk ere, mesede ederrak jasoko dituzunez, ez duzu gaizki egingo eskerrak ematea.

KRISPIN: Ikusi bitartean...

BIXENTE: Tira, zatoz honuntza. (Hurreratuko da BIXENTE eta BENITO diren tokira eta beraiek bezala gurkerak egiten hasiko da KRISPIN). Bizirik zela kasu haundirik egin ez bazenioten ere, orain berak utzitako ondorenaren partaide zaretenez gero, eskerrak eman zaizkiozue. Eskerrik asko osaba! Eskerrik asko!

 

 

Bigarren agerraldia

 

Lehengoak, MARITXU, MARKEL eta NATI

 

MARITXU: (Agertuko da etxe barnetik, ondoren MARKEL eta NATI dituela. Bi aurrenak dotore jantziak izango dira). Baina, meza emateko asmoan al zarete?

MARKEL: Ez nauk oraintxe txantxetako gizona! Beti pentsatzen egon izandu naizena besterik ez. Pertxa ederra dudala nik txikitandik garbi agertzen duk orain! Jazki egokiak izatea bakarrik palta nian zineko artista egokiena baino dotoreago azaltzeko!

BENITO: Besteak ere, ez gaituk nolanahikoak!

MARKEL: Nere ondora ez haiz hurreratu ere egiten!

BENITO: (MARITXUri). Txurrut egin al du honek?

MARITXU: Eta nik, ez al dut itxura ederra? Inork ez al dit ezer esan behar?

BENITO: (MARITXUri). Anbotoko Mari! Hau duk emaztegai paregabea! Zenbait lurraldetako erreginek hik baino itxura arloteagoa izango diten!

MARITXU: Aurrez honela izan banintz, honez gero, bankuetxeren batetako nagusiren bat edo ministroren bat senartzat izango nian... Baina, kaka zaharra! Beti ijitoak bezala! Etxekoak honela jantzita ikusten nautenean, hankaz hora eroriko dituk.

MARKEL: Nere aita bai behintzat.

BIXENTE: Baina, gauzak horrela direla, lehen bezalakoxe arloteak jarraitzen diagu. Etxea, lehenik asko itxuratua... Jazki dotoreak... Une batetik bestera dirua parra-parra izateko itxaropena... Eta bitartean, xentimorik ez patrikan! Itxura ederra eta ezer ez!

BENITO: Egia diok. Osabaren ondasuna eskuratu bitartean, lehen bezala jarraitzen diagu, nahiz eta itxuraz aldatu.

MARKEL: Hori motel, berehala zuzenduko diagu. Nahikoa diagu herrian zehar gertakizunaren berri zabaltzea. Bixentek dituen miloien berri esatea. Ikusiko duk zer azkar prestatuko diren nahi baino gehiago laguntza aurreratzeko, ondorenean askoz ere gehiago jasoko dutelako. Dirua tartean denean, lagunak berehala egiten dituk.

MARITXU: Egia ziok. Bixentek, laguntzaileak berehala aurkituko dizkik...

NATI: Laguntzaileak? Gu zertarako gaituk bada hemen?

KRISPIN: Baina...

NATI: Zu, isilik! Lagun benetakoak honelako unetan ikusi ohi dira. Orain artean gure laguntza izan duenez Bixentek, aurrera ere izango dik, bere osabak beretzat utzitakoa eskuratu bitartean. Tira Krispin, eman zaiozu behar duena, baldin behintzat Bixente hartzeko prest bada.

BIXENTE: (NATIri). Nitaz egiten ari zaretena, benetan ongi erantzun beharrezkoa da eta horrela egingo dudala sinistu zaidazu. (Besteei). Hemen zareten guztiok zarete testigu, ematen didanaren doblea bihurtuko diodala...

NATI: (KRISPINi). Tira, tira eman zaiozu behar duena agudo!

BENITO: (Lepotik heldurik, KRISPIN eramango du margoturik den gizonezkoaren ingurura). Zatoz honuntza... (NATIri ere berdin egingo dio, margoaren alde bietan jarririk). Osaba ezezik ere, gure salbatzaileak zarete eta guztion esker ona hartu zazue.

BIXENTE: Bai, bai. Horrela da. (Beste guztiak gurkerak egiten dira). Eskerrik asko osaba! Eskerrik asko baita zuei ere... Benetan, eskerrik asko! Eta orain, goazen guztiok kalera. Marmarrean jarri behar ditugu herritar guztiak...

MARKEL: Goazen bai, goazen!

MARITXU: Goazen! (Kanpoko atetik alde egiten dute BENITO, MARITXU eta MARKELek).

KRISPIN: (Boltsatik dirua atereaz emango dio BIXENTEri). Tori...

BIXENTE: (Musu emanaz KRISPINi kopetan). Eskerrik asko... (NATIri ere berdin egiten dio). Eskerrik asko... Ez duzue damurik izango orain ematen didazuen laguntzaz... Geroarte! (Alde egiten du kanpoko atetik).

KRISPIN: (NATIrekin bakarrik gelditzean). Ez dakit ez garen ari astakeri izugarria egiten...

NATI: Tira, tira! Astakeriak egingo zenituzke zuk ondoan ez banintz! Baina, ez al duzu ikusten ematen dioguna, ondoren beste hainbesterekin etorriko zaigula? Zertarako utzi beste batzuei laguntzen, guk ondoren eder hori ikusita?

KRISPIN: Eta ondorenean guztiak gaizki irtetzen badu?

NATI: Zurekin ez dago inora joaterik gizona! Etxebizitza hau txukundu diogu... Jazki dotoreak egin dizkiegu... Bixenteren aldetik galdera bakar bat ere ez, zenbat ordaindu behar duen... Garaia iristen denean, nahi duguna eskatu besterik ez dugu. Behartsua izan denak, une batetik bestera eskuak beterik dirua izatean, parra-parra zabaldu ohi du...

KRISPIN: Baita zera ere!

NATI: Izan zazu behin batez bada ere nigan benetako konfidantza. Guztiak nik pentsatuta dudan bezala irtengo du.

KRISPIN: Horrela ez bada...

NATI: Tira, lasaitu zaitez gizona! (Alde egiten dute KRISPIN eta NATI kanpoko atetik).

 

 

Hirugarren agerraldia

 

ITZIAR

 

ITZIAR: (Agertuko da etxe barrendik guztiek alde egitean). Nerekin asko gogoratu gabe alde egin ditek guztiek! Dirua tartean dela lagunak ere ahaztu... Baina, hobe izango dut hemen inguruan izatea. Batez ere, Bixenteren inguruan... Nik ere jazki dotore bat pozik hartuko nuke. (Margoturik den irudiari begira). Hik irten duk ederra! Etxe honetan egin dituan urteak behartsu bat bezala igaro alajaina, hainbeste diru izanda? Nik izango banitu... Berrogeitamar milioiren jabe banintz, nere aita eta ama eskuak luzaturik nituzke berehala... Bai horixei (Unetxo bat isilik egon ondoren). Aurrenengo jazki dotoreak erosi eta ondorenean munduan zehar alde batera eta bestera ibiliko nintzateke. Beldur gabe dirua gastatzeko... Gero, gerokoak! (Egon ondoren). Tira gizon, edo osaba deitzea nahi baduk osaba... Aurkitzen haizen tokitik mirari bat egiteko era baduk, neretzat ere dirua iristeko era egin zak agudo. Egunero kandelatxo bat piztuko diat horrelako laguntza ematen badidak. Kandelatxo bat bakarra gutxi dela iruditzen bazaik berriz, berdin piztuko dizkiat egunean dozena pare bat...

 

 

Laugarren agerraldia

 

ITZIAR eta TXOMIN

 

TXOMIN: (Agertzen da dotore jantzia kanpoko atetik, eskuan egunkari bat duela). Hemen al da Bixente?

ITZIAR: Orain dela gutxi irtena da bere lagunekin.

TXOMIN: Eta zuk zer egiten duzu bada hemen?

ITZIAR: Zer egingo dut bada? Itxura ederrekoa naiz besteekin batera joateko. Gaurtik aurrera horiekin ibiltzea ez da errez izango neretzat.

TXOMIN: Orain artean lagunak izan bazarete, aurrera ere zergatik ez?

ITZIAR: Ez dira orain gehiegi gogoratzen nitaz. Lehen bai, nere aitaren udaltzain jazkia behar izaten zutenean txanpon batzu ateratzeko.

TXOMIN: Hori ez da ezer emakumea! Toribioren dendara joan zaitez eta aukeratu zazu jazkirik egokiena. Esan zaiozu berari, nik bidali zaitudala eta geroago azalduko naizela ordaintzera.

ITZIAR: Baina, zuk uste al duzu?...

TXOMIN: Dirua izateak mirari haundiak egiten ditu. (Egunkaria erakutsiko dio). Hemen, egunkarian agertu den albiste hau herritar guztiek irakurria dute eta lehen begiratu ere egin nahi ez zutenak, orain zerbait eskaini nahirik hurreratzen dira... (Eseriko da). Kontrariorik haundienak, orain lagun izan nahirik direla konturatu naiz.

ITZIAR: (Egunkaria irakurri nahirik da). Baina, zer albiste dakar bada egunkariak?

TXOMIN: (Egunkaria zabalduaz). Begira, begira... (Irakurriaz). ŤAmets batetan bezala, Bixente Sagastigorri Erlebeltz aberastua da egun batetik bestera bere osabari esker. Tadeo Sagastigorrik, Kuban igaro ondoren urte batzu, berrogeitamar miloe eskuratuak zituen, inork uste ez bazuen ere eta orain guztia bere ilobarentzat gelditu da Tadeo jauna hiltzean. Bera ezagutu zutenek diotenez, ez zuen inork pentsatzen horrelako dirutza izango zuenik, herrian egin zituen bere azken urteetan, benetan narraz eta arlote agertu izan zelako beti. Itxura denez, nahiago izan zuen guztia bere ilobarentzat utzi, horrela garbi agerturik berari zion maitasun. Dakigunez, herritar guztien zorionak jasotzen ari da Bixente Sagastigorri Erlebeltz eta jaso beza gurea ere.ť

ITZIAR: Orain bai hitz dotoreak...

TXOMIN: Bai, horrela da. Larrian eta estuasunetan izan garenean ez dute izan egunkariek era honetako hitzik. Zenbat mirari egiten dituen diruak, Egileak bakarrik daki! (Zutituaz). Eta zu ere, behin eta berriz gure artean izan zaitugulako.... Behin eta berriz laguntza ematen saiatu zarelako, ez duzu izan behar orain gure ondasunarengandik urruti. Ez horixe! Joan zaitez, esan dizudan bezala Toribioren dendara.

ITZIAR: Baina, Bixenteri ezer esan gabe...

TXOMIN: Etxeratzean esango diogu berari. Zoaz beldur gabe eta aukeratu iruditzen zaizun jazkia. Beste guztiek zerbait izan badute, ezin geldituko zara zu ezer gabe. (Une honetan txirrina entzuten da). Hemen izango dugu egunkaria irakurri duen horietako bat... (ITZIARri). Ireki zaiozu atea mesedez. (ITZIAR joango da kanpoko atea irikitzera). Norbait eskean izango dugu...

 

 

Boskarren agerraldia

 

TXOMIN, ITZIAR eta KARMELE

 

KARMELE: (Agertuko da kanpoko atetik, ondoren ITZIAR duela). Baina Txomin, egia al da egunkariek diotena? Egia?

ITZIAR: Bai, ama. Egia eta haundia gainera!

KARMELE: Baina, nork pentsatu behar zuen horrelakorik Tadeo ezagutu ondoren? Bera zen bezalako isila, apala...

TXOMIN: Narraza, behartsua... Baina bai, milioak zituen banketxean eta abokata ere bai lanean hasteko prest bera hiltzean.

KARMELE: Sinistu zaidazu izugarrizko poza hartu dudala! Benetan haundia! Ezin zait ordea buruan sartu nolatan bizi izandu zen zure anaia bere azken urteetan behartsu bat bezala, hainbeste diru izanda. Gainera, zuen estuasunak ikusita, gutxiago oraindik...

TXOMIN: Aurrez jakin izan bagenu...

KARMELE: Bixentek jakingo zuen zerbait.

TXOMIN: Ez, ez. Ezertxo ere ez.

KARMELE: Jakin izan bazenuten, alde ederreko urteak igaroko zenituzten!

ITZIAR: Tira, ama...

KARMELE: Zeharo arlotea behar din izan, nahiko dirua eskuan eta hauek bizi izan diren bezala bizitzeko!

TXOMIN: Egia diozu, baina une batetik bestera guztia ahaztu dut nik behintzat orain arte egin dudan bizitza. Oraindik ere ez naiz zaharra eta hemendik aurrera gozatu behar dudana ez da nolanahikoa izango. Kaleak garbituko ditu nahi duenak!

KARMELE: Gu berriz beti bezala, Gabonetako loteriaren zai egon behar...

TXOMIN: Eta usterik gutxienean, zapla!

KARMELE: Zapla! bai, kalean naizela teilatutik eroritako teila batek jotzen banau buruan!

ITZIAR: Horrelakoren bat seguruago izango dugu bai, loteria baino!

TXOMIN: Ustegabean nere anaiaren antzekoren bat azalduko zaizue eta...

KARMELE: Ditugun diru apurrak lapurtu argi ez izanez gero. Ez behintzat miloiak guretzako utzi!

TXOMIN: Itxaropen izugarria zenuen bada zuk etxearen

errenta ordaindu ezinean zinela... Orain direla egun batzu edo gaur entzun zuri, alde ederra da!

TXOMIN: Bizitzan, estualdiak guztiok izaten ditugu, baina gauzak zuzentzen dira gehienetan behintzat une batetik bestera... (Txirrina entzuten da).

KARMELE: Hemen izango duzu gauzak zuzentzen dituzten horietakoren bat.

TXOMIN: Itziar, ireki zaiozu atea mesedez. (ITZIARrek alde egiten du kanpoko atea irekitzera). Eskaleak hurreratu behar zaizkigu guk nahi baino lehen...

 

 

Seigarren agerraldia

 

Lehengoak, KOLDO, eta ISIDRO

 

KOLDO: (Agertuko da kanpoko atetik ITZIAR aurrean duela. Beren ondoren ISIDRO dator, pistola bat eskuan duela KOLDOk bezala). Geldi! Geldi guztiok edo bestela hilko dut norbait!

KARMELE: (TXOMINi). Hauek, eskaleak ezezik lapurrak ere...

KOLDO: Isilik!

TXOMIN: Baina, zer gertatzen da hemen? Zer egiteko asmoa duzue?

KOLDO: Isilik eta geldi! Ez dut berriro esango! (TXOMINi). Zu izango zara Bixente Sagastigorria?

TXOMIN: (Beldurti). Ez, ez... Ni naiz...

KOLDO: Iso! Zu zaren edo ez bakarrik erantzun zaidazu. Zu al zara Bixente edo delako hori?

KARMELE: Ez jauna. Hau...

KOLDO: (Haserre). Zu, isilik! (TXOMINi). Erantzun zaidazu agudo!

TXOMIN: Ez.

KOLDO: Baina, Bixente edo delako hori hemen bizi duk...

KARMELE: Bai, baina...

KOLDO: Isidro. Kendu zaidak emakume hau aurretik! Eraman zak hor barrura eta bitartean begiraru zak beste inor bertan den.

ISIDRO: (Agertu denez gero eta une honetara bitartean, ITZIARri begira egon da. Hitz egitean, izugarrizko musu-hizketa egingo du). Goazen! Sartu hor barrura!

KARMELE: Egon hadi geldi!

ISIDRO: Sartu zaitez barrura! (Bultzaka etxe barnera eramaten du).

ITZIAR: Baina zer egin behar diozue nere amari?

KOLDO: (Deituaz etxe barnera). Isidro! Eraman zak beste hau ere!

ITZIAR: Baina...

KOLDO: Iso! Aurrena honekin hitz egin behar dut. (ISIDRO agertzen da etxe barnetik eta erdi barrez ITZIARri besotik heldurik, barrura eramaten du). Tira, eseri hadi hemen...

TXOMIN: Baina, esango al didazu zertarako asmoan etorri zareten?

KOLDO: Galderak nik egingo dizkiat! (Bultzatuaz esertzen du TXOMIN). Hi nor haiz?

TXOMIN: Zertarako jakin behar duzu?

KOLDO: (Pistola jarriko dio TXOMINi buruaren ondoan). Ez nauk denbora alferrik galtzeko! Erantzun zaidak agudo edo bestela hire arnasa bapatean moztuko diat!

TXOMIN: (Beldurti). Txomin Sagastigorria da nere izena.

KOLDO: Bixente ez orduan...

TXOMIN: Ez, ez. Bera nere iloba da.

KOLDO: Non duk bada Bixente?

TXOMIN: Kalean edo... Ez dakit bada...

KOLDO: Baina, jakingo duk, Kuban izandako osabak ondasun haundi bat utzi diola berari.

TXOMIN: Nere anaiak utzitakoa, bai.

KOLDO: Hire anaiak? Hire anaia al zen alproja zikin hura? (Margoturik den gizonezkoaren irudiari begiratzen dio). Hauxe duk gainera beraren aurpegia! Hauxe duk! (Botako du lurrera pintura). Pizti nazkagarria! Arlote, zerri urdea!

TXOMIN: (Zutituaz). Hori bai ez dizudala onartzen!

KOLDO: Zer? Zer esan duk? Eser hadi agudo edo bestela... Jakin izan banuen aurrez hemen bizi zela... (Eseriko da TXOMIN beldurti).

TXOMIN: Baina, nere anaia ezagutu al zenuen?

KOLDO: Ezagutu? Ezagutu ez banuen hobe! Berak egin didana neurri gabekoa izandu duk! Arlote nazkagarria!

TXOMIN: Berriro ere...

KOLDO: Berataz esan dezakedan hitzik haundiena ere txikiegia duk. Eta hire ilobak usteko dik gainera, osabaren diruak beretzako izango dituela...

TXOMIN: Horixe! Ez duzu behintzat pentsatuko zuretzako utziko dituenik.

KOLDO: Utzi? Neretzat utzi? Kendu egingo zizkioat, kendu! Uste al duk hire anaiak lanean osatutakoak direla diru horiek? Erreza duk bada, hemen bezalaxe, Kuban ere lanaren bitartez dirua eskuratzea! Bai horixe!

TXOMIN: Horixe behar diagu orain!

KOLDO: Hire anaiak utzi dituen diruak, nereak dituk! Kontuz gero, bertatik xentimorik gastatu edo bestela lur azpira zoazte hire anaia joan den bezala. Berak zuen diru guztia lapurreta baten bidez eskuratutakoa duk. Berak ordea, guztia harturik ihes egin zidan eta ni bere bila urteetan zehar, xentimorik gabe. Jakin izan banu hemen zela, orain artean bizitzen lanik ez zian izango! Ez horixe! Baina, Argentinara joan zelakoan ibili lehengo hilaren erdira bitartean eta azkenik hemen nauk. Gaur goizean irakurri dudanean egunkariak argitaratu duen albistea, arnasa hartzeko betarik gabe iritsi nauk herrira eta ez diat hemendik alde egingo diru guztia nerekin ez dudan bitartean. Ez eta bazter guztiak kiskaldu behar baditut ere!

TXOMIN: Eta gu, tximistak erre gaitzala!

KOLDO: Ez duk pentsatuko behintzat guztia utzita alde egingo dudanik...

TXOMIN: Gutxienez erdia behintzat, zuk esan duzun bezala nere anaiarena da.

KOLDO: Bai eta gainera zuentzat izan behar zuena. Hik uste al duk urte ederrak igaro ditudala hire anaia aurkitu ezinean? Diru guztia berak zuela jakinda? Ez dizue onik egingo!

 

 

Zazpigarren agerraldia

 

TXOMIN, KOLDO, ITZIAR eta KARMELE

 

ITZIAR: (Agertu gabe etxe barnean deika). Geldi! Egon hadi geldi mesedez!

TXOMIN: Zer gertatzen da hor barnean?

KOLDO: Orain ere hatzaparrak geldi izango dizkik nere lagunak...

ITZIAR: (Agertuko da etxe barnetik). Ez naiz ni hor egongo! Ez horixe! (ISIDRO agertuko da baita ere erdi barrez).

KOLDO: (ISIDROri haserre). Orain ere beti bezala...

ISIDRO: (Musu hizketa haundia eginaz). Izan ere neskatxa ederra zegok eta...

KOLDO: Eta hire atzaparrak geldi egon ezinean!

ISIDRO: Bai horixe!

KOLDO: Ez haiz konturatu ere egiten beste zerbait egitera etorri garela honuntza. Aurretiko lanak ditugula. Egunen batetan zerbait egin behar diat hirekin...

ISIDRO: Ez zaidak esan behintzat itxurazko emakumea ez denik...

ITZIAR: Hiretzat ez ordea!

KOLDO: Iso! Eta beste emakumea non gelditu duk? Zer egin duk berarekin?

ITZIAR: Atea itxirik utzi du gela batetan.

KOLDO: (Etxe barnera joanaz). Honek egingo dituenak oraindik! (ITZIAR, KOLDOren ondoren joaten da).

ISIDRO: (ITZIARri). Ku, ku...

ITZIAR: Nik emango diat hiri, ku, ku...

ISIDRO: (ITZIARrek bezala hitz eginaz). Hiretzat ez ordea... Ikusiko litzateke! Ni baina gizonezko itxurazkoagoa aurkituko duelakoan!

TXOMIN: Ez dik lan haundirik egin beharrik izango!

ISIDRO: (Eseriko da TXOMINen aurrean). Hi isilik, zerbait galdetu bitartean. (Pistola bat aterako du). Edo bestela bi zulo egingo dizkiat orain begiak dituan tokietan. (Zutituko da eta soinean dituen jazkiei begira egon ondoren). Gainera, nik soinean ditudan jazkiak baino hobeagoak dituk... Trukatu nahi al dituk?

TXOMIN: Hori duk! Dirua ezezik jazkiak ere kentzen utziko diat...

ISIDRO: Beharko! Zutitu agudo! Erantzi jazkiak... (TXOMIN geldi da). Zutitu agudo edo... (Pistola jarriko dio buru ondoan eta zutituko da TXOMIN beldurti). Erantzi, erantzi agudo!

TXOMIN: Hau ere ikusi egin behar genuen... (Hasten da erazten jazkiak).

ISIDRO: Azkar ibili hadi!

TXOMIN: Hiretzat izatekotan ez zidatek alferrik egin traje berria.

ISIDRO: Azkarragoak ikusi dizkiat!

KOLDO: (Etxe barnetik deika). Isidro! Isidro!

ISIDRO: (Etxe barnera joango da). Orain ere nere laguntza beharrean duk...

TXOMIN: (Galtzak berriro txukunduko ditu). Oraintxe diat une egokia hemendik alde egiteko! (Galtzak erdi eroriak dituela alde egiten du kanporako atetik).

 

 

Zortzigarren agerraldia

 

KOLDO, ITZIAR, ISIDRO eta KARMELE

 

KOLDO: (Etxe barnetik agertzen da ISIDROren laguntzarekin KARMELE erdi aldean dakarrela ondoezik. Beren ondoren ITZIAR). Hik egingo dituanak! Gaurkoa izango duk azkenengoa ordea.

ISIDRO: Atso zarpila!

ITZIAR: Hori gainera! Ia itorik lotuta utzi eta oraindik ere gainera...

KOLDO: Isilik mededez! (ISIDROri). Tira, eseri dezagun hemen... (Esertzen dute KARMELE). Arnasa hartu ezinean utzi duk arlote horrek!

ISIDRO: Bestela nork isildu?

KOLDO: Eman zaiok ur pittin bat... (Begiratzen du gela guztian). Baina non da hemen zen gizona? (ISIDROri). Zer egin diok berari?

ISIDRO: Nik, ezer ez.

KOLDO: Non duk bada orduan?

ISIDRO: Hemen izan behar dik nonbaiten... (Hasiko da mahai eta esertokien azpian begiratzen).

KOLDO: Baina, hik uste al duk hor azpian izkutatua izango dela? Ihes egin dik ederdi asko, arlote mozorro zaharra! Hobe izango diat bere ondoren joatea... Ez zaiek utzi ama alaba hauei hemendik irtetzen, edo itoko haut bestela! (Alde egiten du kanporako atetik).

ISIDRO: Ez ditek alde egingo! (KARMELE eta ITZIARri). Aurrena txorakerian hasten denari... Pun! pun!

ITZIAR: Eman zaizkiok hire buruari.

ISIDRO: Ekarri zaiozu ura zure amari. Baina, txorakeririk egin gabe.

ITZIAR: Berari zerbait gertatzen bazaio, esango diat nik... (Alde egiten du etxe barnera).

ITZIAR: (ITZIARrek bezala hitz eginaz). Berari zerbait gertatzen bazaio esango diat nik... Ikusiko litzateke lotsagabekerian nolakoa den! Baina, hori bai, emakume ederra zegok. (KARMELEri begiratzen dio). Hau lo den bitartean une egokia diat... Astindu bat hartu gabe ez duk geldituko... (Pistola mahai gainean utziko du).

KARMELE: (Beretzat). Oso ederki!

ISIDRO: Horixe egingo dudala ederki! (KARMELEri begiratzen dio). Esan behar norbaitek zerbait esan didala... Ametsetan ari ote naiz? Ametsak amets, emakume ederra nere zai diat orain... (Etxe barnera joaten da).

KARMELE: (Bakarrik gelditzean zutitutzen da eta kanpoko atetik ihes egiteko asmoan da). Laguntza aurkitu behar dut nonbaiten.

ITZIAR: (Etxe barnean deika). Egon hadi geldi gizona! Geldi!

KARMELE: (Mahai ingurura bihurtzen da berriro). Arlote nazkagarria! Egin behar du gainera, ezegitekoren bat! (Mahai gainean den pistola hartzen du). Ez duk bada oraingoan nahi duanik egingo. Ez horixe! (Joaten da etxe barnera eta bertan deika). Zaude geldi! Geldi!

ITZIAR: (Etxe barnean deika). Kontuz, ama! Kontuz! (Tiro bat entzungo da).

KARMELE: (Une labur batetan inor gabe da antzeztokia eta agertuko da pistola eskuan duela). Jaungoikoa! Ederra egin dut!

ITZIAR: (KARMELEren ondoren da jazkiak txukundurik). Ez zuen besterik merezi!

KARMELE: (Beldurti). Bere laguna etortzen bada izango ditugu hemen kontuak! Goazen agudo! (Alde egiten du pistola eskuan duela kanpoko atetik. Bere ondoren, baita ITZIARrek ere).

 

 

Bederatzigarren agerraldia

 

KRISPIN eta ITZIAR

 

KRISPIN: (Agertzen da kanporako atetik). Fantasmaren bat ikusi izango dute ama-alaba horiek... Deabrua atzetik segika bazuten bezala joan dira... Oraintxe susmo txarrak egiten hasi naiz etxe honetan gertatzen direnak ikusita. Eta entzun dudan tiro hori zer izan ote da? Ama-alaba horiek ariko ziren zerbaitetan orain ere... (Etxe barnera joaten da, baina berehala agertzen da berriro hitz egin ezinean). Nor... Nor da... Nor da hor den hori? Zer... Zer gertatu zaio? Hilik dela dirudi... Nik entzun izan dudan tiroa... (Beretzat). Krispin, alde egin zak agudo hemendik! (Alde egitera doala kanpoko atetik ITZIARrekin topo egiten du. Hau, pistola eskuan duela dator). Baina, zer egiteko asmoa duzu?

ITZIAR: Ezer ez, gizona. Ezer ez...

KRISPIN: (Zeharo beldurti). Nere diruak behar badituzu, zureak dira, baina ez zaidazu bizia moztu.

ITZIAR: Zaude isilik gizona! (Utziko du pistola mahai gainean) Zuk ere, hemendik alde egitea hobe izango duzu lehenbailehen.

KRISPIN: (ITZIAR alde egitera doa kanpoko atetik eta bere ondoren joango da). Baina hor barruan den hori...

ITZIAR: Ni banoa behintzat... (Alde egiten du kanpoko atetik).

KRISPIN: (Bakarrik gelditzean). Itxura denez, honek hil izango du hor barruan den hori... Zertarako zuen bestela arma hau? (Etxe barnerako sarrerara hurreratuko da). Baina, nor ote da hor barruan den hori? Zertara etorria?... (Pentsatuaz). Lapurretara etorri ez bada jakin duenean Bixenteren aberastasuna... (Egon ondoren). Gertatzen ari direnak ikusita, guztia gezurra dela ere behin baino gehiagotan etorri zait burura. Baina, alde egin dezadan hemendik, norbait etorri baina lehen...

 

 

Hamargarren agerraldia

 

KRISPIN, MIKEL, TXOMIN eta NATI

 

MIKEL: (KRISPIN alde egitera doala, bapatean agertuko da kanpoko atetik pistola eskuan duela). Geldi! Geldi guztiok! Bi begien tartean sartuko diot bestela norbaiti nere armaren bala.

KRISPIN: (Beldurti) Baina zer gertatzen da hemen? Zu ere, horrela?

MIKEL: (Gogor). Isilik! Non duk hemen zen alproja hori? Erantzun zaidak agudo edo bestela egingo diat ezegitekoren bat!Non duk bera? (Une honetan agertzen dira kanpoko atetik TXOMIN eta NATI).

TXOMIN: Alde egin izango du honez gero...

KRISPIN: Bat, hor barruan duk...

MIKEL: Laister irtengo dik... (Etxe barnerako sarrera ondora joaten da eta bertatik deika). Irten zak agudo hor barrutik edo tiroka sartuko nauk bestela! Irten agudo!

KRISPIN: Ez dik berak berehalakoan irtengo...

MIKEL: (Haserre). Zer? Ez duela irtengo?

KRISPIN: Ez.

MIKEL: Irten beharko! (Tiro bat botatzen du). Josiko diat paretan bestela! Irten zak agudo!

KRISPIN: Hor barnean den hori hilik duk...

MIKEL: Hilik? Hiltzailea harrapatu behar diagu orduan aurrena!

KRISPIN: Ez duk urrutian bera ere...

MIKEL: Ez dik bada ihes egingo! Ez horixe! (Kanpoko ate aldera abiatuko da). Hau duk eguna gaurkoa, hau! Baina, ez ziok inork barrerik egingo udaltzain honi...

TXOMIN: (Besotik heltzen dio MIKELi). Baina, nora zoaz gizona? Ez al diozu entzun hor barnean den lagunari, zer esan duen? Hemen den horrek, noiznahi zorabioak izaten dituela? Beraren aurrean norbaitek arma bat azaltzen duenean hankaz gora erortzen dela bapatean? Orain ere horrelako zerbait gertatuko zitzaion ziur asko...

NATI: Horregatik izango da hilda bezala...

MIKEL: Berehala jakingo dugu... (Etxe barnera joaten da eta bertan deika). Altxa! Altxa agudo! (Tiro bat entzuten da). Geldi! Geldi! (ISIDRO korrika pasatuko da antzeztokian, kanpoko atetik ihes egiten duela. Beraren ondoren, MIKEL). Ez duk ihes egingo! Ez horixe! (TXOMIN eta NATIk ere alde egiten dute kanpoko atetik).

KRISPIN: (Bakarrik gelditzean, barrez). Ja, ja, ja! Hilik zela? Makala duk bada! Izerdi ederra atera behar ditek hori harrapatzeko! (Eseriko da). Etxe honetan gertatzen direnak ez sinistekoak dira... Oraintxe zer pentsatu ere ez dakit. Guztia amets bat besterik ez dela izango ere, burura etorria dut... (Haserre). Horixe bakarrik behar diat! Krispin, Krispin... Argi ibili hadi edo bestela hartu behar duk mokorrekoren bat ederra... (Zutituko da). Bixenteri, hemengo gertakizunen berri eskatu behar diot lehenbailehen. Gainera, erakutsi diezazkidala osabak utzitako diruak eskuratzeko egin dituen paper guztiak. Gezurra izatea bakarrik behar diat! (Mahai gainean den pistola hartzen du). Bi tiro emango zizkioat horregatik! (Txirrina entzuten da eta pistola patrikan gordetzen du). Nahiago nuke Bixente bera balitz... (Joaten da kanporako atea irikitzera eta norbaiti hitz egiten dio). Ez da bera etxean, baina berehala etorriko dela uste dut. Sartu zaitez barrura...

TIBURTZIA: (Agertzen da kanpoko atetik, KRISPIN ondoren duela). Ez da erreza nere langintza!

KRISPIN: Ez didazu esango behintzat, nerea baina hobeagoa ez dela. Egun guztian jostorratza eta haria eskuetan duzula erropa josten jardutea, ez da nolanahikoa! Baina, eseri zaitez lasai...

TIBURTZIA: Denbora luzean egoterik ez dut, baina Bixente aurki etortzekoa bada, nahi nuke berarekin hitz egin... (Eseriko da).

KRISPIN: (Eseriko da). Beste egunetako orduan bada, berehala etorri behar du. Eta zer? Eskuratu al ditu bere diruak?

TIBURTZIA: Oraindik ez eta gainera... Horregatik esan dizut bada, ez dela nere langintza oso ederra. Orain direla egun batzu poza eta alaitasuna ekartzera etorri banintzen ere etxe honetara, gaurkoan...

KRISPIN: Zer diozu emakumea?

TIBURTZIA: Oso gauza ezberdin bat egin beharrak ekarria nau.

KRISPIN: (Zutitzen da). Guztia gezurra al da? Esan zaidazu agudo!

TIBURTZIA: Gezurra ez, baina, Kubako gobernua ere jakinean zen diru hori lapurtua izanik hemen inguruan zela eta egunkarietan albistea agertzean, nere langintza bapatean moztua da.

KRISPIN: Egia ez da izango, Bixenteren osabak...

TIBURTZIA: Horrela dirudi. Lapurreta baten bidez lortutako dirua da guztia eta haren jabe gobernua egingo da une batetik bestera.

KRISPIN: Eta Bixente ezer gabe?

TIBURTZIA: Ezer ez. Ez berarentzat eta ezta ere neretzat, lanean jardun badut ere...

KRISPIN: (Oso haserre). Eta nik galdu behar ditudanak? Nuen guztia bere eskuetan jarri ondoren? Baina hau, ez da honela geldituko!

TIBURTZIA: Horrela dira bada gauzak eta ez da ezer egiterik.

KRISPIN: Hau ez da honela geldituko! (Ateratzen du pistola patrikatik). Ate horretatik sartzen den aurrena hankaz gora doa!

TIBURTZIA: (Zutituaz). Baina, zer egin behar duzu gizona?

KRISPIN: (Haserre). Eseri zaitez isilik edo bestela aurrenengoa zu izango zara!

TIBURTZIA: Baina...

KRISPIN: Ezta txintirik ere! (Bultza eginaz eseriko du TIBURTZIA). Legegizonak, agintariak, gobernuak... Gezurra ugari eta kaka zaharra! Azkenean, lehen gutxien zuena ezer gabean utzi eta hor konpon! Madarikatua eguna etxe honetan sartu zinenekoa! Guztiak nahastu gaituzu eta azkenean ezer ez! Baina hau, ez da honela bukatuko! Gelditzen zaizkidan bizitzako urteak espetxean igaro behar baditut ere, merezi duzuena hartu gabe ez zarete geldituko! Ez horixe!

TIBURTZIA: Nork pentsatuko zuen bada lapurreta batetako dirua zela?

KRISPIN: Iso! Isilik mesedez! (Eseriko da TIBURTZIAren aurrean). Nik agintzen dizudana egingo duzu une honetatik aurrera edo bestela lehengo tiroa zuretzat izango da. Begira.. Bixente ate horretan agertzen den unean, neri orain dela gutxi esan didazun berbera esango diozu. Ni, hor etxe barnean izango naiz guztia entzuten eta zuk bukatzen duzun unean pentsatuko dut zer egin. Ez du Bixentek jakin behar ni hemen naizenik... Gogoan izan guztia entzuten naizela...

TIBURTZIA: Baina...

KRISPIN: Bete zazu esan dizudana edo bestela...

 

 

Hamaikagarren agerraldia

 

Lehengoak, BIXENTE, BENITO, MARKEL eta NATI

 

BENITO: (Kanporako atealdean agertu gabe). Ederki egin diok!

MARKEL: (Agertu gabe). Besterik ez zian merezi!

KRISPIN: (Zutituko da horien hitzak entzun orduko). Esan dizudana...

TIBURTZIA: Bai, bai... (KRISPINek alde egiten du etxe barnera).

BIXENTE: (Agertzen da kanporako atetik, beste guztiak ondoren dituela. NATIk, erratz bat izango du eskuetan). Orain dirua dudanean hasiko ez zaidak bada neri... (Konturatuko da TIBURTZIA bertan dela). Baina, zer egiten duzu hemen? Nork iriki dizu atea?

TIBURTZIA: (Beldurti). Zera... Beharrezko nuen etortzea eta... Zure osabak iriki dit...

BIXENTE: Bejondeizula! Nereak dira orduan berrogeitamar miloe!

BENITO: Hori duk! (Eskua luzatuaz BIXENTEri). Zorionak!

BIXENTE: Eskerrik asko guztioi, baina orain, entzun diezaiogun albiste zoragarria ekartzera etorri den Tiburtziari.

BENITO: Bai, bai.

TIBURTZIA: (Sarritan begiratzen du etxe barnerako atealdera). Albisteak ez dira guztiok nahi genituen bezalakoak...

BIXENTE: Zer?

TIBURTZIA: Zure osabak, lapurreta baten bidez eskuratutako dirua utzi zuen zuretzako. Kuban lapurtutakoa...

BIXENTE: Nere osaba, lapurra?

TIBURTZIA: Horrenbeste diru utzi duela albistea agertzean egunkarietan, bere diru horien jabe gobernua egin da.

BIXENTE: Baina, zer esaten ari zara andrea?

NATI: Jainko santua! Ederki gelditu gara oraintxe!

BIXENTE: Ezin zezakeen horrelakorik egin nere osabak.

TIBURTZIA: Horrela da bada sinistu nahi ez baduzu ere eta berrogeitamar miloe horiek ihesi doaz...

NATI: (Haserre). Miloiak ihesi badira, zuek ez duzue ihes egingo! Ez horixe! (Erratzarekin joaz hasiko da). Nazkagarri arloteak! Zerri ustelak! Madarikatuak!

KRISPIN: (Agertzen da etxe barnetik pistola eskuan duela). Ez dut inor bizirik utziko! (Tiro botatzen du eta NATI ez beste guztiak ihesi dira kanpoko atetik). Ez didazue neri barrerik egingo! Ez arranoa! (Tiroak botatzen dituela, alde egiten du baita ere kanporako atetik).

NATI: (Bakarrik gelditzean). Hau da zigorra iritsi zaiguna! Eta dena, zerbait gehiago nahi izateak sortutakoa. Guztiak erotu gaituzte haunditasun ametsak! (Kanporako ate aldera doala, bukatzen da antzerkia).